Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Gregorio Mujika Mujika.
Gregorio Mujikaren aita, Serapio, notario zen eta artxibategietan lan egin zuen Gipuzkoan barrena. Bere lana zela eta, historian aditu bilakatu zen Serapio eta Espainiako eta Frantziako Historiako akademien kide izendatu zuten. Gregorio Mujikaren aitak kolaborazio ugari egin zituen gainera aldizkari eta liburuetan, eta garai hartako euskal kultur munduko pertsonaia asko lagun zituen (Azkue, Urkijo,...), horrek guztiak eragina izan zuen Gregorio semearengan.
Euskaltzale eta kultur gizona dugu, Gregorio Mujika, eta bere lanbidea Internacional Institución Electrónica elkartearen ordezkari gisa eta Aurrezki Kutxa Probintzialean bazuen ere, lan arloan ere euskara bultzatzen saiatzen da. Baina bere ekarpena euskal kulturan, erakundeen alde eginiko lanagatik nahiz gazte garaitik hasitako kolaborazio, artikulu eta literatura lanengatik da garrantzitsua.
Artikulu eta kolaborazio asko ezizenez sinaturik zituen: “G. Biona”, Euskalerriaren Alde eta Euskal-Esnalean; “J.M. Ojarbide” Euzkadi egunkarian, “J. Zumuarregi” El Pueblo Vasco egunkarian. “Jeme” Argian, “Berrizale”, “Zarzale” eta “Bildari” Euskalerriaren Alden; eta abar. Izan ere horiek guztiez gain badirudi ezizen gehiago erabili zituela bere lanetan.
Bere ibilbide literarioan antzerki lan batzuk argitaratu zituen: Utzi bearko, (Donosti, 1919), Neskame berria (Donosti, 1920) eta Gizon bikañak (Donosti, 1920), ipuinen bat edo beste eta 1925ean arrakasta handiz argitaratu zuen Pernando Amezketarra.
Baina, Gregorio Mujikaren literatur ekarpena interesgarria izanda ere, kazetari, euskaltzale eta euskal kultur ekintzaile gisa nabarmendu zen ormaztegiarra. Euskal kultur munduko pertsonaia nagusiei eginiko elkarrizketak (Karmelo Etxegaria, Arturo Kanpion, Txomin Agirre, Aita Donostia, Aranzadi, Urkijo,...) horren emaitzetako bat dugu. Lan horren interesa adierazten du elkarrizketa horiek guztiak Los titanes de la cultura vasca (Auñamendi, 1962) liburuan jaso izanak hamarkada batzuk geroago.