Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Miguel de Unamuno Jugo.
Ume-sasoiko ikasketak Bilbon bertan egin zituen, San Nicolás ikastetxean. Marrazteko abilezia berezia zeukala ikusita, Antonio Lecuona margolariaren tailerrean ere ikasle aritu zen, baina Unamunok ez omen zuen bere burua margolari gisa ikusten, eta bertan behera utzi zuen tailerreko jarduna. Irakurle ona zen, eta gaztetarik irakurri zituen egile foruzaleak (Arakistain, Navarro Villoslada, etab.) nahiz federalismoaren aldekoak (Pi y Maragall). Sabino Arana-ren giro beretsuan hazi zen Unamuno, eta gazterik hasi zen euskara ikasten. Horretaz gain, kezka politiko eta filosofiko goiztiarrek bultzatuta, arin hasi zen artikuluak hor-hemen argitaratzen. Lehenengoa 1880an argitaratu zen, El noticiero-n, “La unión hace la fuerza” izenburuarekin.
Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera, eta 21 urterekin, 1883an, amaitu zuen karrera. Hasiera batean ez omen zen gustura ibili unibertsitate-giroan, baina espainiar hiriburuan aurkitutako beste giro batzuetan (Ateneoan, esate baterako) gustura zebilenez gero, bertan gelditu eta apurka-apurka garaiko pentsalarien giroetan sartzen hasi zen. 1884an doktorego-tesia aurkeztu zuen Crítica sobre el origen y prehistoria de la raza vasca (Euskal arrazaren jatorriari eta historiaurreari buruzko kritika). Bada, lan horretan ageri da, jada, hainbat urte geroago bortizki defendatu zuen euskararen ezintasunaren ideia, hots, euskara eta modernotasuna ez zirela bateragarriak. Alabaina, euskara hizkuntza gisa (ez euskal abertzaletasuna, ordea) gogoko zuela ikus daiteke Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako “Agur, arbola bedeinkatube” (1888) artikuluan, besteak beste.