Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Euskara eta euskal kulturaren Unibertsitatea

Xabier ETXANIZ, Iñaki Goirizelaiaren taldean UPV/EHUko Euskara Errektoreorde hautagaia

Aurreko batean etxean alabekin hitz egiten UPV/EHUn izan diren aldaketak azaltzen egon nintzen, eta nire ibilbidea jarri nien adibide gisa eman diren aldaketa horien berri emateko.

1979an Euskal Filologia ikasketei ekin nienean karrera horretan, lehen mailan, irakasgai bakarra zegoen euskaraz; gainerako lauak gazteleraz. Bigarren mailan eta gauza bera gertatzen zen eta hirugarren mailan bi ziren euskarazko irakasgaiak. Garai hartan Valladolideko unibertsitate menpean egotetik UPV/EHU sortzeko bidean zegoen unibertsitatea, eta hasieratik erakutsi zuen euskara eta euskal kulturaren unibertsitatea izan nahi zuela, baina nahi izatetik benetan izatera tarte luzea dago.

Filologia karrera amaitu bezain pronto Irakasleen Unibertsitate Eskolan hasi nintzen euskarazko eskolak ematen, irakasleak euskaldundu behar ziren eta helburu hori lortzearren hasi ginen buru belarri, nahiz eta apur-apurka horrez gain bestelako irakasgaiak ere hasi ginen euskaraz eskaintzen, haur literatura esaterako. Lehen urte haietan oso gutxi ziren UPV/EHUn euskaraz ematen ziren irakasgaiak baina baziren Jazinto Iturbe, Xabier Kintana, Eusebio Osa... irakasle talde baten asmo eta lanetik tiraka euskarazko eskaintza eta maila hobetzeko lehen urratsak. Euskara Batzordea sortu zen planifikazioa egiteko, Euskara Zerbitzua, estatutuetan eta arlo guztietan euskarak behar zuen garrantzia hartu zuen UPV/EHU. Izan ere Unibertsitatea gizartearen ispilua zen orduan ere; ETB sortu zen garaia dugu, euskarazko komunikabideetan lehen urratsak ematen ari ziren, irratietan lehendik zegoen tradizioa eta ekarpena sendotu eta paperean euskarak gero eta garrantzi handiagoa zuen.

Poliki-poliki UPV/EHU euskarazko eskaintza zabaltzen joan zen, euskarazko aldizkariak sortu ziren (Tantak, Gogoa, Ekaia) artikulu zientifikoak euskaraz argitaratzeko; UEU eta bestelako erakundeekin harreman estua zuten gure langileek; guk geuk ere urtean zehar eskolak eman ondoren Udako Euskal Unibertsitatean hartzen genuen parte.

Poliki-poliki UPV/EHU euskarazko eskaintza zabaltzen joan zen

Poliki-poliki UPV/EHU euskarazko eskaintza zabaltzen joan zen.

Eta UPV/EHU heldu egiten zen neurrian euskararen presentzia ere normalizatzen zihoan unibertsitatean, eta gure unibertsitateko baliabideei esker beste arlo askotan ere bai. Prentsan kolaborazioak idazten, artikulu zientifikoak egiten, terminologia sortzen, irrati eta telebistan debateak egiten... gure geletatik pasatu diren 350.000 ikasleen artean gure gizarteko jaun eta andre garrantzitsuak daude, enpresa mundukoak, kulturakoak, politikariak, gizarte erakundeetakoak, kirolariak,... eta horiek ere jarraitu izan dute euskararen zabalkunde prozesuan, geletatik parlamentura, prentsaurrekoetara, kontseilu bileretara, aretoetara.

Gaur egun, alabei esaten diedan bezala, oso urruti geratzen da duela 30 urteko egoera hura. Gezurra ematen du Euskal Filologia ikasketetako irakasgai ia guztiak gazteleraz ematea; gezurra ematen du gure unibertsitatean arraroa izatea euskaraz ikastea. Egoera, alde horretatik, izugarri aldatu da. Euskarazko tesiak egitean ikerlariek beren arloan eginiko ekarpenaz gainera euskal terminologia sortzen eta gaurkotzen ari dira etengabe; irakasleek urtero argitaratzen dituzten artikulu eta liburuetan behin eta berriro ematen diote muturrean “euskaraz ezin da fisika azaldu” zioen ministro frankistari.

Baina, unibertsitateko irakasle jubilatu berri batek zioen bezala... duela 30 urte gure ikasleek ezin zuten euskaraz ikasi, oso irakasgai gutxi eskaini ahal genizkien euskaraz, eta ikasle horiek beti ari ziren euskaraz beren artean; gaur egun, aldiz, dena euskaraz eskaintzen zaie, D ereduan ikasi dute bizi guztian eta, hala ere, erdaraz mintzo dira. Horra hor, unibertsitatearen eta euskal gizartearen erronka nagusietako bat egoera berri honetan: euskaraz hezi eta hazi diren horiek euskaraz bizi daitezela.

Goirizelaia errektore hautagaiak dio gure euskara eta euskal kulturaren unibertsitatea dela, eta halaxe delako erronka handiak ditugu guztion artean gainditzeko.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia