Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Badira, munduari hamaika bira eman arren ibiltarien katalogoan sekula azaltzen ez direnak. Edota Amazonas ibaiaren ertzetan gora eta behera mende erdiz eskuzabal aritu diren misiolariak, abentura zale ospetsuen zerrendan inoiz sartuko ez direnak. Gizon-emakume anonimoak ditugu eta euren lorpenak ezingo dira entziklopedietan irakurri. Gaur modu xume batean horietako baten aipamena egin nahi dut. Eta hasi behar dut aitortzen niretzat ere gure protagonistak zeharo ezezaguna izaten segituko zuela, bere biografia biltzen duen liburua ez balitzait eskuetara iritsi.1
Jose Francisco Navarro Arzac.
Jose Francisco Navarro Arzac da gure gizona, donostiarra, 1823an jaioa. Eta lerro gutxi hauetan zenbait zertzelada arin eman ahalko ditut soilik, gehiago ezagutu nahi dutenek aipatu liburu horretara joan beharko dutelarik. Aldez aurretik esan diezaieket ahaleginak merezi duela. Navarro Arzac Cadizen itsas-soldadurako ikasketak egin ostean Kubarako bidea hartu zuen eta handik AEB-ko Filadelfiara, eta bertan ingeniaritza ikasi zuen. Kubara itzulita lehen inbentoa patentatu zuen trenbideetako lokomotoreetara egoki zitekeena. Arrakasta izan zuen eta 1855era arte Kuban aritu zen.
Urte horretan New Yorkera doa bizitzera eta bere lehen negozioa jartzen du AEBetan: Kubarako itsas-garraio ontziak. Bi urte beranduago ezkondu egin zen, bankari ospetsu eta aberats baten alabarekin. Ezkontzak jauzi kuantitatibo zein kualitatiboa adierazi zion negozioetan.
Itsas garraioaren sektorean indarrez inbertitu zuen eta 1865ean United States & Brazil Mail Steamship Co. zeritzana sortu zuen, eta bi urte geroago Commercial Warehouse Co. enpresa, kanpo merkatal-ekintzarako biltegi eta baporeak ez ezik baita banku baten zerbitzuak martxan jarri zituena. Hori gutxi bailitzan, urte berdinean Hydraulic Machine Co. izenekoari eman zion bide eta hamar mila ur-kontadore saldu zizkion New Yorkeko hiriari, lau patente berri erregistratuz.
Navarroren lantegien sareak neurri handiagoak iritsi zituen 1878an, munduko lehen trenbide elebatua ekoiztu zuenean: Sixth Avenue Elevated Railway jarri zion izena. Patenteen munduarekin segituz, esan daiteke Thomas Edisonek argi inkandeszentearen eskubideak saldu zizkiola donostiarrari Antilletarako eta itsas gaindiko espainiar lurraldeetarako. Horrela, 1882an Edison Spanish Colonial Light Co. sortu zuen asmatzailearekin batera eta aldi berean Navarro izendatu zuten zuzendari, donostiarraren babesarekin martxan ipinitako Edison Electric Iluminating Co konpainian. Enpresa horrek inauguratu zuen Manhattaneko argiztapena.
“Un vasco en America. Jose Francisco Navarro Arzac” Conchita Burman eta Eric Beerman-ena.
Etxe-orratzetako hirian, apartamentutako lehen eraikin erraldoiak jaso zituen gure protagonistak, Navarro Apartments deritzatenak. Eta eraikuntzako sektorean beste urrats ikaragarri handia eman zuen Atlas Portland Cement Company 1885ean sortu zuenean, mundukorik handiena bihurtu zena. Panamako kanala egiteko erabilitako zementu gehiena Navarro Arzac-en enpresakoa izan zen.
Euskaldunak New York-eko gizarte-bizitzan zuzen-zuzenean hartu zuen esku. Horrela Saint Patrick katedrala eraikitzeko diruz lagundu zuen eta espainiarren ordezkari bezala, besteak beste, Pablo Sarasate bibolin jole famatuaren aurkezpena egin zuen New Yorken. Bestalde,1898an, Maine itsas-ontziaren eztandaren ostean Espainiaren interesak defendatu zituen estatubatuar gobernuaren aurrean. Urtebete bat lehenago, Wiliam McKinley AEBko lehendakariarekin batera Ulysses Grant jeneralari eskainitako monumentua inauguratu zuen.
Ikus daitekeen bezala, Navarro Arzac oso gizakume inplikatua zen, konprometitzen zen erronka guztietan. Bere memoriak publikatu zituen 1904 urtean, “Sixty-six years business record” izenarekin. Navarro Arzac 1909an hil zen, New Yorken.
Nekez sartuko da Navarro Arzac, euskal entrepresarien arteko balizko entziklopedian. Alde batetik, bere lan guztia kanpoan burutu zuelako. Eta bestetik inork gutxik dakielako ezer donostiarraren lorpenaz. Beude hor aurreko lerroak, liburu interesgarri baten lekuko gisa.
1 “Un vasco en America. Jose Francisco Navarro Arzac” Conchita Burman y Eric Beerman (RSBAP. 1998)
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus