Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
EUSKONEWS
Jakin berri dugu Bahia Blancako Union Vascak 2012 urteko ENE sariaren irabazlea dela. 1899 urteko urtarrilaren 29an sortua, 600 bazkide inguru ditu Unión Vascak eta Bahia Blancako komunitatearentzat intereseko hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Duela 23 urtetik maila desberdineko euskarazko klaseak ematen dituzte, euskaraz bizitzeko beste hainbat ekitaldi antolatzeaz gain (antzerkia, zinema, jokoak, argitalpenak, irrati saioak, festak...) bere korua, Lagun Artean, hirian den zaharrena da. Euskara sustatzeko egiten duen lana haurrei zuzendua dago espresuki, “Txikiak Euskaraz” taldearekin batez ere (Erakunde Euskal Argentinar Federakuntzak errekonozitua). Aipatzekoa da Argentinan dauden euskal komunitate lokalak bateratzeko egiten duen lana.
Beraiekin harremanetan jarri nahi izan dugu ezagutzeko zer suposatzen duen elkartearentzat horrelako saria jasotzea. Rosana Entizne, Euskara eta Euskal Kultura klaseetako eta Unibertsitatetako lektoregoaren arduradunak erantzun ditu gure galderak, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Egunaren azken prestaketekin dabiltzan bitartean.
Rosana, zer suposatzen du sari hau irabazi izana?
Guk ez dugu ezer egiten inolako saririk jasotzearren. Egia da, eskura dugun lehiaketa guztietan parte hartzen dugula, baina horixe bera da inportanteena, parte hartzea hain zuzen ere, euskara guk beste maite duten besteekin batera zerbaitetan aritzea. Batzuetan txapeldun suertatzen gara eta horrek berrindartzen gaitu aurrera joateko. Dena dela, orain arteko sariak ezin dira gaur jasotzen dugunaren alde jarri. Gaur hartzen ditugun indar handiak egindakoa bikoiztarazten digute, gutxienez. Benetan ohore handia da, espero dugu aurrerantzean gero eta lagun gehiago izatea, euskaraz bizitzen.
600 bazkide inguru ditu Unión Vascak eta Bahia Blancako komunitatearentzat intereseko hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Duela 23 urtetik maila desberdineko euskarazko klaseak ematen dituzte, euskaraz bizitzeko beste hainbat ekitaldi antolatzeaz gain.
Argazkia: CC BY - Egizu
Nola bizi duzue euskara eta bereziki euskararen eguna Argentinako Union Vascan? Zein ekintza antolatu dituzue?
Euskararen eguna abenduaren 3an da, edozein egun dela, abenduaren 3an biltzen gara ospatzeko euskara irakasle, ikasle, lagun eta nahi duen oro. Aurten, adibidez, astelehena dugu, bilduko gara arratsaldeko zazpiak aldera eta dantzariak diren euskara ikasleek dantzatuko dute Ikastoletako ereserkia, besteok abestu bitartean, gero etorriko dira danborrak eta kupelak. Euskararen nazioarteko egunaren historia komentatu eta gero egingo dugu aurtengo agirien banaketa. Hor bukatuko da “akto ofiziala” eta “Euskal garagardotegia” irekiko dugu “Euskaraz aurrezten duzu” lemapean.
Zer da “Euskal garagardotegia”?
Ikasleek prestatutako fritoak eta garagardoa salduko dugu, euskaraz erosiz gero, kostua baino ez dugu eskatuko, erdaraz... bueno, hamar aldiz kostua. Ez pentsa hain gaiztoak garenik, saltzaileen atzeko hormetan elkarrizketa posible guztiak idatzita egoten dira, edonork nahi duena eskatzeko. Duela bi urte hasi ginen hau egiten eta benetan pozgarria da guztiek euskaraz erosten entzutea. Bat baino gehiago euskara ikasle bihurtu da hau egin ondoren... Jan eta edan bitartean karaokea, dantzak eta bingoa izango dute euskaraz gozatzeko. Baina euskararen eguna aste bukaeran suertatzen denean... hori bai dela zoragarria! Egun osoa ematen dugu euskaraz jolasean.
Ikasle asko animatzen al da euskara ikastera?
Gero eta gehiago, “behartuta” ikusi ondoren ez dela hain zaila konturatzen dira. Hizkuntzaz aparte euskal kultura lantzen dugu eta kanpo ekintza ugari antolatzen ditugu, horrela taldeak sendotu egiten dira eta norbaiti indarrak agortzerakoan beti dago lagunduko dion norbaitek eta ahul zegoenak ez du taldea uzten.
Zein erronka dituzue datorren urtera begira?
Orain arte egindakoa hobetzea. Egunetik egunera taldea zabaltzea, hasieratik dugun erroka.
Zer gehiago esan ahal dut? Eskerrik asko! Mila esker! Tona batzuk esker sari honengatik. Sentitzen dudana harrotasuna da, egindakoa ez baitugu neuk edo beste irakasleak egin baizik eta denok batera, azken euskal asteko gure lemak dioen bezala “Elkartasunetik”. Euskara ikasle guztiek, lagunek eta senidekoek ere parte hartu dute eta espero dut aurrerantzean ere parte hartzea, bihotzez maite duguna bizirik sentitzean.
Besarkada handi bat, hemen guztion arteko “hartzatxo besarkada” egingo dugu.
Ikusi hemen sinadurak eta atxikimenduak.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus