Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Ricardo Baroja Nessi.
Pintorea, grabatzailea eta literatoa. Minas de Riotinton (Huelva) jaioa, 1871ko urtarrilaren 12an. 1954ko abenduaren 19an hil zen Beran (Nafarroa).
Serafin Baroja aitaren lanbidea zela-eta, familiak hainbat aldiz mugitu behar izan zuen bizilekua. Donostian Pio anaia jaio zen, 1879an Madrilera joan ziren, bi urte beranduago Iruñean bizi izan zen eta 1886an Bilbon. 15 urterekin Madrileko Ingeniaritzako Eskola Politeknikoan sartu zen, baina gaixotasun baten erruz ezin izan zuen bere aitaren karrera bukatu. Beranduago, gaixotasuna gainditu ostean, bere arte-zaletasunak bultzatuta, Artxibategien eta Liburutegien erakundean sartu zen, museoren batera bideratuko zuten itxaropenez. Ordurako Pioren lehen literatura-lanak ilustratzen zituen. Karrera hori amaitu ostean, Terueleko Ogasun Delegaziora bidali zuten, zehazki, Artxibategien Sailera. Etsiak jota irrika gehiegirik sortzen ez zion lanbidea utzi eta anaiarekin “okindegiaren abenturan” murgildu zen (1895). Han, batak pintatzen (1895ean Arte Ederretako erakusketarako Estudio del Natural lana aurkeztu zuen) eta besteak idazten ematen zuten eguna; hala okindegia 98ko tertuliarako gune bilakatu zen eta behea jo zuen.
Bi anaiak El Globo aldizkariko erredakzio-taldean sartu ziren eta Marokora ere joan ziren aldizkariak bidalita. Mende hasierako epaileen gustu estetikoari kontrajarrita, anai nagusia Bilboko Arte Modernoko Erakusketara aurkeztu zen (1900. urtean eta hurrengoetan) eta hainbat lekutan eskaini zituen erakusketak, Donostia eta Madril lehenesten zituelarik. 1900-1906 bitartean akuafortea landu zuen nagusiki.
Ricardo Barojaren El lavadero (1951).