Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Verónica DOMINGO
“Argentinan Euskaraz”, Diaspora euskalduntzen, 22 urte baino askoz gehiago lanetik hartutako pasartea
Guztiak dira euskaltzale amorratuak, ofizioz eta afizioz, gazteriarengandik daukate euskararekiko harremana, eta txikitatik sentitu zuten euskararekiko zirrara.
Guztiak euskal etxeetako giroan ibilitakoak dira, dantzari edota bazkide moduan, kasu batzuetan jaio ziren egun beretik dira Euskal etxeko bazkide, esate baterako horrela aipatu zuen Maite Bilbaok.1
Diasporakideak dira guztiak, diaspora bertan euskaldundu ziren, Euskal Herrira euskaraz bizitzera etorri ziren, eta gaur bertan euskalgintzaren arlo ezberdinetan lan egiten dute, beti euskararen alde.
Hona hemen dituzue Juan Abasolo, Maite Bilbao, Rozio Luces eta Marina Paglialungaren testigantzak; batzuekin zuzenean jarri ginen harremanetan beraien iritzia idazlan xume honetan izan dadin, beste batzuen kasuan komunikabideetan zabaldutako euskararen aldeko beraien lanaren berritik hartu genuen, hala edo nola, emandako laguntzagatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Bestaldetik, euskalgintzan lan egiten ari diren beste diasporakideei, hemen aipatzen ez ditugunei, barkamena eskatu nahi diegu, beraien izena ez esatea nahigabeko ahaztea baita, eta guztiei, hemen agertzen direnei, ez ezik, hemen agertzen ez direnei ere, gure mirespena opaldu nahi diegu, euskararen alde egiten ari diren izugarrizko lanagatik.
Juan Abasoloren kasuan2, 1989an izan zuen “Argentinan Euskaraz”en berri, izan ere, Buenos Airesko Eusketxearen lehendakariak, Nicomedes Iguainek, hain zuzen ere, eskaini zion Macachinera joatea Eusketxeren ordezkari moduan. Beraz, Juan Abasolok “Argentinan Euskaraz” programaren lehenengo barnetegian parte hartu zuen 1990ean. Handik aurrera, eskaini zioten Argentinan antolaturiko barnetegi guztietara joan zen, Eusketxe bertan euskarazko klaseak ematen aritu zen bitartean. 1992an Lazkaoko barnetegira, Maizpidera, etorri zen “Argentinan Euskaraz” programaren lehen taldearekin batera. Geroxeago, 1994ean, Euskal Herrira euskaraz bizitzera etorri zen; gainera unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin zituen, Magisteritza (musikako espezialitatea) Arangoitiko Irakasle Eskolan (EHUn) ikasi zuen, Antropologian eta Pedagogian (Donostian) ere ibili zen. Pedagogiako ikerkuntza adarra hartu nahi zuen, baina adar horretako ikasgairik ezin egin zitekeen euskaraz (aukera bakarra gaztelaniaz egitea zen). 2005etik hona euskara irakasle dabil, gehienbat Zornotzako Barnetegian eta Gernikako Aita Villasante Udal Euskaltegian, nahiz eta beste batzuetan ere ibili zen.
Euskara irakasle gisa aurkezten du bere burua Juan Abasolok, eta bere hitzen arabera honako honetan datza bere lana:
“Euskara irakaslea naiz, zein mailatako ikaslea eta zein jatorrikoa den sendo aldatzen da lana; esate baterako: Aurten Gernikan eta Zornotzan ditudan ikasleak C1 maila egiaztatzen duen agiria ateratzeko dabiltza prestatzen.
Gernikako gehienak etxe euskaldunetatik datoz eta D ereduan ikasi zuten, beroriekin gaitasun diskurtsiboan egin behar da lan gehien. Ikasleon euskara garbitzera jo behar da, euskaraz pentsatzen badakite ere, askotan ez dakite zer den euskara eta zer erdara pentsamenduaren eta diskurtsoaren eraketan. Zer den garbia eta zer zikina, zer den Gernikako euskara eta zer erdararen eragina.
Zornotzako ikasleak, berriz, gehienak etxe erdaldunetatik datoz eta A ereduan ikasi zuten, beroriekin egin beharreko lana guztiz bestelakoa da: hizkuntza hurreratu behar zaie, gustarazi —ahal den neurrian—, euskaraz pentsatzen erakutsi behar zaie sarri; eta, zelan ez, egin behar duten azterketa hori gainditzeko sekretuak topatzen ere trebatu behar dira, hortxe baitago desiratzen duten”.
Diasporakideak dira guztiak, diaspora bertan euskaldundu ziren, Euskal Herrira euskaraz bizitzera etorri ziren, eta gaur bertan euskalgintzaren arlo ezberdinetan lan egiten dute.
Argazkia: CC BY - www_ukberri_net
Marina Paglialunga3 ere “Argentinan Euskaraz”eko aurreneko taldekoa da, beraz, 1990.urtean sartu zen Macachingo barnetegian. 1992.urtera arte egin zituzten barnetegi guztietan parte hartu zuen, baita euskara-eskokak ematen ere aritu zen Lomas de Zamorako euskal etxean. Bere talde4 osoa Maizpide barnetegira ikastaro trinkoa egitera etorri zenean, Marina Lazkaon gelditu zen, eta harez geroztik Euskal Herrian bizi da (Seguran, Gipuzkoa). EGA titulua 1992. urte berean atera zuen. Unibertsitateko ikasketarik euskaraz egin ez bazuen ere, bere lanerako beharrezkoak zirenak, bai. Euskalgintzan lan egiten du, egia esanda, Euskal Herrian bizi zenetik beti aritu zen euskalgintzari lotutako lanetan. Hasiera batean euskara-eskolak ematen (bai euskaltegian, bai herrian, eskola partikularrak ematen), gero euskarazko materialgintzan ere aritu zen. Gaur Elhuyar Aholkularitzan lan egiten du, Elhuyar Aholkularitzak diseinatu eta kudeatzen dituen enpresentzako euskara-planetan lan egiten du, Bizkaiko enpresa batean, hain zuzen ere, egungo Euskara Teknikaria da Marina Paglialunga.
“Argentinan Euskaraz”en bitartez euskaldundu ziren eta Euskal Herrian euskalekintzaileak direnen artean, Rozio Luces5 daukagu uruguaitar bakarra. Montevideon jaio zen, baina txikitatik sentitu zuen euskararen munduarekiko zirrara, amaren familia euskalduna baitzen. Montevideoko Euskal Etxeko dantza taldean ibili ostean —diasporako talde gehienetan egiten denaren antzera—, euskara ikastea erabaki zuen, hamalau urterekin. Geroztik euskara ikasten aritu da gogotsu, eta “Argentinan Euskaraz” programaren eskutik egin zuen bere ikas-prozesu osoa, —aipatzen ari garen pertsona guztiak bezala—. Hasiera batean euskara-eskolak jasotzen zuen Montevideon bertan, gero, Argentinan hainbat barnetegitan parte hartu zuen. 1997an, Argentinako taldearekin6 batera Lazkaoko barnetegira etorri zen ikastaro trinkoa egitera. Euskal Herrian, Lazkaoko barnetegian ikastaro trinko ugari egiteaz gain, Hernaniko Udal euskaltegian egin zituen praktikak euskara-irakasle bihurtzeko bidean. 2002an Euskal Herrira etortzea eta euskaraz bizitzea erabaki zuen. Gaur Getxoko Egizu elkartean egiten du lan euskara sustatzeko proiektuak garatzen, beraien artean “Berbalagun”7 izenekoa. Bertsolaritzan ere aritzen da Rozio, gure urugaitarra, Algortako Bertso Eskolan.
Honako aholkua ematen dio Roziok euskara ikasi nahi duenari:
“...Esango nioke saia dadila modu trinkoan ikasten eta barnetegiak aprobetxatzen. Izan ere, arinago ikasten da eta jendea beste era batean ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Era berean, esango nioke euskara ikasi ahala jar dezala praktikan...”8
Lehen aipatu genuen bezala, Maite Bilbaok, berak, ez zuen erabaki euskal etxera joatea, bere gurasoek baizik. Bere testigantzaren arabera: Maiteren ama Rosarioko euskal etxera joaten zen txikitatik, aita, berriz, Necocheakora, aiton-amonak euskal etxe honetako fundaziokoak ziren, Maite ere oso goiz hasi zen joaten, jaio zenetik euskal etxeko bazkidea da, txikitatik dantzari aritu zen, eta 6 urtekin lehen euskara klaseak hartu zituen bertako batekin, bere kasa euskara ikasi zuen norbaitekin. 12 urte bete zituenean serioago hasi zen ikasten Mar del Platatik Necocheara bidaiatzen ziren irakasle biekin, —haietariko bat zen artikulu honen egilea, hain zuzen ere—, handik hiru urtera sartu zen “Argentinan Euskaraz” programan, 15 urterekin euskara irakasle bihurtu zen bere euskal etxean, eta 18 urterekin etorri zen Maizpidera, Lazkaoko barnetegira, bere betiko ametsa betetzen, hori zen: Euskal Herria ezagutzea. Berak zeukan Euskal Herriko irudi folkloriakoa ez aurkitzea beldur bazen ere, heltzean txundituta geratu zen, lantegiak egon bazeuden, baina ondoan baserriak ere bai, eta jendea soroan lanena baserritarrez jantzita; bere logelatik ardiak entzuten zituen, eta Gipuzkoako Goierrin egonda, bizimodua euskaraz egiteko aukera izan zuen; berak amestutakoa baino politagoa zen. 2006an Euskal Herria etorri zen euskaraz bizitzeko esperientzia bizitzera, eta lortu zuen, heldu bezain pronto irakasle gisa eskaini baitzioten lana Hernaniko AEK euskaltegian, eta orain arte arduratzen da atzerritar bi taldez, ikasle etorkinek eredutzat hartzen dute Maite, izan ere, berak ikasi badu, beraiek ere ikasi ahal izango dutela esaten diote.
1 HABE Aldizkaria, 2009ko ekaina, 401. zenb., 6 orr.
2 Juan Abasolok izandako euskara munduarekiko harremana, berak kontatu zigun interneten bitartez egindako elkarrizketa batean.
3 Juan Abasolok egin zuen bezala, Marina Paglialungak ere bere bizipenak kontatu zigun e-mailez bitartez.
4 Hau da A taldea, 1990an Macachinen sortu zena, honexekin hasi zen “Argentinan Euskaraz” programa.
5 Rozio Lucesen kasuan, bere bizipenak hainbat hedabideetan agerturiko testigantzatik hartu genituen, HABE eta Bertsolari Aldizkarietan, besteak beste.
6 Hau da C Taldea, 1993an Tandilen sortu zena. Rozio 1992an Uruguain sortu zen taldetik, Argentinara pasa zen.
7 Proiektu hau euskaldun berriak zein zaharrak euskaraz mintzateko elkartzean datza, horretarako hainbat ekintzak antolatzen dituzte, esate barterako, mendi-irteera, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, txangoak, eta abar.., proiektu honetan lan handia eta gogorra egiten du Roziok “Egizu” programan, Getxoko Bizarra Lepoan elkartean.
8 HABE Aldizkaria, 2009ko ekaina, 401. zenb., 22 orr
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus