Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
José Ramón BENGOETXEA, UPV/EHUko irakasle. EHU Guneko arduraduna
Duela ia lau aste iritsi nintzen Stanfordera hegaldi oso luze baten ostean. Hemen Udaberri Laurdena edo Spring Quarter esaten zaio apirila-maiatzeko bederatzi asteko ikastaldiari. Ikastaro bat emateko aukera sortu zait Eusko Ikaskuntzaren eta Stanford Unibertsitatearen arteko Hitzarmenari esker. Lehenik eta behin, nire eskerrona erakunde hauei aukera zoragarri hau emateagatik. Nire ikastaroa aniztasunari buruzkoa da eta izenburua hauxe da: Cultural, Legal and Constitutional Pluralism in Europe (hemen ikusi daiteke ikastaroaren berri: http://lawreg.stanford.edu/stanford/prereg/CourseDetails.asp?cClschedid=+25815) eta Stanford Law School delakoan kokatu naute, baina zuzenbide fakultateaz gain The Europe Center delakoak eta Freeman Spogli Institutek antolatzen dituzten ekialdietan ere parte hartzen dut. Artikulu honetan lehenengo inpresioetaz arituko natzaizue, unibertsitateari buruzkoak. Beste baterako utziko dugu Kaliforniarena eta euskal amerikanoena eta beste baterako ere, nire ikastaroari buruzko gogoeta. Ohar batekin bihoazkizue: oraindik ez dut erdia ere ezagutu Unibertsitatean, are gutxiago Kaliforniatik, ia ezer, San Francisco piska bat eta Palo Alto eta Sillicon Valley. Pasadizo eta ikusitako gauzen berri nire Facebookeko gunean ere eman dut, eta beraz bertan sartzeko konbitea ere luzatzen dizuet.
Benetan aberasgarria da hemengo Unibertsitateko bizitza. Gradu eta graduondoko bakoitzeko eskaintza izugarria dago, eta urtero aldatzen da. Ni hemen ematen ari naizen hautazko ikastaroa, zuzenbide-aniztasuna Europan adibidez behin bakarrik ematen da; nik dakidala, ez baita berriro horrelakorik emango. Eta ikastaro hau bezala, beste hautazko asko, alegia irakasle bisitarien interesak eta ezagutzak baliatzen dira hautazkoak aberasteko; eta hori ezin da programatu jakina, inprobisatu egiten da nolabait, malgutasuna dagoelako kurrikuluma diseinatzeko orduan; badira gai batzuk muinak direnak, edozein kasutan irakatsi behar direnak, baina beste batzuk aldiz aldatzen doaz. Hautazko ikastaro hauek beste gradu eta graduondokoetara zabalik daude gainera. Estatu Batuetan zuzenbidea graduondokoa da beti, zuzenbidea ikasteko beste gradu bat eduki behar delako.
Ikastaroen eskaintzaz gain, ordutegi ohikoan egiten dena (9:30-12:00 eta 14:00-18:15), aparteko ekitaldi edo jarduerak - hitzaldiak, mintzaldiak, eztabaidak, aurkezpenak, mintegiak, mahaiinguruak - bazkalorduan (12:00-13:30) edo iluntzean dira (18:00-19:30) eta kasu gehienetak partehartzaileek aldez aurretik izen-emanda datoz, eta bertan egiten da otordu-legea, hizlaria bere horretan dabilen bitartean entzule guztiak jaten. Egun batean indiar janaria egokitu zitzaidan, bestean txinatarra, bestean entsaladak eta sandwichak, gehienetan pasta. Oso arraroa egiten zait, baina berehala ohitu egin naiz (edozein ordutan jateko prest egon behar duzu, badaezbada ere). Horrelako jardunaldietan egon naiz: Francis Fukuyamaren Governance egitarauan, Congresman Issaren PIPA eta SOPAren aurkako aurkezpenean, besteak beste, guztira hamar ekitaldietan izan bainaiz, eta laster datozenak hurrengo asteetan: besteak beste Saskia Sassen edo Kirmen Uribe (Etxepare Institutuko Stanfordeko ordezkaria den Iñaki López de Luzuriagak antolatuta, Otsailan euskal bertsolari batzuk ekarri baitzituen; ia baliabiderik gabe harrigarria da Iñaki egiten ari den lan itzela, bejondeiola!).
San Franciscoko Legion of Honor museoa, Rodin eskultura batean ondoan. Frantziatik kanpo dagoen Rodin bildumarik handiena, kanpoko eskulturetan Stanford Unibertsitateko Cantor Arts Centren dago. Eskultura erruz dago kanpusean; besteren artean Papua Ginea berritik ekarri zituzten artista batzuk eta hemengo parke batean eskultura lorategi bat egin dute.
Stanford Law Schoolen asteazkenero dira bazkariko hitzaldiak, eta hizlari berri bat daukadu bakoitzean, fakultateko irakasleak eta kanpoko bisitariak tartekatuz. Zuzenbide-“bazkarizketa”rik interesgarriena orain arte, niretzako, honakoa izan da: John Mikhail, sena moralari buruz, moraltasuna kognitiboan lerrokatua. Zerbait esango dut honen inguruan. Hizlariak bere hasierako formakuntza Rawls (Harvard) eta Chomskyrekin (MIT) egin zuen eta ondoren Stanfordera etorri zen Law Schoolera. Rawlsek Justiziaren Teoria Bat eko 9. Kapituluan (klasikoak bildumean dagoen edizioa, neronek egin nion sarrera-aurkezpena euskerazko bertsioari) Chomskyren gramatika unibertsalaren ideian oinarritzen dela zentzu moralarena proposatzeko, akaso berezko gaitasun morala daukagula gizakiok. Hori esploratzen zuen Mikhailek baina ikerketa enpiriko esperimentala egin eta gero, batez ere Philippa Footek bere garaian proposatutako treneko bagoi askearen (the trolley anaolgy) adibidearen bitartez, emaitzak logika deontikoaren markoan aztertzen ditu eta gero zuzenbidera ekartzen ditu erantzukizunaren teorietara, tort law, eta battery edo egintza kaltegilea. Neri asko interesatu zitzaidan azalpena hau; izan ere Eskoziar Argituen artean Adam Smith bezalako “sentimentalistek” zentzu morala esploratzen saiatu ziren (ikus adibidez Iker Nabaskues-en RL Stevensonen Justiziaren zentzuari buruzko doktore-tesia teoria hauek idazle eskoziarraren izan zuten eragina maixuki azalduz, Martxoaren 19an UPV/EHUn ahozbatez laudatua, bejoindeiola Ikerri!). “Bazkalizketa” amaituta aukera izan nuen Mikhailekin hitzegiteko eta galdetu nion ispilu neuronen inguruan enpatia sentimenduak azaltzeko eta ia hauek ere Chomsky-Rawlsen intuizioa azal zezaketen. Baietz erantzun zidan, baina are gehiago aipatu nion beste bide bat esploratzeko egokia iruditzen zaidana: Chomskyren gramatika unibertsala hizlari elebidunen artean itzulpen gramatika bat sortzen duen bezala, disglosikoa izan ala ez; akaso moralean ere kasu batzuetan kode moral batetik bestera jauzi edo itzulpenak egiteko gauza izaten gara, kulturartekotasunean garrantzitsua izan daitekeena, azken batean nire hemengo ikastaroan ideia hauek ere esploratzen ditugu; eta amaitzeko, jakina, ez nuen aukera galdu Neil MacCormicken Arrazoi Praktikoari buruzko azken lana goraipatzeko, ez baitzuen ezagutzen (honen inguruan ikus nire “El último MacCormick”, Doxa 2010).
Baina orotara orain arte egon naizen ekitaldirik interesgarriena Dru Gladney antropologoak eman du: comparing Chinas Islams izenburuarekin. Shorenstein APARC seminar series barruan. Antropologia Clifford Geertz (The Interpretation of Cutures)-ekin ikasi baino lehen R Niebuhr-ekin ikasi zuen teologia (Christ and Culture ospesuaren idazlea) artzai izan nahi zuelako eta gaueko klaseetan txinera ikasi zuen Hong Kong aldera misiotan joateko asmotan! Txinara joan bai, baina bertako musulmanak ikasi ditu (ez da huskeria, Txinako biztanlegoaren %10arekin, Malasian baino musulman gehiago dago Txinan. Hasieran Txinatar gobernuak jarrera ukatzailea izan arren, azken urteetan malgutu egin omen du jarrera, izan ere kezka dauka ez ote duen hauen leialtasuna islamaren mesedetan galduko. Hui and the Uyghur (turkic) bezalako herriak ikasi ditu. Estrategia desberdinak ikusten dira Txinar politiketan eta tajik, tatar, salar, kyrgyz, uzbek, karakh bezalako herri musulmanen aldetik: akomodatze edo moldatzetik aurkakotzera doazenak. Edozein kasutan musulman hauen artean sinkretismo handia ikusten da (Suniak gehienak, Chii eta Salafien artean ortodoxia berezia dago). Guttiengo batzuk besteak baino synergikoagoak dira. Ideia hauek oso interesgarriak egiten zaizkit nire ikastarorako, izan ere Europan aurkitzen ari garen aniztasun kasu berriak etorkin musulmanekin ikusten ari gara (Erresuma Batuan eta Frantzian oso eztabaida bizia dago shariaren inguruan, ikus adibidez http://www.lepoint.fr/monde/quand-la-charia-s-exerce-en-grande-bretagne-13-04-2012-1451234_24.php). Berriro ere teologiatik Niebuhr-en teoriak aniztasun honekin bateragarriak izatea bilatzen zuen, erlatibismo historikoa; berarentzat Jainko bakarra egon bazegoen, oro, bat eta oso (Europan eta Ameriketan topo egiten duten jainkobakarreko erlijio nagusiek postulatzen dutena jakina) baina gizakiok modu desberdinetan eta aldakorretan berenganatzen dute jainkoaren ideia. Horrek ekartzen du tolerantzia eta aniztasuna.
Arrigarria zenbat kirol instalazio dagoen kanpusean, nonnahi, are-ondarra eta boleybol kantxa txiki bat; saski baloirako pistak ere bai, teniserako kantxa asko, eta jakina Football (amerikarra jakina) eta Baseball estadio erraldoiak. Gimnasioak ere horxe, Arrillaga izena daraman konplejoan. Frontoi bat falta da, agian minifrontoi bat oparitu beharko genieke euskaldunol kuestazio bat eginda; gutxienez estetika Oteizalea zabaltzen joateko, nire herriko kanpusantuan bezala (Oiartzungo hilerriko frontoi irekia benetan miragarria Sibeluts kalean).
Nere bulegotik ikusten dena.
Kanpusean kirol instalazioez gain eraikin akademikoak, hasierako unibertsitate eraikinak eta Eliza aurkitzen ditugu, baina baita ere irakasleen etxebizitzak, ikasleen egoitzak, Dinkelspiel Auditorio handia (beste bi ere badira), Cantor Arts Center arte museoa Richard Serraren burnizko eskultura erraldoi batekin eta Rodinen eskultura bildumarik handiena munduan Parisetik kanpo, Hoover dorre altua, supermerkatuak, unibertsitateko eritetxea, partikulen azeleratzailea bi kilometroko luzaera ia; erraldoia da kanpusa, hiri oso bat, Oxford beraren zabalera duena. Kanpuseko lurraldea, dena, unibertsitatearena da, baina irakasleen etxebizitzak jabetza pribatukoak dira, ez ordea eraikita dauden lurra, alokairua (lease) ordaintzen baitute hilero. Etxebizitzen artean batzuk talde etniko edo hizkuntza taldeen arabera sailkatzen doaz, esate baterako Brazilgo etxea, eta native americans, etab. Enbaxadek dirudite, Ikusgarriena Hannah house iruditu zait, Paul Hannah pedagogiako irakaslea izan zen, Dewey pragmatikoaren jarraitzaile sutsua. Berak eta bere emaztea Jean, Frank Lloyd Wrighten lana irakurri zuten eta berarekin fan edo zale bezala harremanetan jarri; handik hamar urtetara etxea zeukaten, beraiek eraikina. FLWek egindako 400 inguru “middle-class homes” artean 17 daude bereziki babestuta, AIAren eskutik; eta Hannah house horietako bat da. Benetan bikaina nola integratzen diren natura eta etxea, material soil eta bertakoak, lasaitasuna, ederra.
Zuzenbide Fakultatean daukat nik bulegoa (ikus nire argazkia, neronek egina, bulegotik ikusten dena patioarekin). Law Schoolek hiru eraikin nagusi ditu: liburutegia da bat (liburu, lege, court reports bilduma itzela), ikasgelategi eta bulegoen adar zaharra eta ikasgela eta bulegoetako Newkom eraikin berri-berria: bere izena Bill Neukom-etik dator, ikasle ohia, SLSeko alumni (67an lizentziatu zen) eta Bill Gates seniorren bazkide ohia Seattleko abokatu enpresa garrantzitsu batean. Bill Gates Junior bere enpresa sortzen ari zenean Gates aitak Bill Neukom-i eskatu zion enpresa sortzen laguntzeko, alegia inkorporatzeko edo legalki gorpuzteko, eta ordudanik Microsofteko abokatua izan da Neukom. Orain, beste gauza askoren artean San Franciscoko Giants-eko CEO da, burua, eta bere dohaitzagatik eraikin hau egin ahal izan da. Errezepzio-harrera izan dugu joan den astean bere ohorez eta SLSko Kramer dekanoak garbi utzi du fakultate osoa oso pozik dagoela eraikinarekin, eta gero Neukomek berak hitz batzuk esan ditu eskerturik. Oso apala iruditu zait, berak zortea izan zuela une egokian leku egokian egoteagatik etab; oso gauza kuriosoa ere esan du ingelesez utziko dudana: “never underestimate the value of being overrated”; asko gustatu zait. Ospea handia duzunean, jendeak itzala areagotu egiten dizu, agian balio ez duzuna atsekiz, baina emaitza beti zure aldekoa da. Niri oso gizon jantzia eta inteligentea iruditu zait, baina apala. Eta ez zen itxura bakarrik.
Eta hau dena euskal jatorriko Renoko errektore edo provost baten zuzendaritzapean: John Etchemendy.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus