Michel Labéguerie Iratzet politikari eta kantaria 1921eko martxoren 4ean jaio zen Uztaritzen

Fuente: Lur Hiztegi Entziklopedikoa

Michel Labéguerie

Michel Labéguerie.

Bordelen egin zituen medikuntzako ikasketak. Francoren garaian Hego Euskal Herriko erbesteratuei laguntza ematen zien talde bateko kide izan zen, eta Enbata higikundea sortu zuen 1959. urtean, beste lagun batzuekin batera.

1960. urtean Euskaltzaleen Biltzarra erakundeko lehendakari izendatu zuten, eta urte berean diputatu aukeratu zuten CDS alderdi kristau demokrataren eskutik, Enbatak bultzatu zuela. Abertzale zentrista zen, Euzko Alderdi Jeltzaletik hurbil zegoena, eta ez zuen begionez ikusi 1963. urtetik aurrera Enbatak hartu zuen joera erradikalagoa. Itsasuko Agiria sinatu zuen 1963. urtean, baina erakunde abertzaleetatik urrundu eta frantses erdialdeko zerrendetan aurkeztu zen hauteskundeetan, independiente gisa. 1964an Pyrénées Atlantiques departamentuko kontseilari nagusi izendatu zuten eta 1969 eta 1974. urteetan senadore izan zen. 1965etik, hil zen arte, Kanboko alkatea izan zen.

Ospe handia izan zuen Euskal Herri osoan, politikari ez baina bai kantagintzari esker, euskal kantagintza modernoaren aintzindari nagusia izan baitzen. 1961.ean oso ezagunak egin ziren abestiak, abertzaleak eta sentikorrak, plazaratu zituen bi diskotan (Gu gara Euskadiko, Gure Astoa Balaan, Bakearen Uxoa, Zer duk nigarrez? Haurtxo haurtxoa, Primaderako lilia, Nafarroa oi Nafarroa) eta Labeguériren urratsei jarraiki zitzaien ondoko urteetan Hego Euskal Herriko abeslari berriak.

Erabili zituen politika moduak giro abertzaleetan guztiz eztabaidatu ziren arren, Ipar Euskal Herrian 1960-1980 izan zen politikari euskaltzale nagusia izan zen Labéguerie. 1980. urtean hil zen.

[+] Informazio gehiago

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia