Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Robustene Mujika.
Gurasoek herriko janari denda handiena zuten eta euskaldun eta abertzaleak ziren. Bederatzi seme izan ondoren bera izan zen lehen alaba (izena, aldiz, aitak egindako promesa baten ondorioz jarri zioten, nahiz eta haren gustukoa izan ez).
Txikitan gurasoen dendan jolasten zuen, eta poliki-poliki, jolasen bitartez, ogibidea ezagutu eta ikasi egin zuen. Eskolara, aldiz, sei urterekin joan zen, anaiek egiten zuten bidea eginez, baina haien aldean (mutilek gazteleraz hitz egiten eta idazten edo matematika ikasten zuten bitartean) Tenek etxeko lanetan trebatzeko kontuak ikasten zituen. Horiez gain irakurtzen, idazten eta gaztelerazko gramatika ikasi zuen eta hamalau urterekin dendan hasi zen lanean.
Ondorengo urtetan dendan laguntzen zuen bitartean ezkogintzan ikasi zuen, eta herrian behar zen argizari eta kandelak egiten zituzten ezko-olan. Horiek denak eginda ere irakurle sutsua zen Tene eta euskal klasikoen obrak (Axular, Manuel Larramendi, Agustin de Kardaberaz, Mendiburu, Agirre Asteasukoa, Mogel, eta abar) ezagutzen zituen. Bai eta bere garaiko Txomin Agirre edo Azkueren lanak ere.
1923an argitaratu zuen bere lehen liburua, Idazkiak eta Olerkiak (Jaungoiko-Zale), 126 orrialdeko lan mardula da, 19 gutun eta 23 olerkiz osatua, eta bertan idazlearen ideologia eta erlijiotasuna nabaria da.