Formaren mutazioak. Egungo dokumentalgintzaren deribak

Vanesa FERNÁNDEZ GUERRA, UPV/EHU

Lagundu

Doktore tesia Santos Zunzunegui Díez Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) katedradunaren zuzendaritzapean egin zen eta 2012ko urriaren 31n defendatu zen UPV/EHUko Gizarte Zientzien eta Komunikazio Fakultatean.
vanesa.fernandez@ehu.es
www.territoriosyfronteras.com
http://www.cyp.ehu.es/

Asko dira bakardadean ibili beharreko bideak.
Eta bideak guztionak badira,
eta, hain zuzen, guztionak direlako ez badute amaierarik ezagutzen,
hori da urratsak bakoitzarenak direlako.

Formaren mutazioak. Egungo dokumentalgintzaren deribak1 izeneko doktore tesia Espainiako egungo dokumentalgintzaren azterketa da, eta irudiaren forma eta lengoaia berrituak bilatzen ditu, non generoek elkar elikatzen duten eta euren arteko mugak (inoiz izan badira) desagertu egiten diren. Badira hainbat obra dokumentalgintzaren barruan kokatuak, ekarpen esperimentalak eta ezohikoak, hibridoak eta heterogeneoak, forma eta lengoaia berriak aurkitzen dituztenak, eta ateak irekitzen dizkietenak azken denboretako praktika dokumentalak ulertzeko modu berriei. Ikerketa honen helburu behinena da muga zehazgabe eta lausoko eremu baten jasotze kartografikoa egitea; horrek eskatzen du harrera berezi bat izatea, zertarako eta, sentiberatasun berri baten azaleratze sintomak eta berorrek har ditzakeen formak detektatzeko.

Azken hamarkadetan eman den mutazio, eboluzio edo berritzea, nahi bada eta nahi ez bada, ezin da aztertu bere forma propioan arreta jarrita baino ez bada, hala zinema honek proposatzen dizkigun eredu estetikoak bilbatuko dituen proposamenaren bihotzera iristeko. Esan nahi baita, hainbat dokumental garaikidek sortzen dituzten formek intrigatu egiten gaituzte eta gogoeta egiteko unean hori interesatzen zaigu. Gure egitekoa, lehen fasean, izango litzateke zehaztea zergatik intrigatzen gaituzten eta zer lotura egin daitezkeen euren formen, aurrekoenen eta berehalako etorkizunean iragar daitezkeenen artean. Horrela bada, aipatu beharra dago forma, mutazio, esperientzia eta deriba ikerketa guztian zehar joan-etorrian ibiliko diren kontzeptuak direla.

Diziplinarteko ikerketa honen helburua da, azken finean, egungo irudia(n) pentsatzeko premiari ekitea, eta gogoeta hori egiteko lotzen gatzaizkio gure garaiaren ezaugarri oso nabarmena den kontzeptu bati: deriba. Egungo dokumentalgintzaren deribak egungo zinemaren mutazioen aipamenak dira, ezarritako ibilbide lineal eta dimentsiobakarrekoari aurrez aurre jarriak. Eremu eta forma mutante eta mutakorra da egungo dokumentalgintzaren hau, aberastasun handikoa, elkarrizketa etengabea ezartzen duena beste forma artistiko batzuekin, eta ulertu ez duen eta inguruko paisaia aldakorrari ezikusia egin dion industria baten itzalean dabilena.

Beraz, sarrerako A la orilla del documental contemporáneo (Egungo Dokumentalgintzaren ertzean) atalaren ondoren, lana bi bloke handitan2 egituratuta dago, eta horiek osatzen dutenari deitu diogu: caminos de ida y vuelta del documental contemporáneo español (Espainiako egungo dokumentalgintzaren joan-etorriak). Lehenengo blokean ikerketaren corpusa osatzen duten filmen testu analisia jorratzen da, eta bigarrenean, obra filmiko horien testuinguruei erreparatzen die azterketak, horiek aukera ematen baitigute aurrez egindako analisitik ateratako zehaztasunak ezagutarazi eta kokatzeko.

Hala, formaren analisiak berak eraikiko ditu zubiak piezok kokatzen diren testuinguruarekin, eta are urrunago joaten ere saiatuko gara, testu analisiak hainbat kontzepturekin gertatzen diren harremanez pentsaraztera bideratuko baikaitu, esate baterako, postmodernitate edo garaikidetasun kontzeptuekin, praktika horiekin interesatzen den ikusle motarekin, obren (auto)gogoetarekin, teknologia digitala edo erakusleiho berriekin. Horrela hasten da joan-etorriko bidea: testutik bertatik testuingurura, eta alderantziz.

Azaldu dugunez, bigarren atalean, Leer la imagen. Relatos emergentes en el documental contemporáneo español (Irudia irakurri. Espainiako egungo dokumentalgintzan suspertzen ari diren kontakizunak) izenekoan, testu analisi xehe eta sakona oinarri hartuta, arreta jarri diogu filmen testu analisiari, oso garrantzitsua baita zubiak eraikitzea testuaren eta haren testuinguruaren artean. Analisi horrek argia emango digu bestelako gai nahitaezkoetan, eta ongi funtzionatzen du ondoren datozen gogoeten atariko gisa. Horrela ulertuko dugu hainbat autoreren lanak, hala nola Isaki Lacuesta, Elías León Siminiani, Lluís Escartín eta Los Hijos ikus-entzunezko Kolektiboarenak (Javier Fernández, Luis Carrasco eta Natalia Marín), garai batetik hona Espainiako dokumentalgintzaren eredu paradigmatiko bihurtu izana. Horrela bada, marko historiko egoki honetan, ongi mugatutako epean (2003-2010), aurkituko ditugu hainbat obra desmuntatu eta aztertzea merezi dutenak. Eta ekintza horretan ezagutzaren bat argitzeko esperantzarekin, berreraiki egingo ditugu eta harremanean jarriko eurena duten testuinguruarekin. Horregatik, testu analisiak filmetako harreman estilistiko eta semantikoak ezartzen dituen aldi berean, bigarren estadio batean, beste diziplina batzuetatik eratorritako ekarpenek, zinemagileen beraien adierazpen ezezagunekin batera, laguntzen digute obrok kokatzen eta erlazionatzen diren testuingurua zehatz-mehatz deskribatzen.

Obra hauen aurrean oinarrizko auzia ez da gaur egungo zineman modernitatearen herentzia zein den ikustea, ezta postmodernitate teknologikoaren seme-alaba sentitzea ere. Auzi klabe bat puntu honetan dago, eta tesi hau hori demostratzera dator: (bir)pentsatzea zein den irudi filmikoa okupatzera irits daitekeen lekua etengabeko mutazioan dagoen ikus-entzunezko sistema batean. Produkzio hauek guztiak totum revolutum baten parte dira ikus-entzunezko paisaia nabarrean. Eta duela urte batzuk kritikaren sektore gutxieneko baten interesak bultzatutako eremu esklusiboa bazen ere, gaur egun, marjinalitate hori fenomenoa existitzen delako ezin eztabaidatuzko sintoma da. Horregatik du aparteko garrantzia ikerketa honetan planteatzen den egiturak; eta berriz diogu, testutik testuingurura bidaiari ekin diogu, filmak aktibatu beharreko testuinguru egokiari buruzko arauak eskaintzen baititu berori behar bezala ulertzeko.

Los Materiales (Materialak)

Los Materiales (Materialak) (Colectivo Audiovisual Los Hijos, 2009) (Los Hijos Ikus-entzunezko Kolektiboa, 2009).

Horrela, guk proposatutako testutik testuingurura ibilbideari jarraituz hasten da hirugarren blokea: Pensar (en) la imagen. Derivas del documental español contemporáneo. (Irudia(n) pentsatu. Espainiako dokumentalgintzaren deribak). Alegia, honokoei buruz ari gara: formaren materialitasunari arreta jarriz eta zentzua sortzeko mekanismoak ulertzen saiatuz, dokumental garaikidea ibili dabilen hibridazioei, eta generoen eta azpigeneroen arteko gurutzatze diskurtsiboei buruz, hau da, zinema-entseguari, autobiografiari eta praktika esperimentalei buruz. Ikerketaren estadio honetan, gogoeta teorikoa eta testu analisitik ateratako ondorioak egungo dokumentalgintzari eragiten dioten bost gai nahitaezkoren inguruan teilakatzen dira: garai historiko eta mugimendu artistiko eta kultural horretan kokatuta dagoelako, postmodernitatean; filmak betetzen dituzten diskurtso subjektiboetan; irudia bera eta praxis zinematografikoa sortzeko teknologia berrien eraginean; obra hauen atzetik dabilen ikusle emantzipatu eta aktiboan; obrek hartzen dituzten forma hibridoetan eta, nola ez, erakustea eta banatzea ahalbidetzen duten leiho berrietan, hala nola jaialdi espezializatuetan, direla Media Art-en banatzaileak Espainian, edota areto beltzetik kubo zurirako urratsa.

Horrekin guztiarekin, tesi honek proposatzen du dokumental hauek hautsi egiten dutela orain arte eginda zegoenarekin eta hausnartu egin behar dela horretaz ohartaraziko diguten zergati edo arrazoietan, bai zinema dokumentalaren erregistro berariazkoan eta baita, zentzu zabalagoan, zinema espainiarrean ere. Asmo handiko lana bada ere bidaia honetan gidatu gaituzten autoritate teoriko nagusi zenbaiten laguntzarekin ekiteko zuhurtasuna izan dugu.

Jada aurrez iradoki dugun bezala, doktore tesi hau Santos Zunzunegui katedradunak ikertzaileari atzera begiratzeko, baina kanpotik ere begiratzeko gonbitari helduz egina dago. Bestela esanda, beste diziplina batzuetatik begiratu eta zinema espainiarraren historia berrikusten laguntzera dator ulertu ahal izateko zer ari den gertatzen gaur egun, eta apuntatu etorkizun hurbila zer izango duen, kontuan izanik bizi dituen aldaketa guztiak; ez bakarrik zinemak, baita egungo ikus-entzunezkoak ere bere osotasunean. Nodo-egitura bat bailitzan, gaur egungo dokumentalari eragiten dioten ezinbesteko gaien analisia egitea hautatu da eta elementu bat edo gehiagoren arteko tentsioa zehazteko ahalegina egitea. Hain zuzen, testu filmikoaren irakurketa egokia eta testuingurua etengabe eta modu ez hierarkikoan erlazionatuta daude sare bat osatzen dutela, alegia, bata besteari konektatutako nodo segida bat dira. Espainiako egungo dokumentalgintzaren inguruan jiran dabiltzan nodo multzo horien analisia eta ateratako ondorioak tesi honen azken atalean biltzen dira: Abandonando la orilla del documental (Dokumentalaren ertza abandonatuz).

Azken finean, elkarrekin erlazionatutako nodo horien arteko loturak eta tentsioak laguntzen digu sakontzen, desglosatzen, arakatzen eta pentsatzen Formaren mutazioak. Egungo dokumentalgintzaren deribak gure doktore tesi honetan.

1Ikerlana autoreak berak 2009tik zuzendu eta gidatzen duen Territorios y Fronteras (Lurraldeak eta Mugak) (www.territoriosyfronteras.com) izeneko proiektuaren barruan kokatzen da. Izen bereko liburua koordinatu eta argitaratu zuen autoreak: Territorios y Fronteras. Experiencias Documentales Contemporáneas (Servicio Editorial UPV/EHU, 2012).

2Atalak: 1.a: Atarikoa: Egungo dokumentalgintzaren ertzean; 2.a: Irudia irakurri. Espainiako egungo dokumentalgintzan sortzen ari diren kontakizunak (Azpian dagoen Lacuestaren obra: materialtasunaren bilaketa. Leon Saminianiren poetika berezia: saiakeraren lehentasuna. Escartinen begirada gogoetatsua: mugaren ertzetan. Los Hijos Koletiboa: pentsatu filmatuz eta filmatu pentsatuz egiten duena); 3.a: Irudia(n) pentsatu. Espainiako dokumentalgintzaren deribak (Testua analisiaren deribak. Zinema espainiarraren artxipelagoa. Deslurraldetzea. Barne bidaiaren erbesteratzeak. Ikusle gogoetatsu baten bilaketa. Biten, pixelaren eta Do it yourself-en iraultza. Zinemagintzatik bakartutako eta artetik hurbilagoko dokumentalgintza: black box-etik white cube-ra. Sarean zabaltzea: off eremua); 4.a: Azken gogoetak. Dokumentalaren ertza abandonatuz).

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia