Alazne PORCEL ZIARSOLO
XX. mendeko Moda mundua gutxinaka joan da museo eta instituzio artistikoetan gero eta presentzia nabariagoa lortzen. Modak eta jantzien munduak ondare kultural eta museistiko gisa lortu duen gizarte balorazioak, lan mota hauei zuzenduriko ikerketa espezifikoak bideratzea ahalbidetu du.
XX. mendean zehar diziplina artistiko orotara, Moda barne, batu ziren elementu eta material berrien kontserbazioa eta zaharberritzea erronka handia suertatu da gaur egun. Hortaz, bilduma hauetan agertzen joan diren arazo berriei aurre egiteko ikerketa bideak egokitzeko beharra dago.
"Estudio y evaluación de tratamientos de conservación-restauración aplicados a los complementos de la colección de Cristóbal Balenciaga” izena duen doktorego tesiak, Cristobal Balenciaga (Getaria, 1895-Javea 1972) euskal moda disenaitzailearen bildumako osagarrien azterketa izan du helburu nagusi. Hauek Getarian aurkitzen den Cristobal Balenciaga Fundazioaren bildumaren parte dira.
Ikerketa honen bitartez bildumako piezak osatzen dituzten materialak eta alderdi kostruktiboak aztertu nahi izan ditugu. Aldi berean, erasotu al dizkioten narriadura eragileak eta bere kontserbazio egoera ere aztertu nahi izan ditugu, bildumari zuzenduriko kontserbazio eta zaharberritze metodologia egoki bat esartzeko. Etorkizunean pieza hauen zaintza ziurtatzea da helburua, baita antzerako ezaugarriak dituzten beste artelan garaikide batzuena ere.
Cristobal Balenciaga Museoko bildumak XX.mendeko hainbat jantzi eta osagarri gordetzen ditu. Hauek, bai erabilitako material anitzengatik bai bere forma eta originaltasunagatik nabarmentzen dira. Sorkuntza hauetan zuntz natural edo sintetikoz eginiko ohialak, larrua, ilea, lumak edo polímero plastikozko dekorazio, lentejuela edota botoiak topatu daitezke. Material aniztasun honi moda munduaren ezaugarri diren bat-batekotasuna eta arintasuna gehitu behar zaizkio.
CBM 2004.02 Satinezko bonetea atxabitxizko dekorazioekin, osagarrian aurkitu diren material desberdinak.
Orain arte, mota honetako material asko bestelako testuinguruetan ikertuak izan dira, historia naturaleko museoetan edo bilduma etnografikoetan kasu. Beste batzuk, plastikoak esate baterako, berriak dira oraindik bere portaera eta narriadura prosezuak guztiz ezagutzeko. Material hauek gainera, XX. mendeko bildumetan arazo larrienak sortzen dituztenak izan ohi dira. Kasu batzuetan material hauek banaka ikertu egin dira baina, hala ere, material anitzeko pieza batean nola elkarreragiten duten ez da normalean jakiten.
Materialen inguruko ezjakintasun honetaz gain, beste zenbait arazo izaten dituzte lan hauek. Jantzi hauen jatorriz izandako funtzioa dela eta, ez dira bere bizitzan zehar “behar bezala” zaindu eta gaur egun konpondu ezin diren arazo asko aurkezten dituzte. Ikerketa honek arazo espezifiko guzti hauei aurre egiteko ikasketa berrien premia agerian utzi du.
Esan bezala, materialen izaera edota narriadura mekanismoen gaineko ezjakintasunetik eratorritako arazoak izaten dira kasu askotan. Hortik, material hauen identifikazio egokia eta taldekako azterketa beharrezkoak jo ditugu bilduma honen kontserbaziorako eta iraupenerako.
Ikerketa gaia kokatzen den denbora markoari buruz, argi geratzen zaigu moda bere garaiko aldaketa soziologikoen produktu bat dela eta hortaz beti dagoela harremanetan testuinguru historiko zehatz batekin (gudak, gizarte ohituren aldaketa, etb.). Era honetan modaren garapena eta gertakizun historiko edo teknologia industrien bilakaera era paraleloan ematen direla ikusi daiteke.
Material bakoitza zein garaitan eta zein prosezupean sortu den ezagutzea garrantzi handiko dela pentsatzen dugu, bilduman elementu bakoitza ondo kokatu ahal izateko. Baina behin alderdi historikoa aztertuta, Cristobal Balenciaga Museoak erraztutako zenbait lagin aztertu nahi izan ditugu arte lanen identifikaziorako erabili ohi diren teknika analitiko desberdinak erabiliz.
Identifikazio lan hau Euskal Herriko Unibertsitateak dauzkan Ikerkerkuntzarako Zerbitzu orokorretan (SGIker) burutu da. Zehazki, polimero plastikoen analisia Multiespektroskopia Akoplatuen Laborategi Berezian (LASPEA) burutu da, Raman espektroskopia eta espektroskopia Infragorria era osagarrian erabiliz. Bestetik ehun zuntzak Biomedikuntzako Bereizmen Handiko Mikroskopia Analitikorako Zerbitzu Orokorrean aztertu dira Ekortze mikroskopia elektronikoaren bitartez.
Ekortze mikroskopia elektronikoa. Ikertutako osagarri batean aurkitu diren zuntz desberdinak. CBM 2000.213. Saten beltzezko pill box-a luma zuriekin.
Analisi teknika hauen bitartez lortutako emaitzei esker, aztertutako lanak osatzen dituzten materialak identifikatzea lortu dugu. Modu hontan, haiei zuzenduriko kontserbazio irizpideak aztertu eta ebaluatu ahalko ditugu modurik egokienean.
Aztertutako adibideetan narriadura maila desberdinak aurkitu dira, bai materialaren egiturari dagozkionak bai bestelako arrazoiengatik agertu direnak, hala nola, erabiltze eta manipulazio desegoki bategatik edo aurretik pairatutako zaharberritze tratamentu okerrengatik.
Material espezifiko hauei buruzko informazioak eta bereziki bere narriadurei buruzkoak, zenbait kalte baieztatzea ahalbidetu du. Kalte horiek piezaren barne eta kanpo egituran eragiten dute. Arazo hauen aurrean kontserbazio prebentiboan oinarrituta berehalako eta epe luzerako neurriak hartzea beharrezkoa da.
Tradizionalki, ehunen kontserbazioa eta zaharberritzea irizpide eta prozedura orokorrak jarraituz eta era sistematikoan burutu da, jantzi garaikide bildumek aurkezten dituzten berezitasunak kontutan izan gabe. Mota honetako bildumetan ematen diren material eta forma dibertsitateak dira hain zuzen bere kontserbaziorako neurri orokor batzuk ezartzea zailtzen dutenak. Guzti honekin, bilduma hauetan erabiliak izan ohi diren kontserbazio irizpideak berrikusi beharra ikusten dugu.
Neurri eta irizpide egokiak xedatzeko, kontutan hartu beharko da jantzi bilduma hauetan degradazio prosezuak pairatzen dituzten plastikoak eta bestelako materialak aurkitu daitezkela ohikoak diren ohial eta ehunekin batera. Kontserbazio eta zaharberritze baldintzak material hauen baldintzeetara moldatu beharko dira, bere behar espezifikoak (argia, temperatura, hezetasun erlatiboa, etb.) errespetatuz.
Lan hauen osotasun fisikoa ziurtatzeaz gain, goi mailako joskintza lan bati dagokion irakurketa eta ulermena ahalbidetu behar direla uste dugu. Narriatzearen ondorioz gertatzen den itxura galera konpondu behar da lan hauen berreraikitze kontzeptualerako eta hortik, bere erakusketa aproposerako.
Ehunen zaharberritzeak egindako ibilbidea eta bere irizpideak errespetatu beharra badago ere, XX. mendeko moda bilduma bati buruz ari garenez, irizpide hoiek nolabait “modernizatu” beharko litzatekeela uste dugu, lan berri hauek eta gertatzen joango diren arazoei aurre egin al izateko.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria