Koro MURO ARRIET
Nahiz eta geografikoki txikia izan Euskal Herria oparoa izan da pertsona ospetsu edota nabarmenetan, ezaguera eremu guztietan gailendu direnak.
Maiz aipatzen ditugu euskaldunok Viteri eskolak, Urdaneta kalea edo Juan de Garay institutoa, baina ez diegu izen edo erreferentzi horiei edukia esleitzen. Gabezi horri erantzuna eman nahian, Euskomedia Fundazioak proposamen berritzaile bat aurkezten du. Oraingoan, Badakizu?! izenpeko bideo-klip sorta berezia eskaintzen digu. Badakizu?! guzti horien gainean argi izpi bat jarri nahi du, ezagutzen ez dena ez baita baloratzen ezta zabaltzen ere.
40 segundo iraupena duten mikro-bideoak dira. Bertan, irudi animatuen bidez, gaiaren inguruko oinarrizko datu eta ikuspegi orokorra ematen da; bai eta bitxikeri ezezagunak ere. Gehienak, gure eguneroko bizitzan entzuten ditugun izenak dira (kaleak, erakundeak...) baina funtsean gaizki ezagutzen direnak.
Hori guztia gutxi balitz, Euskomedia Fundaziotik irmo defendatzen dugu euskal kultura eta honen zabalkundea eta heziketarako oinarri sendoa izatearen garrantzia, hortaz, era atsegin eta erraz batetan propio ditugun berezitasunak eta alde positiboak goraipatu eta jendearen ezagutzan ezartzeko.
Beraz, Euskal kulturaren pertsonai, datu, istorio eta bitxikerien oinarrizko informazioa dosi txikitan eta bisualki erakargarriak eskaintze dituzte bideo-klipak. Kultur informazioa modu labur eta erakargarrian eskaintzen du produktu honek; jakin mina asetzeko nahiko da ematen den edukia baina, irudi animatuei esker, ez da aspergarria suertatzen.
Hasiera batean, hogeitahamar mikro-bideoekin hasi gara, hamar Euskal Autonomi Erkidegoko lurralde bakoitzeko :
Xabier Munibe | Manuel Iradier | Juan Crisostomo Arriaga |
Elbira Zipitria | Micaela Portilla | Dolores Ibarruri |
Pedro Viteri | Felix Mª Samaniego | Gabriel Aresti |
Katalina Erauso | Maria de Maeztu | Casilda Iturrizar |
Andres Urdaneta | Canciller Ayala | Jose Antonio Aguirre |
Maria de Lezo | Jesus Guridi | Eulalia Abaitua |
Juan Ignacio Iztueta | Doña Munia | Carmelo Bernaola |
Bixenta Mogel | Enrique Eguren | Pilar Careaga |
Juan Urbieta | Maria la Varona | Juan de Garay |
Albina Madinabeitia | Heraclio Alfaro Fournier | Alejandro Goicoechea |
Pertsonaiak aukeratzerakoan irizpide zabala izan dugu kontutan: hiru lurraldetakoak, eremu ezberdinetakoak, antzinakoak nahiz garaikideak, emakumeak zein gizonezkoak, ahalik eta ikuspegi osatuena eskaini nahian.
Ildo berean, multzo horretan hamahiru emakume bereizi ditugu: Katalina de Erauso, Elbira Zipitria, Maria de Lezo, Bixenta Mogel, Albina Madinabeitia, Micaela Portilla, Maria de Maeztu, Doña Munia, Maria la Varona, Dolores Ibarruri, Casilda Iturrizar, Eulalia Abaitua eta Pilar Careaga hain zuzen ere. Aipatutako pertsonaiak orokorrean ezezagunak badira, emakumeak are gehiago eta desoreka ahal dugun heinean ekiditeko, esfortzu berezia egin dugu.
Teknikoki, marrazkiz osatutako bideoak dira. Aspaldiko kontuei gaurkotasuna eman nahian irudi arinak, eskuz marraztutakoak eta ulergarriak osatzen dituzte bideoak. Baina bideoak grabatu aurretik, dokumentazio lan itzela egin da. Pertsonai bakoitzeko biografia bildu, laburtu eta datu esanguratsuenekin gelditzen gara. Informazio horrekin, gidoia eta “storyboard”-a burutzen dira, marrazkiak definitu eta off ahotsa finkatzeko.
Formatuaren aldetik, marrazterakoan grabatutako irudiak definizio altuan (HD) egin dira eta off ahotsa, euskara hutsean, erabiltzen dute gidari gisa. Horrela, jakin mina asetzeaz gain, euskara ikasten ari direnentzat ere lagungarri izan daitezke.
Ez dago Euskal Herrian, pertsonai garrantzitsuen nondik norakoak jasotzen dituen beste webgune edo zerbitzurik. Are gutxiago, biografi labur horiek animazio-bideoen bidez garatuak daudenak. Gainera, iraupen laburrak eta off ahotsak informazioa erraz asimilatzeko bidea ematen dute.
Kontuan harturik kontsumo errazeko informazioa ematen duen produktua dela, mota guztietako jendeari iristeko gai izan beharko luke. Hasiera batean, soilik euskaldunentzat izango dela pentsa dezakegu edota euskara ikasten ari direnentzat; baina, irudien poderioz, gai-ildoa erraz ulertu eta jarraitzen denez, guztiok izango dute BADAKIZUz gozatzeko eta ikasteko aukera.
Egitasmo honekin emandako urratsa, ez da hasiera besterik izan, asko baitira iluntasunean dauden altxorrak. Izan ere, lanean dihardugu beste hainbat pertsonai esanguratsu “berpizteko” gure marrazkien bidez.
Euskomedia Fundazioaren webgunean eta YouTubeko kanal berezian daude ikusgai.
Eta orain, Badakizu?...
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria