Toribio Altzaga, euskal idazlea eta antzerkigilea, Donostian zendu zen 1941eko maiatzaren 27an

Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Toribio Altzaga

Toribio Altzaga.

José María Toribio Altzaga Anabitarte 1861eko apirilaren 16an jaio zen Donostian. 1872ko karlistaldiak eztanda egin zuenean, baina, Ziburura joan behar izan zuen familiarekin eta beste donostiar askorekin batera, gerta zitekeenaren beldur, ihesean. Lapurdiko kostaldean zegoela egin zituen batxilergo-ikasketak, eta orduan ezagutu zuen antzerkia. Izan ere, “euskal teatro modernoaren” sorrera garai hartako Ziburun koka daiteke, batik bat, El Trueno elkarteko kideen eskutik (taldekide aipagarriena Martzelino Soroa da).

Soroa gaztea Ziburun zegoela Iriyarena zartzuela idatzi eta antzeztu zuten, lehenengoz, 1876an. Antzezleen artean Toribio Altzaga bera egon zen, hamahiru urte baino ez zituelarik. Nahiz eta tartean euskarazko pasarteak egon, gaztelaniaz idatzitakoa zen Soroarena, eta tradizioko bizimoduari lotutako pasarteak biltzen zituen. Badirudi, bada, orduan piztu zitzaiola Altzagari antzerkiarekiko zaletasuna.

Karlistaldia amaituta, Donostiara itzuli zen Altzagaren familia, baina bertan aurkituriko egoera oso bestelakoa zen jada: Hego Euskal Herrian Foruak deuseztatu ziren, eta horrek eskubide-galera nabarmena ekarri zuen. Gertaera hark ifrentzua eduki zuen, ordea: aipaturiko galerak kultur mugimendu oso baten suspertzea ekarri zuen (aldizkariak, lehiaketak, kutur jaialdiak eta antzekoak sortu eta antolatu ziren), bai eta euskal nazionalismo politikoarena ere. Altzagak berak esku-hartze nabarmena eduki zuen azken horretan: hizlari aritu zen herririk herri, EAJko Uri Batzarreko lehendakari izan zen, Gipuzkoarra egunkariko zuzendaritza-taldeko kide izendatu zuten, eta abar.

Badirudi, artean, Donostia izan zela antzerkigintzarako gune egokiena; izan ere, XIX. mendetik zetorren ibilbideak jarraipen sendoa eduki zuen Espainiako Gerra Zibilera arte. Antzerkigintza, oro har, hobeto antolatze aldera, Euskal Iztundea sortu zen Donostian bertan, 1915ean. Antzerki-lanak prestatu, probak egin eta taularatzeko nahiz antzerkiaren inguruko jendea leku finko batean batzeko antzerki-eskola antzekoa izan zen. Erakunde publikoa zenez gero, bertako katedra eskuratzeko deialdi publikoa egin zen, eta Toribio Altzagak lortu zuen.

Toribio Altzagaren obraz denaz bezainbatean, aipatutakoak aipatuta, esan gabe doa antzerki-lanak idatzi zituela batik bat. Orotara hogeita hamar bat idatzi, moldatu edo itzuli zituen.

1936ko Gerra Zibilaren osteko urteetan, 75 urte zituela, frankistek Euskal Iztundeaitxiarazi eta Ondarretako kartzelara atxilotu zuten Altzaga. Handik gutxira hil zen, arnasa-arazoak tarteko, 1941eko maiatzaren 27an.

[+] Informazio gehiago

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia