Lola SARRATEA
MARTIN. Oñatin sortu zen 1731. urtean, 1750an joan zen Buenos Airesera. Cadizetik atera zen, Martin Altolagirrek hiru bidai txartel eskatu zituen idatziz bera eta bi morroientzako. Morroi haietako bat Martin Sarratea zen. Eta horrela dator dokumentuan. Martin Simon Sarratea 19 años buen cuerpo, blanco, delgado y un lunar en el lado derecho de la cara...
Altolagirre familia Albistur (Gipuzkoa) ondorengoak Buenos Airesen indartsuak ziren. Ez dakigu zertan jardun zuen Martinek lehendabiziko urteetan. 1.767 urtean Sarrateak Tomasa Altolagirre bere ugazabaren alaba ezkondu zuen. San Nicolas de Bari elizan, Frai Francisko Altolagirre emaztearen anaiak bedeinkatu zituen ezteiak.
Carlos III.ak 1.787 urtean Real Compañia de Filipinas enpresarekin Rio de la Platan esklabu merkatuaren monopolioa eskuratu zuen. Negozioa martxan paratzeko plangintza surrealista bat egin zuen. Lehenik merkatuen ikerketa bat eskatu zuen jopu bakoitzaren kostua aztertzeko.
1.784an Madrilera etorri zen bizitzera bere familiarekin Martin Sarratea. Karlos III.ak merkatua aztertzeko “esklabu negozioan jakintsu komite bat” sortu zuen eta “Real Compañia de Filipinas” akzionistei ere aditu zitzaien. Konpainiaren akzionista handiena erregea bera zen baina Sarrateak ere bazituen bereak eta, jopu negozioan aditua zenez, lan batzordearen partaide izan zen.
Esklabu negozioan Ordurainoko azpiegitura erabiltzea erabaki zen. Ingalaterran Baker and Dawson konpainia kontratatu zuten.
Bi ontzi upategi handirekin egokitzea, ura eta janaria eramateko deposituak, ozpina desinfektatzeko, kanoiak Frantsesen, portugesen, ingelesen, eta holandesen erasoei aurre egiteko eta kateak esklabu matxinadak kontrolatzeko eskatu zuen batzordeak. Ontziek bi mastakoak behar zuten izan zalu ibili ahal izateko. Sendagile bat, bi marinel eta pilotu bat espainolak izanen ziren. Itsasontzia Ingalaterrako ikurrarekin aterako zen, Ginea Golkoan esklabuak hartu eta Santo Tome irlan geldialdi bat eginen zuten tripulazioak atseden bat har zezan, eta mandioka irina frijola eta palma koipea prezio onean erostera, esklabuei bazka egiteko, gero, Rio de la Platara ailegatzean ikurra aldatuko zuen espainola jarriz. Portugesek egiten zuten bezala kostuak jaisteko marinel xeheak jopuak izanen ziren. Denetara esklabu bakoitza 155 peso kostatzen zen. Baker and Dawson konpainiarekin sinatu zen tratua bi urterako eta honek 6.000 afrikar urteko entregatzeko konpromisoa hartu zuen.
Sarrateatarrak Oñatin sortu ziren.
Merkantzia hautatu behar zen. Hoberenak, “pieza” 18 eta 25 urte bitarteko gizonezkoak. “Mulekones” 14 eta 25 bitartekoak eta neskatilak 10 eta 14 urterainokoak preziatuak ziren. Maztekiak 25 urtetik beherakoak izan behar ziren.
MARTINA. Fortuna handia egin zuen Martin Sarrateak. Jauregia eraiki zuen eta gizaldi bukaeran Buenos Aireseko etxe garrantzitsuenetakoa zen berea. Baina Sarratearen fortuna beltza zen eta hala edo nola garbitu behar zuen. 1.791. urtean hidalgia ziurtagiria eskatu zuen Oñatin. Odolaren garbitasun agiriaren txostenean horrela dator “natural de la villa de oñate, hijo lejitimo de Don Juan Sarratea natural de Ciga en el valle del Baztan, reino de Navarra en España.” Badirudi Baztango ondorengoa izateak kapare egiten zuela eta horrek baliabideak ematen zizkiola. 1.441.ean erregeak baztandarrak kapare egin zituen dekretuz. “Los vecinos et moradores en la dicha tierra de Baztan, así clerigos, como legos , fijosdalgos, francos et indepnes de toda pecha et servetud...”
Martina Sarratea 19 urteko alaba ezkontzeko zegoen. Santiago Liniers zen ezkongaia. Gizonak ez zeukan dirurik, zorrak baizik, baina bai prestigioa. Fragata kapitaina zen Espainiako gobernuak bidali zuen Rio de la Plata ingelesen erasoengandik hiria defendatzera. Sarratea merkataria zen, diru anitz zeukan eta “aristokrazia” erosteko prest zegoen. Buenos Aireseko katedralean 1.791. urtean, abuztuaren 3an ezkondu zen Martina. Frai Francisco Altolaguirre bere osabak eman zion bedeinkazioa. Liniers bikotea funtzionario soldata eta andrearen familiaren laguntzarekin gain-bizi zen. 1.802an Santiago Liniers Misiones probintziako gobernadore izendatu zuten eta bere familiarekin Candelaria hirira joan zen. Hemen gauzak ez zitzaizkien nahi bezain ongi atera. Soldata ez zieten ordaintzen. Zazpi ume, Martina haurdun eta dirurik gabe, belaontzian Parana ibaia jaisten, Sarratea etxe aldera izurriteak jota, marinelen erdiak, etxekoandrearen zerbitzari larru-beltza eta Martina bera zortzigarren haurra umatzean hil ziren.
El 29 de abril de 1805 di sepultura con entierro mayor en la capilla del as Conchas a Martina Sarratea legitima mujer de Santiago Liniers gobernador de Papes y Guaraní.
El 29 de abril de 1805 di sepultura con entierro menor al cadaver de Pilar Sarratea negra y libre.
Egun berean haur sortu berria bataiatu zuten. Mari Dolores izena eman zioten.
MANUEL Sarratea 24 urterekin ailegatu zen Buenos Airesera. Beraz, 13 urte egon zen etxetik kanpo. Agian arrebaren ezteietara janen zen, baino ez daukagu daturik. Garaiko grabatuen arabera mutil ederra zen, aberatsa eta arrakastatsua. Kriolloa eta abertzalea, independentziaren alde beti lan egin zuen. Eztabaidazalea izan zen, kontraesan anitz izan zituen bere ekintza publikoak. Hezitasun apartakoa, ilustrazioaren ideiak tinko barneratu zituen.
Iraultza hasierako ekintzak ikaratu zuten Buenos Aires. Kriolloek merkataritza menperatzen zuten. Berez metropoliak zeukan merkatuaren monopolioa. Baino kontrabandoa “legala” zen eta hau kriolloen esku zegoen. Hauek gogorki indartuak independentziaren aldeko mugida hasi zuten. Bertze aldea metropoliaren funtzionarioak eta errege ordearen inguruan profitatzen zutenak osatzen zuten.
Bazegoen bertze liskar bat aspalditik Rio de la Platan eta iraultzak berpiztu zuen. Uruguai eta Buenos Aires arteko lehia kaiaren jabegoa zeinek lortu zen.
Denbora berean Gerbasio Artigas matxinatu zen Espainiaren aurka Uruguain bandolero indio eta langileekin ejertzito bat osatu ondoren. Artigas abertzalea eta iraultzailea zen eta gobernu ezkertiar bat nahi zuen Rio de la Platan. Buenos Airesen honek kezka sortzen zuen. Liskarra urte askotakoa izan zen. Sarratea eta Artigas, etsai amorratuak, antagonikoak ziren: Artigas gaztetan bandolero izana, “gizaki libreen babesle” deitzen zuten, aldiz, Sarratea, hezitasun apartakoa, aberatsa eta gizarte “kriolloan” eragin handikoa. Biak ziren hiztun onak eta nortasun handikoak eta talka ikaragarria izan zen.
Metropolia gero eta ahulago, porrot egina, ustelkeriak jana indargabe zegoen arazoei aurre egiteko. Aldiz gizarte Kriolloa ibaiaren bi aldetan berritik hasten zen. Ilustrazioaren ideiak barneratzen ari zen, dinamikoa zen eta dirua zeukan.
1.810. urtean “Maiatzako iraultza” izan zen: Argentina estatu berriaren sorrera. Metropolian bi urte lehenago Fernando VII.a erregeak Baionan abdikatu zuen Jose Bonaparteren alde. Buenos Airesen gaizki hartu zuten Frantziaren jabegoa eta Baltasar Hidalgo Cisneros Espainiako errege ordea bota eta “kriolloek” Cornelio Saavedra lehendakari gobernu bat ezarri zuten. Gobernu honek Fernando VII.aren izenean gobernatzen zuen nahiz eta independentziaren alde egon. Gobernua kontserbadorea zen. Agintariak aldatu nahi zituen baina hortik aitzina gauzak berdintsu nahi zituen. Baziren, aldiz, benetako iraultza egin behar zela uste zutenak. Eta Espainiaren aurka egiteko taldeek zuten adostasuna hautsi zen Cisneros bota ondoren.
Ingelesek Rio de la Platan interes handiak zituzten eta Brasilen enbaxada zeukaten. Manuel Belgrano iraultza ideologoak Rio de Janeirora bidali zuen Sarratea Lord Stangfordrekin bakea negoziatzera. Portugesekin baino ez zuen arrakasta handirik ukan.
Manuel Sarratea, Feliciano Chiclana eta Juan Jose Pasok osatu zuten lehen triunbiratoa.
Hamahiru hilabete geroago, disidente talde batek bota zuen Saabedra eta lehen triunbiratu edo hiruko aginte gobernua ezarri zuen. Manuel Sarratea, Feliciano Chiclana eta Juan Jose Pasok osatu zuten. Rivadivia idazkari. Metropoliarekin erabat moztu nahi zuten eta gizarte kriolloen indarra zeukaten. Baina aginte berriek oztopo handiak aurkitu zituzten. Uruguain Artigasek nekazari eta langileen artean ejertzito bat osatu eta gobernu popular eta ezkertiar bat ezarri nahi zuen Rio de la Platan. Aldiz, Sarratearen taldeek gizarte kosmopolita eta aurrerakoia nahi zuten. Perun jauntxoen erasoei, eta bertzetik Portugesei ibaian aurre egin behar zieten. Sarratea bidali zuten Uruguaira jauntxoei aurre egin gabe negoziaketa bidez ejertzitoaren jabegoa hartzera. Baina ez zuen arrakasta handirik ukan. Triunbiratuak hamahiru hilabete iraun zuen eta “Lau aginteko” gobernua osatu zenean Sarratea kanpoan gelditu zen. Baina ejertzitoaren buru jarraitu zuen.
Metropoliak armada bidali zuen Rio de la Platako matxinada kontrolatzera eta Montevideon gotor egiten zieten Buenos Aireseko indarrei. 1.813an Rondo koronelak Sarratea bidali zuen ejertzitoaren buru gatazka kontrolatzera. Handik gutxira berriz ere gobernuz aldatu zen eta aginte berriek ez zuten Sarratearen kudeaketa begi onez ikusten. Batez ere Artigasekin zuen liskar pertsonala oztopo bat zelako Espainiaren aurkako indar militarren batasunerako eta kargugabetu zuten.
Berriro bidali zuten Sarratea Brasilera bakea negoziatzera baina oraingoan ere ez zuen arrakasta handirik lortu.
1.814an Iraultzaileek gatazkak gainditurik Madrilera bidali zuten Sarratea Espainiako gobernuarekin bakea negoziatzera. Autonomia baten truke metropoliaren jabegoa onartzeko prest zeuden. Baina Madrilen traidoretzat zuten eta Londresera ihes egin zuen. Rivadivia eta Belgrano misio diplomatikoan zeuden Londresen eta haiekin errefuxiatu zen. Hemen ere ekintza xelebre baten mezulari izan zen. Argentina herri ikusgarria nahi zuten, eta errege baten beharra zeukatela uste zuten. Francisko de Paula Fernando VII.aren anaia zen aukeratua. Negoziazioak nahiko aurreratu zituzten. Konstituzioaren aurre-proiektu bat eta guzti idatzi zuten. Baina honek azkenean gibelerat egin zuen eta orduan bahitu eta bortxan Buenos Airesera eraman eta errege egitea otu zitzaien. Gezurra badirudi ere ideia garaian nahiko onartua izan zen Napoleon bera eta Jose San Martin ere aukeraren alde zeuden. Ekintzak ez zuen emaitzarik eman, batez ere Napoleon Espainiatik atera eta Fernando VII.a itzuli zelako.
Londresen Belgrano eta Rivadiviarekin negoziaketa xelebre hau mamitzen zuen aldian gaua giroa profitatu zuen Sarrateak. Garai honetan ezagutu zuen Lord Bairon herri zapalduen babeslea, olerkaria eta intelektual ikonoklasta eta adiskide minak egin ziren.
Berriz ere deitu eta 1.820an Buenos Aireseko gobernadore izendatu zuten. Errepublika berri garaian bakea lortzeko pauso zehatzak eman zituen. Guda zibila amaitzeko probintzietako Jauntxoekin tratu bat sinatzea lortu zuen.
El Tratado del Pilar Dokumentua berak idatzi zuen. Hiru puntu garrantzitsu zeuzkan dokumentuak:
Ez zen erraza izan negoziaketa. Dokumentu ofizialaz aparte bertze txosten bat isilpean sinatu zuen jauntxoekin. Dokumentu honen bitartez armamentua ematen zien probintzietako arduradunei. Militarrak jabetu zirenean bere aurka egin zuten, eta ezin izan zituen kontrolatu. Kargua utzi eta Artigas bere betiko etsaien aurkako gudara joan zen eta zapaldu zuen. Ekintza hau izan zen bere arrakasta pertsonalik handiena.
Politika utzi eta berriz ere bere aziendan zegoela Rivadavia Buenos Aires Republikako lehen presidenteak deitu zuen 1.826an eta Londresera bidali zuen Argentina enbaxada buru. Uruguai eta Buenos Aires arteko betiko liskarrari bukaera eman zion. Lord Strafordrekin negoziatu zuen bi herrien segregazioa. Gero Parisen ireki zuen Argentinako enbaxada, garaiko kargu garrantzitsuenetakoa. Negoziatzen jarraitu zuen baina bere herriaren bakea ez zuen ezagutu. 1.849an Euskal Herritik itzuli bat egin ondoren Limogesen hil zen. Gorpua Buenos Airesera eraman zuten
Manuel Sarrateak Buenos Aireseko kale eta enparantza bati izena ematen dio. Anitz eskribitu zuen, kaligrafia polita zeukan. Adituak, dekretuak, akta ofizialak... pertsonalki idazten zituen. Iraultza kideekin ere korrespondentzia handia mantendu zuen. Argentina errepublika berriaren enbaxadore dotorea. Bakearen ideiari handia. Nahiz eta bere ekintzak zuri-beltzak izan, orokorrean aitzindari bat izan zen. Argentina nazioaren sorrera zalapartatsu hartan ez zuen amore eman eta deitzen zuten aldiro han egon zen. Intentsitatez bizi zuen iraultza. Azkenik Parisen bere bulego erosoan nostalgiaz behatuko zuen gibelerat, eta, batek daki, agian nostalgiak berak mugiturik eginen zuen Euskal Herritik azken itzulia.
Martin Sarrateak hamabi ume izan zituen. Adinez oso nagusi hil zen. Bere etxeak, 1.788an eraikina Venezuela kalea 469an, oraindik iraun du. Kolonial estilokoa, sabaia teilatua, ate eta leihoak zurezkoak, denetara hiru mila metro koadro, erdian patio ederrarekin. Bere alaba Juana Sarrateak heredatu zuen, ondorengoak Estrada familiak jarraitzen du etxearekin. Fatxadan oroigarri bat dauka. Eta horrela dio.
“A don Santiago de Liniers jefe de la Gloriosa Reconquista y heroica defensa de Buenos Aires. 12 de agosto de 1.806- 5 de julio de 1.807”. Monumentu historikoa da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria