Nere Jone INTXAUSTEGI JAUREGI
Garai horretako gizartean erlijioak paper garrantzitsua jokatu zuen. Erlijioak bizitzaren ia alde guztiak kontrolatzen zituen, eta horregatik erlijioarekin kontaktuan egotea estimu handikoa zen. Adibide on bat mojak ziren. Mojak Kristoren emakumetzat hartzen ziren eta horregatik moja izatea ez zen berriketa. Gainera, hain postu desiragarria zenez, hautaigai asko zeuden baina ez zegoen lekua denentzat. Horregatik, erlijioarekin kontaktuan egotea nahi zuten emakume askok beata bihurtzen ziren. Beata terminoak espazio erlijiosoaren eta laikoaren artean kokatzen ziren emakumei buruz da. Emakume hauek erlijioarekin lotura zeukaten lanak egiten zituzten; adibidez, hileta, lurperatze, prozesio eta beste errituetan parte hartzen zuten. Beaten hedapena Euskal Herrian oso handia izan zen, eta esan behar da emakume hauek izen ezberdinak jaso zituztela: beata, serora, freila, benoîte... Baina mojak ez bezala, beatek ez zituzten boto erlijiosoak hartzen eta ez ziren klausuran bizi, eta horregaitik ez ziren eleiz ortodoxiaren begietara onargarri izan. XV. mendearen azken urteetatik aurrera pixkanaka-pixkanaka egoera hori aldatu egin zen, eta beatek orden mendikanteetara hurreratu ziren. Horrela, frantziskotarren eta domingotarren artean beata ugari egon ziren.
XVI. mendean, Bilbon1 hamaika beatetxe, hots, beaten egoitza egon ziren. Baina 1566. urteko Circa Pastoralis bularen aplikazioa zela medio, mendearen bukaeran eta XVII. mendearen hasieran beatetxe asko klausurapeko monasterio bihurtu ziren. Horrela, Bilboko beatetxe askok komentu bihurtu ziren eta beste batzuk desagertu egin ziren. XVII. mendean, Bilbon emakumezkoen zazpi komentu egon ziren: domingotarren La Encarnación komentua Atxurin, agustindarren La Esperanza eta Santa Mónica komentuak gaur egungo Itxaropen Kalean, San José komentua gaur egungo Bilbo Rock egoitzan, eta frantziskotarren Santa Cruz, Santa Clara eta La Concepción komentuak gaur egungo Unamuno plazan, Campos Antzerkian eta Bilbao-Concordia geltokian. Monastegi guzti hauen jatorria beatetxeetan aurkitzen da beatek mojak bihurtzeko erabakia hartu zutelako. Baina, Bilboko beata guztiek ez zuten berdin jokatu, hau da, guztiek ez zuten klausura onartu eta, ondorioz, beatetxe batzuk desagertu egin ziren. Badakigu gaur egungo Erribera Merkatuan beata batzuk bizi izan zirela, eta beste batzuk Santos Juanes eleiza ondoan; hirugarren beatetxea Mallona Galtzada ondoan egon zen, eta azkenik, Deustun ere bizi izan ziren beata batzuk.
Beata guzti hauek ezaugarri batzuk elkarbanatu zituzten. Lehenik eta behin, klausuraren aurkako jarrera izan zuten. Ikusi dugunez, beatetxe asko desagertu egin ziren beatak moja bihurtu zirelako, eta aldaketa horren oinarria klausura besarkatzea izan zen. Beatak aske bizi ziren baina mojak komentuen harresien atzean bizi ziren eta kanpoaldearekin zuten erlazioa ez zen oso estua. Horregaitik, Vaticanotik klausura besarkatzea derrigortu zutenean, Bilboko beatak aurka egon ziren. Euren argudioen oinarria izan zen beata bihurtu zirenean ez zutela klausurarik onartu eta Eleizak derrigortu arren beraiek ez zutela inguruan zuten gizartearekin kontaktua eten nahi. Horrela, beata bilbotarrak Nuntzio, hots, Vatikanoko ordezkariaren aurrean klausuraren aurka borrokatu ziren eta 1583. urtean auzia irabazi zuten. Hala ere, XVII. mendetik aurrera Bilboko emakume erlijioso guztiak klausuran bizi ziren. Salbuespen bakarra La Encarnación-ko komunitatea izan zen 1522. urtean klausuran bizitzeari ekin ziolako.
Bilboko emakumezkoen komentuak XVIII. mendean.
1-La Encarnación
2-La Esperanza
3-Santa Mónica
4-Santa Cruz
5-La Concepción
6-La Merced
Falta diren komentuak, Santa Clara da eta La Concepción-en ezkerraldean zeuden kokatuta, mapatik at.
(Mapako zenbakiak Aitor Castañeda Zumeta-k egin ditu informazioa artikuluaren autoreak emana).
Beata hauei buruz ez dugu idatzi askorik, baina badakigu gizarteak estimu handian zituela. Adibidez, klausuraren aurka aritu zirenean, Bizkaiko Batzar Nagusien laguntza izan zuten, bai ekonomikoki eta baita moralki ere. Zoritxarrez, berri txarrak ere ailegatu zaizkigu. 1592. urtean Agustina de Ugartek, Santa Mónica beatetxeko bikaria, Bizkaiko korrejidorearen aurrean Tomás de Dondiz y Adrián de Arrien, eta euren semeak Tomás eta Domingo salatu zituen beata Magdalena de Anunçibay bahitu zutelako. La Encarnación komentuan ere antzeko gertaera bat eman zen eta mojek 1523. urtean Valladolid-eko Auzitegian Tristán de Leguizamón, Bilboko prebostearen aurka aritu ziren Leguizamonen semeak moja bat bahitu zuelako.
Bai Anunçibay bai Leguizamón familiak oso garrantzitsuak izan dira Bilboko historian, eta hori zehazki Bilboko beatek eta mojek elkarbanatu zuten ezaugarri bat izan zen: familia boteretsu eta aberatsen kideak izatea. Horrela, posible da ikustea emakume hauen abizenak Ladrón de Guevara, Ayarza, Bertendona, Zamudio, Abendaño, Novia, Mazarredo, Allende Salazar, Fuica, Villela, Arbolancha, Bilbao la Vieja, Salcedo, Allende Salazar, Barco, Guendica, edo Ugaz izan zirela.
Komentuek garrantzia handia izan zuten maileguak ematen zituztelako, hots, garai hartako “bankuak” ziren. Horrela Bizkaiko herri askok edo erakundeek mojen dirua jaso zuten. Adibidez, 1783 eta 1785. urteetan La Concepción-ko mojek Elantxobeko portua egiteko 40.000 erreal eman zizkioten Ibarrangeluko udalari. Bilboko Kontsulatua Aro Modernoko erakunde garrantzitsuena izan zen komertzioa kontrolatzen zuelako. Erakunde honek XVIII. mendean Bilboko emakumezkoen komentu guztiei maileguak eskatu zien, eta guztira 30.000 dukatu baino gehiago jaso zituen. Mojek bere kabuz ere negozioak izan zituzten. Adibidez, Francisca de Çaldivar, Mari Ramos de Picaza, María Ventura de San Antonio y Amezgoa, María Josefa de Agurto, edo Margarita Bautista de Isasi-k, besteak beste, etxeak, bodegak, dendak eta soroak alokatu zituzten.
Beste aldetik, Bilboko Itsasadarrak ia mendero behin gainezkatzen zen, eta horregatik Begoñako Ama Birjinia Mallonako Galtzadetatik Bilbora eramaten zuten bilbotarrak lasaitzeko. Santa Cruz komentuan zehazki kokatzen zen Ama Birjinia, eta mojek eskultura zaintzen zuten. Beste pasadizo bat 1794. urtean gertatu zen. Urte honetan infante Francisco de Paula Antonio María jaio egin zen eta Bizkaiko eta Bilboko komentu guztietan mezak ospatu egin ziren eta kanpaiak infantearen omenez jo ziren.
Egia da mojak klausuran bizi zirela baina kanpoaldeko gertaerek komentuetan eragina izan zuten. 1793. urtean frantsesak penintsulara heldu egin ziren Espainiako erresumarekin gudan zeudelako eta euskal moja askok euren komentuetatik alde egin behar izan zuten. Horrela, Santa Cruz-ko mojak Orduñara alde egin zuten, eta La Concepción, La Merced, La Esperanza eta Santa Mónica-ko mojek ere euren komentuak utzi zituzten eta lagunen etxeetan izkutatu ziren. Gainera, XIX eta XX. mendeko gudetan, erlijiosoen komentuak okupatu egin ziren eta geroago erre zituzten.
1 Aro Modernoan existitu egin zen Bilbo udalerria ez zen gaur egun ezagutzen dugun bera XIX eta XX. mendeetan Abandoko, Begoñako eta Deustuko elizateak anexionatu zitzaizkiolako. Hortaz, nahiz eta artikuluan Bilbo izena erabili, kontuan izan behar dugu errealitate desberdinak zirela.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria