Amaia ALVAREZ-URIA
Maite GORROTXATEGI
Zer egin dezake irakasle batek, 0-6 urte tarteko ume talde batean genero identitatea ‘bestela’ sentitu eta adierazten duen ume batekin? Eta galdera honi erantzun ahal izateko beste bi galdera: Zer egiten dute egungo Haur Hezkuntzako maisu-maistrek generoa lantzean (beti lantzen dutelako, izan kontziente ala inkontzienteki)? Eta, zer egin beharko lukete helburua eskola inklusiboa eta aniztasunaren trataera badira, curriculumak dioen moduan?
Emakunderen azken plan estrategikoaren ondorioz ikastetxe bakoitzak bere Hezkidetza Plana diseinatu eta martxan jartzeko momentuan gaude. Bestalde, 2005etik 2013 badira zenbait lege eta dekretu aniztasun afektibo-sexuala aintzat hartzeko mezuarekin eta generoarekin lotutako diskriminazio eta biolentziaren kontrako lanketara begira. Zehatzago esanda, Eusko Jaurlaritzak 2016an transexualitate egoeran dauden pertsonei arreta integrala emateko gida atera zuen, eta Espainiako Kongresuan LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko lege proposamen bat aurkeztuko da bozkatzeko.
Egoera hau izanik, Haur Hezkuntzako maisu-maistrak prest daude erronka honi aurre egiteko? Badituzte horretarako behar diren ezagutzak eta baliabideak? Galdetegi eta behaketaren bidez datuak jaso ostean baieztatu ahal izan dugu gure susmoa: irakasleok ezagutza apala dute, esperientziarik apenas ez, baina gaia lantzeko prestutasun handia. Irakasleak generoaren gaiarekin arduratuta eta inplikatuta daudela ikus daiteke.
Gure jendartea etengabe aldatzen ari da, XX. mendearen bigarren zatian genero roletan inoiz baino aldaketa azkarragoa egon da (Menvielle, 2003), eta mende aldaketarekin areagotu egin da. Gero eta gehiago ikus daitezke generoa bizitzeko sistema heteropatriarkalak arautzen duen binarismotik ateratzen diren pertsonak. ‘Bide zuzena’ emakume femenino heterosexual eta gizon maskulino heterosexuala izatea da, baina badira ez bata ez bestea ez direnak.
Zer egiten dute egungo Haur Hezkuntzako maisu-maistrek generoa lantzean (beti lantzen dutelako, izan kontziente ala inkontzienteki)? Eta, zer egin beharko lukete helburua eskola inklusiboa eta aniztasunaren trataera badira, curriculumak dioen moduan?
Horri genero desadostasuna eta genero ez-binarioak deitu ahal diegu, edo pertsona transgenero eta transexualak ere bai. Termino horiekin erreferentzia egiten zaie generoarekin loturiko arauak betetzen ez dituzten pertsonei, edo trans* pertsonei (termino honen baitan bilduko ditugu genero araua betetzen ez dituzten guztiak). Jendearen gehiengoak jaso duen hezkuntza eta bizi izan duen sozializazioa jendarte patriarkalak baldintzatua egon denez, hetero-araua nagusitu da gehiengoaren ideologian, eta horrek, gainontzeko errealitateak ezkutatzea, baztertzea eta gutxiestea ekarri du (Gallardo, F. eta Escolano, V. 2009). Trans* pertsonekiko ezagutza urria da, eta gehienetan estereotipoetan eta aurreiritzietan oinarriturik egoten da, aurreko jarrera ezkor eta itxiak gertatzen direla.
Genero identitatearen eraketa haurtzaroan hasten da haurrak, autoezagutza eta elkarreraginaren bidez, bere buruaren kontzeptua garatzean eta bere gorputza deskubritu eta honekiko jarrera bat hartzean (gorputza zer den, nolakoa den, berea eta besteena, honen aukerak eta mugak, zein genero esleitu zaion) (Becerra eta Melo, 2012). Haurtzaroan ere hasten da gai honekiko kezka eta larritasun sakona (Menvielle, 2003).
Haur hezkuntzan genero arauekiko apurketak nola hauteman daitezkeen jakiteko, DSM-5 liburuan adierazitako irizpideak hartzen dira kontuan. Honen arabera, haurrak egokitutako generoaren eta bizi edo adierazten duenaren arteko desoreka nabarmen bat erakutsi behar du. Sentimendu hori gutxienez sei hilabetetan zehar mantendu behar da eta zortzi adierazletatik gutxienez sei erakutsi behar ditu, besteak beste: egokitu ez zaion generoko partaide izateko desio sakona; egokitu ez zaion generoaren arropa janztea, rola jokatzea, jolas edo jostailuak hautatzea; beste generoko pertsonekin elkartzeko joera izatea; egokitu zaion genero rolaren arabera jokatzea, femeninotasuna edo maskulinotasuna arbuiatzea; norberaren gorputzarekiko gorrotoa sentitzea; edo beste generoari dagozkion ezaugarri sexualak edukitzeko premia izatea.
Eskolaren garrantzia eta eragina berebizikoa da, genero eredu kulturalen transmisioan hezkuntza baita oinarrizko zutabeetako bat, eta ikastetxeek aukera ematen dute eraldaketa hezitzaile eta sozialak egiteko. Horretarako irakasleek genero eta parekidetasun gaietan duten kontzientzia eta prestakuntza gakoak dira (Colás eta Jiménez, 2006).
Pertsona bakoitzak bere gorputza, bizitza eta bizimoduarekin nahi duena egiteko unea dela uste dugu, Hezkuntzan eskubide eta aukera berdintasunaren alde egiteko (Sanchez-Sáinz, 2010). Horretarako hezkuntza planetan aniztasun era guztietako edukiak txertatu behar dira aldaketa eta irekiera soziala lortzeko. Hau lortu ahal izateko, queer begirada erabili daiteke haurren jolasak birplanteatu, kritikoki pentsatu eta eragiteko gaitasuna duen praktika hezitzailea garatzeko (Blaise and Taylor, 2012).
Lan honen emaitzei begira ipiniko gara orain, galdetegi eta behaketetan jasotakoa laburki aletuko dugu jarraian.
1) Haur Hezkuntzako irakasle batzuei galdetu zitzaien zer zen generoa haientzat, eta gehienek sexuan oinarritutako ikuspegi binaristan oinarrituz erantzun zuten. Hau da, emakumeak eta gizonak gaude, batzuek alua dute eta besteek zakila. Ez dago beste aukerarik (genero desadostasuna, genero ez-binarioak, genero malgutasuna, transexualak, transgeneroak, trans*ak, ...). Baina, aipatu behar da, bi genero besterik ez daudela esan arren, genero bakoitza bizitzeko hamaika era daudela defendatzen dutela. Ondorioz, beraien ikuspegi binarista ez litzateke zurruna edo erabatekoa izango. Hala ere, trans* pertsonak eta pertsona intersexualak alde batera uzten dira, existituko ez balira bezala (errealitate honen ezezagutzaren ondorioz). Pentsamendu honek genero arauekin bat ez datozen pertsonen gutxiespen eta bazterketa dakar.
Hezkuntza planetan aniztasun era guztietako edukiak txertatu behar dira aldaketa eta irekiera soziala lortzeko.
2) Genero aniztasunaren lanketari buruz galdetzean, irakasle guztiek garrantzitsutzat hartzen dutela ikus daiteke. Honek bat egiten du Romero eta Abril-ek (2008) egindako ikerketan lortutako emaitzekin. Hau da, ikusten denez, ikastetxeetan oraindik ere ezjakintasuna nagusi da, eta genero identitatearen gaia ez da aniztasunaren ikuspegitik lantzen, baina irakasleek gero eta interes handiagoa daukate eta arlo horretan formakuntza jasotzearen beharra azpimarratzen dute.
3) Gurasoen jarrerei buruz galdetzean horrelako egoera bat bizi izandako irakasle gehienek jarrera desegokiak izan zituztela aipatu zuten, ondorioz, badirudi generoarekiko ikuspegi aldaketaren ardura ikastetxearen esku geratzen dela oro har. Izan ere, erantzun horiek agerian uzten dute gaur egungo gurasoek oraindik ere rol eta estereotipoen banaketan sinesten dutela eta horiek apurtzeak kezkatu egiten dituela, bereziki mutilek jarrera femeninoak erakusten dituztenean. Hori dela eta, ikastetxean ikuspegia aldatzen ahalegindu ezean, ezinezkoa dirudi haurrek generoen banaketa zurrunean sinesteari uztea (Platero, 2015).
4) Ikastetxeetan gaiarekiko zein inplikazio maila nabaritu zuten galdetu zitzaien irakasleei eta guztiek inplikazio eza edo urria aipatu zuten. Nahiz eta inplikazio falta azpimarratu, Haur Hezkuntzako irakasle guztiek gaiaren garrantzia eta formakuntzaren beharra adierazi zuten, baita gai hau lantzen hasteko nora jo ez dakitela ere, beraz, horretan lanean diharduten erakundeak ere ezagutu beharko lituzkete.
Beraz, argi geratu da formakuntza behar eta nahi dutela, eta gaia hobeto ezagutzean baliabideak eta materiala eskuragarri izateak asko lagunduko liekeela.
Gurasoekin batera, irakasleak dira haurren erreferentziazko mundua osatzen duten heldurik garrantzitsuenak. Aurretik aipatu den bezala, Haur Hezkuntzako etapan zehar haurrak generoari buruzko ideiak eta bere genero identitatea garatzen hasten dira. Prozesu horietan guraso eta irakasleen jarrerak, espektatibak eta aipamenak erabakigarriak dira.
Generoarekiko jarrera binario zurruna aldatzeko eta aniztasuna ikasgelan jorratzeko lehenengo pausoa errealitatea ezagutu, onartu eta daukan garrantzia aitortzea da. Aztertutako ikastetxean hori egon badago, baina hanka sartzearen beldurra oraindik handiegia da. Hau da, beraien formakuntza faltaren ondorioz, ez dute beraien burua gai ikusten ikasgelan genero identitatea aniztasunaren ikuspegitik landu ahal izateko, hortaz betiko ikuspegi binarista mantentzen dute, oharkabean generoekin lotutako estereotipoak igorriz, aurreiritziak transmitituz eta zenbait aukera ikusezin bihurtuz.
Ikastetxearen inplikazioa lortu behar da prestakuntza lortu ahal izateko, ez da nahikoa gaiarekiko kontzientzia dutenen ekimena, zuzendaritza taldeak gai hau garrantzitsutzat jotzea beharrezkoa da gauzak aldatzen hasteko.
Ezjakintasun eta beldur horiek gainditu ahal izateko, beharrezkoa da ikastetxeek, formakuntzaz gain, haurrekin gaia jorratu ahal izateko materialak edukitzea eta horiek non bilatu ditzaketen jakitea. Hori dela eta, Tantaken artikuluaren amaieran genero eta sexu aniztasuna Haur Hezkuntzan lantzeko erabilgarriak izan daitezkeen materialen bilduma bat osatu da Haur Hezkuntzako irakasleei begira. Bertan ipuinak, ikus-entzunezko materiala, zenbait jarduera eta elkarteen kontaktuak daude eta esteka honen bidez heldu zaitezkete horra.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria