Ixusko ORDEÑANA GEZURAGA, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Prozesaleko irakaslea
Ziur asko, herritarrok gure bizitzan egiten dugun inbertsiorik garrantzitsuena gure etxebizitza da. Nonbaiten bizi behar garenez, bat erosteagatiko hautua egiten dugunok, kasik beti hipoteka baten bermea duen banku mailegu baten bitartez —“esker” esatea eztabaidagarria litzateke— egiten dugu. Berme eskubide erreal honen bitartez, banketxeek hipotekadunak bere etxea erosteko eskatu duen maileguari dagozkion hileroko ordainketak egingo dituelaren ziurtasuna dute, kontrako kasuan, bankuak (hartzekodun hipotekaduna) hipoteka egikaritu dezakelarik, etxearen salmenta derrigortuz eta lortutakoarekin bere zorra hasebetez. Azkenaldian hipoteketaz eta auzitegietaz asko hitzegiten ari da. Albiste izan zen, lehen mementu batean, “lurzoru klausula” deritzonaren legezkotasun eza; beranduago, herritar (lurzorudun) hipotekadunak banketxeei ordaindu beharrekoa baino gehiagoko zenbatekoa errekuperatzeko haiekin akordioetara heltzeko aukera, eta azkenaldian, Lehen Auzialdiko Epaitegi batzuen espezializazioa kontuaren inguruko demandetan. Zuzenbide jurisdikzionalean —Epai Boterea eta honen jarduera ikasten duen zuzenbidearen adarra— adituak garen heinean, kontu hauek publiko ororentzat laburki azaldu nahi ditugu hurrengoko lerroetan.
Lurzoru klausula hipoteka kontratuetan ager daitezkeen akordio edo xedapenen arteko bat da. Bere edukiarekin bat, hipotekadun herritarrak, merkatuak zehaztutako interesaren —normalean, EURIBORaren erreferentziapean— kalterik gabe, bere maileguaren hileroko ordainketetan gutxieneko interes bat ordaindu behar du. Horrela ulertzen dugu komunikabideek poztasunez —bereziki hileko 20-21 guztietan, aurreko hilabetearen inguruan— EURIBORa bere mailarik baxuenean zegoela azpimarratzen zuten bitartean, hipotekadunak bere hileroko ordainketan inolako desberdintasunik (hobekuntza edo beherapena) ez somatzea. Nahiz eta erreferentziazko interesa jeitsi, klausula sonatuak kontsumitzaileak aldaketaz onura ateratzea ekiditzen zuen.
Bidegabekoa zirudien zerbait, lehen aldiz, heldu zen Auzitegi Gorenera (aurrerantzean, AG), komunikabideetara eta herritarrengana, hurrenez-hurren, 2013ko maiatzaren 9an. 241/2013 AG-ren sententziak, hainbat banketxeren kontrako kontsumitzaileen elkarte baten erreklamazio kolektibo bat ebatziz, klausula hauek kontsumitzaileekin sinatutako kontratuen klausulei galdagarri zaien gardentasun materialaren kontrola gainditzen ez zutela argudiatuz, lurzoru klausulen abusuzko izaera adierazi zuen, bere deuseztasuna aldarrikatuz. Adierazpena, alabaina, mugatua izan zen: klausula bera aldarrikatzen zen deuseza, ez berau jasotzen zuen kontratua eta deuseztasun adierazpenak ez zien eragiten aurretik sententzia irmo bidez —heleginezinak diren haiek— ebatzitako kasuei ezta 2013ko maiatzak 9 baino lehen ordaindutako zenbatekoei ere.
Arrakasta handi baina mugatu honek beste dimentsio bat lortu zuen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari (aurrerantzean, EBJA) esker. Espainiako zenbait Auzitegi izan ziren bere aurrean AG-ren jurisprudentzia zalantzatan jarri zutenak Europar Batasunaren Zuzenbidearen kontrakoa zelakoan. EBJA-k, 2016ko abenduaren 21ko sententzian adierazi zuen lurzoru klausulen erretroaktibitate falta Kontseiluaren 93/13/CEE, 1993ko apirilak 5eko, kontsumitzaileekin ospatutako kontratuetan abusuzko klausulen inguruko Direktibaren kontra doala. Gatazka Direktiba honen eremuan kokatuz, EBJA-k lurzoru klausularen deuseztasunaren ondoreen erretroaktibitatea defendatzen du, klausula hori inoiz existitu ez dela argudiatuz, eta horregatik kontsumitzailea egitatez eta zuzenbidez aurreko egoeran utzi behar delarik. Gauzak horrela, sententzia honek, herritarron zorionerako, banketxeei hipotekadunei kutsatutako klausula sonatu hori jasotzen zuen hipotekak sinatu zituztenetik aurrera gehiegiz ordaindutako zenbatekoak itzultzeko betebeharra aintzatetsi zien.
Ziur asko, herritarrok gure bizitzan egiten dugun inbertsiorik garrantzitsuena gure etxebizitza da.
Aipatutako ingurumen judizialak eta sententziek Justizia Auzitegien kolapsoa iragartzen zuten. Logikoki, hipotekatu guztiak gehiegiz ordaintutakoa eskatzera Auzitegietara joko zutela aurreikusten zen. Demanda mordoa (eta ekarriko luketen denbora eta diruzko gastua) ekiditzeko eta kontsumitzaileari ordainketa azkar bat bermatzeko espainiar Gobernuak 1/2017, Errege Lege Dekretua, lurzoru klausulen gaian kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzkoa (aurrerantzean, ELD 1/2017) eman zuen. Justizia Epaitegien bitartez soilik zerbitzatzen ez delaren erakusgai, are gehiago, gatazkak ebazteko bestelako mekanismoak existitzen direlarena, Betearazle zentralak kontsumitzaileek beren banketxei erreklamatzeko bide erraz bat eratu zuen. ELD 1/2017-ak banketxei, hilabeteko epean, epaibidearen aurretik erabiltzeko erreklamazio sistema bat ezartzeko eta beroni beren bezeroen artean publizitatea emateko galdatzen die. Honekin bat, kontsumitzaileek gehiegiz ordaintutakoa erreklamatzean (idazki bakun baten bidez), banketxeek, bere kasuan, zor dietena kalkulatu behar dute (nagusia —gehiegiz ordaintutakoa— gehi interesak). Epaibidez kanpoko prozedura hau bukatzeko 3 hilabeteko epea aurreikusten da eta hiru eratara buka daiteke: 1) banketxeak zenbatekoa itzuli behar ez duela ulertuz, bezeroari motibatuta adieraziko diona, zeina erreklamazio berarekin epaibidera joan ahal izango den; 2)kontsumitzaileak banketxeak itzultzeko proposatutako zenbatekoa onartu gabe, era berean ondorengo epaibiderako atea irekita izanik, eta 3) gatazkari bukaera ematen dion akordioaren bidez. Akordio hau ezin izango da epaibidera eraman, banketxeak berau betetzen ez duelako (ez ordaintzea) ez bada.
Bereziki azpimarragarria da prozedura hau bezeroarentzat doakoa eta borondatezkoa (logikoki, beti joan daiteke zuzenean epaibidera!) dela eta berau dirauen artean alderdiak (herritarrak eta banketxeak) judizioan edo honetatik at bestelako erreklamaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen dutela. Aldi berean, ELD 1/2017-ak adierazten du kontsumitzaileak banketxeak egiten dion eskaintzari uko egiten badio eta gero, epaibidean, hura zenbateko handiago bat ordaintzera kondenatua bada, banketxeak kostuak ordaindu beharko dituela.
Azaldutako epaibide kanpoko mekanismoa guztiz borondatezkoa izanda, eta ELD 1/2017-ak banketxei erreklamazio sistema eratzeko hilabetea eta eragindako hipotekatuekin negoziatzeko ondorengo hiru hilabeteak pasata, lurzoru klausulak direla eta bidegabe ordaintutako zenbatekoak erreklamatuz hamaika demanda aurreikusita, pasadan martxoan, Epai Boterean Kontseilu Nagusiak (aurrerantzean, EBKN), epaitegien antolaketaren ardura duen gobernu organo nagusiak, lehen auzialdiko 54 epaitegi (probintzia bakoitzean eta artxipelagoetariko bakoitzean bana) gaian espezializatzea erabaki zuen. Era esklusiboan baina ez baztertzailean ezagutuko dute lurzoru klausulez, aurreko kasuen eta sartuko zaizkien bestelakoen ardura ere izango dutelarik. Aldi baterako erabaki antolatzaile malgu baten aurrean gaude, legeak aurreikusia, herritarrei epaibidezko babes eraginkorra eskaintzeko justiziaren antolakuntza hobeagoa xede duena. Zehazki, Euskadin, gaian espezializatuko dira Gasteizko Lehen Auzialdiko 5 Epaitegia, Donostiako Lehen Auzialdiko 8 Epaitegia eta Bilboko Lehen Auzialdiko 11 Epaitegia.
EBKN-k epaitegi espezializatuetan kasuak sartu ahala egoera aztertzea aurreikusia dauka, bere kasuan, Justizia Ministeritza eta Justizia Sailburu autonomikoen ezagutzapean, beharrezko baliabide material eta pertsonalez hornitzeko. Oraingoz, EBKN-k erabaki du aukeratutako epaitegiak praktiketan dauden epaileen laguntzarekin indartzea. Zehazki, Euskadira 3 epaile etorri dira epaitegi espezializatuak indartzera.
Epaitegiak denboraldi baterako espezializatzeak duen erangikontasuna hurrengoko artikulu batean izango dugu hizpide.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria