www.ikervalle.com/
Aurretik finkatutako ideia batetik ez, baizik eta margotzeko ekintzatik abiatzen da, antza denez, Iker Valleren pintura: berezko keinuak urratuen zehaztasunez grabatzen dira pigmentuz, marmol-hautsez eta kolore iluneko atzealde lauez betetako gainazaletan. Urratu horiek, gogoaren arabera, ebakiak edota josturak izan daitezke. Ebakia kolorean eta materian egiten den mozketa bat da, berehalako sentimendua adierazteko; jostura, gure susmoak eta gure judizioak giltzaperatzeko nahia da.
Abstrakzioko artista guztiek bezala, Vallek ere, XX. mendeko euskal modernitatearen oinordeko den Andoaingo margolari gazteak, halaxe aztertzen ditu, bere sentsibilitatearekin, lerroaren eta gainazalaren, mamiaren eta formaren, kolorearen eta argiaren arteko harremanak. Poesiaz josita daude haren obrak. Eta itxuraz lasaiak diren arren, sentimendu, galdera eta zalantza mordoa ezkutatzen dute, naturaltasunez. Margolan bakoitzak amets bat proposatzen du, konplizitate bat, eta itaunak egiten dizkio behatzaileari; ez du, hala ere, guztia azaltzeko nahia inposatzen.
Georges Braque margolari handiak esaten zuen artean gauza bakarrak axola duela: azaldu ezin daitekeen horrek, hain zuzen.
Beraz, sosten gaitezen erakusketa honetan aurkeztutako margolanen unibertso onirikoan. Iker Vallek urratu dituen «ebakiek eta josturek» bete egiten dute espazioa, eta meditazio-ikuspegia ematen diote obra bakoitzari: barneko bidaia bat, partekatzeko sentsibilitate bat.
Michel de Jaureguiberry