Prezioak

  • Lepoko zapiak, 55 x 55 cm, 32 €tik gora.
  • Santiago Bideari buruzko koadroak, 28 x 28 cm, baita beste motibo batzuekin apainduak ere (frutak, paisaiak...), 15 €tik gora.
  • Zeta margotuzko haizemaileak, udareondoaren zurezko hagaxkadunak, 25 €tik gora.

(Prezioak BEZ barne hartuta baina garraioa kontuan hartu gabe)

Aziza Puch
Zeta margotua

Antxon AGUIRRE SORONDO

AZIZA PUCH – ZETA MARGOTUA
Prado kalea, 19
31227 MEANO (NAFARROA)
Tel.: 948 65 90 46
Posta elek.: aziza@azizapuch.com
Weba: www.azizapuch.com

Sarrera

Aurreko zenbaki batzuetan (247an eta 377an) “zetarekin” lan egiten zuten artisauak ekarri izan ditugu atal honetara, baina horiek zeta elementu edo tresna gisa lantzen zuten, serigrafia eginez. Gaurkoan, lehen aldiz, “zetaren gainean” lan egiten duen artista dakargu: Aziza Puch.

Benetako artista izateaz gain, pertsona aparta da hizpide duguna. Bera ezagututa, bizitzan egin duena baloratzeko aukera izan dugulako diogu hori. Eta artista dela diogu haren lanek “arima” dutelako, arte-lana lortzeko oinarrizko elementuak ezin hobeto uztartzen dituztelako: originaltasuna, harmonia eta edertasuna.

Azizaren lanak artistarengandik ikuslearengana zuzentzen dira eta, arrazoiak, lekuak eta historiak ez ezik, zerbait garrantzitsuagoa ere transmititzen dute: emozioak eta sentimenduak.

Gauza txikien artista handi baten aurrean gaude, beraz.

Artisaua

Aziza 1958an jaio zen, Madrilen. Arkitektura eta zeramika ikasketak hasi zituen han. Ondoren, Sargadelosen (Lugon), La Bisbalen (Gironan) eta Manisesen (Valentzian) egon zen, zeramika eta diseinua ikasten jarraitzeko.

1982an, Logroñora joan zen bizitzera. Hantxe kokatu zuen bere zeramika-tailerra, non irakaskuntza eta sorkuntza bateratu zituen. Pieza erabilgarriak zein sorkuntza-lanak egiten zituen. Zeramikari eta artisautzari buruzko azoketan parte hartu zuen eta erakusketa bat ere aurkeztu zuen, hain zuzen Errioxako Museoan.

1987an, Meanora (Nafarroa) etorri zen, eta bere jarduera sortzaileak beste norabide bat hartu zuen: familia handi bat osatu zuen. Lau seme-alaba ditu: mutil bat, dagoeneko emantzipatua eta, bera ere artisaua izanik, larrukigintzan diharduena; eta hiru alaba, gaur egun ikasten ari direnak. Horiez gain, katu bat ere badu, polit askoa.

1998an, zetaren gaineko margo-lanetan hasi zen, era autodidaktan. Baina alargundu zenean, familia aurrera atera behar zuela-eta, eskari handieneko lanbidea zein izan zitekeen aztertu zuen. Iturgintza zelakoan, emakume ausart honek INEMeko ikastaro batean eman zuen izena eta zazpi hilabete eman zituen iturgintza ikasten. Ondoren, lanbide horretan jardun zuen, soldatapean. Lan hori eta zetaren gaineko margo-lanak batera egin zituen denboraldi batez eta, 2007an, artisautzari heldu zion.

Artisautzari buruzko hainbat azokatan parte hartu du: Getxon, Errenterian, Zarautzen, Iruñean, etab. Orobat, erakusketak egin ditu: Logroñoko Picasso Kafe Galerian (2004), Logroñoko Industria Ingeniarien Elkargoan (2005) eta, une honetan, Vianan (Nafarroa) 2009ko urrian egingo duena prestatzen ari da. Ondoren, Garesera eta Nafarroako beste herri batzuetara eramango du erakusketa hori.

Iruñeko Udalak sustatutako “Crear Artesanía” (“Artisautza Sortzea”) proiektuan parte hartzen du 2004az geroztik, markako produktu-linea bat eskainita: Santiago Bidearen oroigarri-koadroak, Huella del Escarpín (“Txapin Oinatza”) zapi-bildumak eta Sanferminetako sortak.

Produktuak

Artista honek egiten dituen lanak pieza bakarrak dira, eskuz eta inolako laguntza mekanikorik gabe banan-banan eginak. Bere tresna bakarrak irudimena eta lodiera guztietako pintzel ugariak dira.

Zeta naturalaren gainean margotzen ditu hainbat motibo, direla geometrikoak, direla abstraktuak, naturari buruzkoak (loreak, frutak eta paisaiak) edo enpresa eta erakundeen logotipoak.

Tamaina guztietako zapiak egiten ditu: txikiak (28 x 28 zentimetroko koadroak), handiak (110 x 110 cm) edo xalak (200 x 70 cm).

Erabilera pertsonaleko elementuak egiten ditu, hala nola musuzapiak, lepoko zapiak eta haizemaileak, eta baita markoan jartzeko arte-lan txikiak, lanparak, errezelak eta horiekin ondo ematen duten kuxinak ere, hau da, diseinu berekoak.

Kolorea maisutasunez erabiltzen du. Batzuetan, bere lanak kolore-gama batez osatutako sinfonia leun eta gozoa dira, ñabardura aberasgarriz beteak. Bestetan, koloreak alai eta distiratsuak dira, eta haien artean joko ausartak sortzen dira.

Produktuak bere tailer-etxean saltzen ditu zuzenean, baita parte hartzen duen azoketan (10 bat urtean) eta establezimendu jakin batzuetan ere.

Bere produktu-lineen artean, honako hauek azpimarratu behar ditugu:

Enpresa-oparitarako eta erakunde-protokolorako egiten dituen modelo esklusiboen artean, berriz, beste hauek aipa ditzakegu:

Lan horietako batzuk haren web orrian daude ikusgai.

Prozesuak

Bere lanetarako oinarrizko elementuak zeta naturalezko zapi zuriak dira, eskuz egindako azpildura dutenak.

Ildo horretan, mota desberdinetako zeta naturala dagoela ohartarazi beharra dago. Gure artistak, batez ere, hiru ehun mota erabiltzen ditu: pongé, Txinako crepe (pisu handienekoa) eta crepe georgette (arinena), hain justu.

Zurezko armazoi baten gainean tenkatzen du zeta. Batzuetan, marrazkiak edo zirriborroak aldez aurretik egiten ditu, eta bestetan, zuzenean marrazten ditu.

Zeta margotzeko prozesuan hainbat teknika erabiltzen ditu: gutapertxaz edo argizariz egindako erreserbak gainjartzea eta, pintzeladak protagonismoa hartzea nahi badu, pintura lodigarriarekin nahasten du.

Margoa amaituta, finkatzeko prozesua egiteko lurruneztatze-ekipoa erabiltzen du. Zeta 90 bat minutuz eduki behar da horretan. Prozesua bukatzeko, piezak lehorrean garbitu behar dira, erabilitako erreserben arrastoak kentzeko.

Erabilitako tresnak oso arruntak dira: pintzelak eta koloreak, argizariak eta gutapertxak eta lurruneztagailua.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media