Prezioak

- Koadernoen oinarrizko prezioa: 3,50 €.
- Laminak, 10 eta 15 € bitartean.
- Postalak,  3 €-tik gora.
- Beste batzuk.

Aioaio
Paper gaineko irudiak

Antxon AGUIRRE SORONDO

AIOAIO
Gorka Setien Berakoetxea
Zikuñaga Artelekua
Errapia Elkartea
Zikuñaga auzoa
HERNANI
Posta elektronikoa: aiotaio@yahoo.es

Aioaio

Sarrera

Beste behin ere, sekzio honetara ekarri dugun artisauaren jarduera “sailkaezinen” multzoan sartuko genuke, begirune osoz esanda. Izan ere, “arte grafikoen” arloan sar genezake, lanerako erabiltzen duen oinarria papera baita. Baina badu, horrez gain, botanikotik zerbait, landareak, loreak eta belarrak ere erabiltzen dituelako, baita dekoratzailetik ere, koaderno bat edo antzeko gauza prosaikoak apaintzen, hobetzen eta duintzen dituelako. Gorka Setien da.

Osagarri gisa, gogorarazi nahi nieke lagun irakurleei, EUSKONEWSen 174. zenbakian, 2002ko uztailekoan, Juan Manuel Barbé eta Javier Viñaras artisauak ekarri genituela orriotara, eta paperaren jatorria eta lanketa ere izan genituela hizpide.

Artisaua

Aioaio

Gure artisaua 1968ko apirilaren 3an jaio zen, Venezuelan. Haren gurasoek Jose Luis eta Engrazi zuten izena. Aita inprimatzailea zen.

Gaztetan familiaren inprimategian lan egin zuen, ORIXE izenekoan, Donostiako Antigua auzoan, Iban eta Eneko anaiekin. Horiek jarduera horri eutsi zioten, baina berak lanbide hori utzi eta beste zenbait enpresatan lan egin zuen.

Patxi Buldiain nafar artistak Uharte-Iruñean zuen pintura- eta eskultura-tailerrean aritu zen, 1980ko hamarkadan, Joxean Etxaurirekin batera, eta egonaldi hark eragin sakona izan zuen berarengan.

Ondoren, inprimatzeak arte-sorkuntzan izan ditzakeen aukerak aurkitu eta horien inguruan ikertzen hasi zen.

1996an, ingurumen-programa batean parte hartu zuen, haurrei arlo horri buruzko gaiak irakasteko xedez. Programa horretan diapositibak erabili zituen. Geroago, irudiak berak sortzea bururatu zitzaion.

2008an, artisautzan soilik jardutea erabaki zuen. Zalantzarik gabe, familiatik datozkio eskulanetarako trebetasuna eta elementu grafikoekiko bokazioa.

Hernanin lan egiten du, beste artisau eta artista batzuekin sortutako Errapia Elkartearen lokalean.

Gorkaren ustez, “artisau-sormena bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da jarduera horri arte-, poesia- eta bizi-helburu bat ematea. Nik irudiak sortzen ditut, asmo ideologiko eta poetiko batekin”.

Lau poesia-liburu argitaratu ditu eta euskaraz kantatzen duten talde batzuen (Izukaitz, Ganbara, Inoren ero ni...) kantei letra jarri die. Noizean behin poesia-emanaldiak eskaintzen ditu lokal txikietan.

Oso gogoko ditu irratia (batean lan egin zuen), zinema (baina, Gorkak dioen bezala, “zinema ona”) eta paseatzea (horrek laguntzen dio pentsatzen, lasaitzen eta bizirik sentitzen).

Aioaio

Prozesua

Artisau autodidakta izanik, produktuak sortzeko bere metodoa asmatu du. Ideia nagusia dekorazioa da, edozein elementu zeharrargi (normalean landareak) irudi bihurtzea.

Behin loreak, haziak edo nahi dituen elementuak aukeratuta, lehortu egiten ditu. Lehor daudenean, inprimatzeko prentsa baten bidez prentsatzen ditu. Ondoren, irudia argi-mahai batean muntatzen du, plastiko baten gainean, eta margotu egiten du, esmalte egokiak erabiliz.

Irudia lehortzen denean, eskaneatu eta ordenagailura pasatzen du. Hor, batzuetan, irudi horiek nahastu egiten ditu hondoa osatuko duten beste irudi batzuekin, eta horrela lortzen du azken produktua. Hori, nahi duen tamainara egokituta, inprimatu egiten du, bai paperean, kaxa-kartoian edo lamina itsasgarri batean, adibidez, koadernoaren azalean itsasteko. Azken kasu horretan, koadernoaren azaleko kartoiaren gainean itsasten du irudia eta prentsan sartzen du, aire-burbuilarik sor ez dadin.

Beste batzuetan, bestelako elementuak erabiltzen ditu hondoak osatzeko, esaterako maskurietatik ateratako larrua —oso testura berezia baitu—, edo ikatz-papera, edo hondarra.

Gainera, esperimentuak egiteko hainbat produktu erabiltzen ditu: paper eta lamina zeharrargiak, bernizak, koloreak, azkazaletarako laka eta abar. Kontua da produktu horiek izan ditzaketen aukera estetiko eta kromatikoak aztertzea.

Baina bada nagusi den elementu bat: landareak (ainarra, nikotiana, kamamila, iodo-belarra eta abar). Horrela, produktu apaingarriak sortzeaz gain, naturak zer eskaintzen digun erakusten die haurrei, askotan ez baikara hori ikusteko, gozatzeko eta miresteko gauza.

Gaur egun 400 edo 500 irudi inguru ditu bere lanerako, baina Gorkari gehien gustatzen zaiona irudi berriak sortzen jarraitzea da, ikertzen eta esperimentatzen segitzea. Horregatik, bere irudi-bilduma etengabe handitzen ari da.

Batzuetan, egindako obraren oinaldean landare-espeziearen izena jartzen du, bai euskarazkoa bai dagokion latinezko izen zientifikoa.

Prozesuarekin jarraituz, azken urratsa irudia eta euskarria doitzea da. Horretarako, soberan duena gillotina batez mozten du.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media