Brasilgo historia eta euskaldun batzuk: ezezagun handi bati gerturatzea (bigarren zatia)
* Traducción al español del original en euskera
Estebe Ormazabal

1807ko azaroaren 28a, Napoleonen gudalostea Lisboan sartu bezperan, 40 itsasontzitan, Dom João VI.a eta 15.000 gortesauek Brasilerantz ihes egin zuten ingeles itsasontzien babespean.

Atzerritar gehienak bezala, Dom João Brasilez maitemindu zen eta Napoleon Waterlooko batailan menderatua izan zenean, Portugalera bueltatu ordez, Rio de Janeiro bertan jarraitu zuen.

1816an bere ama, Dona Maria I. erregina, hiltzean, Portugaleko errege bihurtu zen, eta nahiz eta bueltatzeko presioak handiak izan, uko egin eta Rio de Janeiro, Portugal, Brasil eta Algarbeko Erresuma Batuaren hiriburu deklaratu zuen. Bost urte geroago, presio politikoak ezin gaindituz Portugalera bueltatu zen Pedro, bere semea, Brasilgo printze erregeorde bezala utziz.

Kondairak dionez, 1822an Pedrok, bere ezpata atereaz garrasi egin omen zuen: "Indepêndencia ou morte!" (Independentzia ala heriotza!) eta bere burua Brasilgo Dom Pedro I. enperadore bezala jarri zuen. Portugal, Brasilen aurka borrokatzeko ahulegia zen, eta bestalde, ingelesek interes ekonomiko handia zuten Brasilgo independentzian, eta honelaxe jaio zen Brasilgo Inperioa. Odol tanta bakar bat ere isuri gabe Brasilek bere independentzia lortu zuen, edo, brasildarrek dioten bezala, Portugali independentzia eman zioten!.

 
Dom Pedro I.

Dom Pedro I.a ezgai hutsa zen politikarako eta 9 urte ondoren boteretik irtetea behartu eta bere seme Dom Pedro II.a bilakatu zen enperadore. 1840tik 1890a arte, Brasil Hego Amerikako potentzia bat bilakatu zen, egonkortasun politikoa lortuz eta identitate nazionala sendotuz: sistema parlamentari indartsu bati hasiera eman, Paraguayrekin gerrate bat izan, Argentina, Uruguay eta Paraguayko barne gaietan sartu, esklabutza indargabetu eta inmigrazioa eskala handian bultzatuaz. Dom Pedro II.ak monarkia deusezteko lain pertsonalitate zuen nazio bat sortu zuen: 1889an, kafe aristokraziak eta errepublikaren aldeko mugimendu popularrak bultzaturik, Brasildar inperio zaharkitua desegin eta Republica Federal do Brasil sortu zuten. Lau urte geroago enperadorea erbestean hil zen.

Hauteskundeak ospatu bitartean militarrek gobernatu zuten lau urtez. Hala ere, bozkatzeko jarri zituzten kondizioen arabera (lurren jabe eta alfabetizatua izan) helduetatik %2ak besterik ez zuen bozkatu, eta gauzak ez ziren gehitxo aldatu: azukre baroien boterea gutxitu zen, eta kafe baroi eta militarrena handitu.

Kafearen ziklo ekonomikoa

Nazioarteko azukre merkatua bizkor erortzen hasi zen 1820. inguruan: azukre haziendek lurrik onenak agortu zituzten eta nekazal teknologia berrietan atzera geratu ziren. Azukre esportazioak erortzen ziren abiada berdinean kafearenak gora egiten hasi ziren.

São Paulo, Rio de Janeiro eta Minas Gerais-eko mendi hezeetan kafeak ederki ematen zuen eta lurrak agortzen ziren arabera, kafearen muga mendebalderantz mugitzen joan zen, São Paulo eta Minas Gerais barnerantz, kolonizazio uhin berri batekin batera. Eskulan behar handia zeukan kafe laborantzak eta azukre plantazioen jaun-esklabu eskema berdina errepikatu zen. Kafe esportazioak izugarri igo ziren XIX. mendean zehar, eta trenbidea eta laborantza mekanizatuaren sorrerak irabazi izugarriak ekarri zituen.

Kafe ekoizpenaren modernizatze honek asko erraztu zuen 1888an eskulan esklabutik eskulan askerako aldaketa. Hurrengo hamarkadan 800.000 europar etorkin, gehienak italiarrak, kafe-sailetan lan egitera etorri ziren. 1890tik 1916ra milioika etorkin (japoniar, alemaniar, espainol, ukraniar, poloniar, errusiar, euskaldun e.a.) heldu ziren São Paulo eta Hegoaldeko estatuetara Brasili gaur egun duen aurpegia ematen lagunduaz. 1870ean esklabutzaren amaiera ofiziala sinatu zen eskulan berriaren beharrean aurkitu ziren hazienda nagusiak. Honek Brasilgo demografian aldaketa izugarria izan zuen langile atzerritarren sarrerarekin.

São Pauloko Estatuan etorkin hauen etorrera erraztu eta kontrolatzeko Lur, Kolonizatze eta Emigrazio Sailak koordenaturik (Departamento de Terras , Colonização e Emigração) São Pauloko estatuak 1882an Emigranteen Ostatua (Pousada do Emigrante) sortu zuen.

Etorkinak São Paulora heltzen, 1907.
(www.minhaitalia.hpg.ig.com.br/Fotoschegada.htm)

Esklabuek osatzen zuten esku lana ordezkatzeko etorkin berezi baten emigrazioa sustatu zen: europar edo japoniar nekazari famili osoak. Europako hainbat herrialdeetan eta Japonian zeuden enbaxaden bidez, nekazari familia hauek beren eskaera egiten zuten eta aukeratuak izan ondoren, bidaia dohain egiten zuten eta behin Brasilera heldu ondoren, Santosko portutik São Paulora joan eta bertan, Emigranteen ostatuan geratzen ziren Hazienda jabeekin kontratuak sinatu bitartean. Italiar, espainol, ukraniar, poloniar edo japoniar familien artean hainbat euskaldun familiek ere ozeanoaren beste aldera ausartu ziren bizitza hobe baten esperoan.

Euskaldun hauentzat bidaia Bilbo, Bartzelona edo Vigon hasten zen, eta hamar eguneko ibilaldi baten ondoren Rio de Janeiro edo Santos-ko portura heltzen ziren. Bertan errolda egin eta trenez Serra do Mar mendilerroa gainditu eta, oihanaren beste aldean, São Paulora iristen ziren. São Paulon Emigranteen Ostatuan egoten ziren hazienda jabeekin kontratuak sinatu bitartean.

Espainol jatorriko nekazari asko São Paulo estatuko mendebaldera joan ziren bertan komunitate mardulak osatuz gaur egun Sorocaba, Catanduva, Bernardino de Campos, Piraju, Marília, Presidente Prudente edo Uchôa (azken hau euskal kutsu nabarmenarekin) dauden tokietan, hauen tartean euskaldunak aurkitzen ziren: Braulio Urioste, 1835.an São Paulora heldu zen, Cipriano Gorostiza, 38 urtekoa, eta bere emazte Polinia, 30 urtekoa, 1891ean Rio de Janeirotik helduak, Ramon Aguirre Gorostiza 1892an, Eugenio Echegoyen, 52 urteko nekazaria, Agueda bere emaztea eta 25 urteko seme Lebonio, 1897an, Fernando Echerena Saenz 1900an, Abundio Aguirrezabel 1906an, Bartzelonatik Aquitaine baporean Santoseko portura heldu zen, ezkongabea, Itapirako Antonio Franco Cintra haziendara joan zen, Ascensio Aguirrezabal, 42 urtekoa, 1906an heldu zen Santoseko portura Berenger el Grand baporean bere emazte Agustina eta 4 seme alabekin, Itapirako Araujo Cintra haziendara joan ziren. Etorkin hauek beste italiar eta espainol jatorriko etorkinekin batera São Pauloko nekazaritza garatzen lagundu zuten, denborarekin hiriak sortuz joan ziren São Paulo barnealdean eta beraiek ere lurjabe bilakatu ziren gaur egun Brasilgo gunerik aberatsenetako bat bilakatuz.

Euskaldun hauek ez zuten inoiz komunitaterik antolatu, segur aski kopuruan murritzak zirelako espainol eta italiarren ondoan edo ez zelako Argentina, Uruguay edo Txileko kasuetan bezala gune berean talde handi baten emigraziorik eman (adibidez arrazoi politikoengatik ihes egindako talde bat). Guzti hau, geografikoki zeuden distantziak eta garraio eskasekin elkartzen badugu, euskal emigrazio sakabanatu eta isolatu bat nabarmentzen da. Nahiz eta euskal pertsonai, familia izen eta toponimoak (Uchôa edo Irati herriak) agertzen diren, familia euskaldunak bere kasa eta indibidualki ekiten zioten Brasilerako bidaiari garai honetan, eta oraindik urte batzuk itxaron beharko dira São Pauloko hirian euskal komunitatea antolatzen hasteko lehenengo etorkin hauek jarri zituzten oinarrien gainean.

Gaur egun Araya, Baralde, Izaur, Aguirre, Aguerre, Barea, Estigarribia edo Artacho familia izenak aurkitzea ez da zaila, hala ere, euskaldun hauen ondorengoek ez dute beren euskal nortasunik gorde. Guzti hauek São Paulo estuaren hazkuntzan lan egin zuten hazienda jabe handientzat edo São Paulo inguruan geratu ziren nekazaritza lanetan garai hartan sortzen ari zen hirian beren etekinak salduz, italiar, espainiar eta portugaldarrekin ezkonduaz eta familia brasildarrak osatuz eta, denborarekin, beren euskal nortasuna galduz.

São Paulotik kanpo garai hartan beste hainbat euskaldun Rio de Janeiro eta beste estatu batzuetara ere inguratu ziren:

  • Pedro de Aguinaga (Gipuzkoa 1821-, Rio de Janeiro 1858), 1851ean ezkondu zen Isabel Augusta de Matosekin.
  • François Eugène Garay, Pernambucora heldu zen 1821ean (atzerritarren erregistroa).
  • Julian Serrano Chavarrieta eta Exequiela Maria Echarri, Rio de Janeiron ezkonduak 1836an.
  • Gervasio Algarate, Gertudres Luiza Ferreirakin Rio de Janeiron ezkondua 1877an.
    Bernard Urban de Bidegoroy (Dep. Basses Pyrenées, 1810 - Petropolis, Rio de Janeiro, 1862).
  • Constantina Augusta Larrachague, 1893an Rio de Janeiron ezkondua Raul Deocleciano da Silvarekin.
  • Joaquim Luiz Sanchez de Larragoiti, "Sul América Companhia Nacional de Seguros de Vida"ren fundatzailea. Familiak urteetan enpresa aurrera eraman du eta gaur egun mundu osora hedatua dago.
  • João Bidart Urraty, 1896an Rio de Janeiron ezkondu zen Maria Domiciliana da Silvarekin.

Denak Brasilera heldu ziren bizi hobe baten bila.

XX. mendearen hasiera

XX. mendeko hasiera hau aldaketa sozio-ekonomiko handiz betea egon zen, mugimendu sozialen egonezina handia zen eta matxinada herrikoiak ugariak izan ziren.

Biztanleria 1889ko 14 milioitik 1930eko 37 milioietara pasa zen, eta bere distribuzioa ere asko aldatu zen, izan ere biztanleria osoa 164% hazi zen, Hegoaldeko estatuetan 275% hazi zelarik, lurralde hau Brasil osoko zentro dinamikoa bilakatzen zela garbi geratuaz. Era berean, metropoli handien ezaugarriak zituzten hiriak sortzen hasi ziren, adibidez São Paulo eta Rio de Janeiro, eta bigarren maila batean Belo Horizonte eta Porto Alegre. Garraio eta komunikabideak zabaltzen hasi ziren eta hezkuntza ere hobetuz zihoan pixkanaka.

Hala ere, aldaketarik garrantzitsuena aktibitate industrial hazkuntza da: 1907an 3.120 fabrika zeuden Brasil osoan,149.000 langileekin eta 1930ean 18.800 fabrika eta 450.000 langile erabiliaz, 55% São Pauloko estatuan zeudelarik. Aldaketa guzti hauek gizartean ere aldaketa nabarmenak sortu zituzten, ordura arte klase nagusi ziren lur jabe handiek, industrial eta finantza burgesia berri baten sorrerari paso emanez.

Hazkuntza industrial honek erakarrita eta dagoeneko sortzen ari zen euskal koloniak lagundurik, hainbat euskaldunek Ameriketarako bidea hartu zuten. Hauen artean: Balbino Guisasola eta Santos Guisasola berriztarrak. 1915 inguruan heldu ziren eta arma fabrika bat eta São Pauloko erdialdean, Celso Garcia kalean, denda baten sortzaileak dira. Vitorio Areitio San Miguel eibartarra eta Zubizarreta, biak burdindegi baten jabeak garai berean, kortxo kentzekoak egiten zituzten. Dora Lucia Alberdi, Castelo arma fabrikaren nagusia, Jose Maria Lizarriturri eta bere kidea zen Bustindui, eibartarrak, 1928. inguruan heldu ziren eta Brasilgo industrializazioaren hasieran parte hartu zuten Arrate izeneko zerra fabrika batekin.

XX. mendearen erdialdea

Juscelino Kubitchek, JK, presidenteetatik maitatuenetakoa, 1956an hautatua izan zen. Bere agindupean Brasilia, hiriburu berria, eraiki zen Brasilgo barnealdearen kolonizatzeari bultzada izugarri bat emanez. Atzerritar kapitalari ateak zabaldu zizkion industrian inbertsio berriak erakarriz eta auto-industriari hasiera eman zion.

1920 hamarkadan heldu ziren enpresari euskaldunen arrakastak eta egoera ekonomiko ezin hobeak (batez ere garai hartan Europan bizi zen giroarekin konparaturik) hainbat euskaldunentzat Brasil bere ametsetan jarri zuen. Espainiako Gerra Zibilak ere hainbat iheslari ekarri zuen gerra garaian eta gerra ondoren, nahiz eta Argentina, Uruguay, Mexiko edo Txile gogokoagoak izan.

Horrela, giro horretan, 1950 urte inguruan São Pauloko hirian lehenengo aldiz euskal komunitatea deitu genezaken zerbait osatu zen: Euskal Herria jatorri zuten giza talde bat, beren burua euskalduntzat jotzen zutenak, elkar ezagutzen zirenak eta elkarrekin jaioterriko zati bat Brasilera ekarri nahi zutenak. Talde honek orain arte Brasilen izan den euskal etxe bakarra, "Eusko Alkartasuna de São Paulo" , osatzeko kemena izan zuten. Oso jatorri desberdineko euskaldunek osatzen zuen talde hau, enpresari txiki edo beste edozein lanbidedunak, denek zuten ezaugarri komun bezala bere espiritu ekintzailea: etxetik urrun, hizkuntza arrotz bat, herri kultura desberdin bat (nahiz eta brasildarrak oso herri harkorra osatu), azken batean klima eta elikadura desberdin bat, bestelako egoera baten erdian, beren ametsak aurrera ateratzeko gai izan ziren.

Garai hartan São Paulora gerturatu ziren euskaldunen kopurua asko handitu zen, batzuek, esan bezala, zuzenean Euskal Herritik etorri ziren, beste batzuk berriz Argentina edo Uruguayen zituzten familien bidez Ameriketaraino etorri eta ondoren Brasilera inguratu ziren. Batzuek oraindik Brasilen jarraitzen dute, familiak osatu eta erabat eusko-brasildarturik, beste asko herrira bueltatu ziren aspaldi, baina denek utzi zuten beren marka herri honetan eta denek daramate betirako Brasil eta brasildarren zigilua. Gutxi batzuk aipatzeko hemen zerrenda:

José Eizaguirre, Luiz Izquierdo, lehen aipaturiko José Antonio Vergareche eta bere emazte Victoria Maitre Jean, José Ramón Zubizarreta Oteiza, Tolosa, Ricardo Matesanz Aranburu, Gloria Madariaga San Sebastián, Miguel Celaya Zubizarreta eta Milagros Vazquez bere emaztea,Jose Ramon Urraza Ugarriza, Paben Garaizabal Insasti, J. Alberdi, Azurmendi, J. Goialde, G. Jaio, Lopez Zarate, B. Rekalde, J. Ezkiogo, J. Fernandez, A. Artigas, J. Arresegor, Vicente Moreno eta Crucita bere emaztea, Ignacio Beotegi Inza eta María Cruz Corres Perez de San Pedro bere emaztea, Victor Salazar, Vicente Murua Etxeberria eta Maria Dolores Iñarra Orcaizaguirre bere emaztea, Pedro Jayo Bernedo eta Madalena Pita Jayo bere emaztea, José María Sanz Navarro eta Hermenegilda Velasco Matute bere emaztea, Dora Lucia Alberdi, Rafael San Jose Rodriguez, Elías Echegoyen Tabar, Angel Orue Pagazaitondua, Jose Antonio Trasabares Artigas, Luis Maiztegui Arando, Jesús Alberdi Eguren, José Fernandez, José Ezquioga Irurvano, Domingo Agote Arteaga, Jose Javier Arresegor Gorriaran, Francisco Alaba, José Antonio Alaba, Luis Maria Echegoyen Roitegui, Jorge Beitia Sepúlveda, Amable Martinez-Conde y Elustondo, Antonio Valero Ojeda, Evaristo Martin Sanz, Juan José Lizaso Oronoz, Pedro Jayo Bernedo, Jesus Aguirrebeitia Mendibe eta María Carmen Arenaza Aranburu bere emaztea, Juan José Arrue Urtiaga, Victor Lascurain Ariznabarrena eta Angeles Arizaga bere emaztea.

Garai honetan heldu ziren euskaldun asko eta askok, Brasilgo industrializatze azkarrean parte hartu eta hainbat enpresen sortzaile izan ziren (Kaiku, Aisola, Termotec, Urko, E.T.A., Mecanica Bilbao e.a.), hauetatik asko oraindik bizirik jarraitzen dute.

Hasiera batean kolonia espainolak zuen elkartean eta ondoren Kataluniarrek zutenean hasi ziren elkartzen, bertan otxote bat osatu zuten eta beren festa eta ospakizunak antolatzen zituzten. Hala ere, euskal elkarte bat osatzeko gogoa izugarria zen eta bilera eta elkarrizketa askoren ondoren Euskal Etxea sortu zen 1957an, gaur arte Brasilgo Euskal Etxe bakarra eta euskaldun hauen abertzaletasun eta indarraren irudi.

XX. mendearen bukaera

1961ean Janio Quadros presidente hautatua izan zen erreforma sozialak egiteko hitzarekin, baina 6 hilabete besterik ez zituen iraun. Bere ordezkoak, João "Jango" Goulart, antzeko zortea izan zuen eta "ezkertiar" gobernua EEBBek bultzaturiko estatu-kolpe batez bukatu zen 1964ean.

Nahiz eta Argentina edo Txileko diktaduren aldean "bigunagoa" izan, hurrengo hogei urteak errepresio gogorrekoak izan ziren, hildako, desagertu, torturatu eta erbesteratu ugariekin, batez ere erresistentzia armatua eta politikoa antolatu zuten ikasle eta intelektual komunisten aurka.

General bat bestearen atzetik hautatuak izan ziren boterean egoteko. Denboraldi honetan kanpo zorra izugarri handitu zen proiektu erraldoietan izugarrizko dirutzak gastatu baitzituzten (hidroelektrika izugarriak edo Transamazonika autobidea). Hala ere, funtsezko gizarte aldaketarik ez zen gertatu, eta nekazal erreforma burutu gabe milioika nekazari lurgabe hiri handietara hurbiltzen hasi zen favelak nonahi eraikiaz.

 
Emílio Garrastazú MÉDICI

Presidente izan ziren generalen artean, 1969tik 1974 arte Emilio Garrastazú Medici (1905-1985) Generala dago (Júlia Garrastazú eta Emilio Mediciren semea). Militar eta politikari ospetsua, Armadako General mailara heldu zen eta 1969tik 1974 tartean Brasilgo errepublikako Presidente izan zen diktadura militarraren garaian, Rio Grande do Suleko euskal komunitatean hazia.

1970 urtearen bukaera aldera euskaldunen etorrera berriz ere handitu zen Brasilgo Gobernuak Europako hainbat gobernuekin 1950ean sinatu zuen akordio bat praktikan jartzen hasi zenean. CIME (Comite Intergovernamental para Migrações Europeias) proiektuaren bidez, Brasildar gobernua Brasilgo eskulan teknikoaren kalitatea hobetzen saiatu zen, jatorrian aukeratutako esku lan espezializatua (ingeniari, mekanikari, elektrikari e.a) Brasilgo enpresetara ekarriaz, Luis Villalva, Luis Mari Alcoz eta Fermin Ezeza Murgi donostiarren antzera.

1985ean kanpo eta barne presioek bultzaturik, militarrek hauteskundeak ospatu zituzten eta denen harridurarako, oposizioko hautagaiak irabazi zuen. Tancredo Neves, Jose Sarney, Fernando Collor, Itamar Franco, Fernando Henrique Cardoso eta Luiz Inacio Lula da Silva, dira orain arteko demokrazia garaiaren errepublikako presidenteak.

Globalizazioaren etorkin berriak

Historia hau irakurri ezkero ikusi genezake globalizazioaren kontuak euskaldunontzat ez direla kontu berriak, arrazoi desberdinegatik, egoera desberdinetan, euskaldunok Brasilen sorreraren garaietatik etorri izan gara lur eder hauetara, eta XX. mendearen bukaeran eta XXI.aren hasieran gauzak ez dira desberdinak izan.

Euskal enpresak Brasilen 150 milioiko merkatu izugarri bat aurkitu dute batez ere Realaren plan ekonomikoak nazioari egonkortasuna eman zion ondoren. Jose Antonio Ardanza lehendakariak 1997an eginiko bidaiak eta Eusko Jaurlaritzak São Paulon duen SPRIren (Industriaren Sustapenen eta Eraldaketarako Baltzua) bulegoaren lanak bultzaturik euskal enpresa ugari etorri dira Brasilgo lur hauetara: Sidenor, Arteche, Bellota, CAF, Amarras, Danobat, Irizar, Gamesa, Fagor, Gestamp, Ezarri, Izarbarri, Jema, Gonvarri, Karrena, Kondia, Metalbages, MCC Mondragon, Motobici Accesorios, Ormazabal, Sagola, Samec, Savasa, Software Factory Deusto, Teltronic, Panda Software, Guascor, ULMA eta beste euskal enpresa askok Brasilen zabaldu dituzte beren ateak, 500 urte ondoren itsasoa pasa eta lur hauetara etorri dira zorte bila. Etorkin berriek, lehenengoak bezalaxe, ongi etorriak dira tropikoko lur gozo hauetan.

Nahiz eta Brasilek zailtasun handiak aurkitu bere historia eta egoera ekonomikoagatik, bere gizarte arazoak kronikoak bihurtu direla badirudi ere, bizitzaren aurrean duten jarrera positiboak aurrera egiten laguntzen du eta "etorkizunaren" herria izaten jarraitzen du.

XXI. mendeko lehen hauteskundeek aldaketa politiko handi bat azaldu dute, esperantza handiak jarri dira gobernu berriarengan ea behingoz "etorkizun" hori "gaur" bilakatzen den, eta horretarako brasildarren energia eta sormena prest dago, eta tartean, dudarik gabe, beti izango da euskaldunen bat.


Bibliografía

Depoimento de Acervo. Depoimento de Alfredo Crescente, Entrevistado por Stella Franco. São Paulo, 16/10/1999 . Realização Museu da Pessoa
Murillo Moutinho, P.E., SJ. Bibliografia para o IV centenario da morte do Beato José de Anchieta. 1597-1997. Volume I Ed. Loyola. São Paulo. 1999.
Valladão, Alfredo G. A. Bresil, magie, jeunesse, violence .... Ed. Autrement. Paris.1991.
Buarque de Holanda, Sergio. Raizes do Brasil. Ed. Companhia das Letras
"Revista do Instituto Historico e Geografico de São Paulo", hainbat zenbaki.
Leite, Serafin. Historia da Companhia de Jesus no Brasil.1938.
Enciclopedia das Familias Brasileiras, Cunha Bueno.
Pires de Moura, Jose Carlos. Historia do Brasil I eta II. Editora Anglo Ltda., São Paulo, 1984.
Azpilicueta Navarro e outros,Cartas Jesuiticas 2. Cartas Avulsas, Editora Itatiaia Ltda., Belo Horizonte, 1988.


Estebe Ormazabal


Euskonews & Media 204. zbk (2003 / 03 / 21-28)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza