Udalderat, Pesta Berriak
hain gogoko nituen bezalaxe, Eguberriak ziren neguan nere baitako
guzia hartzen zautaten jai edo pestak. Mintzo naiz 1947-1848
inguruan gure baserrian ezagutu ditudanetaz. Duela mende erdi
batekoez beraz! Baso Nabarren kokatzen den Landibarre herria
datorkit hor berehala bururat. Hau askitto herri tarroa bere
lau eliza dorre haundi ttipiekin, hamar kilometro luzeko haran
batean zaindariak bezala emanak.
Hemen harrotzen dutan denbora hartan bost ehun egoiliarrez goiti
kausi zitezken oraino hor, gutiz gehienak baserri lanetik bizi:
ogi, arto, mahats, behi, ardi, urde, oilo eta beste zenbait ekarpen
gehiagoren lanak aldizkatuz. Eta urte haieri oraitik behatu eta
erdiaroan bezala ginela emaiten daut bururat: Alabainan etzen
oraino herri hortan ez bide leunik, ez argi indarrik ez etxetako
urik, ez telefonarik, ez motorrik ere! Haatik, egiazko erdi aroan
ez bezala, etxe bakotxak txirrindu (bizikleta) askotan erdi herdoildu
bat ukanen zuen nunbait, hiri horietatik -segurazki Baionatik
edo Pauetik- Donapaleuko edo Donibane Garaziko merkatu edo feirietan
gaindi, erdi preziotan horraratua, Landibarren halakoetan dioten
bezala : "odola bezain kario"!
Orduko bizi egoera horrek berak aski salatzen derauku, nolazpait
erraiteko, 1947-1948ko Eguberriak oraikoen aldean zoin xumeak
ziren. Bai xumeak itxuraz, beharbada, bainan izaitez ere ote?
Gu bezalako haur mukuzuentzat segurik ez!
Egunak laburtzean eta hoztean, ardiak marrakaz gero eta ozenago
entzuten zirenean etxe inguruetan, demagun abendoan han harat
joanak ginela, zerbait berri loretsu bazerion, hurbiltzen ari
bezala. Eta hanbat hobe barrukian bi behi erditzekotan baziren,
berdin oraino bere lastozko egoitza lerrakorrean zerrama beharri
tapalak purrustan bere zazpi, zortzi edo berdin hameka xerri
umeak kanporat igortzekotan bazituen, halaber arditegian bildots
bat edo beste jada sortua balinbazen bere begi haundi eta dirdiratsuekin
eta buztan laburrarekin harritua, zuri so, berehala.
Zinez, hoinbeste gertakari berezirekin, zerbait berri misteriotsu
eta bero haundituz eta lodituz bezala zoan, egunak jin ahala.
Eta hain xuxen, elizatik eta etxeko solasetarik beste misterio
edo sortze baten berria geroz eta ardurago (maizago) ez ote zaukuten
ere aipatzen? Delako Jesus haur miresgarri harena! Dudarik ez
da hor misterioaren puntarat (gailurrerat) iganak ginela. Bainan
oinak lurrean! eta, beharrena ez hemen ahanzteko, lurrean ibili
behar diren zapatetarik arras hurbil! Hain xuxen, zapata pare
bati mustuka ttipi batez azpia nola bazterrak lohi hatz bat bera
gabe ezarriz, otoitzeko belaunikaturik bezala, tira ahala artzen
baiginen Eguberri bezperatik edo beharbada ere aste erdi bat
lehenagotik! Gero haueri zira hoberenarekin atera behar zitzaioten
dirdirarik ikusgarriena. Pentsa hortik gertakari haundiari ginoatzinez!
Zer nahi gisaz eta lehendabizikorik, hauxe da hasteko zapaten
pesta! Anai arrebenenekin betan soldadoak bezala supazter xokoan
lerrokatzen genituenak, ez baitzuten ixtan batez horiek horrelako
garbialdirik ikusiko, iduri eta ama edo amama gaixoak, beste
lan guzien gainerat, etzuten igandero horrelakorik egiten! Bainan
pesta zinez arruntak ez ote ziren horiek guretzat Eguberrien
aldean? Eguberriek baitzuten haatik negu euritsu, hotz eta pizuaren
erdian halako distira berezi bat, delako misterioa pilota haundi
eta koloretsu bat bezala begien bixtan zoragarriki punparazten
zaukuna.
Eta hanbat hobe ere zeruak gau hortan berean ixurtzen balinbazituen
bere luma xuriak teilatu, pentze, hesi eta zuhaitzak mihise edo
maindira xuri xuri batzuen azpian miragarriki ezarriz!
Aitor dezadan berehala, Eguberriko mixterio horren zati goxoena
bezain luzeena gauerdiko meza aintzinean izanen zen, Elgarteko
osaba eta tanta bai eta kusiak, berdin Goanetxekoak, eta nola
gerta Jauberriko Mari kalakaria gure etxeratuko zirenean afaltzeko,
elizako ofizioetarat joan aintzin.
Zer sukaldetara orduan hor bet betean, eta denak zoin gorago
mintzo! Supazterrean gaztain egur enbor kaskail bat, hau ere
bat batean tiroka, pindarrak norat nahi zariozkala, berdin xixtuka,
dena putz eta uzker irringarri! Anda! Zinez pesta dugula orainkoan!
Bainan xo! Zer da hori, sukaldeko, kristaletan tok! tok! "Negu
xoria Jesusen bidea galdurik" diotenaz, beste batek : "Ez
haurrak". Herriko pobre batek igorria, hartaz ere orroitu
gaiten!
Sukalde gaineko gapiru batetik petrolazko lanpara zaharra zintzilik,
hementxe bi ezko mehar bainan xut xuta egoki, hantxe berriz sukaldeko
leiho azpiko hautstegiaren gaineko harri xabalean karburazko
lanpara bere argi suhail kartsuarekin kasik deneri nausituz ari
dela iduri. Zer argien feria! Bainan hemen ez baita eliza eta
han beste hainbeste eta gehiago argi ikusi beharko baita oraino!
Bainan horraratu aintzin jende horiekin guziekin afaldu ìseriozki
egonî. Haur ongi ikasiak baigira gu eta hola erakutsi behar
etxeko ohorea ez galtzeko!
Eta Jesus laster etortzekoa dela gure zapaten betetezerat ! Guk
segurik, bost anai-arrebek, hortan dugu gure gogo guzia engoitik
! Ama eta amatxik berriz beren inteligentzia guzia sukaldeko
ate gibelean gure harat hunat guzien guardian dagoen erloil-pandola-haundiaren
orratzetan. Noiz eta bi ganibeta horiek eskualde beretik elgar
hantxemaiten ari zirela gauerdirat heltzeko, xutitu behar baitzuen
jende saldo horrek guziak elizarat joaiteko. Han denak oihal
aberatsez eta lorez ederrenean, hamar mila argik segurik aldarea
sutan bezala emana, beste bi oren hurbil aiduru egon behar baitzen
oraino, berriz gure zapata maiteak ikusi aintzin. Baleki bale,
Jesusek hainbeste opari deneri eman beharrean, ez ote zituen
bere bizkarra arintzeko gure etxean utziko oraitik guri eman
beharrak? Eta zer opari mota izanen da xuxen aurten nerea? Etxean
orok zakiten aldi huntan eletrikazko lanpara ttipi bat nahi nuela
ìbaitezpadaî eta ez hasteko atorra edo galtza berririk,
ez ere xokolatezko eskalapoin eta holako botikeria hilik deus!
Bainan eletrika lanpara bat, preseski Donapaleuko merkatuan saltzeko
ikusi lanpara gorri ttipi hura bezalakoa. Zinez egiazkoa eta
Donapaleukoak bezala zinez argia egiten zuena. Ai! Jesusek entzuten
banindu! Haren misionest izaiteko prest nintezke. Bainan delako
lanpara ikusi nahi lehenik! Berdin zait beste haurridek zer ukanen
duten. Nik badakit abendo guzian kasik oherat joan aintzineko
otoitzak zoin kartsuki eginak ditudan. Eta amak manatu etxeko
lan ttipietan ere zer artarekin bermatua naizen! Gisa hortan
Jesusen eskutik norat nahi joaiteko arras on!
Huna Gauerdiko Meza nun den bururatzen halere, ez baita goizegi!
Laster eletrika lanpara eskuratuko dutalako gogoak ez nau nihundik
ere uzten. Burua arraildua dut horrekin eta beste etxekoak supasterrean
berriz ere jarriak daudela hunen eta haren arropa berriez, bizkar
konkorraz edo sudur punta gorriaz egundainokotan kalaka eta kalaka,
xokolet esne hurrupa batzuen artetik edo mazapen bateko azken
puskak ausikiz ni hasteko banoa oherat. Handik itxaronen dut
ene lanpara elektrikoaren lehen argi kliska! "Oi! Eguberri
gaua, bozkariozko gaua" kantatzen zuten oixtion apunatik
elizan. Bainan neretzat oraino zoin gau luzea! Manex Pagola, Etnologoa |