sakatu gabon kanta entzutekoAramaioko Gabon jaietako zenbait ohitura
* Traducción al español del original en euskera
Josemari Velez de Mendizabal

Aspaldi idatzi nuen Aramaio -nire jaioterriko- etnografia gorabeheretan sartu irten azkar bat egiteak denetariko ustekabe gozoak dakarzkiola hartan dabilenari, eta gutxienez mende honen erdialderarte sakon ikertu gabe egon diren ohitura, usadio eta erritoak joan diren neurrian, iragan aberats eta enbidiagarri batez jabetu gara. Ez dut esan nahi Aramaio irla bat denik, euskal etnografian. Gizona gizon denez geroztik, harremanetarako aukerak alde batetik bestera eraman ditu giza-sentimenduak eta horrek islapen zuzena izan du folklore eta eguneroko bizitza arruntean ere.

Orain dela urte gutxi arte bizi bizirik zirauten ohitura askok Aramaioko ibarrean. Baserritar giroak iraupena ahalbidetzen zuen, kanpoko eraginetik aske uzten zituelarik hainbat eta hainbat giza-manifestazio. Horietako bat, Gabon inguruko ospakizunei dagokiena da. Izan zen garai bat, aramaioar baserri zenbaitzuetatik ibili nintzela, nire kuadernoa eskuan eta grabagailua edozein unetan martxan jartzeko prest. Horien gaineko apunte batzuk argitaratuta ditudan arren (1) ez dut Internet-eko aukera galdu nahi izan, lehen lagun talde baten zirkulu barruan geratu zena mundu osora helarazteko.

Abenduaren 20an, gutxi gora behera, hasten zen etxekoandreak egin beharreko lexibie edo erropa garbiketa. Datak exigitzen duen zeremonial osoarekin, nahiz eta ez erabili, oraindik gaurregun ere harridura sortzen diguten linuzko maindire edo izarak garbitzen zituen baserriko andreak.

22 edo 23an, labasue pizten zen, hurrengo egunetan jango zuten ogia preparatzeko. Olatie esaten zioten ogi horri eta Aramaioko lo kanta batean adi daitekeenez, (Arraultzie zertako? Olatiei igurtzi egiteko.) arraultzaren gorringo eta zuringoaz eginiko nahasiaz igurtzen zen, urreantzeko kolorea emateko. Bestalde, jai egun horietan jango ziren buzkantzak gertutzeari ere ekiten zioten baserritarrek.

Gabon gaua zen, sendi osoa afaltzera biltzen zen bakarrenetakoa. Morroi zeuden seme-alabak etxeratzen ziren. Ohitura zen, nagusiak morroiari bakailu lehor bat eskaintzea etxera eramateko. Gabon sarixe esaten zitzaion seme-alabek zekartenari. Sarri, benetako lehia izaten zen nagusien artean, saririk hoberena zeinek ematen zuen garbi gera zedin.

Gaueko zortzietarako mahaia gertu egoten zen. Ezinbesteko jaki bezala, olixo-aza zegoen, entsalada gisa jateko. Jarraian, bixigu edo bakailua, eta lehen aipatutako buzkantzak. Mahaiondoko bezala, ohiko intxaur-saltsa zen, armaizean txiki txiki eginiko intxaurrezko nahasiaz egokitua. Geroago, mazapanezko gozokiak sartu ziren baserrietara, suge-kajie(2)edo kajatolie(3) bezala ezagutzen zirenak. Afalostean abesten zen kantak, ideia eskaintzen du afariaren gorabeheretaz:

Gabon gabian ohitutzen degu
Guztiok apari ona:
Bixigu, lebatz, bakalau-saltsa,
Bakoitzak berak ahal duna.
Eta gero txurrun plin-plan
Ardau ta patxarra,
Katuak hartuta
Xagu-xaguka.

Batere zalantzarik gabe, giro onean ematen zuten aramaixoarrek Gabon gaua, ondoko beste abesti honetan ere garbi froga daitekeen bezala:

Dringilin-dron gaur Gabon
Sabela betia daukat eta
Bestiak hor konpon!
Lapiko bete aza egosi
Ori-txuri ta gorria,
Berehala iruntsi neutsazan
Azkenengoko orriak.

Jakin ahal izan nuenez, Gabon gauerdiko Mezatara joatea nahiko ohitura berria zen. Lehenagoko ohituretan, afalostean baserriren batera biltzen ziren auzokoak, Natibitate egunari guztien artean ongietorria emateko. Alpargata zaharka-ka iharduten zuten, aramaioar batzuen esanetan, joko berdexka xamarra ei zelarik. Edo solasaldi gozoan ari ziren, abestien errepertorioa astintzen. Hona hemen beste eredu bat:

Gabon, gabonetan
Errosa galtzetan
Jesus jaio da ta
Jo daigun trisketan.

Natibitate goizeko gosaria ezinbestekoa zen: txokolatea. Ahal balitz, baso bat uretan urturiko bolau gozoarekin. Aramaioko eliza guztietan, abadeek hiruna Meza esaten zituzten eta eliztarrek, gutxienez, bitara joan behar zuten.

Abenduaren 26an, San Esteban eguna dugu. Aramaion jaia da, eta erromeria egiten zen herriko plazan. Natibitate, ase ta bete. San Estebantxe, handik aurrera lehen letxe zioten gure aurrekoek.

Bi egun beranduago, Inuxente Eguna. Toki askotan bezalaxe, aramaioarrak ere lagun hurkoa adar jotzen ahalegintzen ziren egun osoan, nork bere defentsa ahalik eta hoberen preparatzen zuen bitartean. Gezurren baten ziria sartu zaionari, Inuxente babalora, txakurren buztana gora! abesten zitzaion.

Gabon Zahar eguneko ospakizunek, Gabonetakoekin antzik bazuten arren jende gutxiago biltarazten zituzten, 24rako kanpotik etorritako seme-alabak ordurako euren jatorrira itzuliak baitziren gehienetan. Hala ere, umeek bazuten eurentzat beste ospakizun berezi bat, arratsaldeko errosarioaren ondoren baserriz baserri joaten baitziren agilandoa eskatzen.

Agilando, kele mentaña
Zazpi intxaur ta zortzi gaztaina.
Haren gaiñian lau sagar
Nik bai kolkua zabal-zabal.

Korua neskek bakarrik osatzen bazuten edo taldeko bakarlariak eme izanik, kolkua hitza altzua-rengatik aldatzen zen. Ondoko bertso hau ere entzun zekiekeen ume eskaleei:

Urtebarri, barri
Daukanak ez daukanari.
Nik ez daukat eta niri,
Bestela txarri-belarri.

Errege egunean amaitzen ziren Gabonetako jaiak, haiek umeen zapata dirdiratsuetan euren opari eta erregaliak ezarri ondoren.




OHARRAK

  1. "Aramaixo" Kofradiaren barne Aldizkaria. 1981-12. 4. zenbakia. Itzuli
  2. Suge-kajie: mazapanezko suge bat zen, kartoizko kaxa batean. Itzuli
  3. Kartoizko kajak Tola merkatal marka zeraman inprimitua. Itzuli


Josemari Velez de Mendizabal, idazlea.
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved