Larrazkeneko lehen elurrak bortuetan
agertzen zirelarik "Eguberri" hitza ere agertzen zen
gure solasetan: "Eguberriko xerri hau leguntarazi behar
ginduke". Hori zen "ttorro" kadaan-xerria, hots,
urdanak erditzean kadanekilan batean sortzen edo... botatzen
zuena. Berex hazten zena, lagunek gixaxoa tititik baztertzen
baitzuten, eskutik hazten ginduena esne-ondar, salda-oldar eta
halako jatekoez. Xipak bezalako xorro lodino bat egiten zitzaion
eta eskurat heldu zen jaterat. Hori zen lehenik hil behar xerria,
Eguberrikoa. Aspaldixka tturrinduak ziren xazko urdekiak ordukotz
eta maitasun itxaropentsu bezain ubelez parekatzen ginduen ttorro
goxoa. Zer odolki goxoak ahoari gogoarazten zauzkigun: "tripotak"!
Besterik ere bazen Eguberri aintzineko denboretan: amoarrainak
goiti igairaten ziren errekan ertzaroz, ta pertolak ezartzen
ziren gauaz errekan arrainen arrapatzeko. Haatik argia gabe altxatu
behar zirenak hurzainak atzeman gabe! Eguberriko azeri larru
dena zilhar eta diru gure auzotegiko hamalau etxeak herriko leku
gorenean ginen, bai eta bortuak eta pago-oihanak negu xuriz jaunztean,
azeri, fuña eta beste ihizi jeusten zen etxaldetako leizardi,
halztoi, hariztegi, urritz-brosta eta errekondo ezpel artetako
xendretan behera. Arteak? arteak eta lakiboak ezartzen ginituen..
oixe! argi-zirrintean ernekara johaki gu delako arrapagailuen
ikusterat.
"Xahiak gituk Mattin hirekin! ez tian gatu bat ere salbatuko!
a la fe!
- Ze ba Maria, zer dela?
- Ba ba, gure gatiari besoa moztu hire zepo tzar horiek.
- Nola, ez pentsa gero.
- Ba ba, aintzineko aldian ere zangotik arrapatu hien?
Bainan azeriak ere atzemaiten ginituen, bizkar eta buztan zilharrak!
Dena amentsezko denbora zen Eguberrikoa: mundu bat johan, beste
bat jin. Elhurrek markatzen zuten hibia, samats lohizu eta larrazken
eurizuak gorribeltzatu mendi-pendoitz ilunak eztei-jauntzi xuriz
jartzen baitziren, eta ardiek axuri berriak erditzen, mendi-xokoko
bordaldetik etxeko arteirat erausten gintuelarik, gure garimak!
Eguberri! Eguberri! Jesus-Haurrak ekarriko zituen jostailu eta
musikak!
Denak ekar zezazken Jesus-Haurrak! Hau nahi, beste hori nahi,
oraino bestelako zerbait asmu guk. Mirakuilua!
"Zato jaun amultsua biziaren iturria
Mesias dibinoa zato, zato, zato!"
Mesias hori zen ez ginuen hain untsa ulertzen ez; izen arrotza,
haundia, bekana, mixterioa... pizua ere bai. "S" gizen
eta berdenboran xorrotx hori zer othe zen? Hesia, hasia, sasia,
asia, hetsia, nausia, hautsia? bainan bigarren "S"
batez burutzen zen: MesiaS! zer da bada: MatiaS, JudaS, BarrabaS,
buruhas, larruhas... Ahezkotarrak, hots Ahetzak othe ziren oihanetako
gizon horiek? SSSe-ka mintzatzen ziren oihanetako gizon haiek.
"Makilas jo-ta motel-heSurra hautsi ziakoxun ardiari"!
Dena dela misterio itzalzu hori hola izanikan ere, guk Jesus-Haurraren
gau-ibilaldirako zapetak untsa argiturik ezartzen ginituen. Egunak
kondatzen. Supazterrean suaren inguruan jarririk, haurrideak
denak (zazpi baizik ez ginen!) Zoin gorago ari ginen bakotxa
bere ikusgarriaz aintzinetik goxatzen: "ene xakurnoak jai-jai-jai,
erre-jai! eginen diela! ene zaldiak klosk-klosk-klosk ene harmonikan
nik hauxe joko!..." Hots konziertoa!
Atzarra aitak hil zuen artoxuriketa bezperian, eta hori Eguberri
aintzineko astean, zeren-eta gaua bururatu gabe afari haundi
bat egiten baitzen ezkaratzean artoz, arto berriz ganerra "zanpez"
bete-eta. Mutil gazteak eta auzoetako nexkak etortzen ziren saskiak
buruan gau hortan oro irri, kantu eta irrintzin, harmonikak sakelan,
gero afal-ondoan jantzan artzeko! Hauxe ere kantatzen baitzen
gure etxen:
"Sentile, elle est faguè(e)
Elle est taquine, elle est taquine, elle est fague(e)
Sabia Mona, Sabia Mona qui v(f)ous adona
MESIAS elemaneS segera-segera konkorda" (BIS)
"Jakiduria"!! bildu nuelarik geroago, saitu naiz
ulertzen.
"Gentilek (paganoak) elhe bage, elketa (diskurtsoa) (e)kin
elhe bage
Sabia Monak (Maria Jesusen ama, MARI ziminokatzen zuena) Iphutza
dunak, MESIAS-elhe (e) maneS segura-segura KONKOR DA".
Jakina! gure jendek hau kantatzen zuten entzun eta ikasi bezala,
hitz kodatu horiek ulertu gabe. Bitxiena hauxe da: gure denboretaraino
hitz horiek kantatu direla Garaziko Ezterenzubin... Eñaut Etchamendy,
idazlea |