Agate Deuna Bizkaia aldeko Gorbeia inguruan
* Traducción al español del original en euskera
Juan Manuel Etxeberria Ayesta

Agate Deuna, mendebaldeko lehenegotariko birgina-martiria dugu. Sicilian jaio zen 230ean eta Catanian martirizatu 251eko otsailaren 5ean, kristautasuna zaintzearrean Quincianoren ezkontza proposamenaren aurrean.
Euskal Herrira etorririk, Agate Deuna patronatzat hartu zen beste martiri asko bezala eta herri batzuetan leiendarekin nahastu ere bai. Gaur egun ere, hainbat parrokia eta ermitatan ospatzen dugu Agate Deunaren eguna. Bezperatik ospatzen da egun hau eta gaur egun zabal dabil Agate Deunaren koru edo abesbatzak etxerik etxe, kalerik kale eta herritik herri kantuz aritzea.
Gorbeia ingurura etorririk eta batean besteango ohiturak laburbilduz, koru bi aipatuko ditugu. Bata Arratiakoa eta bestea Zeberiokoa.
Arratiako korua inguruko herri askotako abeslariez osatuta dago eta batzen den dirua, beharrizanean daudenentzat izaten da. Goizean, Zeanurin hasten da, Arratia osoan zehar ibili eta gero Bilbon sartzen da. Egun osoan dabil abestu eta abestu, abots askotara abesten du eta horregatik letrak ez dira hain ugariak.
Zeberioko korua edo koruak, txikiagoak dira. Umeak ere ibilten dira baina batez ere kintoak dira ezagunenak. Umeak, egunez ibilten dira eta kintoak ostera arrasti edo gauiluntzean. Batzen den dirua bazkaria edo afaria egiteko izaten da normalean, baina azken urteotan ermitak berriztatzeko ere erabiltzen da.
Agate Deunaren bezperan, parrokiako kanpabueltakoak joaten dira inoizkorik gehien eta kanpaiots eta kantuekin alaitzen da egun haundi hori.
Agate Deunaren abestia dela eta, Zeberioko ohitura hauxe da. Korua, abeslari, makila, otzara eta abarrekin osaturik joaten da etxerik etxe eta agurra kantatzen hasi baino lehen, galdera bat egiten du koru-solista edo aurrelariak: Kantatu ala errezatu?
Errezatzearenak badauka bere zentzuna. Etxeren baten hilberri edo ezbeharren bat gertatu bada, errezatzea nahiago izaten dute eta herriaren aurrean ere hobeto ikusita dago.
Arratiakoak abotsetara kantatzen duela esan badugu, Zeberiokoak abots batera bakarrik baina Agate Deunaren bizitza osoa egiten du eta horretarako musika-melodia bera ere arina izaten da, bertso guztiak denbora gutxian kantatzeko.
Agate Deunaren bizitza-bertsoak era askotakoak ezagutzen dira eta gaurko honetan ez gara horiekin sartuko.
Egun honetako kantatzearen helburuetariko bat aginaldoa lortzea denez, martiriaren bizitza kantatzea gain, etxe bakoitzean, bertso berezi bat kantatzen da, baina ez edozein modutakoa. Lehenengo, etxe bakoitza aztertzen da eta ikusi ia nor den aipagarriena, ondorioz etxekoen bihotza bigundu eta aginaldo hobea lortzeko. Horretarako herri-bertsolariak zuhur ibiltzen dira bertsook apaintzen, bakoitzari berea botateko.
Gaurko honetan, bertso hauek aipatuko ditugu. Egilea, Zeberioko Manu Ayesta (g.b). Egilea ezeze, koruko aurrelaria ere izan genuen bere biziz.
Mota bakoitzeko hainbat bertso dira berak eginak baina hemen batzuk baino ez ditugu aipatuko. Denak nahi izanez gero, laster Auspoan agertuko dira A. Zabalaren eskutik. Euskalkiari dagokionez, bizkaieraren barruan Zeberioko aldakikoak dira eta, jakina, ez daude ortografia batuan. Dena den, ulerbidean, zertxobait egokiturik agertuko dira literario-mailara bidean. Bertsoak direla eta, zortziko zein kopla nagusiak dira, banaka zein konbinaturik.

 

HASIERAKO AGURRA

Oles ta oles bakean
kantetan asi gaitean
Agate Deuna kantetan gatoz
etxe ontako atean.
Kantauko badu esan deiskula
iñor badago etxean
iñork ezetzik eztiño eta
kantetan asi gaitezan.

Kristau maiteak gogoan artu
nortzuk gagozan atean
aurtengo urteko kinto gazteak
Santa Agedantzat batzean.
Kantauko bada esan deiskula
iñor badago etxean
iñok ezetzik ez diño eta
kantetan asi gaitezan.

Soldadu goaz soldadu
amaren seme sobradu
borondaterik baldin badago
limosna bila gatoz gu.
Limosneruok, Santa Ageda
ez da astean astean
urtean baten eta beratan
zezeilaren bostean.

 

AZKENEKO AGURRA


NAGUSIARI

Errotapean arria dago
aren ganean txoria
etxe ontako nagusi jauna
propietario andia
propietario andia eta
diru askoren jaubia
guri limosna emongo deusku
eun errealeko barria.

ABADEARI

Izar ederrak zeruan dagoz
mundua argitutzeko
etxe ontako abade jauna
erligiñoa zaintzeko
Aita Santua Erroman dago
Jesukristoren ordeko
jauna berori eskogiduta
dago aren lekureko.

ALKATEARI

Alkate onak erri askotan
batean eta bestian
Zeberiokoalangorik ez da
bat bera bere Bizkaian
tabernan meatz allegatzen da
eleizan aal dauanian
jaun ori ona dala guk letxe
dakie mundu guztian.

ETXEKO ANDREARI

Ondo andratxu preparadea
etxe ontako andria
erri onetan onena dauka
baita berorrek ondria
ondo andratxu kariñosea
biotza limosneria
gaur guretzako emongo deusku
limosna guztiz andia.

ALARGUNARI

Armarioan sagua
ari begira katua
etxe ontako etxeko andrea
alargun bedeinkatua.
Bere senarra gizon ona zan
egoanean munduan
orain gloriak gozatzen dago
Santa Agedagaz zeruan.

ZALDUN GAZTEARI

Ortxe goitxuan iturri
ura txorrotik etorri
etxe ontako zaldun gazteak
amalau urre txintxarri.
Amalau urre txintxarrirekin
zazpi damaren eguzki
guzti orreri gitxi eretxita
geiago ditu merezi.

SEME-ALABEI

Ortxe goietan ardiak dagoz
mendian arran-soñuan
etxe onetan seme-alabak
ezkonduteko moduan
euron doteak andiak dira
danok dakigun moduan
seme-alabok ezkonduteko
askok gura dauz munduan.

DAMA GAZTEARI

Lore ederra guztiz argia
udabarriko loria
duda bagarik axelangua
emeko dama gaztia
klabelinatxu guztiz polita
ganera dote andia
ori logratzen gau ta egun dabil
erri guztiko jentia.

TXIKERRENARI

Ortxe ortuan aza bi
bata besteari adi
etxe ontako txikerrentxuak
urrekurtzea dirudi
Etxe ontako txikerrentxuak
edertasuna ugari
bere aurpegi eder orretan
merezi dituz mosu bi.

TABERNEREARI

Geuri entzuten ementxe dauka
taberna ontan gentea
eta guk ondo kantau eiteko
sikurik dogu samea
samea freskatu egiteko
uts utsik dago botea
len baño len ba bete egizu
taberneratxu maitea.

LIMOSNARIK EMOTEN EZ DAUANARI

Erbia dago azatzan
erbikumea babatzan
etxe ontako uzaba jauna
samarañoko kakatzan.


Juan Manuel Etxebarria Ayesta, Deustuko Unibertsitatea.
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved