Leire
Ortuetak bederatzi urte besterik ez zuela, bere amak, alabaren
argaltasunaz kezkaturik, Ion Beitiaren dantza eskolan matrikulatu zuen,
Leirek ariketa fisiko pixka bat egin zezan. Hor hasi zen egun Londoneko
Royal Ballet ospetsuan toki bat beretu duen bilbotar honen ibilbide harrigarria.
-Noiz erabaki zenuen dantzari ekitea?
BBBko lehen urtean erabaki nuen aurrenik dantzan ari izan nahi nuela. Orduan
hamalau urte nituen eta ez nintzen ohartzen harturiko erabakiaren
garrantziaz, zeren eta ikasketa akademikoak alde batera utzi behar izan
nituen Ballet-klaseei erabat lotzearren. Orain konturatzen naiz nola sentitu
behar izan zuten nire gurasoek eta guztiz esker onekoa naiz eman zidaten
laguntzagatik, haientzat garai zailak izango ziren haietan.
-Non hasi zinen dantza egiten?
Bederatzi urtetan neska argala nintzen eta horregatik Ion Beitiaren eskolako
dantza klaseetara eraman ninduen amak, Areetara, ariketak itxura egokia
hartzen lagunduko zidalakoan nik uste.
-Zein adinetan hartu zenuen dantzan jarduteko erabakia?
Hamasei urtetan, egiaz dantzari ekitea gogokoa nuela deliberatu nuen eta
Ion Beitiarekin eta gurasoekin batera Europan zehar bidaiatu nuen Ballet
Eskola profesional batzuetan probak egiten. Izan ere, Ion Beitiaren helburua
zera zen, Balleta irakastea harik eta ikasleek nazioarteko eskola edo akademia
batean sartzeko gaitasun-maila iritsi arte. Maila hori lortu nuenean erabaki
genuen kanpora atera behar nuela karrera bat egiteko ahalbideak gauzatzearren.
-Zergatik joan zinen Londonera?
Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan proba batzuk egin ondoren, zorte
ona izan nuen Londoneko Royal Ballet School-ek plaza bat eskaini baitzidan,
eta haren nazioarteko ospe eta izen ona ezaguturik, onartu egin nuen. Eusko
Jaurlaritzak ikasketa-beka moduan emaniko laguntzaz Bilbotik alde egin nuen
Royal Ballet School horretan nire prestakuntza abiatzeko 1988ko Irailean.
-Londresko egonaldia gogorra izan zen?
Hasieran Londoneko bizimodua oso zaila gertatu zitzaidan, batez ere etxetik
eta familiagandik lehenengo aldiz urrun nintzelako. Oso ingeles gutxi hitz
egiten nuen eta jendeak oso azkar mintzo zela iruditzen zitzaidan. Hasieran,
gainerako ikasleak hotz bezala agertzen ziren nirekiko, ezagutzen ez zutenarengana
hurbiltzeko gogo gutxirekin. Dena den, egoera horrek gutxi iraun zuen eta
lagun asko egin nuen berehala, bereziki kanpoko ikasleen artean. Guztiok
ontzi berean geunden eta elkarri laguntzen genion ingelesez hitz egiteko
eta ulertzeko
-Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Oraingoz Royal Balleten jarraitzea, bai eta publikoaren aurrean dantzatzean
lortzen den poza nireganatzen segitzea espero dut.
-Zeintzuk dira zure etorkizuneko proiektuak epe motzera begira?
Oso pozik nago une honetan gauzak nola doazkidan ikusirik. Nik eginkizun
eta esperientzia berrietan jartzen ditut etorkizunerako itxaropenak eta
desirak. Bereziki gustukoa dut niretzat erronka tekniko eta artistikoa gertatzen
diren obra berriak koreografo sortzaileekin estuki lan egitea.
-Zer ezagutzen dute Euskal Herriaz Londonen?
Lehen aldiz iritsi nintzenean ez zirudien jendeak Euskal Herriari buruz
gauza
handirik zekienik, baina orain, Bilbon Guggenheim Museoa irekiz geroztik,
jendea askoz interesatuago agertzen da eta galdera asko egiten didate gure
eskualdeaz.
-Gustatuko litzaizuke etxera itzultzea?
Behin dantzari-karrera amaiturik, nire senarra, Anthony, eta biok Euskal
Herrira etortzea pentsatua dugu, hemen bizitzeko eta familia bat egiteko.
-Zer aholkatuko zenioke dantzaren mundu honetan hasi nahiko lukeen
pertsona bati? Ni prestatzen ari nintzeneko egoera berean orain legokeen nornahiri,
bere
aukera guztiak ondo kontuan hartzeko esango nioke nik, dantzariaren bizitza
erraza ez delako eta lehia oso gogorra delako. Baina egin nahi duenaz seguru
bada, erabateko konpromisoa hartu beharko luke, eta espero dut dantzak neri
ekarri didan adinako zorion eta gogobetetzea ekartzea.

LEIRE ORTUETA |
- Bilbon sortua, prestakuntza ikasketak Ion
Beitiaren eskolan eta Royal Ballet School-ean burutzen ditu.
- 1990:
- "School"-eko hainbat funtzioetan parte hartzen du:
- "Napoli"
- "The Rake's Progress"-en Kantariarena egiten du
- Royal Ballet Company delakoan sartu egiten da.
- 1994: Lehen Dantzaria izendatzen dute.
- 1997: Bakarlaria izendatzen dute.
- Errepertorioa:
- Lilien Maitagarria (Loti Ederra)
- Zisnea (Zisneen Aintzira, II. eta IV. Ekitaldiak)
- "Romeo eta Julieta"
- "Herman Schmerman"
- "Bayadère"
- "La Valse"
- "Intxaur kraskailua"
- "Present Histories" (William Truckett) obran paper
nabarmena izan du
- Rol propioak "If this is still a Problem" eta "Fearful
Symmetries" obretan
- Albatros papera "The Rhyme of the Ancient Mariner"
(William Truckett) telebistarako obra laburrean, Arts Council/BBC-ren "Dance
for the Camera" sailaren barne.
|
|