Ukaezina da, sortarazten duen interesagatik,
eskualde edo
erregioen kontzeptua gune edo foro askok eztabaidagai izan dutela. Beraz,
doktrinaren ikuspegitik ez ezik, erakundeen ikuspegitik ere aztertua izan
den gai baten aurrean gaude. Erakundeen artean, eremu komunitarioan landu
diren kontzeptuarekiko hurbilpenak aztertzeaz gain, maila europearrean,
Europako Kontseiluak -eta honen barnean, Europako Botere Lokal eta Erregionalen
Kongresuak- eta Europako Erregioen Batzarrak plazaraturiko definizioak izango
ditugu aztergai. Horrez gain, ezin ahaztu, estatu kide
bakoitzean garaturiko prozesu deszentralizatzaileak ezaugarri propioen jabe
direla, eta ondorioz, erregioek jasotako trataera ez dela uniformea izan
estatu kideetako testu konstituzionaletan.
Arakatze lana erakundeen barrutira mugatuz, Europa osoko estatu eta erregioak
barneratzen dituzten erakundeetatik hasiko gara, erakunde komunitarioekin
amaitzeko.
Eremu europearrean kokatzen dira erregioei dagozkien gaien
hausnarketan aritu izan diren erakunderik aktiboenetakoak (gobernuarteko
izaeradun Europako Kontseilua eta erregioarteko izaeradun Europako Erregioen
Batzarra, hain zuzen ere), zeintzuek Europar Batasunaren barneko
erakundeek baino erregioen aldeko sentsibilitate indartsuagoa erakutsi duten.
Europako Kontseiluaren barneko Botere Lokalen eta Erregionalen Konferentziaren
jarrerari dagokionez, garatu duen erregioen kontzeptuaren oinarria, ondoren
beste zenbait erakunderen definizioetan errepikatuko diren hiru elementuk
osatuko lukete: (i) espazioa-lurraldea; (ii) komunitatea-taldea eta (iii)
identitate edo kontzientzia erregionala.
Elementu hauetatik abiatuz, erregioa, estatu bateko unitate
lurraldetar zabalenean finkaturiko giza komunitatetzat hartzen da, zeinaren
ezaugarriak (i) arlo historiko, kultural, geografiko edo ekonomikoan homogeneotasuna
izatea eta (ii) homogeneotasun horren ondorioz, helburu eta interes amankomunen
lorpenean ihardutea liratekeelarik.
Adierazirikoari, Konferentziak Autonomia erregionalagatik ulertu izan duena
gehituz, -hau da, Administrazio estatalaren deszentralizazio hutsa baino
zerbait gehiago dela eta, besteak beste, organu legegile eta exekutibo erregionalaren
hautaketa zuzena ere barneratzen duela-, aipatu hiru elementuei laugarren
bat atxikitzen zaie: erregioen erakundeen egitura, alegia.
1994. urtean, Konferentziak eraldaketa bat jasaten du eta Europako Botere
Lokal eta Erregionalen Kongresu izena hartu. Baina erregioen kontzeptuari
gagozkiolarik, gure interesa ez da erakunde honen bilakaera hutsera zuzentzen,
baizik eta Kongresuaren sorrerako ebazpen estatutarioaren azterketara, bertan,
zeharkako bidea erabiliz bada ere,
kolektibitate erregionalak definitzen baitira, organu hautatuen eta eskuduntza
propioen tituludun izanik, zuzenki estatuaren azpiko mailan finkaturiko
entitateak direla aintzatetsiz.
Bide beretik, Kongresuak 1997. urteko urrian onarturiko Autonomia Erregionalari
buruzko Gutuna genuke. Testu honetan, Europako Kontseiluak bere bizi ibilbidean
jorratu duen erregioen kontzepzioa laburbiltzen da. Bertan jasotzen denaren
arabera, erregioa, (i) estatu bakoitzaren barnean
entitate lurraldetar zabalena litzateke; (ii) administratiboki, autoritate
zentral eta lokalen artean kokaturik legoke; (iii) erakundeei dagokienez,
asanblea ordezkatzailea eta gorpu exekutiboa izango lituzke eta (iv) erakunde
hauek, herritargoaren interesean eta beren erantzukizunpean (beti
ere subsidiaritatearen printzipioarekin bat) gai publikoak zuzentzeko eskuduntzen
tituludun izango lirateke. (v) Azkenik, erregioen eskuduntza hauek konstituzioan,
erregioaren estatutuetan, zuzenbide nazionalean edo zuzenbide internazionalean
aintzatetsiak beharko lukete izan eta
nahitaezkoa litzateke adieraziriko formula juridikoren bat erabiltzea erregioen
eskuduntza propioei eragiteko edo hauek mugatzeko.
Orain artekoaren konklusio bezala esan genezake, Europako
Kontseiluak hartu duen norabidea, entitate erregionalen figura indartzen
ahalegintzearena dela, bai estatu mailan eta baita Europako erakundeen mailan
ere:
(i) Estatu mailan, erregioa, estatuaren osaketaren elementu esentzial
edo oinarrizkotzat jotzeaz gain, konstituzio edo estatutuetan aintzatetsia
izan behar duela irizten dio, beti ere estatu bakoitzak aukeraturiko deszentralizazio
prozesua eta abiadura errespetatuz.
(ii) Arlo komunitario eta europearrean, entitate erregionalek,
printzipio demokratikoen garapena sustatzeko eta subsidiaritatearen printzipioa
eraginkorki aplikatzeko autoritate maila egokiena dutela kontsideratzen
du Europako Kontseiluak. Gainera, ildo hortatik abiatu daitezen gomendioak
eman izan dizkielarik erakunde ezberdinei.
Eremu europarrean, aztergai dugun bigarren erakundea, Europako Erregioen
Batzarra litzateke. 1985. urtean, hainbat erregio eta erregioarteko organizazioren
baturari esker, sortu zenetik Europako erregioen arteko elkarrizketa, elkarlana
eta iharduera amankomuna bideratzeko funtzioa bete du. Era berean, erregioek
Europako erakundeetan haserako uneetan horren ahula zen partehartzea indartzearen
eta sakontzearen aldeko ahaleginak egin ditu. Gaurkoan guri dagokigun gaiari
ere, Estatutuetan bertan zuzenean oratzen dio eta, esango nuke, doktrinaren
eta erakundeen artean onarpenik zabalena lortu duen kontzeptua lantzen duela,
nahiz eta kritikak ere jasoko dituen. Beronen arabera, erregioaren kontzeptuak,
estatu zentralaren azpiko mailan kokatzen diren
kolektibitate lurraldetarrak barneratuko lituzke eta hauek hautaturiko asanblea
erregional batek egikarituriko ordezkaritza politikoa izango lukete.
Europako Erregioen Batzarrak, 1996. urtean onarturiko Europako Erregionalismoari
buruzko Aitorpenean kontzeptuari eginiko erreferentzian begirada finkatuz,
erregioaren ezaugarriak, (i) nortasun juridiko propioa edukitzea; (ii) ente
publiko lurraldetarra izatea; (iii) zuzenki
estatuaren beheko mailan kokatuta egotea eta (iv) autogobernu politikoaren
jabe izatea lirateke. Estatuaren konstituzioa izan beharko litzateke erregioaren
autonomia, identitate politiko propioa, eskuduntzak eta antolaketa, arrezagutuko
dituena. Gainera, ez bakarrik arrezagutzea,
bermatzea ere bere zeregina litzateke. Halere, estatuko arau juridiko gorenari
badagokio ere berme funtzioa betetzea, erregioak berak, konstituzio propio
edo autonomi estatutu batez hornitua beharko du egon, zeinak, estatuko ordenamendu
juridikoaren parte osatuko duen, lehentasunezko postua betez mailarik gorenean.
Eremu europarretik komunitariora joz, bertako erakundeek
erregioekiko adierazi duten jarrera, aurretik aztertutakoek agerturikoa
baino neutroagoa litzateke. Ezin ahaztu, ordea, erakunde komunitarioen jarrera
honek non izan dezakeen bere jatorria:
- Erromako Tratatuak berak, erregioa, zenbait politika komunitarioren
aplikazio marko bezala hartzen du, hau da, metodologia komunitarioak, batipat
ekonomiaren sustapenerako dituen tresnetako bat bezala.
- Denboran jarraituz, Europar Akta Bakarrak, erregioak mailaz igotzeko
ahaleginak egiten dituela esan daiteke, ezen politika komunitarioen objektu
huts izatetik, erregioak politika horien subjektu bihurtzen baititu, helburu
nagusi batekin: batasun ekonomiko eta soziala lortzea.
- Bilakaera honi jarraituz, Europar Batasunaren Tratatuak, kontzeptuaren
konfigurazioan gehiegirik laguntzen ez duen arren, erregioek instituzioetan
duten partehartzean berrikuntza bat suposatzen du, Europako Erregioen Komitea
sortuz.
- Azkenik, Amsterdameko Tratatuaz ere beste horrenbeste esan daiteke,
ez da erregioen kontzeptuari buruzko inolako aipamenik egiten nahiz eta,
esate baterako, atal bat subsidiaritatearen printzipioari zuzendu.
Hortaz, ordenamendu juridiko komunitarioak, orain artekoan, erregioen
nozio juridikorik ez duela gauzatu esateko egoeran geundeke. Nahiz eta honek
ez lukeen justifikatu beharko botere erabakiorra duten erakunde komunitarioek
gai honekiko duten jarrera hutsala, testuinguru juridikoak jarrera horrek
babesa duela ulertzeko balioko liguke.
Erakunde komunitarioen artean, herrien foroa den Europako Parlamentua
izan da nagusiki gaia tratatu duena, bakarra dela ez esatearren. Parlamentuaren
jarrera zein den agertzen duten testuen artean, nagusia, Erregionalizazioari
buruzko Gutuna litzateke, nahiz eta beste zenbait Txosten ere aipatu daitezkeen,
esate baterako, Fullet eta Herman Txostenak.
Lehendabizikora mugatuz, 1988. urtean onarturiko
Erregionalizazioaren Gutunaren arabera, erregioa,
(i) geografikoki, entitate neto bat osatzen duen lurraldea edo beraien
artean jarraipena duten lurraldeen batura da;
(ii) lurralde hortan, herritargoak elementu amankomun batzuk izango
lituzke (hizkuntza, kultura, tradizio historiko eta ekonomia edo garraio
gaietan interesak).
(iii) talde horren helburuak, bereiztasun horiek mantenitzea eta
garatzea lirateke, modu horretan aurrerapen kultural, sozial eta ekonomikoa
burutzeko.
(iv) Erakundeen arloan, ostera ere, asanblea eta gobernu erregionalaren
figurak errepikatuko lirateke.
Agerikoa denez, definizio honek erregioa bere osotasunean
erakusten digu, batetik, izaera objetiboa eta bestetik, subjetiboa dituzten
elementuak zehaztuz.
Baina, ez zaio estatu bakoitzaren terminologiari eta estatu
bakoitzean erregioek duten izaera juridiko-politikoari arreta gehiegirik
jartzen. Guztiek dute definizio honen barnean lekua baina izaera erregional
heterogeneoaren existentzia errespetatuz. Nolanahi ere, estatu kideei beren
lurraldean erregioen egoera instituzionalizatu dezaten eskaria luzatzen
die, instituzionalizazio hori konstituzio testuan edo ahalik eta maila juridiko
gorena duen testu juridikoetan eginez.
Bukatzeko, adieraziriko guzti honetatik zenbait konklusio
ondorioztatuko genituzke:
- Lehenik , erregioa zera dela esan genezake: (i) lurralde bat; (ii)
giza talde bat barneratzen duena; (iii) maila desberdineko kontzientzia
edo identitate erregionalarekin; (iv) administratiboki,zuzenean estatuaren
azpian kokatua eta entitate lokalen gainetik; (v) instituzionalki, eskuduntzen
jabe diren asanblea legegile eta organu exekutiboarekin eta (vi) estatuaren
konstituzioan aintzatetsia.
- Bigarrenik, ezin genezake ahaztu, estatuen barne
antolaketa beraien eskuduntza propioa dela, horrez erakunde komunitario
eta europearrek irizpideak eman baino ezin dezaketela egin. Gogoratu oraindik
eremu komunitarioan deszentralizazio maila oso ezberdinak daudela: estatu
erdi unitarioetatik hasita (Irlanda eta Britainia Handia), deszentralizazio
politikoa daukaten estatuetaraino (erregionalismoaren bidea -Italia, España-
edo federalismoaren bidea -Alemania eta Belgika- erabiliz), tartean deszentralizazio
administratibo hutsa dutenetatik igaroz (Frantzia).
Horrez, estatu kide bakoitzak erregiotzat ulertzen duena hain desberdina
izanik, guzti horiek batuko dituen kontzeptu uniboko edo zentzubakarreko
bat lortzea, batetik, oso konplexua eta bestetik, komenigarria den erabakitzeke
dagoen auzi bat litzateke.
Maite Zelaia Garagarza, Zuzenbide
Konstituzionaleko irakaslea. Zuzenbide Fakultatea.UPV/EHU |