Herri kirolak "Herrialde
edo lurralde baten berezko mugak gainditu ez dituen kirolak"
omen dira. Kirol horietako
batzuk ezagun eta ospetsu egin dira gaur egun, gure artean; beste
batzuk, hala ere, oso jende gutxik ezagutzen dituela esan genezake.
Ahari -apustuak
Ahari-apustuak urte asko baino lehen galduko direla
diote: "Gurekin batera joango dituk" esan ohi du Inazio
Merketegi Azpeitiko Pastorkua tabernari eta ahari-zale
handiak. Eta gogoan izan orainaldiko ahari apusturik gehienak,
edo ia denak, Azpeitiko zezen plazan jokatzen direla, igande
arratsaldero; igande arratsaldero; eta etorkizuna, inork ikustekotan,
ondo ikusi behar duela zaletasun hau buru-bihotz bizi duenak.
Izan ere, betiko jendea bakarrik biltzen da norgehiagoka horiek
ikustera, adineko jendea, gainera. Ez da kontu ederra hori etorkizun
ona izateko.
Bistan
denez, Ahari- jokoa (ahari-topeka Bizkaian, eta
ahari- talka Nafarroan) artzaien arteko norgehiagoka hutsa
zen garai batean. Baina amaitzear den mende honen hasieran plazako
jendeaurrera biltzen hasi ziren ahari-zalea. Donostia, Eibar,
Tolosa eta, bereziki Azpeitiko zezen plaza, moda-modan jarri
ziren herri-kirolen zaleentzat. Aizkora apustu aipagarriak ezezik
Ahari-apustu bikainak ere antolatzen zuten aipatu plaza
horietan, Rafael Agirre Frankok bere JUEGOS Y DEPORTES VASCOS
(AUÑAMENDI- Enciclopedia General Ilustrada del Pais
Vasco) liburu mardulean idatzi duenez. Eta sekulako jendetza
biltzen zen, zer ikusiko. Labur beharrez, aipamen soil bat egingo
dut hemen, ahari-apustuari dagokionez: kontatzen dutenez,
1912ko otsailaren 20an, 3.000 lagun bildu omen ziren Tolosako
zezen plazan Astigarreta eta Altzoko bi ahari famaturen arteko
desafio gogorrak ikustera. Diru asko jokatu omen zen, trabesean.
Bestalde, apustu handietan eta edozein herritako zaindari jaietan
ere ahari-jokoak jendea erraz erakartzen zuen. Nikolas
Ormaetxea ORIXEK ederki asko egin zuen jai-arratsalden bateko
ahari-talkaren argazkia bere EUSKALDUNAK poeman:
Biamona da. Apustu
egiñak beinik-bein
Zintzo joka daitez
ta besten bat aiekin
Ari-talka ta zanka
nola dan itzegin
Sanditse´kin
Ezkurra´k, Uitzi´k Leitza´kin
(Euskaldunak, Orixe)
Garai bateko kronikariek ez dute
aipatu ere egiten ahari-apustu konturik, ez lehen eta
ezta orain ere. Francoren garaian debekaturik zeudelako izango
zen, nonbait; edo Azeaitian bakarrik jokatzen zirelako, eta beti
isilka gainera. Gaur egun ere ez dira aipatzen, bailada horrexetara
mugaturik daudelako, eta ezagutu ere ez direlako egiten, agian.
Alabaina, han eta hemen bildu ditudan aipamenak egiak badira,
(ahoz jasotakoari beroarena kendu behar zaio, esaten zuen
nire aitak) Nafarroako goialdean, Uitzin, Leitzan, Salditsen,
Ezkurran eta Baztan aldeko herriska askotan igande eguerdiko
festa ahari-talkak izaten omen ziren, aspaldi. Bizkaian,
Elorrion, Durangon, Markinaldean, Berrizen etab, ahari-topeka
gogorrak egiten ziren artzaien arteko erronkak garbitzeko
eta. Eta Gipuzkoari dagokionez, Eibar-en, Azkoitian, Arroan,
Donostiako Chofreko zezen plaza berrian, Tolosan eta, lehen ere
aipatu dugun Azpeitian egin izan dira ahari-apusturik aipagarrienak.
Apustua zertan den
Laburbilduz, ahari apusturako
legeak eta baldintzak, duela urte batzuk Euskal Kirol
eta Jokoetarako Federazioak argitara eman zuen Arautegian
bilduta daude. Oso bitxia bada ere, "Azpeitiko Ahari
apustuetarako Araudia" izenez argitaratu zen, eta ez
dakit beste plazatarako balioko duen.
Lau edo bost apustu joka daitezke
igande arratsaldero. Eta noiz sei edo zazpitaraino bilduko balira,
arratsaldean lau bakarrik jokatuko dira. Gainerakoak, eguerdiko
12:00 etan jokatu, edo hurrengo igandera atzeratu beharko dira.
Apustua jokatu, 8 kintzetara jokatzen
da, berez, 8 ekinaldietara, alegia. Arautegiak agintzen duenaren
arabera, lehenengo lau botaldiak, motzean egin behar dira; eta
hurrengo laurak, hirugarren epaileak aginduko duen arrastotik,
luzean. Aharietako batek, jokoa hasteko beldurrez, igesari ematen
badio (askotan gertatzen den lez), beste ahalegin bat edo gehiago
egiteko eskubidea izango du bere jabeak, naiz eta behin igeska
hasten den aberea borrokarako prestatzea oso zaila izaten den.
Apustua irabazi kolperik gehien ematen dituen ahariak irabazten
du, legezko denez. Araudiaren beste atal batek agintzen duenez,
gutxienez ere ahariek lau kolpe ematen ez badizkiote elkarri,
apustu horri dagokion sarrera-dirua Udaletxerako izango da. Beste
lege zorrotzik ere gogorarazten du Ahari-apustuetarako Arautegi
honek. Besteak beste, apustua galdu duen ahariak ez du beste
jokorik egin ahal izango plaza ondorengo hiru hilabeteetan.
Bataz beste, 30/70 kolpe inguru
horretan errenditzen dira apustuan asko jota ere. Eta ez da izaten
8 borrokaldiren beharrik, lehenengo bi edo hiru kintzetan
erabakitzen bait dira erabaki beharrekoak. Apustu gogorragorik
ere izan zen, kontatzen dutenez, garai batean; eta orain ere
izaten da, noski. Inoiz entzun izan dudanez, Oiartzungo Mendiolaren
"Txato"k, 156 kolpe emanda irabazi omen zuen apustua.
Edo, Rafael Agirre Frankok dioenez, Aiako Amunategiren ahariak
225 topekada eman omen zizkion Armendiarenari, apustua aise irabaziz.
Urrestillako Jose Aranaga AUNTZAren ahariak kontrario gogorra
izan zuen: 288 kolpe eman behar izan zizkion, behin batean, aurkariari.
Eta 300 kolpe emandakorik ere izan da Urolaldean.
Ahari-jabeak, gaurregun
Artzaien arteko lehiaketa hutsa
izan ziren ahari-apustuak erreuz aldatu dira azkeneko
urte hauetan: mendian edo auzo txikietan egiten zirenak, zezen
plazan erabakitzen dira orain.
Bestalde, ez dira artzaiak izaten
gaur egungo ahari-jabe, baserriarekin lotura berezia dutenak
baizik. Apustu-ahariak, bakarka edo...taldean egosten dira, gehienetan.
Izan ere, asko ordaindu behar izaten dira, eta geroko prestaketa
ere garestia izaten da. Baserria utzi eta kalera bizitzera etorrri
izan den bat baino gehiago ikusten dut orain ere, ilunabar aldean,
aharia ondoan duela, mendi bideetan zehar korrika, beren mutur
beltza trebatzen. Eta areago: 60/100 apustu-ahari eduki izan
dituen edo daduzkan tabernariak ere badira, noski. Bada beste
ahari-jabe berezi bat ere egun: plazako apustutan dabiltzan
artekariak dira, korredoreak, alegia. Baina, kontuz! Ez galdetu
gero inori zenbat ahari dituen, nekez esango dizu eta egia zehatza.
Gauza horiek isilik gorde behar ditu benetako apustu-zaleak,
norgehiagoka askoren gakoa hortxe legoke eta, agian. Zer nahi
duzu?
Ahari-jokorik onenak, Urbasa eta Andiako mendietatik
ekartzen omen zituzten garaia bateko artzaiek. Urbia eta Aralarkoak
baino txikiagoak izan arrem, borrokari ausartagoak ziren, eta
buruz eta adarrez gogorragoak. Eta gaur egungo aker-ahari
borrokarienak ere handixe ekartzen dituztela esan didate.
Arraza berezia da, nonbait. Baina egia esan behar da: apustu-ahari
ona, diru asko ordaindu behar da orain: 350.000 pezetatik
gora, gehienetan. Edo askoz ere diru gehiago ordaindu behar izan
duela esango dizu norbaitek. Seirehun mila pezeta edo gehiago
agindu eta saldu nahi izan ez duenik ezagutzen dut.
Ahari-jokoak dirua erraz irabazteko aitzakia bat direla
pentsa lezake norbaitek aipatu ditugun tabernari edo bestelako
ahari-jabe horientzat. Bai zera! Ahari-zalea afizioz dabil batez
ere, eta askotan, gehienetan, dirua galduz ibili ere. Apustua
ez da errenta esan zuenak arrazoi handia bota zuen. Egun
ez dio etxeari habealdi berririk erantsiko apustu eta erronka
dabilen ahari-zaleak.
Ahari-apustuen prestaketa
Ahari apusturako ondo trebatzeko,
esaten dutenez, 4-5 kilometro egin behar ditu korrika edo pauso
bizi-bizian ibiliz, bi egunez behin gutxienez ere. Baina gehiegi
nekatu edo leher eragin gabe erabili behar ordea.
Aharia eduki zoru gogorra dagoen
ikuiluan edo ezkura gutxiko estalpean eduki behar du, hanka.minik
harrapa ez dezan. Eta aldian behin, mendean hartuko duen sparring
bat botatzea ere ona da, kolpe batzuk eman eta joka egiteko
konfidantza handia har dezan, burua eta adarrak minberatzeke.
Ahariaren
elikadurari dagokionez, zeregin honetarako inori aitortu nahi
ez dizkion trikimailuak izaten ditu ahari-jabe bakoitzak. Jan
edanari dagokionez, Urrestillako AUNTZAK, adibidez, 900 gramu
baba-beltz ematen omen zizkion ahariari, egunean hiru emanalditan;
eta litro-erdi bat ardo beltz, besakada pare bat belar, ekarri
berria; arraultza gorringoa eta azukre pittin bat, egunero. Inoiz
ere ez urik, ahariak behar zuen likidoa belarretan eta ardoan
bait zegoen.
Gaur egun ahari prestatzaileek
gutxi baian zerbait aldatu dute, noski: Baba beltza egunero ematen
diote orain ere. Horrez gain, zahi larria (urdailerako ona omen
du eta), azenarioa, tomatea eta sagar gordina. Ura ere aukeran
jartzen diote, abereak egarririk sentituko balu ere. Inoiz ez
ardorik, esaten dutenez.
Ahariak, bestalde, kiloak galdu
edo irabazteko erreztasun handia izaten du. Eta elikatze- lana
zuhurtasun handiz zaindu behar da, gero plazan jakineko pisuan
jokatu beharko du eta.
Non eta noiz ikusi
Azkenik, ahari-apustuak
non eta noiz ikus daitezkeen esan beharko dut, baldin eta irakurkeren
batek inoiz horrelako norgehiagoka bat ikusteko gogo eta gutiziarik
senti baleza ere:
Hasi urriko lehenengo igandetik
eta ekainaren azkenera bitartean jokatzen dira ahari-apustuak
Azpeitiko zezen plazan. Lehen ere esan dudanez, egun batean
bost apustu baino gehiago tokatzen badira, eguerdiko 12:00 eta
arratsaldeko 5:00 etan izaten dira. Baina 4 edo 5 apustu bakarrik
direnean, arratsaldez, esandako orduan. Uztailean, abuztuan eta
irailean ez da izaten apusturik, plaza honetan behinik behin.
Ez nioke inori ziririk sartu
nahi hala ere: oso ikuskizun gogorra da, batez ere abereak maite
dituenarentzat.
Alabaina, 250-300 apustu-zale
eta ahari-maitale biltzen dira igandero igandero Azpeitian. Betikoak
eta jende heldua bereziki.
Joxemari Iriondo,
telebista aurkezlea eta herri kiroletako hainbat proben antolatzailea. |