Egun, Ollerietan ez da buztinik ikusten. Egon badago,
baina orain dela hogei urte Arabako inguru horretan egin zen
urtegiak estaltzen du. Uraren eta nola ez, bizimodu berriaren
eraginez, Ollerietak galtzen ikusi du garai batean herrixka horretan
nagusi izan zen ofizioa: buztingintza. Harik eta Blanca Gomez
de Segura bertara hurbildu zen arte. Ollerietan geratzen zen
buztingile bakarrari esker ofizioa ikasi eta berreskuratzeaz
gain, Euskal Zeramikari buruzko museoa irekitzeko gai izan da
Blanca Legutiotik bi kilometrora dagoen herrixka horretan. Buztina
Kataluniatik ekarri arren, aspaldi Ollerietan eta oro har Euskal
Herri guztian egiten ziren zeramikak egiten jarraitzen du Blancak.
-Zer egiten du Ollerietan
markinar batek? Orain dela hogei
urte, arte eskola bat sortu genuen Markinan. Eskola horretan
makramea, pintura eta zeramikari buruzko eskolak ematen ziren.
Horrela, zeramika artistikoa ikasi nuen, baina euskal zeramika
ezagutu nahi nuela eta, Ollerietara etorri nintzen Joxe Ortiz
de Zarate ezagutzeko asmoz. Joxe zen, herri honetan geratzen
zen azken buztingilea. Hasierako asmoa, Bizkaiko Diputazioak
emandako bekari esker ikerketa bat egitea izan zen, baina konturatu
nintzen, ez zela nahikoa ikerketa egitea. Buztina hartu, eta
aintzinako ofizioa berreskuratu beharra zegoen.
-Ofizioa ikasteaz gain,
Joxerena izandako baserrian bizi zara egun. Joxe hemen bizi izan
zen, Olleria izeneko baserri honetan. Etxetik gertu urtegia egin
zutenean, berriz, buztinik gabe geratu, laborari izatera pasa
eta Joxe alboko etxe batetara joan zen bizi izatera. Ni etorri
nintzenean, baserria abandonatuta eta jausteko zorian zegoen,
baina erostea erabaki genuen. Hasieran, ofizioa eta baserria
berreskuratu, eta ondoren, orain dela sei urte, Euskal
Herriko zeramikari buruzko erakusketa jasotzen duen museoa zabaldu
genuen baserrian bertan. Horrez gain, labea ere berreskuratu
dugu. Orain dela berrogei urte egin zen azken labakada baserri
honetako labean.
Egia esan, prozesua luzea eta neketsua izan da. Nire senarra,
bi alabak eta ni neu burubelarri sartu ginen, eta azkenean aurrera
egitea lortu dugu. Ekimen pribatua izugarria izan zen hasieran,
baina une batean konturatu ginen administrazioaren laguntza beharrezkoa
zela, guk bakarrik ezin genuela aurrera egin. Azkenean, laguntza
hori etorri egin zen eta %20koa izan arren, proiektuak aurrera
egin ahal izatea ahalbidetu zuen. Honek guztiak aurrera egiten
jarraitu dezan, Arabako Diputazioarekin hamar urterako hitzarmena
daukagu sinatuta. Horren arabera, Diputazioak laguntza txiki
bat ematen digu, gutxienez, gastuei aurre egiteko.
-Beraz, Ollerietan garai
batean buztingintza zen nagusi. Iharduera horrek
eman zion izena. Ollerias, olla-tik dator, latinetik datorren
hitza da. Araban badira horrelako herri gehiago, adibidez, Ullibarri
de los Olleros. Bilbon ere bi kale daude: Ollerias altas eta
Ollerias bajas.
Garai batean, nahi beste buztin
zegoen Ollerieta inguruan, eta bost eltzetegi zeuden. Ni heldu
nintzenean, ostera, Joxek ez zuen tornorik ezta laberik ere.
Horregatik, tramankulu horiek guztiak ekarri genizkion ofizioa
niri irakats ziezadan. Oilotegi batean labea eta bi torno txiki
jarri, eta han pasa nituen hamar urte ofizioa ikastean.
Nik Joxeren belaunaldiko lau buztingile ezagutu ditut, eta egun
hiru daude bizirik. Joxe zaharrena da, 86 urte ditu eta dekanoa
dela esan dezakegu. Bestea bere lehengusu bat da, 75 urte dituena.
Hirugarrena ere arabarra da, eta 72 urte ditu. Hirurak buztingileak
dira, baina tailerrik ez dute. Buztingile izateari utzi ziotenean,
guztia saldu egin zuten.
-Euskal Herriko zeramikaren
inguruan ere asko ikertu duzu. Nik batez ere formen
eboluzioa aztertu dut, azken 100 urteetako joera zein izan den.
Bestalde, piezen kontserbazioan jarraitu beharreko pauso batzuk
ere zehaztu ditugu. Hala ere, zeramika, Euskal Herrian oso gutxi
ikertu den arloa da. Azken
hamar urteetan bultzada bat eman diogu, baina oraindik hutsuneak
daude. Gaur egun zeramikaren inguruan ikerlan batzuk egiten ari
garenok ez gara akademikoak, ez gaude horrelako lanak egiteko
prestatuta. Informazioa jasotzen dugu baina horri guztiari forma
emango dioten historialariak falta dira. Museo honekin sakabanatuta
zegoen informazioa biltzea lortu dugu, eta une hau egokia litzateke
ikerlan sakon bat egiteko. Apurka-apurka lortuko dugu zeramika
unibertsitatera gerturatzea, nahiko banatuta egon baita.
Garrantzitsuena izan da, hainbat pieza biltzea lortu dugula.
Kofradietara hurbildu eta 450 pieza jaso ditugu. Seguru pieza
gehiago izango direla, baina guk batzuk bildu ditugu. Kofradietako
ontziak bereziak izaten dira, buztingileak kofradietarako pieza
landuagoak egiten baitzituen. Kofradia gehienetan, gainera, dokumentazioa
dago, eta agiri horietan agertzen da idatzita zein urtetan erosi
zuten pieza bakoitza. Horrela pieza bakoitzari bere fitxa jarri
diogu, eta orain, ikerlan sakon eta historikoa egitea falta da.
Zeramikan badago zer ikertu, adibidez, pintore batzuk margotutako
zeramikak. Badira Arrue, Zuloaga, Goiko edo Amanek dekoratutako
zeramikak. Pieza horiek bakarrak dira eta ikertu egin beharko
lirateke.
-Lehenengo ofizioa, gero
baserria, azkenik museoa. Baduzu beste ametsik? Jakina. Labearen
erreplika bat egin nahi genuke, urtean behin aintzina egiten
zen eran labakada egiteko. Aspaldi, mendira joan, otea jaso,
eta gurdiarekin ekartzen zuten. Labean 8.000 pieza inguru sartu,
eta otea errez 1.000 graduko
tenperatura lortzen zuten piezak erretzeko. 1.000 gradu lortzeko,
20 gurdikada ote erre behar izaten ziren. Pentsa zelako lana
izaten zen! Esan bezala, baserri honetan 1958an egin zuten azken
labakada. Polita izango litzateke berriro ere aintzinako eran
labakada egitea.
Bestetik, aurrera begira baserria handitu nahi genuke, eskola
bat irekitzeko museori lotuta. Nire ustez badago ofizio hau ikasi
nahi duen jenderik, baina hemen ez daukagu hogei lagunentzako
tokirik. Hala ere, eskolarena beste era batean egingo dugu, inplikazio
pertsonala ez da hain handia izango. Eskola ireki nahi dugunez,
Alemaniara eta Kataluñara joan asmo dugu eskola eta tailerra
biltzen dituen proiektu batzuk ikustera. Ez dugu, etorkizunik
izango ez duen zerbait irakatsi nahi.
- Buztingintza berpiztea
da eskolaren helburua? Joxe Migel Barandiaranek
100 urte bete zituenean zera esan zigun buztingintzan ari ginen
talde bati: "gazteok, ahal duzuen guztia ikasi, eta ikasitakoa
irakatsi". Hemen ere hori egin nahi nuke. Nik ez dut ezer
lortuko Joxek erakutsi didan ofizio hau beste batzueri irakasten
ez badiet. Hala ere, garbi utzi nahi dut ofizio hau ez dela bi
edo hiru urtetan ikasten. Bost edo sei urte behar dira ondo menderatzeko.
Nik uste merkatuan aukerak badaudela. Gaur egun gure etxeetan
jartzen ditugun zeramikak kanpoan egindakoak dira, batez ere
mediterranear aldean. Baina gure estetika ez da berdina, eta
hemengoa ere iraun arazi beharko genuke.
-Zein pieza egiten dituzu
tailerrean? Alde
batetik enkarguak eta bestetik erreprodukzioak, hau da, museoan
dauden piezak eta Joxek egiten zituen berdinak egiten ditugu.
Euskal zeramika oso erabilgarria da, eguneroko bizitzan erabilgarriak
diren piezak dira nagusi, eta guk ere gauza erabilgarriak egiten
ditugu: ontziak, platerak, lorontziak, pitxarrak... Dekorazioa
ere berreskuratzen goaz, zeren hutsunea egon da. Uste zen Euskal
Herriko zeramikan kolore txuria zela nagusi, baina ikusi dugu
ez zela horrela. Urdina, berdea eta beste kolore batzuk ere erabiltzen
ziren apaingarriak egiteko.
-Zer dio Joxek berea izandako
etxea museo bilakatuta ikusten duenean? Pozik dago, konturatzen
baita gaur egun jendeak zeramikari begirunea diola, eta ofizio
honek errekonozimendua lortu duela. Apur bat kostatu zaio, badakizu
ni emakumea naiz eta betidanik buztingileak gizonezkoak izan
dira, baina kontent dago aurrera egin dudala ikusi baitu.
* Euskal zeramika ikusgai museoan
*
1993ko apirilean ireki zuten Euskal Buztingintza
Museoa Ollerietan. Museoko kolekzio osoa 1.500 piezek osatzen
dute, baina erakusgai, adierazgarrienak daude bakarrik. Gainontzekoak
biltegian gordetzen dira. Pieza guztien katalogazio lana egina
dagoenez, ikertzaileek aukera dute biltegian dagoena ordenagailu
bidez kontsultatzeko. Historiaurreko eta Ertaroko piezak Arabako
Museo Arkeologikoan gordetzen dira, eta Ertarotik aurrerakoak
Ollerietako museoan.
Museora
hurbiltzen denari, baserria zergatik berreskuratu duten azaltzen
zaio lehen-lehenik. Gero, zazpi ataletan sailkatuta dagoen erakusketa
ikustera gonbidatzen zaio, hori ere azalpenekin lagunduta egiten
delarik.
Labur-labur honako zeramikak ikus daitezke: sutan janariak egiteko
erabiltzen ziren eltze, kazuela eta lapikoak; sukaldean erabiltzen
ziren ontziak, hau da, janariak prestatzeko, likidoak edukitzeko
edo mahaira ateratzekoak; ura garraiatzeko eta biltzeko erabiltzen
zirenak oraindik etxeetan urik ez zegoenean eta iturritik ekarri
behar izaten zenean; txerri hiltze eta janari kontserbatarakoak:
barriñoiak, tinakoak...; eta erabilera erlijioso eta apaingarrietakoak:
lorontziak.... Gainera, Zornotzatik ekarritako torno bat eta
eraikuntzako zeramikak ikus daitezke, teilak... Bukatzeko, etxean
osagarri gisa erabiltzen ziren gainontzeko ontziak: erabilera
sanitariokoak, edo norbere burua garbitzeko erabiltzen direnak.
Baina
museoa bizia da, eta bertara hurbiltzen denak zeramikak ikusteaz
gain, aukera du ofizioa zelan egiten den ikusteko. Blanca, honen
alaba eta beste laguntzaile bat egunero aritzen dira piezak egiten
museoaren lehen solairuan dagoen tailerrean. Torno elektrikoan
buztinari forma nola ematen dioten, eta labe elektrikoan zelan
sartzen dituzten ikus daiteke gertu-gertutik.
Bukatzeko, baserriaren alde batera
dagoen eta monumentu izendapena duen labea erakusten zaio bisitariari.
Labea kanpotik eta barrutik
ikusita.
Makina bat jende hurbildu da
museo honetara. Iaz, adibidez, 9.000 lagunek bisitatu zuten museoa
eta aurten kopuru hori handitu egingo dela uste du Blancak. Horietatik
erdiak ikasleak izaten dira, eta gainontzekoak euren kabuz datozen
bisitariak. Uda inguruan, Kataluña, Madril eta Valentziako
jendea erruz hurbiltzen da. Bestalde, Bilboko Guggenheim ikusi
eta ondoren Errioxara doazen atzerritarrek ere egiten dute geldialdia
museoa ikusteko, eta euskal zeramiko piezaren bat erosteko. Izan
ere, Blancak eta bere taldeak egindako zeramika salgai dago. Argazkiak: Maria
Agirre
Euskonews
& Media 48.zbk (1999 / 10 / 1 - 8) |