Eduardo Txillida XX. mendeko eskulturagile
handienetakoa da. Bere piezak mundu zabaleko toki frankotan egoteaz
gain, bere obra nazioarteko museo eta arte fundazio garrantzitsuenetan
egon da ikusgai. Donostiarrak jasotako sarien zerrenda luzea
da benetan: Nazioarteko Eskultura Saria, Graham, Rembrant, Previdenceko
Art Institute eta Europa sariak, "Prix National des Beaux-Arts",
Wolf Foundation Prize, Asturiasko Printzea, eta jaso duen azkena:
Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria. Azken boladan komunikabideetatik
urrunduta bizi da donostiarra, ia ezinezkoa bilakatu da Txillida
elkarrizketatzea. Hori dela eta, 1988an "Gure aitaren etxea"
liburuan, Josemari Velez de Mendizabalek egin zion elkarrizketaren
zati bat berreskuratu dugu
-Zure
ustez, Gernikako arbolak oraindik euskal askatasunaren ikurra
izaten jarraitzen al du? Nire ustez, bai. Inolako ezbairik gabe. Arbolak, ene
ustez, sinbolismo handia du. Nik zera proposatuko nuke, Gernikan
kanpaina ekologiko bat eratzeko hartu beharreko erabakia hartzea;
arbolaren hiritik, Gernikatik, Euskal Herrian zehar eta mundu
osoari ideia orokor bat zabaltzea: izadiarekiko begirune eta
babesa. Eta zehatzago, arbolen aldeko babesa. Gernikaren antzeko
toki batean arbolak lurreratu nahi izatea pekatu larria da. Haritz
eder bat bota nahi zutela esan zidaten lehengo egunean. Ziur
asko, "gure arbolaren" senitartekoa izango den haritz
mardula; eta gogoratu nahi ez ditudan zenbait hirigintza arrazoi
direla medio. Ez al duzu uste arras zoragarria izango litzatekeela
Gernikatik sortu eta mundura zabaldutako izadiaren aldeko mugimendua?,
Gernikarrek mundu osorako kanpaina bati hasiera ematea arbola
guztien alde eta, bereziki, autoktonoen alde?. Gernikak, suntsipena
ospatu beharrean, aurrera jo beharko luke, aipatu ekintza horren
gisako egitasmoen, tolerantzia, bakea, bizia,...eta hainbat eta
hainbat gauzaren bila!. Nik, nire begirunerik handiena diot,
Euskal Herriko bihotza den horri. Horrek gu guztiok sinbolizatzen
gaitu. Gure sustraiak, kosmosarekiko gure lotura sinbolizatzen
ditu.
-Zer ikusi behar da Gernikari
eskaini diozun lanean? Gernika, lehen esan
dudan bezala, gure Herriarentzat zerbait berezia da. Pentsa noraino
izango den berezia, nik irudia ipintzeko aukeratua neukan kokalekua
-Juntetxe ondoan eta Arbolaz erlazionatua- aldatu zidatenean
erabat traumatizatuta geratu nintzela. Ez nuen irudi bere lekuan
"ikusten". Kokalekua aldatzeak, ez zuen irudiaren gaineko
lehenengo iritziarekin inolako loturarik. Nik irudia beste inguru
zabalago batean ikusten dut.
-Zein da artista eta teknikaren
arteko harremana? Teknika beharrezkoa
da, jakina. Nik ezingo nuke teknikarik gabe marrazki edo irudirik
egin ahal izango. Baina ez da hain garrantzitsua. Jendeak handietsi
egiten du teknika. Nire ustez, artean ez da erabakiorra, ezta
oinarrizkoa ere.
Nik ba dut teoria
bat beharbada egunen batean garatuko dudana: gaur egungo artea
trebetasun ezatik sortzen da. Cezanne gaur egungo artearen aita
da inolako dudarik gabe. Baina, zer dela eta du Cezannek arte
munduan horrelako garrantzia? Bada, traketsa izatetik, hots,
oso esku baldarra zuen. Cezannek bere idazkietan esaten duenez,
Delacroix eta beste margolari frantses batzuek bezala margotu
nahi izan zuen. Baina Cezannek ez zuen haiek bezain ongi egiteko
trebetasuna. Hala ere, ikaragarri azkarra zen, eta sentikortasun
handikoa. Uste dut, esku trebetasuna arriskutsua izan daitekeela
menderatzen ez bada. Eskua geratu egin behar da, lanabesa den
eskua baino lehenago burmuinean eta sentikortasuna iritsi daitezen.
Baina Cezanneren kasura itzuliz, bere marrazkiak, ikerketa formalista
baten ikuspuntutik, onak ez direla uste dut. Hori, jakina, jendeak
marrazkiak egiteaz duen kontzeptuaren ikuspuntutik. Arteaz ezer
gutxi dakien jendearentzat. Hala ere, zerbait ulertzen dutenentzat
marrazki horiek mirari bat dira.
-Artista bezala izan duzun
ibilbideak ezagumen eta erreflexioa erakutsi ditu. Ezagumen sakona,
osotasunari erreflexio jarrai baten bitartez emana. Hala ere
ez al duzu uste, artistak gainerako gizakien ulertezintasuna
sofritzeko gertu egon behar duela? Gizakiak,
edozer gauzatarako egon behar du prest. Nire aita zenarekin gertatu
zitzaidan anekdota hura gogoratzen dut maitasun osoz. Hernanin
bizi nintzen, ezkonduta nengoen eta bi seme nituen. Besteen kontura
bizi nintzen, familiak diru apur bat zeukan eta. Ni, aitortu
beharra dut, ez nintzen lotsatzen. Behin, nire aita etorri zen
eta bazkalostean, lorategitik genbiltzala, besotik hartu ninduen
eta esan zidan: "Zure adineko gizon batek bizitza irabazi
behar du". Eta orduan, sekula eman dudan erantzunik
egokienetakoa eman nion: "Ni bizitza irabazten ahalegintzen
naiz... gertatzen dena zera da, ez didatela ordaintzen".
Goizeko seietarako zutik egoten nintzen. Illarramendiren sutegian
zortziak arte niharduen lanean. Ordu horretan kalera botatzen
ninduten... lan serioa zetorren eta. Ni ero bat nintzen. Egun
osoz nire etxeko garajean sartzen nintzen pentsatzen eta nire
ametsetako mundu hartan lan egiten... eta lan eguna amaitzean
sutegira itzultzen nintzen.
-Ez duzu uste artista izatea,
apur bat, fenomeno heltezinaren sinonimoa dela? Ez, ez dut uste.
Gertatzen dena zera da, nahiko esperientzia arraroak direla,
baina oso arruntak artista batentzat. Bada jendea esaten duena,
guk ospea lortzeko lan egiten dugula. Niri dagokidanez, ez dut
inoiz horretaz pentsatu. Nire buruan dantzan zebilena zera zen,
gai batzuek zeharo erakartzen nindutela, eta nire bideak hortik
joan behar zuela. Nire patua zen... eta izaten jarraitzen du.
Bitartean, sarri, ondoko esaeren
gisakoak entzun daitezke gaur egungo arte erakusketetan: "Hara!...
beste behi sakratu bat..." "Hori neuk ere egingo
nuke" eta abar...
"Nik ere egingo nuke" entzuten dudanean honela
erantzuten dut: "ederki, zuk ere hori egingo zenuke,
hau da, ikusten ari zaren hori". Ikusten ez dena da
moldatzeko zaila. Behin, Madrileko Velazquez Jauregian nengoen
erakusketa bat ikusten. Gaur egungo arte italarriaren eredu bat
zen eta, bapatean, senar emazte bikote bat hurbildu eta zera
esan zidaten: "Hau da ezustekoa! Lagun iezaiguzu, arren!
Gauza horiei begira ari gatzaizkie eta, egia esan, ez dugu ezer
asmatzen... " Hauxe izan zen nire erantzuna: Onena da
mesfidantzazko jarrera hartu beharrean, edozein umek hartuko
lukeenaren antzekoa hartzea, konfidantza osokoa, alegia. Izan
ere, zein da pertsona helduaren eta haur baten arteko desberdintasuna?
Bada, oso argi eta garbi esateko, berak baino konfidantza gutxiago
dugula; bizitzan eta gainerakoan".
Nire langelan ume bat sartzen denean, gehiago ala gutxiago sakonduko
du ikusten ari den gaia, baina bere burutik ez zaio sekula pasatuko
lan bat bera engainatzeko egina dagoela pentsatzea. Arte lanek
interpretazio ugari egiteko aukera ematen dute. Izan ere, Velazquez,
esaterako, ez da bat. Milioika Velazquez dira, begiratzen duenaren
arabera. Beraz, ez dut uste nork bere lanaren gaineko azalpen
gehiegi emate ona denik, oharkabean ikuslegoari mugak ipintzen
ari baita.
-Arte Eskolen kontra zaude? Ez dut artearen irakaskuntzan
sinesten. Artea ezin da hezkuntzaren bide arruntetatik transmititu,
ezta urrik ere! Artea, berez ikasten den zerbait da. Baina ezin
daiteke irakats. Maisu batek transmititu nahi dituen moduluak,
kaltegarriak litezke artearentzat. Bestalde, ezagupideen transmisioa
oso arriskutsua da, ez baitira ezagupideak bakarrik igarotzen,
baita mundu itxiak eta gertaerak ere. Hau da, artista baten ikuspegietan
beste batenak aplika daitezke, noski, baina hori ezjakinak erabaki
behar du. Ikasleak, eta sekula ez, maisuak.
-Unibertsaltasunaren izenean,
euskal janzkiak erantzi beharra den teoria badabil hortik zehar... Nik ez dut horretan
sinesten. Nik zera uste dut, norbere nortasunean zenbat eta erosoago
egon hainbat eta unibertsalagoa dela. Unibertsoarenganako lotura
bakarra, oinarri puntua sendotzeaz batera lortzen da. Ni, bere
sustraiak hemen dituen arbolaren antzerakoa naiz. Adarrak alde
guztietara doaz, horrela izan behar duelako. Inork ez dio bere
buruari mugarik ipini behar, ez ikasi behar dituen gauzetan ezta
erabili ahalezko kulturetan ere. Baina, eskuartean dituzun gaien
jatorria asko eta desberdinak izan arren, ez dute burmuinetik
igaro barik utziko eta, nola ez!, leku konkretu batekoa izatearen
sentsibilitatetik. Ni euskal irudigile bezala ezagutzen naute.
Eta horrexek ematen dio izakera nire lanari. Horri eustea oinarrizkoa
da. Ez dut sinesten, gaur egun askok aipatzen duten nazioartekotasun
ospetsua. Aberria, herria eta lurralde sentimenduak gainditu
behar direneko leloetan. Nazioartekotasuna, hain zuzen ere, sentimendu
horien bitartez ulertu behar da...Munduko hiritar eta beste ezer
sentitzen ez direla esaten dabiltzan gizabanakoek pena ematen
didate. Ni ere, jakina, munduko hiritarra naiz baina...nire Aberria
den Euzkaditik.
EDUARDO TXILLIDA (Donostia, 1924) |
*Biografia
laburra*
1924 Urtarrilaren 10ean, Eduardo Txillida
jaio zen. 1950 Frantzian egin erakusketetan bere
lehendabiziko piezak erakutsi zituen: "Forma", "Torso"...1951an
Donostira bueltatu eta bere lehendabiziko eskultura egin zuen:
"Illarik". 1954-58 Arantzazuko Baselizako ateak egin
zituen. Nazioarteko Eskultura Saria irabazi zuen. 1962 "Three Spaniards: Picasso, Miró,
Chillida" izeneko erakusketa Houstoneko Arte Ederren Museoan. 1965-73 Ilustrazioak Ardré Frenauden
"Le Chemin des Devins", Max Hozleren "Meditation
in Kastilien", Heideggeren "Die Kunst und der Raum"
eta Jorge Guillénen "Más allá"
liburuetan. 1977-82Hiru
inauguraketa: "Haizearen orrazia" Donostian, "Lugar
de encuentros III" Madrilen eta Foruen Plaza Gasteizen. 1986-88 "La casa de Goethe" (Frankfurt)
eta. "Gure Aitaren Etxea" (Gernika) eskulturak inauguratu
zituen. 1991 "Calcografia Nacional" zentroan
"Chillida intimo" erakusketa egin zen. 1993-95 "Dialogo y tolerancia" (Münster),
"Puerta de música" (Santiago de Compostela),"Homenaje
a Balerdi" (Donostia) eta "Homenaje a Rodriguez Sahagún"
(Madril) eskulturak ipini zituen. New Yorkeko Arte eta Letren
akademiako eta San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademiako ohoreko
kide izendatu zuten. Kanariako gobernuak Tindaya obra eskatu
zion. 1997 Doctor Honoris Causa izendatu zuten
Euskal Herriko Unibertsitatean. Urteko Euskaldun Unibertsalaren
saria Gasteizen jaso zuen. 1998-99 Txillidaren obrari buruzko erakusketa
antologikoak Madrilgo Sofia Erregina Museoan eta Bilboko Guggenheim
Museoan. 1999 EUSKO IKASKUNTZA-EUSKADIKO KUTXA Saria,
kurrikulum zientifiko onenari emandakoa, irabazten du. |
Irudiak: "Gure aitaren etxea - CHILLIDA" liburua, Auñamendi
Entziklopedia eta Euskaldunon Egunkaria
Euskonews
& Media 49.zbk (1999 / 10 / 8 - 15) |