INTERREG IIA,
mugaz bestaldeko lankidetzari buruzko Europar Batasuneko ekimena,
Pirineoen esparruan * Traducción
al español del original en euskera |
Jon Burgaña |
Europar Batasuna, bera osatzen duten estatuen integrazio
handiagoa lortzearren, hainbat herri-politiken sustapena eta
bultzada eramaten ari da aurrera etengabe, eta sustapen- eta
bultzada-lan horretan kokatzen da INTERREG ekimen komunitarioa
delakoa, mugaz bestaldeko lankidetzari buruzkoa.
Izenburuak dioen bezala, idazki honen edukia Pirinioetara mugatuko
da, izan ere mugaz alde bateko eta besteko euskal probintziak
INTERREGeko Pirinioetako Egitarau Operatiboan txertatzen dira.
Pirinioak mugaren kontzeptuarekin nahasten badira ere, esan behar
da hau ez dela horrela izan beti, XIX. mendearen aurretik Pirinioak
eremu bakar eta integratu bat izan baitira mendeetan zehar. INTERREG
ekimen komunitarioa mendikate honetan eratutako muga politikoaren
eraginak arintzen saiatuko da eta ahalegin horretan mugaz alde
bateko eta besteko euskal probintzietan hainbat egitasmo jarriko
dira martxan.
Mugaz bestaldeko lankidetza, estatuen mugen inguruan biltzen
diren nazioarteko harreman publikoen espresioa da. Harreman hauek
anizak izan daitezke eta mugak "lurraldeen urratzaile"
edo "historiaren zaurimarka" izatearen ikuspegia gainditzea
dute helburu.
Halako hausnarketak eta diagnostikoak egiten dira hain zuzen
ere Mugarteko eta mugaz bestaldeko errejioen karta europarrean
eta Mugaz bestaldeko lankidetza interrejionalari buruzko Europar
Parlamentuaren A3-0188/92 ebazpenean. Lehenengo agiria Europar
Mugako Eskualdeen Elkarteak (EMEE) 1981ean argitaratu zuen eta
mugaz bestaldeko lankidetzan eman daitezkeen alor guztiak jasotzeko
gaitasuna dauka (alor juridikoa, ekonomikoa, kulturala, politikoa...)
Bere ataletan, besteak beste, mugaz bestaldeko lankidetzaren
aurrekin historiko-politikoak, lankidetzaren helburuak, eta mugen
eraginak leuntzeko neurri batzuk jasotzen dira. Bigarren agirian,
Europar Parlamentuak mugaz bestaldeko lankidetzaren garrantzia
eta beharra nabaritzen du eta INTERREGeri bere erabateko onarpena
eman ez ezik, ekimen honentzako kredituak handitu daitezela eskatzen
du.
Bada hirugarren agiri bat gogoratu beharrekoa ere: Madrilen,
1980an egindako elkarte eta agintari lurraldetarren arteko mugaz
bestaldeko lankidetazren hitzarmen-marko europarra. Agirian jasotzen
diren hitzarmen, estatutu eta kontratuek mugaz bestaldeko lankidetzan
administrazio desberdinek sortzen dituzten nazioarteko harreman
publikoei itxura eta babes juridikoa emateko balio dute. Hitzarmen
hauen gisakoa da Baionako Tratatua, 1997. urteaz geroztik indarrean
dagoena Frantzia-Espainia mugan.
1990ean INTERREG I ekimena martxan jarri zen, mugaz bestaldeko
lankidetza bultzatzeko, eta batik bat, mugarteko errejioei 1992ko
Merkatu Bakarrera prestatzen laguntzeko. Ikusirik ekimen hau
eraginkorra izan zela eta balio erantsi berezia zuela, Europar
Batzordeak INTERREGen 2. bertsioa argitaratu zuen 1994an, INTERREG
II delakoa. Ekimen honen aurreikuspen ekonomikoa 2900 milioi
ECUtakoa izan zen, horietatik 2400 milioi, mugaz bestaldeko lankidetzaren
A atalera zuzenduak (B atala energia-sareei buruzkoa zen, eta
C, lurralde-antolakuntzari buruzkoa).
Pirinioetan INTERREG IIA egikaritzeko tresna aldiz Frantzia-Espainia
Egitarau Operatiboa izan zen. Bertan jasotako neurri eta ekintzak
hainbat egitasmoen bidez gauzatzen egon dira, eta horien artean,
gipuzkoarrei hurbilak zaizkien Baiona-Donostia Konurbazioa eta
Bidasoa-Txingudi Eurobarrutia nabarmendu beharko lirateke. Lehenengo
egitasmoa 600.000 biztanleetako eurohiri bat sortzearen apustu
bat da, eta bigarrena, Txingudi bailarako herrialdeak gehiago
hurbiltzen saiatzen da. Gainera esan behar da 1999ko martxoan
Bidasoa-Txingudi patzuergoa sortu zela, eurobarrutiak nortasun
juridiko publikoa lortuz.
INTERREG II amaitzear dago eta badirudi INTERREG IIIk argia ikusiko
duela 2000. urtean eta 2006. urterarte luzatuko dela. Ajenda
2000ren erreformaren ondoren, ekimen hau mantendu den gutxienetakoa
da eta honek ekimenaren garrantzia islatzen du. Aurreikuspen
ekonomikoa ere handituko dela dirudi, 5000 milioi eurotakoa izanik
gutxi gora-behera. Azkenik, esan behar da Egitarau Operatiboen
kopurua 59 izatetik 80 edo 90 izatera pasako dela, eta ondorioz,
Pirinioetan Egitarau Operatibo bakarra egon beharrean, hiru egongo
direla, bakoitzak lurraldeetako berezitasunak hobeto jasoz.
Ikusten denez, oraindik orain INTERREGek bere bidea jarraituko
du, izan ere, aurrera eraman daitezkeen aukera eta erronka berriak
asko baitira mugaz bestaldeko lankidetzan, "mugarik gabeko
Europa" erdiesteko helburuan. Jon Burgaña,
Administrazio Publikoetako Masterra |
- Euskonews & Media
59.zbk (1999 / 12 / 17-24)
|