Dagoeneko hamahiru urte igaro dira 1987an
Nazio Batuetako Bruntland Batzordeak oraindik ere ezezagun eta
enigmatikoa iruditzen zaigun garapen jasangarriaren kontzeptu-filosofia
sortu zuenetik.
Neoliberalismoak hala nahi duelako
da enigmatikoa, gauza baterako zein besterako balio duen edozertarakoa
bailitzan; praktikan, ostera,
ezer gutxirako balio du horrek. Oraingoz ez da gaur egungo ekoizpen
eta kontsumo eredua aldatzeko interesik somatzen, nahiz eta jada
argi ikus daitekeen bere jasanezintasuna.
Jasangarritasunaren aldeko lehenengo
pausoak 1992ko Rioko Gailurrean eman ziren ofizialki, Ingurugiro
eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian 178 Estatuk
sinatu eta onartutako agiri-egitarau garrantzitsu haien bidez.
Rioko Adierazpena eta 21 Agenda dira garapen jasangarrirantz
hartutako bidearen euskarri nagusiak.
Lurraldearen antolaketari dagokionez,
eta Europaren ikuspegitik, Europar Batasunaren "Ingurugiro
Hiritarraren Liburu Orlegia"-n (1990) eta "Garapen
jasangarrirantz" izenburuko Ingurugiroko V. Egitarauan aurki
dezakegu gure funts kontzeptual eta metodologikoa. Era berean,
aipatzeko modukoak dira baita Europar Batzordearen "Europako
Hiri Jasangarriak" Txostena (D.G. XI, 1996ko martxoa) eta
Orlando delakoa (COM (98)0605-CH-0059/99).
Pirinioez bestalde, eskala lokalean
oinarrituta egiten ari dira garapen jasangarriaren antolaketa
operatibo lurraldetarra, ez eskualde edo nazioetako gobernuetan.
Horrek adierazten du ingurugiroaren ikuspegitik ari direla interpretatzen
garapen jasangarria, ekonomiko
eta soziala albo batera utzita, azken bi hauek garapenaren jasangarritasuna
erabat errendu eta ahultzen dutelako. Nolanahi ere, garbi esan
beharra dago 1992az geroztik Europa horretako autoritate lokalek
-ez ostera Euskal Autonomia Erkidegoak- gobernu nazionalek baino
askoz ere arreta handiagoa eskaini diotela 21 Agendak jasotzen
duen egitarauko prozesu osoari.
Euskal Herriko eta EAEko Lurralde
Antolaketako Direktriz, Plan Partzial, Sektorial eta Hiri Antolamenduko
Planei begirada bat boteaz argi asko ikus daiteke lurralde antolaketako
politiketan apenas egiten dela garapen jasangarriaren gaineko
hausnarketa eta zabalpenik. Samingarria da halakorik aitortu
behar izatea, baina errealitate gordinaren isla besterik ez da.
Eskualdeetako Politikaren Batzordeak
1999ko apirilaren 23an emandako Orlando Txostenak Euskal Herriak
oso kontuan hartu beharko lituzkeen puntu batzuk jasotzen ditu.
Lurzoruaren erabileraren arazoak izango duen larritasuna ohartarazten
du, ondasun urria izango baita, eta, horregatik, "lurzoruaren
erabileraren plangintzari eragingo dion ingurugiroaren gaineko
eraginaren ebaluazio estrategikoari buruzko direktibarekin ados
gauden arren, lurzorua erabiltzeagatik zerga ekologiko berri
bat ezarri beharko litzatekeela uste dugu".
EAEn
ahaztuta dago erabat Ingurugiroaren Lege Orokorrak onartutako
lurraldearen antolaketaren plan eta egitarauen EIA, ez baita
indarrean sartzeko prozedurarik garatu. Hori kezkagarria da benetan,
plan lurraldetarrek ingurugiroaren gainean daukaten eragina ebaluatzea
oso aurrerapauso garrantzitsua izango bailitzateke lurraldearen
antolaketan garapen jasangarria txertatzeko.
Euskal Herrirako funtsezkoa iruditzen
zait, halaber, aipatutako txostenak aipatzen duen lurraldearen
jasangarritasunaren irizpidea. Honela dio: "garapen hiritarraren
politika finkatzen dutenek ecologica footprint delakoarekin
bat egiten duen ikuspegi berri bat erabili beharko lukete hiriaren
garapena aztertzeko, gizatalde baten "zama" jasaten
duen eskualde baten benetako dimentsioa neurtzen laguntzen duena.
Horri esker, hiri eta inguruneak garatu ahal izateko irizpide
berriak hartuko lirateke, nekazaritzako inguruarekin oreka berri
bat lortuz, eskualdeen ekoizpenak indartuz, eta baliabide lokalen
erabilpen eta berrerabilpenean oinarrituta jarduera ekonomikoak
sortuz".
Jasangarritasunak, hortaz, garrantzi
berezia dauka lurralderako; lurraldearen antolaketa, bestetik,
bitarteko paregabea da garapen jasangarrirako ezinbestekoak diren
neurriak sartzeko. EAEko Administrazioek, ordea, ez dute oraindik
garapen jasangarriaren gaia ulertu nahiz landu -ez Administrazio
autonomikoak, ez lurralde historikoetakoek, ez eta udalek ere-.
Izan ere, lurraldea oraindik ere lurzorua
bailitzan aurreikusten dute beren plan eta egitarauetan. Ez dira
hazkundeari mugak ipintzeko neurrietan pentsatzeko gai, nahastu
egiten dituzte hazkunde jasangarria eta garapen jasangarria,
eta muzin egiten diete behetik gorako zentzua hartu beharko luketen
kontzientziazio eta partaidetza prozesuei, kontuan izan behar
delarik prozesuok 21 Agenden gauzatze eta aplikatzearekin estuki
lotuta daudela. Gasteizen izan ezik, beste inon ez zaio bere
esanahi eta edukiari begiratu. Hona zer dion Europako Parlamentuaren
Orlando Txostenak (99/04/23) beste Europari buruz: "1992az
geroztik, autoritate lokalek gobernu nazionalek baino askoz ere
arreta handiagoa eskaini diote 21 Agendari".
Kontzeptuak anbiguo eta enigmatikoa
izaten darraien arren, egia da garapen hiritar jasangarriaren
estrategiei buruzko debatea Europako hiri askotan piztu dela,
hegoaldean ez beste, eta, besteak beste, honako hauek aztertzen
hasiak direla: hiri polizentriko eta deszentralizatuak sustatzea,
hirigune eta nekazaritza munduaren artean oreka berria ezartzea,
nekazaritzako lurrak hutsik gelditzearen aurkako neurriak hartzeko
politikak, hiri txiki eta ertainetako sareak indartzea, eta abar.
Honek guztiak azterketa sakon
eskatzen du, hain present dagoen eta jasangarritasun lokalaren
arloan hainbeste kontraesan sortarazten ari den globalizazio
ekonomikoaren prozesuaren paradoxa kontuan izanik.
Garapenerako irizpide berriak
lantzeko orduan, jasangarritasunera bideratutako kudeaketa batik
bat prozesu politiko bat dela aitortu ohi da, eta, erantzunkizuna
elkarbanatua izaterakoan, plangintza parte-hartzailea
behar duela. Baliabide naturalen, energiaren eta hondakinen zikloak
ixten dituen plangintza integratu batean oinarritzen da estrategia,
eta honakoak dira bere irizpide orokorrak: baliabide naturalen
kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, ahalik eta hondakin gutxien
sortzea, atmosfera, lurzorua eta urak ahalik eta gutxien kutsatzea,
espazio naturalak eta hirietako bioaniztasuna areagotzea, eta
abar.
Beraz, lurraldearen estrategia
ekosistemikoa geureganatzeak gizartean sustraituta dauden baloreak
sakonetik aldatzea eskatuko du, eta baita sistema ekonomikoen
oinarriak ere (Europako Hiri Jasangarriak, EB, 1996ko martxoa).
Horrek guztiak egungo ekoizpen eta kontsumo ereduak goitik behera
aztertzea galdatzen du, eta gaur egun jasanezinak diren bizimoduan
partaidetza, sormena eta aldaketak areagotzea.
21 Agendak ezeztatu egiten du
merkatuko indarrak ingurugiroko, ekonomiako nahiz gizarteko arazo
larriak konpontzeko gai direnik. Lurralde batek karga jasan edo
harrera egiteko daukan gaitasunaren azterketa, merkatuko edozein
irizpideren gainetik dagoen gaia da, integrazio,
kooperazio, homeostasi, subsidiaritate, sinergia eta abarren
printzipioak behar dituena. Jasangarritasunera bideratutako kudeaketa
prozedura politiko bat da gehienbat, ez teknikoa. Bruntland Batzordearen
esanetan, "eredu tradizionalak baztertzeko garaia da. Gizarteko
sektore guztiak errotik aldatu behar dira: ekonomia, kultura,
gizartearen egitura, industria, trafikoa, garraioa, kontsumoa,
eta abar. Aldaketa hauek ezin dute gizartearen izaera ekonomiko
eta morala aldatu gabe gertatu. Eguneroko bizitza arrisku bizian
dagoela ikusi behar du jendeak. Politikari eta hiritarren bizimodu
eta jarrerak aldatuz sortu ahal izango dugu geroko belaunaldien
ongizateari begira egongo den printzipio, helburu eta xedeen
multzo bat".
Bruntland Batzordearen stablishment-etik
datozen hausnarketa horietatik abiatuz, zer esan dezakegu bada
EAEko lurraldearen antolaketari buruzko egungo politikek garapenari
dagokionez jarraitzen dituzten irizpideei buruz? Egia esan, oraindik
ez gara bidean jarri ere egin, eta hausnartzen ere ez. Kezkagarria
izaten hasia da Euskal Herria gai hauei heltzeko azaltzen ari
den berandutza.
José Allende
Landa, Zientzia Ekomikoetako irakaslea UPV/EHU
Argazkiak: Lur Hiztegi Entziklopedikoa |