"Obra ez da garrantzikoa. Obra bat ez da gizaki baten izaeraren,
sentitzen eta sinesten duenaren adierazpena besterik. Bizirik
iraunez aurrera egiten badu, beste hainbat gizakik ere berdin
sentitzen eta pentsatzen dutelako da".
MORRIS WEST "Deabruaren
abokatua"
Aho beteka aitortzen du Koldobika Jauregik
"oso zaila" dela eskultore izatea, hala ere, hogeita
hiru urte eman ditu harri, egur, metal eta paretak zizelatzen,
artearen munduan bere tokia finkatzen. Gaur, eta inongo zalantzarik
gabe, Euskal Herriak duen eskultore garrantzitsuenetariko bat
dugu. Bizkarrean hogeita hamar bat erakusketa eta hamar bat beka
eta sari dauzka artista alkizar honek. Besteak beste, Txillidaren
Zabalaga beka jaso zuen 1990. urtean, eta Karl Muller mezenas
alemaniarrarekin lan egiteko aukera izan du Dusseldorff hirian.
Izan ere, orain dela pare bat urte alemaniarrek alkizarra aukeratu
zuten Estatu espainiarreko egungo hamar artista garrantzitsuenen
artean, Txillida, Tapies edota Saura bezalakoen ondoan.
Jauregik mota guztietako materialak, ideiak, teknikak eta formak
landu ditu, berak dioenez, "denboraren poderioz eskultorea
aldatuz dihoan bezela, eskultura bera ere aldatu egiten delako".
-Noiz eta nola jarri zinen
eskulturarekin harremanetan? Orain dela hogeita
bi urte hasi nintzen serio eskulturarekin. Ikasketak bukatu nituen
eta gurasoen etxera bueltatu nintzen, Alkizara. Uda zen, eta
hasieran Donostiako martxaren mira nuen, denborapasa bezala egur
zatiak batzen nituen eta beraiekin jolasean forma ezberdinak
ateratzen nituen. Hori gustatu egin zitzaidan, gero Kutxak lehiaketa
bat antolatu zuela jakin nuen, aurkeztu eta saritu egin ninduten.
Horrek asko animatu ninduen, orduan erabaki nuen eskultore izatea.
-Koldobika Jauregi eskultore
autodidakta bat dela esan daiteke? Arte honen inguruko
pertsona asko ezagutu ditut, eta beraiek egindakoarekin asko
ikasi izan dut, baina neurri handi batean autodidakta izan naizela
esan daiteke.
Gaur egun gaizki ikusita dago artista autodidakta izatea, gizartean
burokrazia gehiegi dagoelako, hala ere, nik uste dut artista
autodidakta baten lana askoz ere pertsonalagoa dela, kanpoko
eraginak eduki arren bere lana barnetik ateratzen delako.
-Gaur egun, zaila al da
eskultore izatea? Bai, oso zaila da.
Urte asko pasa behar dituzu lanean zurea den txoko bat aurkitu
eta finkatu ahal izateko. Ni orain dela pare bat urte hasi nintzen
eskulturarekin adierazi nahi nuena finkatzen. Honetan arazo asko
gainditu behar dira, eta ez bakarrik materialarekin zerikusia
dutenak, zailtasun teknikoak gainditu dituzula uste duzunean
beste arazo batzuk azaltzen zaizkizu: filosofia, erlijioa, pentsatzeko
modua...
-Orduan, eskulturak buruhausteak
ere ekartzen dizkio artistari... Bai, eta buruhauste
handiak gainera. "Nor naiz ni?, Zer egiten dut hemen eta
zergatik?" Horrelako galdera asko etortzen zaizkit burura
lan batekin nabilenean, eta galdera hauei erantzuna aurkitzea
teknika arazoak gainditzea baino askoz zailagoa da.
-Non hasten da zure obra
baten bizitza? Nolakoa da kreazio prozesua? Lehenengo gaia etortzen
zait burura, ideia eskultura izan arte bizpahiru urte pasa behar
dira. Gaia formarekin lotzen dut, eta bi elementu hauek dauzkadanean,
adierazi nahi dudana adierazten ahalegintzen naiz. Nire ideiak
oso zabalak izan dira, eta eskultura berri bat sortzearen prozesu
luze horretan, inprobisazioari leku bat egiten diot beti.
-Zeintzuk dira momentuan
interesatzen zaizkizun gaiak? Azkenaldian landu
ditudan piezak iluntasunarekin zerikusia daukate, gauarekin.
Argia joaten denean formak eta itxurak guztiz aldatzen direla
ohartu naiz, eta ideia hori eskulturaren bidez adierazten ahalegindu
naiz. Denboraren eragina ere izugarri interesatzen zait: denborarekin,
gizonak naturan utzitako arrastoak desagertzen doaz eta horrekin
ere lanean aritu naiz. Ez da sentimendu pesimista bat adierazi
nahi dudana, nire helburua, denborak gauzak aldatzen dituela
eta gizakiok hori ulertzeko gai izan behar garela azaltzea da.
-Hasieran errealismoa landu
zenuen, azken urteotan aldiz abstrakzioa da zure lanen protagonista,
zergatik aldaketa hau? Non dago abstrakzioa
eta non figurazioa?, betiko galdera dugu hau. Egia esateko, azkenaldian
forma arruntak eta sinpleak gehiago interesatzen zaizkit, energiaz
beteriko formak direlako, eta izugarrizko indarra izkutatzen
dutelako. Arrazoi asko daude nire lanak zergatik sinplifikatu
diren azaltzeko. Prozedurak oso luzeak dira artearen munduan,
konplexuegiak, pertsonalki jasan ditudan aldaketak zerikusi handia
izan dute nire artelanekin.
-Mota guztietako materialak
landu dituzu: metala, poliesterra, egurra... Zein irizpide jarraitzen
duzu bata ala bestea aukeratzeko orduan? Gehien gustatzen
zaizkidan materialak egurra eta harria dira. Metalak ere gustatzen
zaizkit, baina azken urteotan harria eta egurra aukeratu ditut,
nire lana naturarekin oso lotuta dagoela ikusten dudalako. Orain
arte, eta milaka urteetan zehar egurra eta harria nahikoa izan
badira, zergatik ez hemendik aurrera?, hori da nire galdera.
-Zein
egoeratan aurkitzen da, zure ustez, euskal artea? Arteari dagokionez
Euskal Herriko maila oso eskasa dela uste dut. Ekonomia aldetik
oso ondo gaude, baina era berean kultura eta arteari buruz hitzegiten
hasten bagara hutsune pila bat daudelakoan nago. Alemanian bost
urte eman nituen, eta orduan konturatu nintzen, nahiz eta gure
herriak antzerako aukera ekonomikoak eduki, arte mailan Europatik
oso urruti gaudela. Gure maila kulturala askoz ere baxuagoa da,
eta kultura falta horrek astazakil batzuk bihurtu gaitu. Diru
asko daukagu, gauza asko egiteko gaitasuna, baina ez daukagu
ez burururik, eta ezta sentsibilitaterik ere. Hau erakusten diguten
adibide pila bat daude, ikusi egin behar dira nolakoak diren
gure inguruetan eraikitzen dituzten industrialdeak...
-Orduan, hemengo erakunde
publikoak eskeintzen dituzten dirulaguntzak eskasak direla esan
dezakegu... Alde batetik, ematen
dituzten dirulaguntzak eskasak dira, eta, bestetik, kultura gobernuaren
menpe dago, eta ni ez nago inolaz ere horren alde, gehiegizko
politizazioa suposatzen duelako. Alemanian erakunde pribatuak
dira kultura bultzatzen dutenak, eta artistei ondo ordaintzen
zaie. Hemen oso arraroa da erakunde pribatu batentzat lan egiteko
aukera izatea.
-Dena den, zuk zorte ona
izan duzu: Txillidaren beka, Karl Muller mezenas alemaniarraren
hainbat proiektutan lan egiteko aukera... Egia esateko, ezin
naiz kexatu. Lana dut eta azken hogeita hiru urteotan eskulturatik
bizi naiz, batzuetan ondo eta besteetan gaizki, baina bizi. Nik
uste dut honetan oso argi eduki behar duzula zure etorkizunean
izan nahi duzuna eta borrokatu, zure buruak eta zure bihotzak
esaten dizutena sinetsi eta aurrera, amore eman gabe.
-Zein
da eskulturaren helburua? Zer da zure lanekin munduari adierazi
nahi diozuna? Denboraren poderioz
nire helburuak aldatu egin dira. Hasiera batean eskultura, eskulturagatik
interesatzen zitzaidan. Beranduago ohartu nintzen arte honek
gauza geihago hartzen dituela: eguneroko bizipenak, sentimenduak,
irakurtzen dituzun liburuak, ezagutzen dituzun pertsonak... Guzti
hori bideratzeko modua asmatzea izan da azken urteotan egin dudana.
Egun, eskultura barnean dauzkadan gauzak adierazteko erabiltzen
dut, hori egiteko gai ez den eguna heltzen baldin bada, ziur
nago utzi egingo dudala. Eskultura ni zer naizen adierazteko
bidea da niretzat, denborak ni aldatzen nauen bezala, nire eskulturak
ere aldatzen ditu.
-Eskultorea, eskultore
jaiotzen da, ala denborarekin bihurtzen da artista? Bietatik. Artean
ez dago sistemarik, gauza asko irakatsi daitezke, baina gero
artista bakoitza bakarrik finkatu behar da, eta hori lortzea
oso zaila da.
-Ba al daukazu proiektu
berririk esku artean? Bai. Alde batetik
Barakaldoko "Harrizko Basoa" egiten hasi behar naiz,
hau izugarrizko lana da eta laguntzaileak beharko ditut amaitzeko,
eta, bestetik, uda honetan, Aralarren egonaldi batzuk antolatzen
ari naiz lankide batzuekin. Natura eta estetika batuko dituzten
jardunaldi ezberdinak antolatu nahi ditugu, momentuz proiektu
bat besterik ez da, baina aterako delakoan nago. Argazkiak: Teresa
Sala
Euskonews & Media 89.zbk (2000
/ 7-28 / 9-8) |