Beste garai batean Leintz-Gatzagako
industria nagusia izan zen urre zuria, gutxira etorri zen itsasoko
gatzak eragindako lehia zela medio. Gaur egun, ondare hori berreskuratzeko,
Gatz Museoa zabaldu dute.
|
Leintz Gatzaga lurralde menditsuan
dago; Gipuzkoan, eta Arabarekin lotura handia duen herria da.
Bere kokapena ikusirik, arabar lautadatik itsasoruntz igarotzen
ziren zibilizazio guztien derrigorrezko igarobidea zela esan
daiteke.
Dorletako gaztelu zaharraren
oinetan aurkitzen zen herri honetako probetxuzko iturburua (ondoren
Dorletako Amabirjinaren Santutegia izango zenaren magalean),
ur gazia erion zuena. Horren erabilera Burdin Aroan hasi bide
zen. Geroago iturburu horren inguruan zortzi etxe eraiki ziren
eta horietan gatza ekoizteari ekin zitzaion, gatzak ekonomian
egundo garrantzia zuen garaietan. |
- Ur gaziko iturburua Dorletako
Santutegiak zaintzen du
|
Ekoizpena dorla izeneko pertzetan
burutzen zen. Leintz Gatzagako etxeetan dorla bana bakarrik erabil
zitekeen gatza eskuratu ahal izateko. Norbaitek ondoretasunez,
opariz edo beste era batera bigarren dorla bat jasoz gero, auzokide
bati saltzera, edo ematera beharturik zegoen, bestela inguruko
mendietan egurra mozteko eskubidea ukatzen zitzaion. |
|
- Museoan aurki daitekeen
dorla baten erreprodukzioa
|
Gatzaren produkzioa honela egiten
zen: jasotako ur gazia dorlara isuri eta pertza berotu. Beroaren
eraginez ura lurrundu egiten zen, eta prozesu horren ondoren
gatza kristal bihurtzen zen, eta gatza ur-azalean geratzen zelako
ezin zitekeen utzi nahasia larregi sendotzen, bestela estalki
efektua egiten baizuen, eta ez zuen lurrunketa ahalbidetzen.
Kasu horretan estalkia apurtu
beharra zegoen, gatza dorlaren hondora joan eta produkzioarekin
jarraitu ahal izateko. Hau burutzeko, sutondoan ordu asko eman
behar zituzten langileek.
Leintz Gatzagari buruz ezagutzen
den lehenengo dokumentua 947koa da, eta bertan gaztegiaren aipamena
egiten zen. 1331.urtean aldiz, Alfontso XI.ak herriari sortze-idazkia
eman zion, eta horren ondorioz iturria gaztelar koroarena izatera
pasatu zen. Hau horrela izan zen iturriaren jabetasuna1374an
Enrike II-ak Beltran de Gevara Oñatiko jaunari eman zion
arte. Oñatiarrak hasiera eman zion 120 urtez iraun zuen
nagusitasun feudal eta tiranoari. Azkenean, 1496.urtean, iturria
berriro ere gaztelar koroara igaro zen. Esan behar da, Leintz
Gatzagako harmarrian dorlak ageri direla.
1834an Deba Bailarak izugarrizko
uholdeak jasan zituen eta urak txikizio ugari sortu zituen. Horren
eraginez, Leintz Gatzaga eta gaztegian eskuz lan egiteko ohitura
bere amaierara iritsi zen. Eta iturriaren jabetza elkarte baten
esku geratu zen, Producciones Leniz izenekoa sortuaz.
Amaitu zen dorlen bitarteko produkzio sistema eta txanbilezko
gurpila jarri zuten, uraren indarrarekin ura jasotzen zuena.
Bertan ekoizten zen gatza oso preziatua zen bere fintasunarengatik.
Gaur egun lantoki hura hondakinak besterik ez da; sapaia hondoraturik
du eta hormak erortzear daude.
GATZ MUSEOA
Nerea Zubiete arduradun eta gidari
duela zabaldu berri da Gatzagako museoa: Eugenio Otxoa Museoa.
Herritarren laguntza ezinbestekoa izan dela esan digu Nereak,
nahiz eta instituzioek diru laguntza eman duten.
Bertan herriko historiaren berri
ematen zaio bisitariari, eta ondoren, gatza egiteko prozesua
nolakoa zen ikusta daiteke.
Nerearen esanetan, gatza ekoizteko
prozesuan parte hartzen zutenen gehiengoa herriko emakumeak ziren.
Sua egiteko abarrak jasotzeaz gain, sua zaindu beharra izaten
zuten gau eta egun, eta gainera gatza kristaldu ez zedin horren
zaintzan jardun behar zuten. Beraien lan egoera ez zen batere
ona, egun guztian zehar leku heze batean egon behar baizuten. |
|
- Txanbilezko gurpila,
errekatik ura jasotzeko tresna
|
"Urtean sei hilabetez egiten
zen lan, uztailetik abendura arte" Horren zergatia eguraldian
aurki daiteke: "negua eta udaberria euritsuak eta elurtsuak
izan ohi dira, eta ur kopuru ugariaren erruz, gatzaren graduazioa
jaitsi egiten da."
Gatzaren museora hurbiltzen den
jendeak txanbilezko gurpila ikus dezake, egurrezkoa bere osotasunean,
eta Pater Noster deituriko igotze sistema duena. Gurpilak
bira egiten duenean, kataiak ura jasotzen du, eta ura hodi batean
isurtzen du, ur gaziaren jarioa ziurtatuz.
PRODUKZIOA
ETA SALMENTA
Gatzagan, urtean 500 tona gatz
ekoizten zen , batez ere elikagaien kontserbarako erabiltzen
zelarik. Gipuzkoan egon arren, Arabarekin lotura handia zuen,
eta honen eraginez, bertan asko saltzen zen, produkzioaren erdia
baino gehiago hain zuzen ere. Baina Gaztelako erregeak gatza
Arabara inportatzea debekatu zuen, eta Gipuzkoan eta Bizkaian
saldu behar izaten zuten gatzagarrek. Eta Gipuzkoa handia zenez,
Gatzagako meak ez zuen probintzia guztirako gairik ematen. Bazen
beste gatzaga bat Gabirian, baina ez zen Leintz Gatzagakoa bezain
garrantzitsua.
Gauzak horrela, inportatu beharrean
egoten ziren gipuzkoarrak, eta Katalunia, Nafarroa eta Portugaldik
ekartzeari ekin zioten probintzian. Gatzagan gatza ekoizteari
mende honetako 60.hamarkadan utzi zioten, eta ordudanik gatzaren
irabazpidea historiako orrietara pasatu zen.
Zuriñe
Velez de Mendizabal Etxabe
Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe |