Artzaintza Euskal Herrian
* Traducción al español del original en euskera
Fermin Leizaola

Aspaldiko lanbidea da artzaintza, Euskal Herrian duela 5.000 urte jada existitzen zena. Bizimodu berritzaile honi esker, Pirinioen mendebaldean bizi ziren gizakiak abereak etxekotzen hasi ziren, eta, horrela, maiztasun handiagoarekin elika zitezkeen abereen proteinarekin. Baina hobekuntza ez zen elikaduraren arloan bakarrik eman, izan ere, haragiaz gain, esnea, artilea, zurda, larrua, etab. ere eskuratzen zituzten belarjaleengandik.

Artzaintzaren antzinakotasunaz jabetzeko, gure egunotan oraindik ere indarrean dirauten hainbat ezaugarri aipa genitzake:

  • Gaur egungo kortak eta geltoki megalitikoak bat datoz topografikoki.
  • Ardiak bereizteko, okre naturalekin markatzeko sistema erabili izan da duela gutxira arte, belarrietan seinale desberdinetako kodeak erabiliz.
  • XX. mende erdira arte, ahoan kirten horizontal bat duten "kaiku" izeneko egurrezko ontziak erabili izan dira ia Euskal Herri osoan eta Nafarroako zona hezean. Ardiak, behiak eta ahuntzak jezteko erabili izan dira, eta baita likidoak (esnea, gazura, ura) berotu eta irakiten jartzeko ere, barruan "esnearria", "kaikuarria", "txukunarria" edo "burdinarria" izeneko harri goriak sartuz.
  • Duela gutxira arte, otsoenak, usategiak eta beste harrapagailu mota zahar batzuk erabili izan dira.
  • XX. mendeko lehen herenera arte, debekatuta zegoen mendi komunaletako artzainen etxoletan teilak erabiltzea, teila jabetzaren ikurra zela-eta.
  • Artzainek bakarrik erabil ditzaketen "saroi", "korta nagusi" edo "korta txikie" izeneko lursail handiak -borobilak gehienetan- daude gure mendietan. Zirkulu hauek inguratzen mugarri batzuk izaten dira, eta, erdian, "autstarri" edo "artamugarria" izeneko harri bat.
  • Artzain batzuek antzinako teknikak erabiltzen dituzte korten inguruan batik bat gauez ibiltzen diren azienda larriak soinuarekin uxatzeko, hala nola zumbadera eta karrakak.
  • Medikuntza eta albaitaritza popularreko hainbat teknika erabili izan dituzte artzainek, zenbaitetan farmakopea tradizional minero botanikoarekin eta ohitura magiko erlijiosoekin lotuak.

Euskal Herrian, artzaintza estensiboa gune menditsuetan eta hauen inguruetan eman izan da batik bat, eta artaldeak zaintzen aritzen diren artzainak mendizerretan dauden txaboletan bizi dira maiatzaren hasieratik azaroaren erdialdera bitartean. Pirinio aldeko artzainek, hala ere, askoz ere denbora gutxiago ematen dute mendian; hain zuzen ere iraila bukaera arte, "Sanmiguelada" deritzonera arte. Leku batean zein bestean, ardi, behi eta zaldiak larre naturaletan zehar ibiltzen dira. Ahuntzen artzaintza, aldiz, ez dago hain zabalduta. Bestetik, korta batzuetan txerririk ere ibiltzen da, pagatxak eta gaztak egiteko orduan sobratutakoak jaten.

Ardiei dagokienez, arraza batzuk daude: latxa, karranzana eta eusko-biarnotarra; hauek eskualde atlantikoan daude batez ere, eta hauen esnea da gehien aprobetxatzen dena. Beste ardi arraza bat Nafarroakoa genuke, haragitarako erabiltzen dena, eta Nafarroan zehar aurki daitekeena, Pirinioetako iparrekialdeko bailaretatik hasi eta Erriberara arte, Nafarroa Erdialdea eta Lizarra aldeak hartuz.

Artzaintzarako gune nagusiak hauek ditugu: Aralar, Andia, Urbasa, Entzia, Altzania, Zaraia, Salvada, Gorbeia, Karrantza, Aldudes, Iteko Oihana, Irati, Larraña, Santa Garazi, Orhy, Larrañe, eta Barde Errealen eskualdea; hauek guztiak 500 eta 2.300 m inguruen artean daude. Lurralde hauetako asko erabilera komunalekoak dira, eta pixkanaka eguneratzen doazen ordenantza zaharrak aplikatzen dira.

Euskal Herrian hainbat artzaintza mota dauzkagu: Pirinioetako bailaretatik Bardeetara eta alderantzizko bidea egiten duten transhumanteak, isuri kantauriar-mediterraneoa eta inguruko mendizerrak mugatzen dituzten mendietako larreen arteko transhumantzia laburrak, gipuzkoar eta bizkaitar kostaldean mendiaren oinean izaten diren negu parteko larreetakoak, eta, azkenik, kostaldeko larreetakoak. Badira urte osoa artaldearekin baserrian ematen duten artzainak ere, beren larreetan edota herriari alokatutakoetan ibiltzen direnak, udaberri aldean jeitzi, gazta egin edo esnea saltzen dutela. Nafarroa eta Araba erdialdeko eta gune meridionaleko artzain batzuek trasterminantzia egiten dute, termino batzuetako larre eta uztondoak aprobetxatuz.

Uda partean kortan bizi ohi da artzaina. Kortaren inguruan, "eskorta", "jeiztoki" edo "muidera" izeneko etxolak, eta borda edo "artegia" izeneko eraikinak izaten dira, eta, batzuetan, baita baratza eta oilategia ere. Etxolei "txabola", "etxola" edo "olha" deitzen zaie, eta itxura desberdinak izaten dituzte. Horren arabera, hainbat etxola mota bereiz litezke: Gorbeiakoa, Aralar-Aitzgorri eta Urbasa-Andiakoa, eta Pirinioetakoa. Mendietan isolatuta egoten diren eraikin hauetako marko, leiho eta zirrikituetan erramu bedeinkatuaz egindako gurutzeak ikus litezke, edo, beste batzuetan, elorri zuriz nahiz eguzki lorez egindakoak, eta baita tximista eta begizkoak uxatzeko irudi erlijiosoak ere.

Artaldearekin hobeto moldatu ahal izateko, artzainak makila eraman ohi du beti berekin, eta ardiak bildu, gidatu eta babesteko zakur bat edo beste ere izaten du alboan.

Artzainek, Neolitikoaz geroztik, "artaldebide", "ardibide" edo "altzubide" izeneko bidexka markatuetan zehar eraman izan dituzte ardiak menditik bailarara, eta bailaratik mendira. Gaur egun, ostera, kamioietan egiten dituzte lekualdaketa hauek, bai erosotasunagatik, bai ibilbideak zenbaitetan errepide bihurtu direlako.

Esnea oso erraz galtzen da berez, eta denbora luzean mantentzeko sistema on bat gazta da, Aurrehistorian ere egiten zena.

Hain zuzen ere "gazta", "gaztaia" edo "gasna" da artzainak bere ardien esnearekin egiten duen produkturik garrantzitsuenetarikoa, nahiz eta jezteko garaian, ardiak mendietako larreetara igo baino lehen, "mamia", "gatzatua" edo "gaztanbera" ere egiten duen esne oso egosiarekin.

Jatorrizko deitura daukaten ardi gazta mota batzuk daude: Idiazabal gazta ketua eta ez ketua, Aralar, Altzania, Izarraitz, Ernio eta Zaraia mendietan ardi latxen esnearekin egina, eta Andia, Urbasa, Entzia eta Gorbeako aldaerak.

Nafarroa hezean, bestetik, Baztan, Ultzama eta Basaburuakoa daude, eta Iparraldean Iratikoa, Biarnoko deiturari atxikita dagoena.

Erronkariko etxe gutxi batzuetan, bailara horretako ardi esnearekin, Pirinioetako gazta ezaguna egiten da.

Behi esnearekin ere egiten da gaztarik, eta, gutxi batzuk ahuntzaren esnearekin ere bai.

Azken urteotan hainbeste jaitsi da ardi latxaren artilea eta larruaren prezioa, ezen artzainek zenbaitetan gai hauek erre ere egin izan dituztela, salneurriarekin ez zutelako paketatze eta garraio gastuak estaltzeko nahikoa eskuratzen.

Hogeita bost urte hauetan artzaintzan eman diren eraldaketak iraultzaileak direla esan liteke, epe horretan aurreko bi mila urteetan baino aldaketa gehiago izan dira-eta. Gaur egun ez da harritzekoa etxoletan ur korrontea, komunak, sukalde ekonomikoak edo gasezkoak, hozkailuak, argi indarra eta energia elektronikoa aurkitzea, plaka fotovoltaiko, telefono, eta irrati eta telebistako hargailuen bidez. Era berean, ibilgailu motordunentzat prestatutako bideak, automatikoki jezteko parkeak, gaztategi klimatizatuak, pederoen aurkako bainuak eta hazteriaren aurkako dutxak ere ikus daitezke.


Fermin Leizaola, etnografoa-Aranzadi Zientzia Elkartea
Argazkiak: Fermín Leizaola, Eusko Ikaskuntzako Zainak 14-"Comunidades de Montaña" liburuan argitaratuak eta José María Hualde, Javier Pagola eta Paloma Torreren "Quesos de Navarra" liburutik


Euskonews & Media 104.zbk (2000-12-22 / 2001-1-5)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved