Umandi euskaltzalearen lana, hiztegi ideologikoa izateaz gainera,
esanahiez eta atsotitzez osaturik dago. Bere heriotzaren zazpigarren
urtemuga zela eta ikusi zuen argia urte askotako lan horrek.
Arabako
lautadaren iparraldean dagoen Araia herrian jaio zen Andoni Urrestarazu
1902.urtean. Askok Umandi izengoitiarenkin ezagutu zuten
euskaltzalea. Euskara eta Euskal Herria ardatz nagusi izan zituen
gizon honek bere bizitzan zehar. 91 urte zituela hil zen Gasteizen,
1993an.
Umandi-k ikasketak
Madrilen eta Donostian burutu zituen, eta gerra piztu arte euskaraz
ikasten aritu zen. Gasteizen euskarako klaseak ematen hasi zen
bere etxean 1942.urtean, nahiz eta aurretik, 1936an, gartzelan
zegoela euskaraz ez zekien jende askori irakatsi zien. Parisen
ere, erbesteraturik zegoela, irakasle gisa jardun zuen. Lan ugari
egin zituen soin txikiko euskaltzale honek bere bizitza luzean.
Ospe handia erdietsi zuen bere gramatikak, "Seminario de filologia
Vasca Julio Urquijo"-k argitaratua 1955.urtean. Horretaz gain
Euzko-Deya, Euzko Gogoa, Goiz Argi eta beste aldizkari batzuetan
idatzi zuen, eta zenbait liburu eder argitaratu zituen.
Bere heriotzaren
zazpigarren urtemuga izan berri da, eta UZEI-k arabarraren azken
lana argitaratu du: "Asmo-iztegia". Umandi-k bukatzear
utzi zuen bere lana, eta Gaspar Erkiziak, Andoniren laguntzaile
handienetarikoak, hiztegiari geratzen zitzaizkion xehetasunak
bete ondoren, ikusi du argia. Hiztegia kaleratzeko Eusko Jaurlaritzaren
laguntza izan da, UZEI-renarekin batera.
Umandi 1983.urtean
hasi zen hiztegia preparatzen. Entzuna zuen Raimundo Olabide(1869-1942)
gasteiztarrak horrelako lan bat egiteko asmoa izan zuela beti,
baina ezin izan zuela burutu. Gauzak horrela, eginbehar hau bere
esku hartzea pentsatu zuen araiarrak.
Hiztegiak 385000
fitxaren edukia gordetzen du, eta Umandi-k hamar urte behar
izan zituen fitxa horiek osotu ahal izateko. Urte hauetan, eguneko
hamar bat ordu lanean ematen zituen. Fitxa guzti hauek 3226 orrialdetan
batu dira, eta bi liburutan banatu.
Hiztegiak hiru atal
ditu. Lehenik eta behin hiztegi ideologikoa. Hemen, hitzak familiaka
biltzen dira (landareak, abereak, ...). Bigarren
zatiak lehenengo ataleko hitzen esanahiak biltzen ditu; eta hirugarrenean
aldiz euskal atsotitzak aurki daitezke.
Hiztegia osatzerakoan
zailtasunak eduki ditu UZEI-ren lan taldeak, eta hauen artean
bi bitxikeria: lehenengoa egilearen letra zail egin zitzaiela
ulertzeko, eta beraz, lana behar bezala burutu ahal izateko Andoniren
familiaren laguntza behar izan zuten. Bigarrena, "ll" eta "rr"
hitzak "l" eta "r" gangardunak idazten zituenez, eta formato orijinala
mantendu nahi izan dutenez gero, ordenagailurako letra era berezia
sortu behar izan dute.
Umandi-k
jasotako laguntza Andoni
Urrestarazuren arreba, Miren Teresek azaldu digunez, "Asmo-iztegia"
egiteko Andonik Gaspar Erkiziaren laguntza izan zuen Umandi-k:
"Larunbatetan euskal mezetara joaten ziren biak Gasteizen, eta
bakoitzak astean eginiko fitxak zeramatzan; elkarri eman eta bestearen
okerrak zuzentzen zituzten."
Erkiziaren laguntzaz
gain, Andoni Perez Cuadradok ere lagundu zuen lana burutzen: "Biok
aritzen ginen nire anaiaren fitxak makinaz pasatzen. Zoratzeko
lana zen hura, zuzenketak egin behar ziren, beste gauza batzuekin
batera. Umandi hil zenean, eginbehar hau UZEI-k hartu zuen."
Perez Cuadradok liburua egiteko erabili ziren 385000 fitxak pertsonalki
garraiatu zituen Gasteiztik Donostiara, horrela bakar bat ere
galduko ez zela ziurtatuz.
Umandi-k
lan ordua piloa inbertitu zituen lantegi honetan. Goizean goiz
jaiki, eta mezetara joaten zen. Gosaldu eta berehala ekiten zion
lanari. Bazkaltzeko atsedena hartzen zuen, eta bazkalostean, denborarik
galdu gabe lanarekin jarraitzen zuen, afaltzeko ordura arte. Esan
daiteke Andonik azkenengo hamar urteak hiztegi hau lantzen eman
zituela atsedenik gabe.
Baina ez zuen itxaropen
handirik bere lanak argia ikusiko zuen ala ez, eta nahiko etsita
esan ohi zuen: "Ez dakit hau guztia botatzeko ez ote den izango
azkenean." Horregatik "Asmo-iztegia" Umandi euskaltzale
handiari egin ahal izan zaion omenaldirik onenetarikoa da, bere
arrebaren ustez. Zuriñe Velez de Mendizabal |