Alberto
Gárate bezalako jendea, lanbidea eta bizitza pribatua alde
batera utzi, eta inguruan daukaten gizarteari begira jartzen da.
Politika eta kulturaren munduan aski ezaguna den gizon egonezin
hau ekonomialaria da lanbidez. Liberaltzat jotzen du bere burua,
"baina ez ikuspegi sozioekonomikotik begiratuta, baizik eta hiritarren
eskubideei zor zaien errespetuaren aldetik". Hona hemen, bada,
unibertsitatera itzuli ahal izateko jubilazioa noiz iritsiko zain
dagoen gipuzkoar honekin izan dugun elkarrizketa.
-Duela 34 urte etorri zinen
Gasteiza, 1966an. Nolakoa zen orduan Arabako hiriburuaren egoera
sozioekonomikoa? 1973ko
petrolioaren krisia piztu baino lehen, Arabaren egoera ekonomikoa
aparta zen. Estatuari ordaintzen zion kupoa hutsaren parekoa zen,
eta horri esker oso obra publiko handiak egin zituen, errepideak
edo Forondako aireportua adibidez. Gizarteari dagokionez, 70.
hamarkadaren hasieran bi etorkin mota zeuden Gasteizen: alde batetik
langile kualifikatuak, enpresari txikiak, kargu ertainekoak, eta
beste alde batetik nekazaritza munduko jendea, hirian gaizki samar
integratu zena. Bi gizarte sortu ziren horrela, elkarren artean
apenas komunikatzen zirenak.
-Urte batzuk geroago, 1976ko
martxoaren 3an, poliziak bost langile erail zituen Zaramaga auzoko
San Frantzisko elizaren kanpoaldean. Nola kalifikatu gertaera
hura: errebolta soziala izan zen? Politikoa? Biak? Ordurako
sindikalismo bertikala agortuta zegoen. ELA, UGT eta Comisiones
Obreras nahiko ahulak ziren. Iruñan bezala, hemen ere ezker
muturreko talde sindikalak sortu ziren, baina, bitxia dirudien
arren, ez zioten tradizio marxistari jarraitzen, bizik eta kristau-anarkistari.
Langileen mundu tradizionala sindikatu akordiozaleagoetan bildu
izan dela iruditzen zait, baina Gasteiza iritsitako nekazariek
erregimen zaharraren estiloari jarraitzen zioten, eta askoz ere
erosoago sentitu ziren sindikalismo aldarrikatzailean. Iraultza
zeukaten buruan, sistemak zeuzkan kontraesanak azpimarratuz egoera
aldatzeko.
-Sindikalismo aldarrikatzaile
hori izan al zen 76an kalera irten zena? Sindikalismo
horrek, ideia garbiegirik ez zeukaten langileak bereganatzea lortu
zuen, gero botua UCDri eman zioten langileak. Eta hori, orden
publikoa kontrolatzeko modurik ez zeukan erregimen frankistaren
deskonposaketarekin nahastu zen.
-Galderari eutsiz, zergatik
atera zen kalera langileen mugimendua? Nik
uste dut jende gehienak bere bizi baldintzak hobetu nahi zituela.
Kontuan izan inflazioa oso handia zela, eta egoera ekonomikoa
txarra. Soldata igotzea eskatzen zuten.
-Duela 25 urteko Gasteizen
kohesio soziala eskas samarra dela aipatu duzu. Zer esango zenuke
gaur egungo egoerari buruz? Martxoaren
3an, gasteiztarrak obreroak ere existitzen zirela konturatu ziren
estrainekoz, ordura arte inoiz ez zituztelako ikusi, baina gaur
egungo gizarteak ez dauka duela 25 urtekoarekin zerikusirik. Jende
guztiak dauzka aukerak; hau da, gaur egun ez dago gurasoek dirurik
ez daukatelako ikasketarik egin gabe gelditzen denik, osasuna
ere unibertsala da -Felipe Gonzálezen garaiaz geroztik,
gainera- ... Baina, kohesio sozialik ba al dagoen? Ez dut uste.
Gai konplexua da. Gizartea lehen baino demokratikoagoa da, eta
kanpoko tragedien aurrean elkartasuna adierazten du, baina ez
zaio batere axola bere bizilagunari zer gertatzen zaion. Ez dago
lehen baino kohesionatuagoa. Beno, hori da niri iruditzen zaidana,
zeren ni ez naiz ez soziologoa, ez psikologoa, ez historialaria...
Ikusle bat besterik ez naiz.
-Immigrazioa baino lehen, Gasteiz
hiri handia zela esaten da. Kulturaren aldetik zein ezaugarri
zeuden orduan? Eta gaur? Nik
Bilbon ikasi nuen, eta, benetan, bai Bilbo, bai Gasteiz, basamortuak
ziren biak. Espainiako kulturako figurarik onenak erbesteratu
egin ziren 36an, eta hemen gelditu zirenak nahiko mugatuta zeuden.
Ikusgarria zen katolizismoak Gasteizen zenbateko presentzia zeukan,
oso ikastetxe onak zeuzkan, hala nola Jesús Obrero edo
Diozesiarrak, eta unibertsitatea Bilbon zeukaten. Gasteiz gaur
egun oso hiri anizkoitza da, eta oso giro artistiko interesgarriak
dauzka, Katanga Faktoria bezala.
-Baina Gasteizko jendeak hotza
eta parte-hartzaile eskasak izatearen fama dauka. Ez
dut uste beste hirietako jendearekiko hain desberdinak garenik.
Gizartea oso zatikatua dago, interes desberdin asko dauzka, eta
gazteek, gainera, zailtasunak besterik ez dauzkate. Gasteizen
gainera, Espainiako gainerako lekuetan ez daukaten arazo bat daukate:
etxebizitzen garestitzea. Ulertezina da nola izan dezakegun zentru
hiritarren sare bat, gazteek pisu batengatik 40 milioi ordaindu
behar dituztenean. Gasteizek jabetza publiko dezente dauka zoruetan,
beste udalek baino gehiago. Etxebizitzei buruzko debate bat gogoratzen
dut. Tartean Gasteizko alkate ohia zegoen, Jose Angel Cuerda,
eta egin zitzaion lehenengo galdera hau izan zen: konturatzen
al zara etxebizitzen politika horrekin ezkontzaurreko harremanak
bultzatzen ari zarela, gazteek ezin dutelako ezkondu? Orduan bai
jarri zela urduri Cuerda, eta inoiz ez da urduri jartzen. Erantzuna
ematerakoan, noski, gaitik erabat aldendu zen.
-Alda
dezagun gaiez. Duela hilabete batzuk, Arabako Foru Aldundiak euskararen
inguruko organo berri bat sortu zuen: Euskararen Aholku Batzordea.
Zer iruditzen zaizkizu horrelako kontseilu aholku emaileak? Ez dakit zeintzuk diren
kontseilu horren helburuak, eta nola funtzionatzen duen ere ez,
baina nik uste dut kontseilu aholku emaileak, gehienetan, unean
uneko politikariari ideiak dohain emateko egoten direla. Hala
ere, politikariek pertsona egokien aholkuak jaso behar dituzte,
baina ordainduta, noski.
-Landazuri Sozietateko kide
aktiboetako bat zaitugu. Zer esango zeniguke Sozietate honi buruz? Sozietate
txiki bat da, ia guztiak bezala. Langile gutxi batzuk eta bazkide
batzuk dauzka, eta gure funtzio nagusia ondare historikoa zabaltzea
da, ikustaldiak egin eta horren inguruan idaztea. Bazkideen artean
denetariko jendea gaude, oso mundu ideologiko desberdinetakoak,
eta guztiok ondareak inguruan bildu gara. Debaterik ere antolatu
izan dugu, esate baterako etxebizitzari edo indarkeriari buruz.
Landazurin ondarea kontserbatzearen alde egiten dugu lan, baina
gasteiztar petoek gehiegizko karga ideologikoa daukate. Azken
batean, beren haurtzaroko hiria defendatzen dute, denok bezala.
-Eta zaila al da gasteiztar
petoen sozietate horretan sartzea? Ni
ez naiz gasteiztar peto bat.
-Horregatik. Zaila
da, bai, barru-barruan beldur direlako. Zer esan nahi dut honekin?
Ba, nire ustez, Gasteizko eliteek huts egin zutela XIX. mendean,
ez zutelako ezer sortu. Industrializazioa gipuzkoarren eskutik
etorri zen, baina gasteiztar dirudunek ez zuten ekimenik izan.
Errenten kontura bizi ziren.
-Barkaezina litzateke duela
25 urte beste hiritar batzuekin batera bultzatu zenuen proiektuari
aipamenik ez egitea: Axular liburudenda. Ez zen liburudenda soila
izan, trantsizio politikoaren garaian bilerak egiten baitziren
bertan. Oasi moduko bat zen euskal kulturarentzat... Hori
da. Axular, frankismoak sortutako hutsuneko oasi bat zen, baina
ez euskal kulturarentzat bakarrik, zeren eta hor politikaz, hirigintzaz,
pedagogiaz eta gauza guztiei buruz hitz egiten genuen. Gaur egungo
gizartea askoz ere aberatsagoa da: unibertsitatea daukagu, erakunde
demokratikoak dauzkagu, eta abar, baina frankismoaren garaian
ez zegoen horrelakorik. Horregatik, nik uste dut Axularrek zulo
asko bete zituela.
-Faltan botatzen al dituzu
bilera klandestinoen garai haiek? Ba
bai, beste gauzen artean 25 urte gutxiago neuzkalako. Dibertigarria
zen trantsizioaren mundu hura. Herrialde normalizatu batean beste
instantzia batzuen esku egongo ziren gauzak egiten genituen. Axularren
partido politikoak biltzen ginen, kultur elkarteak, artean sortzeke
zegoen unibertsitatea...
-Oraindik ez dugu enpresaria
zarenik aipatu. Zein da zure iritzia erakundeek kulturaren arloan
daukaten kudeaketa ekonomikoari dagokionez? Horra,
orain arte bota didazun galderarik zailena. Kulturak gizon eta
emakume sortzaile eta solidarioak sortu behar ditu. Horretan datza
bere garrantzia. Eta nire ustez erakundeek pertsonen sormena bultzatzeko
bitartekoak ipini beharko lituzkete, sormenari dagokionez hutsune
asko soma daitezkeelako. Baina, beste alde batetik, Guggenheim
bezalako ekimenak daude, erabat desberdinak. Alde edo aurka nagoen
galdetu baino lehen, erantzun egingo dizut. Nik uste dut Museo
honek ez duela gehiegi laguntzen pertsona sortzaileak sortzen,
baina, zalantzarik gabe, beste gauza askotarako balio du, eta,
batez ere, Bilboren irudia aldatzeko. Lehen Bizkaiko hiriburua
terrorismoaren eta gain-behera industrialaren sinonimoa zen, baina
Guggenheimi esker, aldatu egin da irudi hori.
-Alegia, oso ongi dagoela ikuslearen
kultura, lasai-lasai eserita egotearena, baina sortzailearen kultura
ere sustatu behar dela. Niri
izugarria iruditzen zait Katangako gazteek egiten dutena: lehen
hestebeteen enpresa bat zegoen lekuan musikarako leku bat egin
dute, eta gainera, ia baliabide ekonomikorik gabe. Horrelako ekimenak
bultzatu beharko lirateke.
-Eta
gaztetxeak? Bide onetik joanez
gero, oso asmakizun ona dira.
-Bukatzear gaude. Ekonomiarekin
lotutako bi galdera egingo dizkizut. Baina, aurretik, esaidazu:
atsegin al duzu zure lana? Bai.
Ondarea sortu eta banatu egin behar da.
-Eta ongi al dago banatuta,
ala gero eta handiagoa da aberats eta behartsuen arteko aldea? Espainia,
orain, duela 30 urte baino justuagoa da, baina, munduan, oro har,
aldea gero eta handiagoa da.
-Azken datu ekonomikoek aditzera
ematen dutenez, gainera, ekonomia geldotzen ari da. Gailurra jo
ote dugu? Ez dakit.
Ziklo ekonomiko bakoitza desberdina izaten da. Dakidana da 60ko
hamarkadan El Ejidoko andaluzek Bartzelonara emigratzen zutela,
eta orain El Ejidoko jendea bizimodu hobe baten esperoan Almeriara
iristen diren marokoarren kotxe eta barrakak erretzen ibiltzen
dela.
Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 107.zbk
(2001 / 1 / 19-26)
|