Jose
Luis Zumetari koloreek xuxurlatzen diote. Haiek esaten diote nondik
jo. Parisera alde egin behar izan zuen abangoardiaren bila eta
Euskal Herrirako bueltan bera bilakatu zen abangoardia. Hasieran
haserreak eragin bazituen ere, berari bost axola zitzaion. Besteak
frankismoaren gristasunean zebiltzan bitartean, askatasunez eta
kolorez zipriztindurik bizi zen bera. Eta bizi da, bohemio izan
nahi zuen gaztea, pozik baitago egun Nafarroako bere baserrian,
bere tailerrean eta etengabeko irudimenaren laguntzaz.
-Noiz hasi
zinen pintzelak zikintzen? Usurbildik bost urterekin
atera nintzen lehendabiziko aldiz Donostiako eskolara joateko,
Alde Zaharrean zegoen La Sallen, eta han hasi nintzen. Astean
zehar, marrazketa lantzeko bizpahiru klase genituen . Hor nonbait,
ongi egiten nuen eta hamahiru edo hamalau urte nituelarik, grafika-enpresa
batean lanean hasi nintzen praktiketan edo. Kasualitate horregatik hasi nintzen
marrazten, eta ikasten. Lan komertzialak ziren, jakina, baina eskarmentua
hortik hasi zitzaidan. Nagusia ere pintorea zen, Antonio Valverde,
eta bertan liburuak eta baziren. Bertako lanak egiteaz gain neure
gauzak egiten hasi nintzen.Gerora-Sección Artística
de Guipuzcoara jo nuen, non maisurik ez zen: modeloak etortzen
ziren eta bertan ipintzen ziren. Beraz, pixkanaka, geroz eta gustu
gehiago sumatzen nuen eta ordutik pintorea izan nahi nuela sumatu
nuen.
-Horrelako
erabakia ez al zen oso zaila suertatu, oztopoz betetakoa? Nik bizitza bohemioa
egin nahi nuen. Lana bilatu beharra, parranda eta denetik...soldaduska
egitera joan nintzen eta gero Parisera. Bertan denboraldi
ez oso luzeak igarotzen nituen. Dirua beharrezkoa zen, beraz hona
bueltatu, pixka bat gizendu, dirua apur bat lortu eta horrela
ibili nintzen hilabeteetan zehar. Hemendik atera beharra neukan
pintore bezala ibiltzeko, hemen ez zegoen zereginik. Nazioarteko
artearen abangoardia ezagutu nahiak bertara eraman ninduen. Madril
edo Bartzelona aukeran zeuden ere baina horien aurrean Paris nahiago
nuen. Frankismoak eta bertako gizarte kontserbadoreak ezarritako
isolamendua hausteko premia larria neukan. Oso interesgarria zen hango
mugimendua, gerora pixka bat jaitsi bazen ere mundu osoko pintoreak
biltzen ziren han. Van Gogh ere han ibilia zen, inpresionismoa,
Tolouse Lautrec...
-Zerekin
egin zenuen topo bertan? Lehenik eta behin hiru
donostiarrekin: Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta
Jose Mari Ortiz. Asko ibili nintzen Balerdirekin, ni baino pixka
bat zaharragoa zen, pinturaz asko zekien eta harekin asko ikasi
nuen. Kalean, erakusketak ikusten,
paperak bilduz ibili nintzen, benetako bohemioa izateko aukera
izan nuen orduan, a tope. Pinturekin harrituta gelditu nintzen.
Iparamerikarrak eta europarrak ziren bertan: Cobra, Staël,
Pollock, de Kooning, Chagall eta Picasso... hemen ez zegoen ezer
eta dena berria zen niretzat. 1959an egin nuen lehendabiziko bidaia
haruntza eta "kolpe" handia jaso nuen buruan, bai horixe. Gero Londresen egon nintzen,
eta beste aldi batean Suediaraino. Orduan Vespa batean egin genuen
bidaia Jose Antonio Artzek eta biok. Parisen neska bat ezagutu
nuen nik eta…ez zen pintorea bera.
-Hortaz aitzakia hori hartuta… Aitzakia baino gehiago
zen...! Udazkenean ailegatu ginen Estocolmora eta berehala hasi
zen hotza, elurra...nahiko gogorra zen, triste xamar.
-Hala
ere zure bihotza bero egonen zen... Denbora gutxi …Denboraldi
horretan pintura kontuak pixka bat ahaztuta izan nituen. Ikastaro
bat edo beste egin eta handik Danimarkara joan nintzen,bi hilabetez
edo. Izan ere, lanik ez zegoen eta oso gaizki nengoenez, auto-stop
eginez Parisera itzultzea otu zitzaidan. Gaztetxo, hogei edo hogeita
lau urte nituela egindakoak dira hauek; hogeita bostekin ezkondu
nintzelako eta hortik aurrera, zeharo aldatu ziren gauzak.
-Behin Euskal Herrian zaudela
zure maletan zer ekartzen duzu, motxilan agian hobe? Hemen giro kostunbrista
zegoen: behiak, baserria, arrantzaleak, behe-lainoa ziren nagusi.
Hortaz, handik bueltatzerakoan nik nekarrena eskandalu bat izan
zen. Gogoratzen dut nola Donostiako udaletxean mural bat jarri
nuen eta jendea kalean haserretuta ibili zen, gaitzidura sortu
zen. Ordura arte, ez zuten horrelako gauzarik ikusteko aukerarik
izan. Obra haien gaia pintura bera zen, kolorea zen nagusi, abstrakzioa
euskal gizartean lehen aldiz agertzen zen. Ni txulo samarra nintzenez,
jarrera ezkor horiek, jendearen haserreak, ez ninduten batere
kezkatu. Egia esanda oso erradikala zen, kolore bizi-biziak eta
marra horizontal batzuk, gai jakinik antzematen ez zitzaienak.
-Jendea astintzea
bilatzen al zenuen? Ez, ez, nik benetan
sinisten dut. Behin ere ez dut pentsatzen zer dagoen alde batean
edo bestean. Pintatzerakoan behin ere ez dut buruan nork ikusiko
ote duen. Gero erakusketa bat prestatzerakoan aukeraketa bat egiten
dut baina pintatzerakoan ez. Ez banu sinesten dudana egin, bidea
galduko nukeen.
-Testuinguru
honetan Gaur taldea sortzen da. Gaur taldea Hondarribian
bizi nintzelarik sortu zen; arte mailan Gipuzkoan eskola bat sortzeko
eman zen ahalegin bat. Pintore eta eskultoreak bildu ginen. Musikan
ere orduan Ez Dok Hamairu sortu zen. Eskola horretan poetak
ere baziren. Gaur, Orain, Danok eta Hemen izan ziren
60. hamarkadan Euskal Herrian sortu ziren taldeak, betiere euskal
artea sustatzeko asmoz. Hasiera
batean erakusketak egin genituen, gerora aldarrikapen politiko
batzuk zetozen. Baina geroz eta oztopo gehiago izan genituen eta
proiektu politiko hau bertan behera gelditu zen. Tentsioa izugarria
zen eta bakoitzak bere aldetik jo zuen.
-Pasioa eta
lanbidearen arteko muga? Nire kasuan afizioa
edo bokazio hutsa da. Nire alboan, familian, betiko topikoak azaleratu
ziren erabaki hau hartzerakoan.
-Zer dela eta
bideratu duzu zure lan gehiena pinturara? Erliebeak egin ditut,
koloreekin. Kolorea nahiko fundamentala da, 3 dimentsiotan lan
egiten hasi nintzen, bolumenak lantzen horra hor 1974-76 bitartean
egindako zeramikazko erliebeak, baina oso zaila zen, oso konplikatua:
tresnak, lantegia...eta oso garestia. Eskakizun asko zegoen azpiegitura
aldetik eta hortaz, pintura sakontzea erabaki nuen.
-Behin baino
gehiagotan kolorea aipatzen duzu... Kolorea niretzat fundamentua
da pintura bat jarraitzeko, emozioa da, eta emozioen bidez energia
sortzen da, zentzua ematen die gauza guztiei. Koloreen bidez forma
sortzen da. Hasiera emozionala da eta koloreak esaten dit nondik
jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik
gabe oso zaila egiten zait sinistea. Sentitzea, sinistea... dena
da berdina niretzat. Ezin dut bakar bat aukeratu, epokak egon
daitezke baina guztiak behar ditut.
-Oihal zuria
daukazu aurrez-aurre … Beldurra sumatzen nuen
lehen. Gero errespetua galdu nion eta koloreekin fidatzen hasi
nintzen, haiek erakusten didate nola segi. Hasiera batean dena
kolorea da, inpulsiboa. Bata bestearen atzean jarri eta segituan
ikusten da zein nahi duzun ondoren. Hiru
saio ematen ditut egunean zehar, saio motzak. Freskura lortzen
dut horrela motzean eta asko lan egiten, gehiegi pentsatu gabe.
Asteburuetan konpromisoren bat dela edo bisitaren bat dela gutxiago
egiten dut, bakarrik banago gauez agian aritzen naiz ere. Nahiko
naturalki, gogoen arabera, margotzen dut, badakit nire neurria
zein den eta horren arabera aritzen naiz.
-Zerk erakusten
dizu amaitu duzula? Ez duzu ia beste biderik
ikusten. Kolorea, posizioa, keinua...lortutakoan amaitutzat ematen
dut, koloreak berak esaten dit.
-Beti
abstrakzioan murgildu al zara? Hasieran noski figurazioa
landu nuela eta gerora ere denboraldi batean ekin nion 79-80an.Espresionismo
soziopolitiko moduko bat izan zen. Salaketa soziala egin nahi
izan nuen, behar hori sentitu nuen eta egin nuen. Betebehar hori
amaitu eta abstrakzioari ekin nion berriz. Nire lanen artea kartelgintza
ere abstrakziotik zertxobait urruntzen da. Onartu ditut holako
lanak, talde batentzat edo Laboarentzat...eta beti boluntarismo
bezala egindako lanak izan dira. Eta pinturetan, nolabaiteko lotura
egin izan dut gaiarekiko.
-Dena asmatua
dagoela esaten da, zer duzu berririk aportatzeko? Dena eginda dagoela
esatea da bide zabalak irekiak daudela baina gero bakoitzak bere
bidea dauka, nahiz eta denok autopistatik ibili, bakoitzak bere
bidexka dauka. Eta ematen du gauza berririk edo harrigarririk
ezingo direla egin eta egingo dira, bakoitzak bere bidea daukalako.
Pintura bera abentura da.
-Pintore batzuek
barruko sentsazioak ateratzeko erabiltzen dute pintura, eta zuk? Nik bai, horrekin identifikatzen
naiz, hala ere ia ahaztu zait zergatik pintatzen dudan, ia ezin
da zehaztu, beharragatik edo, izateko. Hasieran nire pintura eskasa
zen, gerora kontrolatzen hasi nintzen. Betiere nire kabuz esperimentatzen.
Autodidakta izateak bere arriskuak eta abantailak ditu. Eraginik
ez duzu, askatasuna ere bai, izan ere, akademikoki ikasten dena
ahaztu behar da eta nik ez dut ezer ahaztu behar izan. Europa
erdialdeko eragin gehiago izan dudala iruditzen zait iparamerikarrena
baino. Kopiatu ez, baina nire gauzak eta beharrak hurbil samar
ikusten ditut.
-Uribitarteko
biltegia Bilbon, San Martingo azoka Donostian, Iruñeko
Gaztetxea...zer dute horrelako lekuek erakustoki bezala aukeratzeko? Bilboko kasuan nik
ofizialtasunik gabeko leku bat nahi nuen, ez nengoen ados zenbait
politikekin eta baliteke, bai, salaketa moduan egin izana. Leku marjinala edo artetik
kanpo dagoen leku baten bila nengoelarik Donostian, esate baterako,
San Martin azoka suertatu zitzaidan. Oso polita geratu zen. Pinturak
eta gero inguruan oilaskoak, berdurak, frutak eta txorizoak. Jende
askok eskertu zidan, niretzat hunkigarria izan zen. Erakusketa berez esker-saria
da, ez dut hala ere jendearekin harreman zuzenik izaten, jakina,
inaugurazioetan hantxe nago eskerrak jasotzeko, gainontzeko egunetan
berriz ez naiz handik ibiltzen.
-Teknologia
berrien aurrean zein da zure jarrera? Normala da, erreminta
ezberdin bat da, ni horretan nago probatzeko behinik behin. Marrazkiak
bertan egiteko, kolore aldaketak bertan probatzeko...entxufatu
gabe daukat oraindik baina mahaia eta ordenagailua hortxe dauzkat
hasteko prest. Tailerretik irteterakoan badira libre dauzkadan
zenbait ordu eta une horiek ordenagailuarekin aprobetxatuko nituzke,
entretenimendu bezala hartzen badut...Hori bai, pintzelak ez ditut
utziko. Nik lanabes tradizionala behar dut.
-Etorkizuneko
proiektuak… Miarritzeko udaletxetik
deitu naute erakusketa bat egiteko, zehazteke dago beraz eta bestalde,
New Yorken badaukat hitzartuta beste bat. Galeria batean da, Bilbon
egindako erakusketa batean New Yorkeko gizon batek koadro bat
erosi eta bere alabak han duen galeriara erakusketa eramateko
esan zidan eta hala sortu da.
-Egungo pinturaren
argazki-marrazkia… Asko
dago, urtero Leioatik ehunka pintore irteten dira. Gu hasi ginenetik
oraino gauzak hainbeste aldatu dira...egun karrera egiten dute,
ofizioa ikasi eta teoria jasotzen dute, asko ikusteko aukera,
informazioa, dena daukate. Egia esanda ez ditut gehiegi
jarraitzen egungo euskal pintore gazteak. Hori bai, ikusi dudanaren
artean oso maila altua dagoela esan dezaket. Beharbada hemen bizi
dugun tentsio politikoak beste ikuspegi ezberdin bat ematen die
egungo artistei, agian hau esatea gehiegizkoa da, baina hala iruditzen
zait. Tentsio handia dago eta hori bizitzako esparru guztietan
islatzen da, artean ere bai. Hori bai, bokazioa daukan gazte
bati naturaltasunari eta sentimenduei jarraitzeko gomendatuko
nioke. Batbatekotasuna lantzeko. Adinak, jarraitzeak, ematen du
zure lekua lortzea.
-Guggenheim
museoak zer nolako eragina izan du? Hemengo giroa astindu
du, hirien arteko nolabaiteko konpetentzia sortu du eta mugitzen
hasi dira. Arrakasta komertzial bat izan da eta astindu duen aldetik
asko egin duela iruditzen zait. Gero bere politika ia iparamerikarra
denez, euskal pinturari mesede handirik ez dio egin, baina beste
gauza onak ekarri ditu. Publikoak zer egiten den ikus dezan ongi
dago, modernizatzeko. Nik uste dut jendeak borondatea
daukala, egun errespetatzen du abstrakzioa. Ulermena ez bada,
kolorea gustatu ala ez gustatu, behintzat baremo horiekin hurbiltzen
da.
Jose
Luis Zumeta, 1939an Usurbilen, Gipuzkoan, jaioa
Egindako
erakusketen eta jasotako sarien laburpen bat baino ez da
jarraian agertzen dena:
-
1958
Madrilen egiten den "Pintura Joven" lehiaketan
Urrezko Domina Nazionala irabazten du.
-
1965
Euskal eskolako "Gaur" taldearen sorreran parte
hartzen du, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu,
Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta
Jose Antonio Sistiagarekin batera.
-
1967
"Euskal pinturaren Sari Nagusia" lehiaketaren
lehen saria irabazten du.
-
1973-74
145metro koadroko zeramikazko horma-irudia egiten du Usurbilen.
-
1976
Madrilgo Velazquez Jauregian antolatu zen "Erakusketa
79"delakoan parte hartzen du.
-
1980
taldeko erakusketa egiten du Bartzelonako Joan Miró
Fundazioan.
-
1982
taldeko eta banakako erakusketak egiten ditu Stuttgar-Alemanian.
-
1983
Banakako erakusketa "Volksbank galerie" delakoan
(Biberach, Alemania).
-
1989
"Homenaje a las víctimas del franquismo"
izenburuaz antolatu zen taldeko erakusketan parte hartzen
du, Madrilen, Sevillan eta Valentzian.
-
90.
hamarkadan zehar Euskal Herriko zenbait museo eta galerietan
dabil: Windsor, San Telmo, Altxerri, García Castañón,
La Brocha, ...
-
1999
The Hangar, Evanton (Eskozia9
-
2000
Uribitarte biltegia (Bilbo). La Brocha galeria. San Martingo
azoka (Donostia).
Bere
koadroak Bilboko Arte Ederretako museoan, Arabako Arte Ederretako
museoan, Donostiako San Telmo museoan, Santa Cruz de Tenerifeko
Egungo artearen fondoan eta Txileko Santiagoko Elkartasunaren
museoan, Kataluniako Caixaren "Testimoni" bilduman
ikus daitezke. |
Argazkiak: Idoia Marcellan
Euskonews & Media 134.zbk
(2001 / 9 / 7-14)
|