Oinarrizko eskubideak Europar Batasunean: Europako Eskubideen Gutunari buruzko Jardunaldiaren inguruko gogoetak
* Traducción al español del original en euskera
Maite Zelaia Garagarza

Izenburuan aipaturiko Jardunaldian hizpide izan genuen Europako Eskubideen Gutuna (aurrerantzean, Gutuna), Europar Batasunak onarturiko testua da, bera osatzen duten Estatuen lurralde eremuan aplikatzeko helburuarekin sortua, hain zuzen ere. Gogoeta hau hain nabarmena den planteamenduarekin hastearen arrazoia, nagusiki, honokoa litzateke: EUROPAri buruzko aipamenak egiten direnean, ez gara beti Europa "bati" buruz ari, ezen, Europa "handia" edo Europako Kontseiluaren eremu lurraldetar bezala ezagutzen dugunaz gain, Europar Batasuna edo eremu lurraldetar komunitarioa baitaukagu, jakina denez, aurrekoak baino alkantzu lurraldetar murritzagoa duena.

Oinarrizko eskubideei dagokienez , lehendabizikoaren esparruan (berrogei Estatu baino gehiagoz osaturikoa), 1950.eko Giza Eskubideen Europar Komenioa (aurrerantzean Komenioa) litzateke arau aplikagarri nagusia eta, noski, beronen interpretazio lanetan diharduen Estrasburgoko Giza Eskubideen Europar Auzitegia. Europar Batasunari dagokionean, aipatu dugunez, 2000. urte bukaeran onartu berri den Gutuna litzateke arauzko erreferentzi puntua eta beronen aplikazioan Luxenburgoko Europar Justizi Auzitegiak esan dezakeena. Hortaz, aztergai dugun Gutuna, Komenioarekin nahitaezko harreman bat landu beharrean aurkituko da. Baina ez hori bakarrik: gorantzeko zentzuan (Europar Batasunetik Europa "handirantzeko" zentzuan, alegia) ematen den nahitaezko harreman honetaz gain (Gutuna-Komenioa), beheranzko zentzuan (Europar Batasunetik Estatu kideetaranzko zentzuan), Gutuna, Estatu kideen barneko Konstituzioekin konektatu beharko bailitzake, azken finean, Estatu horiek beraien ordenamendu juridikoaren parte bihurtu beharko baitute Gutuna.


Luxenburgoko Europar Justizi Auzitegia. (Iturria:Europar Batzordearen Mediateka)

Europa komunitarioan murgilduz, denbora luzea igaro da honek merkatu edo "plaza" ekonomiko bat izateari utzi ziola eta bere jaiotza unean zeukan izaera ekonomiko hutsa gainditu duela, planteamendu eta gai politikoei leku eginaz. Honen isladetako bat, hizpide dugun Gutuna litzateke.

Gehienetan gertatu ohi denez, oraingoan ere, ez dago adostasunik testua baloratzeko orduan, beronen ahuleziak bakarrik ikusten dituztenetatik, testua arrakasta politikotzat jotzen dutenetaraino, balorazioak ugariak baitira.

Gutunari egozten zaion ahulezia edo akats nagusietako bat, balio juridikorik ezarena litzateke: lotespen juridikoaren jabe den benetako testu juridiko gisa onartua izan beharrean, izaera politikodun adierazpen bezala aldarrikatu baita Nizan, 2004. urteko Gobernuarteko Konferentziaren esku utziaz Gutunak etorkizunean eduki beharreko estatus juridikoaren auziaren erabakia hartzea.

Aipaturikoa bada ere intentsitate handienarekin kritikatzen den puntua, ez da detektatzen den makaltasun barra, edukiari dagokionean ere, ahots ugari entzun baitira testu honek dituen hutsuneak salatuz. Edukiari dagozkion kritikok, funtsean, bi norabidetara zuzentzen dira: bata, ideia aurrerakoi eta sozialak defendatzen dituzten alderdi politiko eta taldeek markaturiko norabidea litzateke, izaera aurrerakoiaren ispilu diren zenbait eskubide sozial eta ekonomiko ez barneratzea salatuz eta, bestetik, izaera kolektiboa edo talde izaera duten eskubideen aintzatespena galdatzen dutenen planteamendua genuke, besteak beste, Euskal Autonomi Elkartearen ordezkariek erabakia hartze guneetan defendatu duten jarrera, hain zuzen ere.

Hutsuneak hutsune, Gutunak zenbait elementu positibo aportatu dituela eztabaidatik kanpo gelditzen den kuestioa da, nagusiki, metodoari dagokionean. Preseski, testua lantzeko jarraitu den formula ez da izan gobernuarteko formula itxi bat (nahiz eta azken onarpena gobernuei dagokien zerbait den), baizik eta Europar Batasuneko erakunde eta organoetaz gain, Estatu kideetako parlamentuek eta, noski, gobernuek, gizarte zibilarekin batera parte hartu baitute prozesu honetan. Metodo berritzailea, hortaz, Gutuna onartzeko erabilirikoa. Ez da dudarik horretan. Asaldatzen gaituena, ordea, beste kezka bat da: partehartzea horren zabala izanik, barneratu al da Estatu kideetako gobernuek barneratu nahi ez zuten edukinik? Jarraiturikoa metodo tradizionala izan balitz (Estatu kideetako gobernuen partehartze hutsa, alegia), emaitza beste bat izango ote zen edo testua "legitimazioz" janzteko gobernuen estrategia bat izan ote da? Nolanahi ere, testu honek, Europak eta bertako kide diren Estatuek, hain funtsezkoa den eskubide eta askatasunen alorrari begirunezko tratamendu bat ematen ahalegintzen direla agerian jartzen du. Azken finean, testuak indar juridiko loteslerik ez izateak ez baitu suposatzen ondorio juridikorik sortu ezin dezakeenik, sortu baititzake. Ondorioz, Europako Justizi Auzitegiak Komenioarekin batera, beste instrumentu bat gehiago izango du eskubideen eremuko auziak interpretatzeko.


Maite Zelaia Garagarza, EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko Irakaslea eta Jardunaldiaren Koordinatzailea


Euskonews & Media 139.zbk (2001/10/11-19)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved