Resurrección
Maria Azkue hiztegigilea, gramatikagilea, herri-jakintzaren biltzailea,
operagilea, aldizkari-sortzaile eta kudeatzailea izan zen. Gainera,
kontagintzaren sustatzailea eta kontalaria ere izan zen: besteak
kontaketa-prosa lantzera bultzatzeaz gain, berak ere ekin zion
alor hau jorratzeari.
Euskal kontagintzaren
sorrera berankorra da euskal literatura inguratzen duten literaturekiko.
XVI. mendeaz geroztik jorratu da prosaren esparrua euskaraz, baina
ibilaldi horretan ez dizkio ateak zabaldu kontaketari, harik eta
XIX. mendearen lehen bi herenak pasa arte.
XIX.
mendearen hondarrean bidegintza honi hasiera ematerakoan, ez da
Azkue ekarririk urriena egiten duena. Kontagintzaren sustatzaile
legez aurkezteko, aldizkari bakar batean errepara daiteke, berak
1897an sortu eta iraun zuen bitartean, 1899rarte, zuzendu zuen
Euskalzale astekarian. Euskal literaturak erakusten dituen
ahuleziez eta gabeziez jabeturik, honako dei hau zabaltzen du
Azkuek aldizkariaren lehen alean bertan:
"EUSKALZALEK,
adiskide batzun laguntasunaz, gure liburuteri urri banakatua
ugaldutearren, eta euskereak, beste berbeta edo izkeraak daukezan
lako irakurtekoak euki daizan dei bat egin nai dautse euskeraz
eskutiztuten dakienai.
Lan bi sarituko dira
batzaldi onetan. Lenengoa: Biltoki edo teatrorako lan bat:
musikea ezarri leiona.
Bigarren lana: Erderaz novela
edo roman deritxon lako liburu bat" (1).
Horra hor, Azkueren
eskutik, lehen eleberri-lehiaketa. Txomin Agirreren Auñemendiko
Lorea izan zen irabazlea eta Euskalzale aldizkariaren
orrialdeetan atalka atalka argitaratu zen, 1898ko ale desberdinetan
zehar, liburu gisa argitaratu aurretik.
Tarte zabalagorik
ere izan zuen kontaketa-prosak Euskalzaleren orrialdeetan:
"irakurgaiak" eta ipuinak sail finkoa izan zuten astekarian. Sail
hauek kontaketak bidali nahi zituen irakurle orori ireki zizkion
Azkuek.
Kontagintza sustatu
ez-ezik, kontaketak ere idatzi zituen Azkuek. Euskalzale
aldizkaria sortu aurretik heldu zion egiteko horri: Bilboko La
Abeja (1889-1890) hilabetekarian argitaratua zuen Peru
Matraka ta Pedr'anton. "Iarraituko dau" batez uzten du La
Abeja aldizkariaren azkeneko alea, seigarrena, 1890.eko maiatzean
argitaratu zenean. "Ezti-Abauak"-ek izenpetzen zuen kontaketa
hau. Azkuek erabili zituen goitizen ugarietako bat da.
Goitizenik izen-abizenera
eta aldizkaritik liburura doa eman zuen bigarren kontaketan: Lenengo
irakurgaia. Bein da betiko (1893). Jarraian etorriko dira
Euskalzale aldizkarian argitaratu zituen ipuin eta irakurgaiak.
Irakurgaien alorrean, 1897ko zenbait aletan "Urkiolako igarlea",
"Kristobal andia", "Eremutarra", "Batxi guzur" eman zituen eta
1898an Bein da betiko berrargitaratu zuen. Aldizkaritik
liburura igaroz berriro, Ardi galdua (1918) kaleratuko
du, argitaragabe utziz idatzi zuen kontaketarik luzeena: Latsibi
1989an argitaratu dute Euskaltzaindiak eta Labayru Ikastegiak.
Euskal kontaketaren
sorrera garaia da. Azkuek lehen-lehenik liburu gisa eman zuen
Bein da betiko argitaratu aurretik istorio gutxi irakur
zitezkeen euskaraz, oso gutxi. Entzun eta esan ugari egingo ziren,
baina irakurri nahi zuenak eskaintza oso oso urria zuen. Eskaintza
urri hori honetara mugatzen zen: itzulpenak (pare bat), egokitzapenen
bat, eta aldizkariren bat lehen argitalpen-leku izan zuten kontaketa
labur batzuk.
Testuinguru
honetan, Bein da betiko egiteko leienda bat hartzen du
oinarritzat, lekeitiar bati entzundako leienda, hain juxtu. Berez,
Azkue herri-jakintzaren biltzaileak ere jaso zuen leienda hori:
Euskalerriaren Yakintzan aurkitzen da. Bukaeran esaten
duenez, Jose Francisco Maruriren ahotik jaso zuen laburtxoago.
Azkuek
Bein da betiko kontaketa bi aldiz landu zuela esan daiteke:
behin Maruriren kontaketa Euskalerriaren Yakintza liburura
eramateko, beste behin Bein da betiko 1893.ean argitaratutako
liburura eramateko.
Honela bada,
ahozko kontaketa batean dago Azkuek idazten duen istorioaren jatorria.
Erraz atzematen da jatorri hori. Ez bakarrik, ahozko munduan hain
hedatuak diren pertsonaiez, hala nola, sorgin, deabru, arima eta
abarrez elikatzen delako, edo geldiune gutxi dituelako, baizik
eta bertan hitzak hartzen duen indarrarengatik. Hitzak berebiziko
errespetua eragiten du. Hitzak, esaten denak, garrantzi aparta
du, hainbesterainokoa non pertsonaia gaisotzea lor dezakeen edo
esana errealitate bihurtzera hel daitekeen.
Azkue kontalaria
ezin bana daiteke Azkue musikagilearengandik eta hizkuntzalariarengandik.
Hala, Bein da betikon Azkue musikagileak kanta sartuko
du bere musika eta guzti; Azkue hizkuntzalariak liburuaren amaieran
"Aclaración de voces menos usadas" eransten du; istorioa
bera bi bertsio linguistikotan ematen du. Bere hitzak jarraituz:
"Eskerreko
erreskadaan Bizkai guztiko izkera edo berbeta bat egiña
oitu dogu, eskumakoan Lekeitiokoa" (2).
Azkue
hizkuntzalaria bizkaieratik gipuzkerara igarotzen da bere bigarren
eleberri laburrean, Ardi galduan. Ahozko kontaketa batean
jatorria duen istorioa utzi eta bere garaian oso ezaguna zen figura
batera jotzen du, Indianoaren figurara, hain zuzen ere. Hau da,
Ameriketara joan, aberastu eta bere herrira itzultzen den pertsonaia
du gune. Azkuek dakarren Indiano horrek Ameriketan fedea galdu
eta bere herrian, Leaburun, egindako Misio batzuetan berreskuratuko
du. Istorio hau kontatzeko eskutitz-trukaketa batera jotzen du.
Gaiak -fedea galdu eta berreskuratu- eta gai hori emateko moduak
-eskutitzak- oso aproposak dirudite pertsonaiaren kontzientzian
barrena nola ematen den prozesu hori adierazteko. Baina, hori
ez da izan Azkueren aukera: beste langai batzuekin "betetzen"
ditu eskutitzak.
Azkue musikagileak
kantak sartzen jarraitzen du, Azkue hizkuntzalariak zenbaitetan
parentesia erabiliko du hitz baten sinonimoa emateko, beste batzuetan
izartxoa. Izartxoa daramaten hitzei buruzko argibideak erantsiko
ditu liburuaren bukaerako "geigarrian".
Latsibi
gertaera historiko bat abiapuntu taxutzen du: 1890.eko hauteskundeak
Mungia aldean. Oinarri historiko honek bide ematen dio Kartagoarren
(liberalen) eta Erromarren (karlisten) arteko lehiaren inguruan
istorioa eraikitzeko. Aurretik deskribatu diren kontaketen ildoan
kokatzen da: kanta testuaren osagai da; funtzio metalinguistikoa
azpimarratzen da.
Azkue batik bat
"euskararen militantea" izan zen eta kontagintzari heldu zionean,
gehiago heldu zion "gure liburuteri urri banakatua ugaldutearren,
eta euskereak, beste berbeta edo izkeraak daukezan lako irakurtekoak
euki daizan", istorioak kontatzeko premiari erantzuteko baino.
Euskararen militantearentzat eta euskara egokiaz bere usteak zituenarentzat,
uste horiek praxian erakustea zilegiztatzen zion bitarteko bat
gehiago ere bazen kontaketa. "Normalizatu" da hitz-giltzarria
Azkuerengan: "normalizatu" euskararen erabilera, "normalizatu"
euskal testuak "beste berbeta edo izkeraak daukezan lako irakurtekoak"
eginaz.
(1)
Ik. "Batzaldia" in Euskalzale, I, 1897, 8. or.
(ITZULI)
(2) AZKUEKO, Resurrecion Maria: Lenengo irakurgaia.
Bein da betiko, Imprenta de la Casa de Misericordia, 1893, 102.
or. (ITZULI)
Ana Toledo Lezeta, Deustuko
Unibertsitatea. Donostiako Egoitza
Argazkiak: Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak 5 bildumatik |