Euskal
literaturan mugarririk garrantzitsuenetako bat jarri zuen arren,
ez dut uste bera baino egile ezezagunagorik dugunik, bere obra
idatzi zuenetik hiru mende inguru eman badira ere. Gutxitan gertatzen
da hori edozein hizkuntzatako literaturan baina euskal gizarteak
euskarazko literaturarekiko beti ageri ohi duen axolagabekeria
galantari erreparatzen badiogu, normaltzat hartu beharko genuke
aurreko baieztapena.
Pedro Ignacio de
Barrutiak XVIII mendean idatzitako Actto para la noche buena
antzerki lanari buruz ari naiz, eta –Gabonetako jaien hurbiltasuna
kontuan izanik- ostera lotzen natzaio gaiari, oraingo honetan
euskarri elektroniko baten bitartez. Goi helbururik gabe bada
ere, aramaioar-arrasatear idazle horren lan bakarraren inguruan
zertzelada pare bat eman nahi nuke, euskal letretako misteriorik
bitxienetakoa den antzerki obra horren aurkezpen txikia eginez.
Eta misterio diot,
obraren gainean Pedro Ignacio de Barrutiari egozten zaion aitatasuna
oraindik frogatzeke dagoela adierazten hasi behar dudalako. XVIII.ren
lehen erdialdean idatzitako testuaren amaieran gure gizonaren
izena agertzen den arren, zalantzak izan dira –eta behin betiko
argiztapena inoiz erdietsiko ote den ere zalantza handi bat da-
egiazko egilea Barrutia dugun. Hala ere, alderantzizkoa frogatzen
ez den bitartean eta obrarekin estu-estuan agertzen zaigun izena
Pedro Ignaciorena delako, Gabon gauerako ikuskizuna idatzi zuena
Aramaion jaiotako arrasatearra izan zela eman behar dugu ontzat.
Pedro Ignacio, diodan
lez, Aramaion jaio zen 1682ko uztailaren 3an. Aita Pedro Alonso
de Barrutia y Salinas zen, arrasatear goi mailako sendi baten
semea. Ama, berriz, Katharina Basagoitia Olabide, Aramaioko baserritar
sendi txiro baten alaba. Gurasoek hemeretzi urte zituzten Pedro
Ignacio jaio zenean. Ez dakigu ezer Pedro Ignacioren haurtzaroaz,
ezta urte haiek non eman zituen ere. Gurasoak ez ziren inoiz elkarrekin
bizi izan, aita erlijiosoa zelako –Salamancako Sancti Spiritus
parrokiako bikario eta apaiz izatera heldu zen- eta ama gurasoen
baserri ilunera betiko itzuli zelako. Aita gazte hil zitzaion,
hogeita hamasei urterekin eta bere ondasun guztiak semearentzat
utzi zituen testamentuan. Ama, aldiz, laurogei urte zituela hil
zen, jaio eta bizi izan zen bezain pobrea.
Aitaren testamentutik
kanpo Pedro Ignacioren gain dugun lehen albistea 1710ekoa da,
bere burua Arrasateko Udalari eskaintzen dionean, udal eskribauaren
karguaz jabetzeko. Eta eskaria onetsita, udal idazkaritza betebeharretan
aritu zen Barrutia 1753ra arte. Tarte luze horretan esku zuzena
hartu zuen Arrasateko bizimoduan, ez bakarrik udal kontuei zegokienez,
beste hainbat esparrutan ere bai baizik. Beraz, 28 urteko gazte
hezitua zen Barrutia Udaletxera heldu zenean. Non ikasi zuen?
Hori ez dago, orain arte bederen, esaterik eta galde ikurrarekin
segitu beharko du eskribauaren formazioari dagokion arloak. Benetan
garrantzitsua izango litzateke Pedro Ignaciok zer eta non ikasi
zuen ezagutzea. Aurkikuntzak argi dezente emango lioke, Actto
para la noche buena-ren inguruan orain arte den iluntasunari.
Aipatutako antzerki
lan hori, Hego Euskal Herrian euskaraz idatziriko lehena da. Hortik,
beraz, gure literaturan dagokion inportantzia. Obra Arrasaten
antzezteko idatzi zuen egileak. Horretaz ez dago batere dudarik,
argi eta garbi azaltzen baita testuan garaiko arrasatear gizartearen
islapena. Izan ere, hortxe datza obraren meriturik gorenena: Barrutiak
Jesus haurtxoaren jaiotza eta Arrasateko bizimoduaren pasadizoak
uztartu egiten ditu maisuki.
Actto para la
noche buena-ren antzezpena bi garai diferentetan eta bi antzerki
talderen eskutik ikusi dudala aitortu behar dut. Aurrena 1965
inguruan eta bigarrena, hain zuzen, Pedro Ignacioren jaiotzaren
hirugarren mendeurrena zela eta, Euskaltzaindiak Aramaio eta Arrasaten
antolatu zituen jardunaldi berezien artean. Bi antzezpen mota
guztiz desberdinak suertatu ziren, egiaztapen bakar batekin: Barrutiaren
lanak modernitatea dario bere egitura osoan. Idatzia izan zen
garaitik bereizten gaituen distantzia eta testuingurua garaituta,
badirudi Barrutiak Jesusen jaiotzaren misterioari literaturaren
magiaren misterio ukiezina gehitu nahi izan ziola. Denboralitateari
indenboralitatea erantsi zion lanaren apaletan zehar. Eta emaitza
bikaina da.
Bestalde, Barrutiak
kronika egiten du, bere herriko aztura-argazki bat eskaintzen
digularik, eta alde horretatik ere –antropologikotik- kontuan
eduki beharrekoa da aramaioar-arrasatearraren ekarpena. Goi gizartearen
ohiturak eta herri xumearenak ezagutzen dituela garbi geratzen
da obran zehar. Eta Actto para la noche buena-ren aurkezpenarekin
amaitzeko, diodan, ene ustez Barrutia adarjole iaio izan zela.
Hamaika aukera eskaintzen dizkigu irribarrea ezpainetara azal
dakigun. Irri-antzerkiaren eredu zuzentzat hartu behar ez bada
ere, duda izpirik gabe egileak trebe mugiarazten ditu ezenetako
hariak, publikoarengandik arreta ez ezik baita barre eta algara
ere lortzeko.
Eguberri jaietako
atarian gaudelarik, egoki iruditu zait Pedro Ignacio de Barrutiaren
obra honen aipamen txiki bat egitea, euskal literaturzaleengan
jakin-min apur bat sortu nahian, benetan ederrak diren lanak ahaztu
ez ditzagun. Zer esanik ez, gomita egin nahi nieke euskal ikerlari
gazte eta berriei, Barrutiaren arrastoen atzetik abia daitezen,
gure literaturak gordetzen dituen ezkutuetakoren bat argitzera
animatuz.
Josemari Velez de Mendizabal,
idazlea |