|
Herri
musikaren gizon orkestra dugu Beltran. Zaila da ordea,
Juan Mariri etiketak jartzea, txalapartari aparta, ikerlea
eta irakaslea ere badelako. Bere lanari esker, gainera,
Herri Musikaren Txokoak bere ateak zabaldu berri ditu
Oiartzunen. Eta bitartean, "Arditurri" bere
azken diskoa plazaratzeko astia izan du. |
|
-Zure ibilbidea
ikusita zaila da zehazki zer zaren esatea: musika ikerlari, musikari,
sortzaile, irakasle, luthierra edo dena batera. Zer zaitugu? Guztiaren gainetik,
musikaria naiz.
-Nola sortu
zitzaizun musikarekiko grina? Etxarri Aranatzeko
udaletxeko ganbaran 9 urterekin klarinetea eta txistua ikasten.
Eta 11 urte nituenerako Musika Bandan bi tresnak jotzen nituen.
-Gero, donostiaratu
egin zinen. Hobe esanda, donostiaratu egin ninduten, nire gurasoek
erabaki baitzuten Donostiara joatea. Eta tira, 15 urte nituela,
txistuarekin jarraitu nahi nuela eta, Isidro Ansorena maisu handiarekin
harremanetan jarri eta hark oso ongi erakutsi zidan.
-Martxa ederra
ematen zizuen, gainera. Bai horixe! Nire anaia
eta biok Donostiako auzo guztietara jotzera bidaltzen gintuen
Isidrok: Martuteneko festak, Ategorrietako festak, Antiguako festak,
Intxaurrondoko festak zirela, han ginen gu. Ezkontzetan ere jotzen
genuen, Artzai Onaren Katedralean gehienbat, 500 pezeta kobratuta,
zortzi kantari eta bi txistulari, beraz, hamarna duro. Eta lortzen
genuen diru apurra etxera ematen genuen, aitak hala erakutsi zigun-eta.
-Txori
batek esan dit sos horiekin ere musika tresnak erosten hasi zinela. Bai, baina hori beranduago
izan zen, Argia dantza taldearekin kanpora bidaiatzen hasi ginenean.
Ingalaterra, Bretainia, Andaluziarako bidaiaren aitzakian tokian
tokiko tresnak erosten nituen nire emanaldietan irabazitako sosarekin.
Edo baldin banekien mendigoizale bat Peru edo Himalayara joatekoa
zela, ba handik flauta bat ekartzeko esaten nion. Azkenean, politena
soinu tresna bakoitzak atzean istorio bat duela jakitea da.
-Eta zaletasuna
grina bihurtu zitzaizun. Bai,
horixe! Pixkanaka tresnak pilatzen joan eta konturatu orduko,
hainbeste musika tresna jasota nituen, non ez zitzaizkidala etxean
kabitzen. Beraz, gauza mordoa Aita Donostia zenaren ilobaren ganbaran
eta besteak Txanbela taldeko kide baten baserrian gordetzen nituen.
Garai hartan, 1988 inguruan, sortu zitzaidan bilduma hori erakusgai
jartzeko ideia.
-Baina nola
antolatu hori guztia? Hor zegoen koska. Ez
baitzegoen nire esku eraikin bat hartu eta bertan dena antolatzea.
Eta hori buruan neukala, beste lan bat sortu zitzaidan: Aita Donostiaren
kantutegia lau aletan osatzea Aita Jorge zenarekin batera. Lau
urteko lana izan zenez, egitasmoa atzeratu egin behar izan nuen.
-Aita Donostia
izanik, ahaleginak merezi zuen. Mereziko ez zuen!
Berari esker musika ondarea bizi-bizirik heldu zaigu. Hain zuzen,
asmatu egin zuen herri musikaren balioa ikusi eta tratamendua
egiten. Izenik eman gabe, beste biltzaile batzuen irizpidea zeharo
ezberdina zen; konparazio batera, haiek halako jokamoldea zuten:
Aldapeko Sagarraren bost bertsio dauzkat. Ongi. Zein da onena?
Hau. Ba orduan hau hartu eta beste guztiak baztertuko ditut. Ba, uste hori zeharo okerra
da. Aita Donostia berriz, joan eta bostak aukeratuko zituen, bertsio
guztiek erakusten dutelako nolako bizitasuna eta nolako bidea
egin duen doinu horrek.
-Txokoaren
ideiara itzuliz, ez zenuen amore eman. Ezta pentsatu ere!
Oso egoskorra naiz-eta. Proiektuari ostera heldu, erakundeetan
aurkeztu eta Iturenetik deitu zidaten eraikin oso bat eskainiz
bertan Musikaren Txokoa antola nezan, baina baldintza bat jarrita:
lana debalde egitea.
-Gustuko tokian
aldaparik ez? Tentagarria zen, bai,
baina azkenean ezezkoa eman nien Hernanin Musika Eskolan egunero
klaseak eman behar nituelako. Orduan, pena hartzeko astirik gabe,
hara non 1996an Oiartzungo Udalak Ergoien auzoan dagoen toki hau
aldi baterako eskaini zidan, argindarraren gastuak bere gain hartuta.
Bestalde, Udalak diru laguntza lortu zuen Hernanira txalaparta
eta alboka eskolak ematera bakarrik astean bitan joan eta proiektu
honetan buru-belarri murgil nedin. Hura poza hartu nuena! Poz-pozik
ekin nion musika tresna guztiak txukundu eta antolatzeari.
-Oiartzun gainera,
leku estrategikoa da. Eta ez kokapenagatik
bakarrik; giza paisaiari erreparatzea baino ez dago: euskara,
kultura, bertsolariak, dantza, txistulariak, eta abar.
-Nola sailkatu
dituzu soinu-tresnak? Hots iturri eta akustikaren
arabera: idiofonoak, menbrafonoak, kordofonoak eta aerofonoak,
beti ere Curt Sachs-ek proposatutako sailkapen sistema jarraituz.
Bestalde, badira ere erdi jostailuak direnak, sasi-musika tresnak,
azken finean, musika egiteko erabili izan diren tresna xelebreak.
-Era berean,
txokoak badu berrikuntza bat eskolaumeentzat ez ezik, helduen
gozagarri ere izango dena. Bai. Zeharo didaktikoa
da, hots, bisitariak kasko batzuk jarri eta tresna ondoan dagoen
botoia sakatuta, audio bidez tresna bakoitzaren soinua entzun
dezake.
-Zein beste
elementu ditu Txokoak? Liburutegia, 3.000
aletik gora dituena, irudi artxiboa eta soinu tresnak konpontzeko
tailerra.
-Zer
ordutegi du? Ostiral eta larunbatetan
dago zabalik, goiz eta arratsaldez. Bisita arruntez gain, gidatuak
ere egiten dira.
-Erakusgai
daudenez aparte, zenbat soinu-tresna dituzu sailkatu gabe? Gutxi, bakarrik 600
bat dauzkat gorderik.
-Hainbeste
soinu-tresna pilatuta daukazula, zure ustez, nondik dator musika? Nik beti diot musikak
iturri ezberdinak izan ditzakeela, baina emari handienetako bat
lanarena izan dela. Denetarako erritmoa beharrezkoa bada ere,
lanerako ezinbestekoa da hotsen bidez markatzea.
-Adibidez? Azken tobera joleak
Arditurriko barrenistak izan dira. Eta zerekin jotzen zuten? Ba,
zulatzeko palanka horiekin.
-Nora jo duzu
informazioa bilatzeko? Musika tresna ugari
Joxemiel Barandiaran eta Julio Caro Barojaren ikerketa lanen bidez
aurkitu izan ditut.
-Zein izan
da musika tresnarik nekezena aurkitzeko? Zailtasun handiena
prezioa izaten da; alegia, kaleko organilo batek 3.000 euro balio
izatea. Ale gutxi egotean, handiak baino garestiagoak dira. Bestalde,
zarrabetea eskuratzeko egun batean 1.850 kilometro egin nituen:
Donostia-Toulouse-Poitiers-Paris-Bordele eta handik berriz Toulousera.
-Txokoaren
egoitza aldi baterako dela aipatu duzu, zein izango da behin-betikoa? Hemendik hiruzpalau
urtera Iturriozko dorretxera eramateko asmoa dago. Bertan 400
metro karratuko erakusketa aretoa izango du, liburutegia, fonoteka
eta irudi artxibategia ere jarriz. Baita zuzeneko emanaldiak eta
erakusketa monografikoak egiteko aukera ere.
-Azken urteotan
zeintzuk dira galdu edo jotzen utzi diren musika tresnak? Esate baterako, kraskitiñak.
-Eta musukitarra
ez al dago galbidean? Ez da galdu. Izenez
ezagutzen ditugun azken musukitarra-joleak honako hauek izan ziren:
Nikolas Garmendia eskalea Orio alde horretan; Antzuolako beste
eskale bat; eta Bedaion ere Jose Antonio Sarasola txistularia
zenaren amak jotzen zuen.
-Eta galbidean
daudenak? Bizirik dagoen guztia
dago galbidean.
-Soinu-tresna
zaharrei gagozkiela, zer da txanbela eta non jo izan dute? Txanbela, Zuberoan,
Pirinioetako magalean erabili izan den dultzaina txiki bat da,
gaur egun ia galdua dago. Hango artzainak ziren jotzaile nagusiak.
Txanbelak antzinako musikaren estiloa mantendu du. Zuberoan bada
esaera bat, txanbela bezala ari da kantatzen.
-Ze melodia
ematen du, ba? Txanbelaren melodiek
itxura berezia hartzen dute erabiltzen den eskalagatik, esaldiak
neurri ezberdinetakoak dira eta erritmoa, neurri handi batean,
metrikatik urrun aritzen da.
-Eta burruna? Burruna izena onomatopeia
da. Zurrunbera, furrufarra eta bestelako izenekin
agertu ohi da gure kulturan. Soka batekin loturik, airean jirabiran
eta bueltaka jartzen den taulatxo bat da, airea bibrarazten, eta
horren eraginez burruna eginez. Toki batzuetan haur-jostailu gisa
erabili izan da, eta besteetan, animaliak uxatzeko.
-Zer musika
dantzatzen zuten gure arbasoek? Ez da erraza hori jakitea.
Pentsa daiteke hemen ematen diren zenbait erritmo oso zaharrak
direla. Ez ordea, erritmo horien gainean iritsi zaizkigun doinuak.
Erritmoari dagokionez, lurra jotzea zaharra da oso.
-Bereizi behar
al dira soinu tresna baserritarrak eta soinu tresna kaletarrak? Ez tresnak, baina bai
errepertorioa dela-eta. Berez, txistua Euskal Herrian erabat baserritarra
edo zeharo kaletarra izan daiteke. Gauza bera dultzaina eta gaitarekin.
Itxuraz berdintsuak izan arren, bereizi egin behar dira. Lehena
baserritar ingurukoa da eta bestea kaletarra. Oro har, Gipuzkoako
eta Bizkaiko dultzaina baserritar ingurukoa da, eta Nafarroan
eta Araban kaletarra. Baserritar ingurukoek bertako dantza eta
doinuak jotzen dituzte. Kaletarrek, ordea, errepertorio zabalago
eta akademikoagoa dute, besteak beste, polkak, sonatak eta habanerak
joz.
-Ez ziren elkarrekin
ongi moldatzen? Ez, behintzat, musika
kontuetan. XVIII. mendeko Azkoitian esaterako, kaletar bezain
baserritarra izan da. Ba, Azkoitia kaletar horretan, inguruan
dultzainero baserritar asko egon arren, nahiago zuten nafar gaiteroak
kontratatzea.
-Eta txalaparta
zer da, kaletarra edo baserritarra? Gaur egun txalaparta
kaletarra bihurtu da.
-Zein musika
tresna zahar erabiliz osatuko zenuke taldetxo bat? Kale buelta egiteko
ikaragarri gustatzen zait dultzaina, soinu txikia eta panderoa.
Baina ihauterietan baserriz baserri eskean ibiltzeko, ez dago
txistua eta danbolina bezalakorik.
-Behinola,
zer tresnekin alaitzen ziren erromeriak, kalejirak, etab.? Alboka, arrabita eta
dultzaina joz.
-Zer alde dago
euskal albokaren eta kanpoko alboken artean? Bitxia da alboka antzekoa
Kantabrian, Errioxan, Okzitanian eta Pirinio osoan agertzea. Baita
Gaztela eta Andaluzian ere. Baina jakina, beste egitura batez
osatuta. Euskal Herrian ostera, nahiz eta morfologia estetiko
ezberdinekin agertu, morfologia akustikoa berbera da.
-Atzerrira
joz, ba al da inon gurearen antza duen musika tresnarik? Esaterako, Australia
eta Euskal Herrian ia soinu tresna bera erabiltzen zuten, orduna,
alegia. Izan ere, Australiako liburuetan murgilduta nenbilela,
hara non oiartzuar batek bere orduna ekarri zidan. Hara! Oso antzekoak
dira-eta!
-Baina ez dago
lotura zuzenik. Ez. Soinu tresna guztiek
oinarri unibertsala dute. Baina horrek ez du esan nahi jatorri
bera dutenik. Txaloa esaterako, unibertsala da. Tutu bat edo kanabera
bat hartu eta haizea pasako da soinua sortuz; gero herri bakoitzak
erabakitzen du tresna horri zer tankera eman eta nola jo. Hemezortzi
urterekin kanpora atera eta txistu antzeko tresna bat topatu eta
txundituta geratzen nintzen. Baina gaur egun, tresna hori ez badago
harritzen gara, unibertsala baita.
-Orduan musika
globala da, baina zentzu onean. Baietz uste dut. Herri
batek musika unibertsalari bere arnasa jarriz gero, bertako bihurtzen
du. Esaterako, hori gertatu zaigu trikitixarekin. Nahiz eta italiarrek
hona ekarritakoa izan, nola ez da hemengoa izango gureganatu
eta bertakotu badugu? Japonian entzun eta esango dute: hara! Hori
Euskal musika da.
-Gure kulturaren
iraupenerako euskara bera baino sakonagoa al da euskal musika? Hizkuntza bezain sakona
da. Azken batean, kanten letretan hizkuntza doalako. Europan bertan
kasu bitxiak ditugu, horra hor Irlanda eta Bretainia: bi tokietan
hizkuntza galdu egin duten arren, musikak bizi-bizirik dirau.
Bretainian esaterako, hunkigarria da ikustea belaunaldi guztiak
nola elkartzen diren eskutik helduta dantzan orduak eta orduak
emanez. Tamalez, hemen ez dugu halakorik.
-Hemen euskara
atxikitzea musikaren kalterako izan dela esan nahi duzu? Ez, baina egia da hemen
musika ez dagoela Bretainian bezain gizarteratua, nahiz eta gure
abesbatzak eta onak izan. Oiartzunen adibidez,
hizkuntza bizi-bizirik dago, gazteek nesketan ere euskaraz egiten
dute; baina musika aldetik globalizazioaren baitan daude, inolako
berezkotasunik gabe. Dena den, horrek ez du esan nahi hemen egiten
den musikaren egoera txarra denik. Adibidez, oso fenomeno interesgarria
ematen ari da txalapartaren inguruan. Halako sormena eta jarrera
irekia dago, baita albokari eta trikitilarien artean ere. Orain
dela 30 urte aldiz, galzorian zeuden tresnak ziren.
-Fusioa da
azken aldian gehien entzuten den hitza gaur egungo musika deskribatzeko.
Baina musika berez, ez al da fusioa? Bai, jakina. Musikaren
aberastasuna fusiotik dator. Baina fusioa ere etxean dago: Aralarko
artzainen doinu zaharrak arabiarrak dirudite . Egin kontu, Negu
Gorriak taldeak atera zuen lehen diskoan nik jo nuen. Ba, jendea
fusioa lantzen zela hasi zen esaten, arabiar musika sartu zutelako.
Eta ba al dakizu arabiar musika zer zen? Sunpriñua, Aralarko
artzainek jotzen zuten doinua, alegia.
-Euskal musikarien
artean zein iruditzen zaizu berritzaileena? Ikuspuntuaren arabera
doa hori. Baina goraipatzekoa da Kepa Junkerak egin duena, Bulgariako
ahotsak besteekin uztartuz. Edota Joseba Tapiak egindakoa gerra
garaiko kantuei musika jarriz, hain modu biluzian. Eta erritmo
aldetik guk geuk "Arditurri"n atera berri duguna.
-Horren harira,
zer aurkituko du entzuleak "Arditurri, gogoaren bidezidorretatik"
diskoan? Paseo atsegin bat gure
herri-musikatik. Badira kantu goxoak, biziak eta lasaiak, mota
askotako tinbre eta erritmoak erabiliz. Bidean tipi-tapa joanez,
tresna anitz jo ditut: alboka, dultzaina, txistu-danbolina, arrabita
eta ttunttuna, txanbela eta abar.
-Ibilbidean
zehar, zein bidaide izan dituzu? Besteak beste Iñigo
Monreal eta Felipe Ugartek txalaparta eraman dute, Iñigo
Lurgainek akordeoia eta aurretik aldiz, Aitor Gabilondo ahotsa
jarriz.
-Txalapartari
trebea zaitugunez, demagun txalaparta bat naizela eta zuengandik
hainbeste kolpe jasota amnesia daukadala. Zuk noiz ezagutu ninduzun? Argia dantza taldean
nenbilen garaian. Zuaznabartar anaiek Beltran anaioi eta Artze
anaiei irakatsi ziguten zu jotzen. Nahiz eta elkarrekin entsegatu,
Artzetarrek "Ez dok hamairu"rekin jotzen zuten eta guk
berriz, "Argia"rekin. Baina zenbait emanalditan elkarrekin
aritu izan ginen. Oraindik ere, Jexuxekin astean behin aritzen
jarraitzen dut.
-Zer nolako
aldaketak izan ditut? Lanari lotuta eta baserriz
baserri komunikatzeko jaio zinen arren, arnasa berria hartu duzun
neurrian aldaketak izan dituzu. Gure zaharrek erakutsi ziguten
zu jotzeko modu bat, eta hortik aurrera zuk erakutsi diguzu zer
nolako aldaketak eman behar genituen zure polifonia eta tinbrea
kontuan hartuta.
-Orain hasi
naiz zerbait oroitzen. Azken aldian txalapartari gazte batzuk
etorri eta laztanak emanez jotzen naute, melodia eta guzti. Hemen bakoitzak era
ezberdin batera sentitzen zaitu. Batzuk hunkitu egiten dira zuri
"Maritxu nora zoaz"ekin batera entzunda. Bestetzuk aldiz,
erritmo berezi bat ematen dizutenean.
-Eta zer moduz
konpontzen zarete zuen artean? Zorionez, elkar errespetatzen
dugu eta are gehiago esango nizuke, joera bakarra egongo balitz
bidea ere ez genuke edukiko. Joera eta estilo ezberdinak aukeran
egonda, kristoren kale zabala eraikitzen ari gara eta horrek eramango
gaitu norabaitera.
-Zergatik ez
nauzue dantzarako ere erabiltzen? Arrazoi duzu, izatez
dantzarako baliagarria bazarelako. Hori esan duzula, agintzen
dizut gure emanaldi berrietan dantzarako erabiliko zaitugula.
Juan
Mari Beltran
Hammelingo
xirulariaren xarma du Juan Mari Beltranek (Donostia,
1947). Xirula jotzen hasi bezain pronto, xaguak
bezala, musika tresnak dantzan jarri eta jirabiran
bere txokoraino eramaten ditu. Zabaldu berri
den Herri Musika Txokora, hain zuzen, non Euskal
Herri nahiz mundu osoko 400 musika tresna ikusgai
eta entzungai dauden. Baina hori icebergaren
tontorra baino ez da musika bihotzean eta erritmoa
zainetan daraman gizon batentzat. Izan ere,
musika aztia izateaz gain, txalapartaria, txistularia,
albokalaria, ikerlea eta irakaslea ere dugulako.
Hori gutxi balitz, bere azken lana kaleratu
berri du : "Arditurri, gogoaren bidezidorretatik". |
|
|
Argazkiak: Beñat Doxandabaratz eta Juantxo
Egaña (portada eta txalaparta jotzen)
Euskonews & Media 158.zbk
(2002 / 3 / 8-15)
|