Anekdotez
eta kontu bitxiez beterik dago Marino Lejarretaren ibilbide profesionala,
eta horietarik gehienek txirrindulari bezala definitu duten seriotasuna
eta gogortasuna azpimarratzen dute. Mungian 1977an egin zuten
lasterketa batean, adibidez, bizikletatik erori eta omoplatoa
eta radioaren burua hautsi zituen. Lesio larria izanagatik ere,
behin osatutakoan lasterketetara itzuliko zela argi zuen Lejarretak.
Zerbaitengatik deitzen zioten Berrizko ihia.
-Noiz erabaki
zenuen txirrindulari izatea? Urte bat hasi baino
arinago, gutxi gora-behera. Anaiak lasterketan zebiltzan garai
hartan, eta nik ere aukerak nituela pentsatu nuen.
-Profesionaletan
aritu zinen hamalau urteetan eginikoa lortzera iritsiko zinela
pentsatu zenuen inoiz? Hasi orduko ez nuen
horrela ibiltzea espero. Profesional nahiko normala izango nintzela
pentsatzen nuen, zer edo zer egingo zuena, baina ez zitzaidan
sekula burutik pasa halako maila emateko gai izango nintzenik.
Ilusioa bai banuela, bizikletan ibiltzeko eta, baina asmo handirik
gabe.
-Gogorra egin
zitzaizun? Ez bereziki. Gustoko
nuena egiten nuen, eta halakoetan ez duzu aldaparik aurkitzen.
-Proba gogoangarririk? Praktikan zaudela unean
uneko probak egon daitezke, baina handik denbora batera haietatik
bakar bat ere azpimarratzeko gai ez naizela ohartu naiz. Bakoitzak
bere xarma du. Denekin geratzen naiz.
-Urteek eta
praktikak zer erakutsi dizute? Batez
ere sinesten den horretan ez dela ilusioa galdu behar, eta sufrimendua
lorpenei loturik joaten dela. Txirrindulariak asko sufritzeko
prest egon behar du, egokitu zaion kirola ez baita bereziki samurra.
Baina esandakoa, egiten duzun horretan sinesten baduzu, sufrimendua
bigarren maila batean geratzen da.
-Erraza izan
zen bizikleta uzteko erabakia hartzea? Erraza izan zen aldez
aurretik pentsaturik neukalako. Ilusioa ez da galtzen, baina momentu
bat ailegatzen da non erabaki bat hartu behar duzun. Fisikoki
ez nengoen garai batean bezala, azken karreretan berehala konturatu
nintzen horretaz, eta onena bizikleta uztea zela ikusi nuen. Baina
ez zen erabaki traumatikoa izan.
-Txirrindulari,
teknikari zein esatari lanetan ikusi zaitugu orain arte, beti
ere txirrindularitza mundutik gertu. Txirrindularitza utzi
nuenean, mundu horri lotuta jarraitzea erabaki nuen baina nahi
nuena egiten bakarrik. Denetarik pixka bat egitea aukeratu dut,
gehiegi estutu barik, lanarekin disfrutatuz. Hainbeste urte bizikleta
gainean ibili ostean, monoa kentzea zaila da eta alde horretatik
ondo etorri zait nolabait giroan murgilduta jarraitzea.
-Noizbait zuzendari
bihurtzeko asmorik bai? Orain arte noiz edo
noiz zuzendari lanak egitea tokatu zait, baina presio gehiegi
jasan behar duzu eta ez zait gehiegi gustatzen. Txirrindulari
nintzenean ere zuzendari rolak ez ninduen askorik erakartzen.
-Zerk egiten
du txirrindulari bat on? Zaila da hori zehaztea.
Kondizio fisikoak egiten du on, baina, batez ere, txirrindularitzan
hasten direnek mentalitate egokia eduki behar dute, gauzak egiteko
ilusioa. Mentalitatea, fisikoa eta zortea aipatuko nituzke eduki
beharreko ezaugarri bezala. Zortea gaineratu dut eta agian ez
litzateke komenigarria izango halakorik esatea, nahiz eta hura
alde edukitzea ona izaten den.
-Txirrindularitza
garai batean zena al da gaur egun? Apurka-apurka gauzak
aldatuz joan dira, eta kirol hau hobetzeko urrats handiak eman
dira. Baina bai, agian ez da lehengokoa. Kontuan izan behar dugu
gizartea bera aldatu dela, eta akaso sasoi batean txirrindulariei
buruz zegoen irudia galdu egin da. Nire sasoian genuen ilusioa,
lasterketetan parte hartzeko gogo hori pixka bat desagertu egin
da. Nik abentura bat bezala bizi nuen lasterketen kontua, txirrindularitza
bera abentura zen niretzat. Ondo eta asko ikasi nuen haietan parte
hartzen, gustora ibiltzen nintzen. Orain abentura gutxiago dago,
dena planifikatzeko joera gailendu delako. Taldeak erabakitzen
du txirrindulari bakoitzak non hartuko duen parte; ez dago orduko
askatasuna. Dena den, kritika asmorik gabe diot hori. Oraingo
denboretan ibiltzea tokatu izan balitzait ziur aski gustora arituko
nintzateke.
-Dopinaren
itzalak dena nahaspilatu du, baina. Alarma gehiegi zabaldu
da, eta kalte handia egin dio txirrindularitzari, batez ere bere
irudiari. Txirrindularien izen ona arrazoi barik zikintzen eta
galduarazten ari dira, bakar batzuen arazoa dena arazo orokor
bihurtzen ari baitira. Une gogorrak bizi ditu txirrindularitzak,
baina zalaparta hau guztia pasako dela uste dut.
-Alde
horretatik, gaur egun txirrindulariak maila onean daudela esan
daiteke? Euren prestakuntza fisikoa egokia da? Prestaketek hoberantz
egin dute, eta horren adibide dira urterik urte taldeek lortzen
dituzten emaitzak. Dena den, zenbait kontutan lehengo esperientziara
jo dute. Hau da, begi bistakoa da arlo batzuetan teknikak aurrera
egin duela —gaur egun gehiago dakigu giza gorputzaren funtzionamenduari
buruz, eta horren arabera finkatzen dira entrenamenduak—, baina
lehen erabiltzen ziren beste teknika batzuk oraindik ere errentagarriak
direla ohartu dira, eta haiekin jarraitzen dute. Nire ustez, ondo
dago hori.
-Gaur egungo
beste kezketako bat etorkizunaren eta etorriko diren txirrindularien
ingurukoa da. Alegia, batzuek ez dute belaunaldiz belaunaldiko
ordezkapena hain ziurtatuta ikusten eta gazteek profesionalki
txirrindularitzan aritzeko gogo gutxi dutela diote. Ez nago horrekin erabat
konforme. Giro ona dagoela uste dut, eta Euskal Herriko txirrindularitzak
etorkizun ona du. Hori bai, gazteek disfrutatu egin behar dute
txirrindularitzarekin, kirola ilusioz egin behar dute. Ezin dira
etorriko diren errentei ezta profesionaletara iristeko urratsei
begira egon. Horrela ibiliz gero, gaizki pasako dute.
-Zuk zeuk zeintzu
gomendio ematen dizkiozu Iñaki ilobari? Bide onetik dabilela
uste dut. Ilusioa handia du eta une honetan kirolaren goxotasuna
ezagutzen ari da. Baina bere helburuen artean ez dago profesional
bilakatzea, nahiago du oraingo mailari eutsi eta zaletasunagatik
txirrindularitza praktikatzen jarraitu. Baina tira, denborak esango
du gora egin behar duen edo ez, zeren halako erabakiak ez dira
beti norberaren esku egoten. Edozer gertatuta ere, dibertitzen
jarraitzeko esaten diot nik.
Marino
Lejarreta Arrizabalaga (Berriz, 1957)
Lau
neba-arrebetatik txikiena da. Ismael eta Nestor
anaia zaharren eraginez hasi zen bizikletan
ibiltzen.
Sociedad Ciclista Amorebietan eman zituen lehen
urratsak. 1973an hasi zen lasterketetan parte
hartzen eta Txurdinagako proba izan zen irabazi
zuen lehen lasterketa. Urte bete beranduago
beste bi proba irabazi zituen eta Bizkaiko selekzioarekin
Espainiako txapelketako erlojuz kontrako kategorian
nagusitu zen.
1979an profesionaletara igaro zen Novostil taldearen
eskutik. Hortik aurrera beste sei taldetatik
igaroko zen: Teka, Alfa-Lum, Alpilaiatte, Seat,
Caja Rural eta ONCE.
1982an Espainiako itzulia irabazi zuen, eta
hurrengo urtean hirugarren geratu zen.
Bere palmaresaren barruan, besteak beste, Burgosko
itzulia, Donostiako klasikoa, Urkiolako igoera
eta Italiako Giroan zein Frantziako Tourrean
irabazitako etapak daude.
1991an euskal kirolaririk onenaren saria jaso
zuen.
1992an bizikleta uztea erabaki zuen. Orduz geroztik
teknikari eta esatari lanetan ari da. |
|
|
Argazkiak: Usoa Otaño
Unzurrunzaga
Euskonews & Media 173.zbk
(2002 / 6-28
/ 7-5)
|