Xabier
Usabiaga Oiartzabal Asteasun jaio zen 1969an. Egun, bere emaztea
eta alaba txikiarekin bizi da bertan. 13 urterekin hasi zen txirrindularitzan,
nahiz etxean hasieran horretarako baimenik ez eman. Profesional
mailara iritsi eta hirugarren urtean bihotzeko lesio batek txirrindularitza
profesionala uztea derrigortu zuen. Egun, hainbat komunikabidetan
kirol albisteen berri ematen eta iritziemaile gisa dihardu. Era
berean, afizionatu eta profesional mailako txirrindularitzaren
datu basea osatzen ari da.
-Noiz hasi zinen txirrindularitzan? Nondik datorkizu afizioa? Gure auzoan, Asteasuko
Kale Nagusia 30ean, ni baino zahartxeagoa zen gazte batek ziklokrosa
egiten zuen. Hura ikusi eta haren bizikleta garbituz, nahiko gertukoa
egin zitzaidan ziklismoa. Gainera, adineko batek Billabonan txirrindularitza
eskola sortu berri zutela, Irrintzi elkartea, eta apuntatzera
animatu ninduen. Pixkanaka pixkanaka karreretan ondo ibiltzen
hasi nintzen eta garaipen bat edo beste ere lortu nituen..
-Zein zen
zure idoloa? 15-16 urte nituenean
Hinault zen garai hartako agintaria, baina Greg Lemond estatubatuarrak
guregana errazago iristen zen beste filosofia bat ekarri zuen.
Txirrindularitza, betidanik izan da kirol zorrotza eta Lemondek
hura dena apurtu egin zuen. Gazteentzat erreferentea izan zen,
eta nik izan dudan idolo bakarra Greg Lemond izan da. Adinak aurrera
egin ahala idolatratzeko joera hori galdu egiten duzu, baina beste
era batera eskertzen diezu edota miresten dituzu.
-Zure ibilbide
profesionala aipatu. Taldeak, urteak... Nire lehen taldea Billabonako
eskola izan zen; 13 urtetik 18ra bitartean Billabonan korritu
nuen. Afizionatutan, 4 urtez, Hernaniko Kaiku taldean izan nintzen,
eta, profesionaletan bi urte egin nituen Clas-Cajasturren. Hirugarrena
Euskaltelen hasi nuen, Euskadi fundazioan, sortu berria zen taldea,
baina orduan atera zitzaidan bihotzeko arazo hura eta bizikleta
utzi behar izan nuen.
-Lesio batengatik
utzi zenuen txirrindularitza. Une latzak izango ziren horiek. Une
horretan txirrindularitza neukan ibilbide bakarra zen. 18 urterekin
aita hil zen eta orduan ikasten ari banintzen ere, ikasteko gogo
eta borondate handirik ez nuen, eta taldeko zuzendariei kontsulta
egin eta ziklismoan etorkizunik izan nezakeela esan zidatenez,
ikasketak utzi eta ea profesionaletara iristen nintzen eta horretatik
bizi nintekeen erabaki nuen. Profesionaletara igo nintzen, bi
urte horietan hainbestean ibili nintzen, postu politak egin nituen,
eta profesional duin bat izateko moduko zantzua hartzeko moduan
nengoen. Hirugarren urtean osasun arazo hori gertatu zitzaidanean,
ordurarte jorratu nuen arlo bakarra txirrindularitza zen. Une
horretan, etorkizunari nondik helduko nion ere ez nekien, eta
ikasketa batzuk egin eta entrenatzaile nazionala izateko titulua
atera nuen..
-Txirrindularitzaren
munduan zer aldatu da zure garaitik hona? (prestaketa, teknologia,
lasterketak...) Ez da aldaketa askorik
izan. Ziklismoan izan den aldaketarik handiena 80. hamarkadaren
hasieran eman zen. Ziklismoa oso giltzatua zegoen iraganean, tradizio
handikoa eta zientziaren baliabideak oso berandu erabili dituen
kirola izan da. 80. hamarkada hasieran, batipat, Francesco Moserrek
orduko marka egin zuenean, haiek hasi ziren erabiltzen zientziak
beste kirol batzuetan zituen baliabideak eta ezagutzak, ikerketak
etab. ziklistak entrenatu ahal izateko. Geroztik ez pentsa ikaragarri
aldatu denik. Xehetasun batzuk aldatu dira baino oso txikiak izan
direnak. Orduan hasitako bide horri heldu zaio eta orain, beste
edozein kirolen pare dago txirrindularitza, bai ikerkuntzan,bai
material aldetik.
-Zeintzuk izan
ziren aldaketa horiek? Gurpil lentikularra,
posturak,bizikleta gainean ziklistak izan behar duen egokiera,
aerodinamismoaren garrantzia,horiek denak Francesco Moser eta,
batez ere, Francesco Conconi medikuaren ekarpenak dira.Horretaz
gain, lehen txirrindularitza kirol pobrea zen, soldatak ez ziren
handiak, baina 1985 urtetik aurrera txirrindulari onak dexente
hasi ziren irabazten. Aldaketarik handiena soldatetan eta gizartean
izan duen onarpenean izan da.
-Euskal Herrian
txirrindularitzarekiko afizio handia dago ikusle nahiz kirolari
gisa. Beste herrialdetan ere gauza bera gertatzen da? Askotan esan izan da
munduko zalegorik onena dagoela, baina nik horrelako etiketetan
ez dut sinesten. Beste zenbait herrialdetan ziklismo kultura handia
dago, eta kultura aberastasun ikuspegi horretatik ikusten dute
zaleek txirrindularitza. Hala ere, dudarik ez dago Euskal Herria
oso herri txikia dela, eta azterketa baten emaitzei begiratuz
gero, Euskal Herriak duen biztanlego kopuruarekin alderatuz, txirrindulari
gehien dituen herrialdea da; hau da, Euskal Herria da munduan
txirrindulari kopuru handiena duen herrialdea. Datu hori bere
osotasunean aztertuz, Euskal Herriak duen zalegoa, antolaketa
lana eta komunikabideen betebeharra ere kontutan hartu behar dira.
-Badira ikasketak
utzi eta txirrindularitzan burubelarri dihardutenak, eta zoritxarrez,
denak ez dira profesionaletara iristen. Ez al da erabaki arriskutsua?
Aholku, laguntza nahikoa dute gazte horiek? Ikasketak
egitea ezinbestekoa dela gogorarazi behar diegu gazte horiei.Batetik,
ziklismo profesionaletara iristen diren gazte kopurua oso baxua
da; proportzionalki, seguruenik, ez da %2-3ra ere iritsiko. 18
urterekin objetibotasunez eta zuhurtziaz pentsatzea zaila da,
baina elkarte eta gurasoen lana beraz funtsezkoa da gazteak ikasketekin
jarraitu dezan. Bestetik, txirrindularitzak denbora asko eskatzen
du, erresistentziazko kirola baita. Oso dohatsua bada txirrindularia
entrenamendu gutxirekin irabazi ditzake karrerak. Gazteak konturatu
behar du ikasketak burutzeagatik ez diola bere buruari galerazi
ziklista profesionala izatea; hau da, ziklista profesionala izateko
balio badu, ikasketak burututa ere berdin lortuko du maila hori:
Zorionez, ziklista profesionalak badira ikasketa unibertsitarioak
dituztenak.
-Zergatik dago
afizionatu eta profesional mailako hain talde gutxi? Babesle arazoagatik.
Txirrindularitza oso garraiobide ona da norberaren produktua saltzeko.
Ziklismoaren funtsa ahalegin mugagabea eta sufrimenduaren ondorengo
saria da nik uste , eta hori oso erakargarria da gizarteari edozein
mezu bidaltzeko. Kontua da ordea, egun dopinga dela eta, azken
urteotan, txirrindularitza nahikoa zikindua dagoela, eta beraz,
babesleek ez dute garraiobide hori erabili nahi produktua saltzeko.
Ondorioz, talde gutxiago dago, eta beraz, talderik ez badago,
talde multzo batek ez du irtenbiderik.
-Profesionaletara
jauzia egiteko zein ezaugarri behar ditu txirrindulari batek? Talde profesionaletako
zuzendarien begietara ailegatzeko batetik sailkapenak daude. Karrerak
irabaziz gero, lehendabiziko datu bat badago, nolabait ere ziklista
baten maila adierazten dutenak. Palmaresaz gain, ziklista batek
dituen doaiak ere kontutan hartzen dira. Beraz, oreka lortu behar
da; batetik palmares txukun bat behar da, bestetik, doai horiek
erabat landu gabe eta zaildu gabe egotea ere garrantzitsua da.
Era berean, txirrindulariaren jokabidea eta izaerak ere badu eragina
erabaki hartzeko garaian.
-Belaunaldi
berriak (Beloki, Zubeldia, Osa...) indartsu datoz. Zaila izango
dute aurreko txirrindularien mailari eustea? Zaila daukate, baina
oraingoz maila eutsi ez ezik gorago ere utz dezaketela uste dut
nik. Lehengo oinarria hor dago,
eta beti, aurrekoa gainditu nahi izaten da. Miguel Indurain alde
batera utzi behar da, izan ere, hari begira jartzea kaltegarria
izan daiteke. Haren ondoren etorri diren batzuek, batik bat Abraham
Olanok, kalte hori izan du. Denek Indurainekin alderatu izan dute,
gainera, beste interes batzuk bazeuden. Talde batzuek zuten sostenguari
eutsi ahal izateko, nolabait ere, salmenta hori egin behar izan
dute, hau da, Indurainen ordezkoa badaukagu, eta horrek Abraham
Olanori egin dio kalte, haren parera ailegatzea ezinezkoa baita.
Abrahamek lortu duen palmaresaz gain, bere garaiko ziklista askok
hori eskertu behar diote Abrahami; erantzukizun guztia berak izan
duelako, eta bien bitartean, beste batzuk itzalean lanean aritu
dira aparteko erantzukizunik gabe. Erreferente bat izateak, Indurain
imitatu nahi horretan jende doatsu asko ailegatu da ziklismora
eta orain emaitzak onak dira. Epe laburrerako etorkizuna ziurtatuta
ikusten da, luzeragokoa ikustea zaila da; baina ziklismoak hartu
duen bidea kontutan hartuta ez da erreza izango beti maila honi
eustea.
-Zeintzuk
izan dira txirrindulari gisa bizitutako une goxoenak eta latzenak? Une goxoenak afizionatuetan
bizitutako urte guztiak izan ziren, zeren, goi mailan lehiatzeaz
gain, nik ziklismoari zor diodana da mundua erakutsi izan didala.
Lagunak egin eta ziklismoko perla batzuetan parte hartu eta beste
ziklismo bateko kultura eta ohiturak ezagutzea oso aberasgarria
izan da niretzat. Une latzenak, ezinean ibili izan naizenean,
izan ere, momentu horretan gorputzak eta buruak jasaten duten
sufrimendua ikaragarria baita. Horretaz gain, utzi behar izan
nuen une hura oso gogorra izan zen. Hala ere, txarrak baino errezago
etortzen zaizkit burura oroitzapen onak.
-Egun esatari,
kazetari gisa ari zara lanean. Noiz hasi zinen kazetaritzan lanean? Profesionala nintzenean
Euskadi Irratira komentarista gisa joan nintzen baina gonbidatu
gisa. 1994an berriz, txirrindularitza utzi berria nuenean, Ser
irrati kateak Euskal Herriko Itzuliko komentarista lanak egiteko
deitu zidan. Hura bukatu bezain pronto, Espainiako bueltarako
3 lan eskaintza jaso nituen. Haietako bat Euskadi Irratiarena
izan zen, eta euskaraz hobeto moldatzen nintzenez huraxe hautatu
nuen. Aldi baterako lana izango zela uste nuen, baina, gero, kontua
da, beste eskaintza batzuk izan nituela. Lau-bost urte bitartean
ez nuen argi ikusten; iritzia ematetik eta ziklismo afizionatuaren
berri ematetik bizitza atera behar nuela pentsatzea ere ez zitzaidan
burutik pasa. Komunikabideetan hasitako bide horrek ez du amaierarik
izan, eta momentuz behintzat gustora nago.
-Zertan datza
zure lana? Bi lan mota egiten
ditut kazetaritzan. Batetik, informazioa ematean datza, eta lan
horretan informazioa datorkidan moduan ematen dut, eta ez daukat
inolako eskusartzerik, eta bestetik, eta gehienbat, iritzigile
gisa dihardut. Iritzia eskatzen zaidanean, saiatzen naiz neure
buruarekiko eta ikusentzule, entzule edota irakurlearekiko jator
eta zintzo jokatzen eta ahalik eta objetibotasun gehiena eskaintzen. Jende askok pasioz bizi duelako
bihotzarekin jokatzen du buruarekin baino gehiago, eta ni ahalegintzen
naiz, erabat buruarekin jokatzea. Jendeak pentsatu izan du Abraham
Olanori kritika egin izan diodala, eta justu horren kontrakoa
izan da nire betiko intentzioa. Inor ondo ezagutzen badut, eta
inor gertuko sentitzen badut, hori Abraham Olano da. Horrek ez
du kentzen, ordea, nire ustez, zerbait gaizki egin duela iruditzen
zaidanean hori esatea.
-Telebista,
irratia eta egunkaria, hirurak jorratu dituzu. Orain 2-3 etxetan ari
naiz lanean. Euskaldunon Egunkarian astean behin iritzi, hausnarketa
lan bat egin ohi dut. Idaztea eta irakurtzea gustoko dut eta nire
burutazioak idazteko aukera polita da. Euskadi Irratian, urte
osoan, afizionatu eta profesionalen egutegia jarraituz, txirrindularitza
berriak eta iritziak ematen aritzen naiz. Euskal Telebistan berriz,
kirol albisteen aurkezle eta txirrindularitzako emankizunetan
iritziemaile gisa dihardut.
|
Xabier
Usabiaga eta Haimar Zubeldia. |
-Kamara aurrean
oso ondo moldatzen zara. Kazetariek, txirrindulariek aditutzat
jotzen zaituzte; ikusleek ere komunikatzaile ona kontsideratzen
zaituzte. Ezer gehiagorik eskatu ahal daiteke? Komunikatzaile bezala
ez nuen maila batetara iritsi nahi. Era bateko naturaltasunez,
ustez zerbait nekien hartaz hitzegiten nuen, azalpenak eta iritziak
ematen nituen, eta kontua da, horrek ikusentzule, irakurle eta
entzuleen artean harrera ona izan duela, eta hori eskertzekoa
da. Nik uste, nire kirola zertan zetzan jakiteak eta gertu-gertutik
bizi izanak asko aberastu du nire jarduna, baina ez diot horri
aparteko meriturik ematen. Niretzat oso betegarria da
ziklismo kontutaz bizi ahal izatea. Aukeran jarrita, ziklista
izatearen ondoren, beste aukerarik izanda, hauxe izango litzake
aukerarik onena. Helburua ez da inoren gustagarri izatea, gero
hori gertatu bada hobe. Nire helburua ikusten eta sentitzen dudana
ahalik eta hobekien adieraztea izan da.
-Komunikabideen
betebeharra garrantzitsua da oso. Neutroa beharko luke izan? Lagundu
edota kaltetu dezakete kirolari bat? Nire kasuan, nire oinarrizko
ikuspuntua kirolari batena da, eta horregatik, jabetzen naizenean
norbait sobera goraipatzen dela eta beste batzuk gutxiesten direla,
horrek mina egiten dit. Objetibotasuna ahal den neurrian behintzat
landu beharreko ezaugarria da. Gainera, egun, informazioa ematea
bezain garrantzitsua bihurtu da iritzia ematea. Nik uste, bata
zein bestea, informazioa eta iritzia, bata bestearen osagarriak
dira, baina oinarrizkoa informazioa da, nahiz alderantzizko joera
nabarmendu den orain. Komunikabideen mundua muturretik muturrera
mugitzen da. Onak oso onak dira, eta besteak oso txarrak dira.
Tartean ordea badago jende asko, baina horiek ez dira albiste,
itzalean gelditzen dira.
-Nola ikusi
duzu aurtengo Euskal Bizikleta? Azken urte hauetan
ezustekoak bat baino gehiago ari dira sortzen eta, nik uste, hori
pozgarria, aberasgarria, eta ziklismoarentzat mesedegarria da.
Lehen, garai batean, txapeldunik handienak ere egun txarren bat
bazuen. Azken hamar urteotan prestaketa direla eta, ziklistak
programatuak zeuden eta inorrek ez zuen hutsik egiten. Azken urtetan
gertatu da bestelakorik, eta horren lekuko aurtengo Euskal Bizikleta
dugu. Bi hautagai nagusi zeuden, Joseba Beloki eta Juanma Garate,
eta lehenengo bi egunetan podiumetik kanpo geratu ziren. Ezusteko
horiei esker lasterketa oso irekia, erakargarria eta lehiakorra
izan da, eta hori ziklismoarentzat aberasgarria eta beharrezkoa
da.
-Komunikatzaile
izateaz gain, datu basea ere osatzen ari zara. Nolatan hasi zinen
lan horretan? 1994an ziklismoa utzi
eta berriz ikasten hasi nintzenean, iritzia emateko garaian karreren
informazioa izatea oinarrizkoa zela ohartu nintzen. Txirrindulari
baten bilakaera, karrera bat ondo dagokion ala ez jakitea, urtean
zehar izan dituen lesio eta bestelako gorabeherak, datu horiek
denak pelotoi osoari aplikatuz, denak gogoratzea ezinezkoa zenez
eta informatikak aukera hori eskaintzen zidanez, datu basea osatzen
hasi nintzen. Iritzia ematerakoan, nik txirrindulari profesional
gisa izenik ez nuen; beste ziklista ohi batzuek beraien izena
hartu zezaketen oinarri sinesgarritasuna izateko, baina nik beste
argumentu batzuk behar nituen, iritzi landuagoa, datuetan oinarritutakoa
behar nuen, eta horregatik, ziklismoaren historia datu base batean
sartzen hasi nintzen. Geroztik hori eguneratu egiten dut.
-Etorkizunerako
zein asmo edota proiektu dituzu?
Aparteko proiekturik ez dut. Eguneroko
lanean murgilduta zabiltzala denbora falta zaizu etorkizunean
zer egin nahi duzun pentsatzeko. Oraingoz, telebista mundua ezagutzen
ari naiz, horretan gehiago sakondu nahiko nuke, ikasi, etab. Telebistak eta irratiak bizitzeko
adina ematen didate eta akaso etorkizunean idazteak ere emango
du. Ahal izanez gero behintzat ziklismo munduan jarraitu nahi
dut; ziklismoko berriak eta iritziak ematen jarraitu nahi dut,
zeren, min handia emango lidake, arrazoiren batengatik, berriz
mundu hau utzi beharko banu. Nire burua ziklismo munduan ikusten
dut; zertan ez dakit, baina ziklismo munduan.
Xabier
Usabiaga (Asteasu, 1969)
Txirrindulari
profesionala izan zen 1992tik 1994ra bitartean.
Osasun arazo batengatik utzi zuen bizikleta,
1994an. SER irrati katearekin egindako Euskal
Herriko Itzuliko komentarista izan zen kazetaritzan
burututako lehenengo lana. Geroztik, Euskadi
Irratian, egunero, txirrindularitzako albisteen
berri eman eta Tour-a, Giro-a eta Munduko Koparako
baliogarriak diren lasterketetan komentarista
gisa dihardu. Euskaldunon Egunkarian, astero,
iritzi atal bat idazten du. Euskal Telebistan,
"Bertatik Bertara" saioko kirol albisteen
aurkezle da, eta era berean, txirrindularitzako
emankizunetan iritziemaile gisa dihardu. |
|
|
Argazkiak: Ainhoa Aiertza eta
Xabier Usabiaga
Euskonews & Media 173.zbk
(2002 / 6-28
/ 7-5)
|