AEK
aitzindaria da barnetegiak antolatzen, eta 20 urtetik gorako esperientziak
argi erakusten du jarduera honek euskalduntze prozesua nabarmen
azkartzen duela. Urte hauetan guztietan makina bat pertsonak hartu
du parte ikastaroetan, eta horrela euskara modu oso naturalean
praktikatzeko aukera izan du. Duda barik, ikastaro mota
hauek dira urte sasoi honetan euskara ikasteko aukerarik onena,
arin eta ondo ikasten baita hauetan parte hartuz gero. Bertan,
ikasleak 24 orduz euskal giroan murgilduta egoteko aukera dauka,
bai klasean bai klasetik kanpo ere. Hala, barnetegian denetariko
gauzak egiteko astia dago: klaseak hartzeko, noski, baina baita
txangoak egiteko, lagun berriak ezagutzeko, kultur ekintzak antolatzeko,
euskara praktikatu eta zuzentzeko...azken batean, egun osoan euskaraz
bizitzeko. Horretarako AEK-k bere esperientzia jartzen du; 23
urteko eskarmentuaz baliatuta, irakasleen prestutasunaz gain,
hizkuntzen irakaskuntzan lortutako metodorik eragingarrienak jartzen
ditu, euskara ikasteko prozesua ahalik eta azkarren eta modurik
atseginenean egin dadin.

Barnetegiak Euskal
Herrian zehar antolatzen ditugu: Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan,
Nafarroa-Beherean eta Zuberoan. Herriak aukeratzerakoan kontuan
izaten ditugun irizpideak honako hauek dira: lehenengo eta behin,
eta izan ere berau da irizpiderik garrantzitsuena, euskaldun kopuru
altua izan dezala (%75 baino gehiago) eta bigarrenik herriko jendearen
artean barnetegikoekin ekintzak antolatzeko gogoa egotea. Argi
dago askoz errazagoa dela jendea herrian integratzea bertakoak
laguntzeko prest badaude. Eta izan ere, urte hauetan zehar herrietako
jendearengandik jasotako laguntzaz oso pozik gaude. Jendea prest
egoten da afariak antolatzeko, barnetegiko ikasleei hitzaldiak
emateko, mendi-irteerak prestatzeko... beraien parte hartzeagatik
ez balitz, barnetegiek ez lukete izango daukaten arrakasta, eta
ikasketa-prozesuari dagokionez, ez lukete emango ematen dituzten
emaitza onak.
Eskaintza uztailetik
iraileko lehenengo hamabostaldira arte dago irekita eta ikasleek
hamabost egun edo hiru asteko egonaldiak egin ditzakete Hego Euskal
Herrian (Foru, Ondarru, Aduna, Aia, Amezketa, Lizartza, Oiartzun,
Zaldibia, Zerain eta Arantzan). Datak honako hauek dira: uztailean
1etik 14ra, 15etik 28ra edo 1etik 21era. Abuztuan
5etik 18ra, 19tik irailaren 1era edo 5etik 25era. Irailean 2tik
15era. Urepelen hamabi egunekoak izaten dira egonaldiak; uztailaren
1etik 12ra, 15etik 26ra, 29tik abuztuaren 9ra edo abuztuaren 12tik
23ra. Azkenik, Ligin 6 eguneko egonaldia dago prestatuta, abuztuaren
5etik 10era. Azken honetan antolatzen den ikastaroa zuberera ikastaroa
da. Bukatzeko, Hegoaldeari dagokionez, 3.urratsetik aurrerako
ikasleekin antolatzen dira ikastaroak eta Ipar Euskal Herrian,
ordea, lehenengo urratsetik aurrera antolatzen dira.
Barnetegiak urraska
antolatzen ditugu, normalean bakoitzera talde bi bidaltzen dira
eta ahalik eta urrats antzekoenak izatea ere kontuan izaten dugu.
Uste dugu, beti ere talde bien arteko komunikazioa errazago sortu
eta garatuko dela baldin eta aparteko desberdintasunik
ez badago. Eguneroko klase orduak jaso ondoren, goizez lau eta
bazkalostean beste bi, arratsaldeko zazpietan tailerrak antolatzen
dira. Hauek ikastaro hasieran erabakitzen dira; norbaitek dantza
egiten badaki hori prestatzen da, edo txalaparta jotzen edo larruzko
pultserak egiten...Tailerretan, gauza berriak ikasteaz gain, jendea
egun osoko zereginetatik erlaxatzen da eta beraien arteko harremanak
ere sendotzen dira.
Urte
batzuetatik hona hainbat berrikuntza bizi izan ditugu barnetegietan.
Bertatik igarotako ikasleen balorazio onek bide berriak bilatu
eta gauzatzera animatu gaituzte. Bilaketa horren emaitza zuzenak
dira guraso-barnetegiak, barnetegi ibiltaria, mendebaldeko euskara
eta zuberera ikastaroa. Lehenengoak guraso eta seme-alaben arteko
komunikazioa euskararantz bideratzea du helburu, haien artean
euskaraz aritzeko ohitura sendotzea, alegia. Gurasoak eta seme-alabak
barnetegi berean egoten dira, eta gurasoek eskolan beraien euskara
hobetzen duten bitartean, seme-alabak, horretarako prestatutako
begirale-hezitzaile talde batek zainduko ditu. Beraz, umeek sekulako
oporraldia igarotzen dute eta gurasoek beraien euskara maila hobetzen
dute. Klaseak goizez jasotzen dituzte gurasoek (5 orduz) eta ordu
horietatik
kanpo, guraso eta seme-alabek elkarrekin hainbat ekintza prestatu
eta burutzen dituzte. Barnetegi hauek uztail eta abuztuko lehenengo
hamabostaldian eskaintzen ditugu. Ikastaro mota hau urtetik urtera
ikaragarri igotzen doa, eta gu geu ere, esperientziak irakasten
digun heinean, barnetegi mota honek dituen berezitasunak zeintzuk
diren eta sor daitezkeen erronka berrien aurrean zer egin behar
dugun ikasten goaz; beti ere eskaintza hobetzeko asmoz, ezin baitugu
ahaztu ume horiek hamabost egun egiten dituztela etxetik kanpo;
eta helduentzat ahalik eta erosotasun gehienak lortu nahi izaten
baditugu, zer esan umeentzat!
Aurten, eta urtero
balorazio onenak jaso dituzten egoitza eta herriak zirela kontuan
izanda, Foru, Oiartzun eta Zerain aukeratu ditugu guraso-barnetegiak
antolatzeko.

Barnetegi-ibiltaria
da eskaintza berritu hauen artean gazteena. Hamar bat egunez
euskara praktikatzeaz gain, Euskal Herria bizikletaz zeharkatzeko
aukera ematen die ikasleei. Mintza praktika egiten den bitartean,
Euskal Herriko lekurik ederrenak ezagutzeko aukera eskaintzen
du. Aurten, besteak beste, Zeberio, Otxandio, Armentia, Aoiz,
Itsasu, Ainhoa, Altsasu, Zegama eta Zumaian zehar ibiliko dira
abuztuaren 1etik 11ra. Bizikletaz herriz herri ibilita, lekuan
lekuko hiztunen laguntzaz, zenbait euskalki eta ohitura ezagutzeko
aukera
galanta da hau. Ikasleek euskaraz komunikatzeko gutxieneko gaitasuna
izan behar dute (5.urratsetik aurrera) eta bizikletaz ibiltzen
ohituta egotea ere beharrezkoa da. Dena dela, ibilaldiaren erritmoa
oso lasaia izaten da, eta geldialdi asko egiten dira.
Bukatzeko, mendebaldeko
euskara eta zuberera ikastaroak dira azken urteotan ere aurrera
atera ditugun eskaintzak. Lehenengoari dagokionez, euskalduntze
prozesua amaitu dutenentzako ikastaroa da. Helburu nagusiak, besteak
beste, hobeto berba egitea, inguruko euskalkiak ulertzea eta ahozko
eta idatzizko kodeak bereiztea dira. Aurten uztaileko bigarren
hamabostaldian izango da, 15etik 28ra hain zuzen ere. Zuberera
ikastaroari dagokionez, euskalki hau ezagutzeko parada izateaz
gain, herrialde horretako errealitatean murgiltzeko aukera paregabea
ere bada. Klase-orduez gain, bertako ohiturak eta bizibideak ere
bertatik bertara ezagutu eta bizi ahal ditu ikasleak. Ikastaro
hau abuztuaren 5etik 10era burutuko da Ligin.
Orain arte aipatutako
guztia da, ikastaro trinkoekin batera, AEK-k udari begira plazaratzen
duen eskaintza. Aurten ere, urtero legez, uda honetan barnetegietan
parte hartu nahi duten ikasleen egonaldia ahalik eta aberasgarrien
eta erosoena izateko ahaleginak egingo ditugu. Nere Portillo, AEKren Barnetegietako
Arduraduna
Argazkiak: AEKko webgunetik |