Sarritan
galdegin diot neure buruari, urteen poderioz ez ote nagoen nire
sustraietatik askeago, lurrak berez eskaintzen dituen elikadura-gaietatik
aldenduago. Horrela balitz, urtetan defendatu dudan jokaeraren
postulaturik zintzoenarekiko etena sortzen ari dela litzateke,
eta hori ez da ona. Hain zuzen, beti pentsatu dut edozein kultura-joerak
gizartea bere balioetan sustraitzera eraman behar duela, belaunaldi
berriak gero eta identifikatuago senti daitezen euren betiko balioekin.
Baina, diodan bezala, ez dakit urteetan barrena noalarik, ez ote
naizen eszeptikoago bilakatzen ari. Dena den, ahaleginduko naiz
gaiaz errealitatetzat hartu izan dudana islatzen.
Historiaren apaletan
arakatzea atsegin dudalako, ez zait batere zaila gertatzen Leintz
bailarako historiaren eskaileretatik Erdi Aroko garai urrutietara
heltzea eta orduko gure ibarreko egitura sozialari arreta apur
bat eskaintzea. Leintz bailaran Oñati eta, nolabait, Aramaio
ere sartzen baditugu, Arrasate ikusten dugu gainerakoen begirada
guztien biltokia, inbidia baliote bezala, nahiz eta –oñatiar
eta aramaixoarren erasoei bagagozkie, bederen- antzinako
arrasatear haiek oso eroso bizi ez izan. Baina garbi ikusten dugu
aitzindariak izan zirela, alde batetik industrian –burniola
ospetsuak, bertako meatze aberatsei esker- eta bestetik merkataritzan,
gure arbaso haiek Europako merkaturik garrantzitsuenetaraino eraman
baitzituzten hemengo produktuak, eta horrek guztiak abantaila
ekarri zien arrasatearrei kultura eta hezkuntzaren arloetan ere.
Arrasateko kokapen
geografiko estrategikoak -Aramaio/Bizkaia/Gipuzkoa gurutzebidea-
aldeko eragina adierazi zuen arrasatear gizartearen bilakaeran.
Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaleta ikusle isil eta bekaiztiak
gertatu zirela esango nuke, Oñatiko Jauntxoaren diktadurapeko
morrontzapetik askatu ezinik. Oñatiko lurretan, berriz,
Jauntxoaren lege zorrotzak azpiratu egin zituen oñatiar
herriaren askatasunerako egarri eta nahiak. Egia da Oñatik
egundoko maila azaldu duela beti kultura eta hezkuntzaren arloetan,
baina ez ditugu errealitatea eta lilura faltsua nahastu behar,
oñatiar herri xumeari mendeak kostatu baitzitzaizkion atzapar
haietatik libratzea, eta kultura eta hezkuntza eliteko minoria
baten jabegoa izan zen. Ez naiz ausartzen, ezta hurrik ere, aramaixoar
gizaraxoak hobeto bizi zirela esatera, nahiz eta armen bidez arrasatearrak
baino boteretsuagoak agertzen ziren sarritan. Baina hori ere errealitatearen
ikuspegi distortsionatua da, Aramaioko biztanleria indar arrotzek
esku-lotuta egon baitzen mendetan. Herri xehea, azkenean, zeharo
zanpatua, jauntxokeriaren apetaren beldur.
Beraz, Arrasateko
gizarteak baserri kutsuzko ikutua aspaldi -eta hain aspaldi!-
ahaztu zuelako, askoz bide samurragoak jorratu zituen bere baitan
kultura eta hezkuntzaren haziak behar bezala ereiteko. XX mendearen
lehen erdialdean jaiotakook badakigu jakin Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza-Oñati-Aramaio
herrien artean sekulako diferentzia nabarmen zitekeela, gizarte-planteamenduei
begira. Ilustratuagoak bide ginen arrasatearrok, hara ikastera
zihoazenak -jaisten zirenak- borono peto akaberako-tzat
genituen bitartean, euren abarkak ikastetxera sartu aurretik atartean
uzten zituztela esanez xaxatzen genituela, txantxa inozo bezain
mingarriak tarteko.
Baina, ai ene!,
denborak eskainitako perspektibatik aztertuta, errealitate zirriborrotsu
hari begira jartzen naizen bakoitzean, geure ilusioa zeharo artifiziala
izan ote zen galdetzen diot neure buruari. Zer nolako azpialde
sendorik aurkez dezaket nik, nire jakintzaren kalitatea garaiagoa
zela berma lezakeena? Nork diost niri, kalekume zangozuri
izateagatik inguruko herrietakoak baino ilustratuagoak ginela?
Zer dela eta, har dezaket neurea nortasun heziagotzat? Nondik
nora? Non datza, beraz, nire autoitsukerian defendatzen ari nintzen
neure izana eta neure hezkuntzaren arteko lotura? Ikerketarik
sinpleenak samur azalaraziko luke bi horien arteko dibergentzia.
Niri, eta oro har gure belaunaldiko guztioi eskaini zitzaigun
heziketak ez zuen, inondik ere, geure nortasunaren mugarik txikiena
ere bereizten, gure sustraiekin bat ez zetozen parametroen baitan
hezi baikintuzten. Eta gu horretaz jabetu gabe! Belaunaldi galduko
fruituak garela aipatzen dut sarritan, xurgatu genuen hezi-giroari
dagokionez.
Hala ere, dena erlatiboa
denez gero, ez oso era logikoan baina, bederen, humanismoaren
bideetatik abiarazi gintuzten hezkuntza-planteamendu ahalegin
haiek gure formazioan herren gaudela igartzeko gaitasuna eskaini
ziguten, eta mende erdi beranduago gauza gara geure buruekin
kritikoak izateko. Gutxi ez dena! Europar sustrai zaharretan zut,
gai izan gara munduko zilborra ez garela antzemateko, eta teoria
maximalista bezain inperialista koldarretatik aldentzeko. Benetan
pena ematen dit iparramerikar gizarteak, bere autoatsegintasun
kronikoan itota, eta 2001eko irailaren 11ko jazoerek berrazaldu
ziguten euren prepotentziatik atera ezinean ari direla, jazoera
latz hartatik urtebete eman ondoren are galduago, gainera. Baina,
otoi!, horrek ez du esan nahi gu kontent egon gaitezkeenik geure
joerarekin, sarritan inertzia baten ondorio hutsa dela dirudiena.
Eta, zuhurtzia pixka batekin geure inguruari erreparatzen badiogu,
autokonplazentziaren pekatuaz ere ohar gaitezke, geure gizartean
errotua duguna.
Zalantzaren itzalak
lagun, beraz, XXI. mendera sartu gara, gizartea zeharo estandarizatuta
dugula, eta gizakiari buruzko galderak gero eta ilunagoak bilakatzen
ari zaizkigularik, egunez egun. Hezkuntza eta kulturaren teorizazioan,
badirudi gizarte zibilaren betebeharra aldarrikatzen ari garela,
eta ni erabat konbentzituta nago horren beharraz. Sarritan ahazten
dugu, kasta politikoa gizarte zibilari esker bizi dela. Mitifikatu
egiten ditugu gure politikoak, geuk hautatuta direla ahaztuz.
Eta, orain, politikoengan genuen lilura nolabait lurruntzen ari
delako, gizarte zibilari eskaini nahi diogu protagonismoa. Konforme!
Nik ere horrela pentsatzen dut, baina kontuz...
Non hasten da
gizarte zibilaren betebeharra eta noraino zaio zilegi bere planteamenduetan
barrena aurrera egitea? Orain gai gara, gizarteko zenbait talde
edo erakunde biltzeko eta, adibidez, Unibertsitate Nazionalaren
Lege Berri bat egin behar dela aldarrikatzeko... arestian egin
den legez, Eusko Legebiltzarrak esan dezakeenaren kontra. Edota
ONG-entzat protagonismo neurrigabea eskatzeko, legebiltzareko
kontrolaren gutxieneko mailei ere muzin eginez.
Ongi deritzot gizarte
zibilaren antolamendu egokiari, ... antolamendurik gabe gizarte
zibila masa, gregarismo, pilaketa desordenatua, artalde edota
animalia-saldo erraldoi bat bihur daiteke eta. Bainaez
dugu ahaztu behar masak beti erreakzionatu duela zentzu sentimentaleko
hitz arranditsuen efektura, eta lider faltsuak nonahi azaldu
zaizkigu azken urteotan, hain zuzen ere gizartearen antolamendu
egokia eman ez denean. Pentsamolde monolitikoa kalte ugariren
sorburua da. Eta gizarte guztietan izan da, noiz edo noiz, horrela
funtzionatzeko jokaera. Euskal gizartean eta, noski, leinztar
esparruan ere erregetxo gehiegi –idolo faltsu ugari- jaioarazi
dira azken berrogeita hamar urteotan, denon kalterako. Horregatik,
edozein ekintzaren urrezko lehen arau gisa, zuhurtzian oinarritu
beharra dago, badaezpada ere.
Norbaitek galdetuko
balit, adibidez, Olentzero Errege Magoak baino euskaldunagoa ote
den, ez nuke jakingo zer erantzun. Nik biak maite ditut, eta batere
zalantzarik gabe, nire adinekoengan hiru zaldunek sustrai indartsuagoak
dituzte ikazkin arloteak baino. Azken hogeita hamar urteotan,
belaunaldi bakar batean, bestalde, ikonografia sakratua ulertu
ahal izateko gaitasuna galdu du gure gizarteak. Hau da, gure kultura
sustraituta dagoen judutar-kristau postulatuetarako aldentze probokatu
bat eman da, horrek "laizismo"-aren adierazpena izan
nahi balu bezala. Faltsu. Zergatik ez du, beste adibide bat jartzearren,
Arrasatek herriko seme duen Pedro Ignacio Barrutiaren obra antzeztu
nahi? Antzezpenaren alde desertuan predikatzen daramatzadan hogeita
hamar urte eta gero, pentsatzen dut obraren titulua "Actto
para la noche buena" delako. Hau da, gizarte itsua literaturako
maisu-obra bat alferrik galtzen ari da -eta berarekin batera geure
historia, antropologia, etnografia, hizkuntza...- auskalo zer
teoriaren izenean! Ezjakintzaren sutzarrera bidaltzen ari gara
gure gizartea.
Denok dakigu
zer nolako indarrez jokatu zuen arrasatear gizarteak XX.ean zehar.
Gizaldi osoa izan zen erakuspen ederraren ispilu garbia. Bi industria
iraultza bizi izan zituen, 1906 eta 1956 urteetan. Hartan Unión
Cerrajeraren sorrera gauzatu zenean eta bigarren mugarria kooperatibetako
abiapuntuan dago. Bi data adierazgarri horien artean justu mende
erdi bat igaro zen, eta jauzi kualitatiboak arras dardaratu zuen
arrasatear eta –oro har- leinztar giza-oinarria. Jazoera politikoei
dagokienez ere gogoz azaldu zuen uneko bere ideariuma Arrasatek.
Horratx, adibidez, 1934ko urriaren errebolta odoltsua eta, zer
esanik ez, 1936ko sakrifizio itzela. Mende erdi batean, hezkuntzan
ere berezko modeloak eraiki zituen, batez ere gizaldiaren azken
urteotan, pluralismoa onartzea kostatu bazitzaion ere. Ez da
ahaztu behar, teknizismoaren hegalpean humanitateen hedapena atzeratu
egin zela gure artean, eta 1965era arte ez zen egiazko demokratizazioa
burutu, oinarrizko hezkuntza sistemaren osotasunari dagokionez.
Belaunaldi bakar baten fruitua da, beraz, oraingoz jasotzen ari
dena. Ezer gutxi, noski, herri baten historian. Eta hori igartzen
ari da gure gizartean.
Zalantzarik gabe,
arrasatear giza-modeloak molde guztiak apurtu ditu, orain arte
bederen beste inon aplikatu ahal izan ez direnak. Indartsu ekin
zion leinztar gizarteak, batez ere arrasatearrak. XX mendeari
eta are gogotsuago XXI-ri. Non dugu horren gisako eredurik,
denetariko tentsioak eragin dituen bizitza-estilo baten bilakaeran
moteldu ez baizik indartu atera den herririk? Nekez aurkituko
genuke.
Gaur egun ezin
daiteke gure bailaran giza modelo-sailkapen garbirik egin, orain
dela ehun bat urtera arte egin zitekeen antzera. Gatzaga, Aramaio,...
garai hartan zeharo baserri-kutsuzkoak baziren ere, gaur egun
estandarizazio industrial eta kulturalak harrapatu ditu. Ibarreko
estiloan bizi dira, arrasatearrok bizi ditzaketen indar-gezi edo
parametro berdintsuekin, diferentziarik gabe. Eta helburua, gainera,
estandarizazio horretan gero eta ezkutuago iraunaraztea dela esango
nuke, desberdintasunak kalte besterik ekarriko ez balu bezala.
Globalizazioak –bere kontzeptu guztiekin: ekonomia berria, ordena
berria, giza-balioen galera, Internet, telekomunikazio eta informaziorako
teknologiak...- uniformismoaren sukarra piztu du gu guztiongan,
eta badirudi mugitu egiten dena ez dela fotografian ateratzen.
Horrexegatik beldur diogu mugimendu desberdintzaileari. Eta
artaldearen sintomak hasi dira azalarazten.
Bigarren industria
iraultzaren ondorioz ibarrean sorturiko bizitza-estilo propioaren
barruan –eta sortu dela ez dut zalantzan jartzen- hiritarrak bere
mundutxoa eraiki du, gizarte-modelo berezia nabarmenduz. Nik ez
nuke esango, erlijio berri bat balitz bezala aplikatzen direnik
gizarte-modelo horretatik sorturiko planteamenduak. Baina, hortxe
nonbait... Eta beldurgarria gerta daiteke, epe ertainean, hainbat
ikuspegitatik aztertuta. Erlijioa ekintzen zergatiaz eta gizakiaren
jarreraz interesatzen bide da, gauzei zentzua bilatzen die, hain
zuzen. Zientzia, ordea, ekintzak azaltzen saiatzen da, norbaitek
zioen bezala "zientzia azken aurreko erantzuna" baita.
Baina, hainbat ibartarren jarreraren kontsolidazioak sarritan
honela pentsarazten dit: aurretik ezer izan ez balitz bezala,
ontzat ematen dira bat bateko burutazio interesatuak... eta hori
erlijioaren suzedaneo berri bezala saltzen zaigu. Gure
mundutxoa ez zen aurreko mendearen erdialdean jaio: askoz zaharrago
eta aberatsagoa da. Gure gizartea pluralagoa da, guk pentsa dezakegun
baino gehiago. Eta beldur naiz gizarteko hainbat zirkulutan ez
direla horretaz jabetu. Ala bai? Eta, horrexegatik, hain justu,
nahi al gaituzte denak zaku berdintsuan ezarri? Hezkuntzaren monopolioaren
atzetik ari al dira? Hein handi batean, duela mende erdiko ibarreko
hezkuntza-eskaintzaren pluraltasuna (ikastetxe laiko eta erlijiosoak)
eta duela hogeita hamazazpi urte inguruan erdietsi oreka (merkatu
librearen eta kooperatibismoaren hegalpekoak) hautsi egin dira,
zoritxarrez.
Garbi dago garaileek
idazten dutela beti historia. Bada, hain zuzen, horren kontra
jo behar dugu, historiaren benetako muinaren bila. Badakit hori
oso konplikatua dela, sistemaren gurpilak itoaraz baitezake ausarta.
Baina, ene iritziz, helburuak merezi du, eta –gainera- utopiak
dira munduaren ardatza.
Zientzia –ez
humanista ezta zientzia hutsa ere- ez da inoiz objektiboa, gizakiak
inposaturiko joko-arauen arabera egiten baita. Beraz, ez zientziak
–eta azken finean ezta kulturak berak ere- ezin diete gizakiaren
funtsezko galderei erantzun aproposik eman. Baina, otoi, unibertsoa
bera ere –nahiz eta kaosaren gaineko teoriaren barruan- ez da
dena desordena eta arbitrarietatea. Horregatik, alde batetik,
Jainkoaren hitzaren jagole diren teologo eta erlijiozko gizon-emakumeei
zentzu eta tentuz ibil daitezela eskatzea dagokigu, zientzia eta
kultura gizakiaren azpiestratoan badirela gogora dezaten. Eta,
bestetik, pluraltasunaren hedapena gauzatuko bada, denetariko
giza-arkitektoak behar ditugula gogoratu behar da. Gizon-emakume
aske, ausart eta adimentsuen premian gaude, euren lanaren bitartez
giza kolektiboa aberatsagoa bilakarazteko.
Kaosaren teoria
aipatu dut apur bat gorago eta ez dakit adibiderik zintzoena ote
den. Bost axola, nolanahi ere. Baina, zalantzarik gabe, kaosaren
barruko oreka da helburu eduki behako genukeena, ez baikara Leintz
bailaran ezta gure kaleko komunitate txikian ere, bi pertsona
inoiz berdinak izan ohi, eta ez gara sekula santan izango. Horrexegatik,
besteekiko begirunezko jarrera aktibotik sorkuntza jarraikian
aritu beharra dagokigu, gizartearen biziraupenean hutsunerik sor
ez dadin. Kulturaren uniformizazio behartuak antzutasuna besterik
ez du sorrarazten. Bipolarizazioaren arriskuak inguratzen du gure
gizartea: nirekin ez bazaude nire kontra zaude. Eta hori ez da
horrela, gizakia ez baita sentimenduetan zatigarririk.
Industria eta
merkataritzaren arrakastaren barruko -barka nazazue- mozkorraldi
euforikoan nekez itxura dezakegu gure etorkizun kulturalaren nondik
norakoa. Eta izaki bizidunen harremanei mugak jartzen dizkien
bakarra gizakia dela gogoan edukita ere –horra hor, mapetako marrak,
adibidez- geure etorkizun kulturalak sustraietan bilatu
beharko lukeelakoan nago, batere lotsarik gabe. Batzuetan ematen
du lotsaz hartzen dugula gure barneko izaerari erreparatzeak.
Tokikotasunetik unibertsaltasunera igarotzerik ez balego bezala.
Dena den, unibertsaltasunaren izenean soilik aritzeak fruitu lehorrak
sortuko lituzkeen antzera, ez dago geure buruak garatzerik geure
mugen artean ixtearekin. Eta hori ikusten ez duenak... ez du ikusi
nahi.
Gogoaren
premiak hain zabalak direnez gero, ez dago asetasunerako
formula zehatza aurkitzerik, ahaleginak eta bost egin
genitzakeen arren. Baina, edozein modutan, badirudi balizko
formulak bi norabidetako jarioa ahalbidetu beharko lituzkeela,
barnerako aukera zein kanporakoa erraztuz. Osterantzean,
hau da berezko LURTAR hezkuntza eta kultura ukaezina –alde
batetik- eta IZPIRITUZKO askatasun infinitoaren beharra,
bestetik, elkarren kontra jarriko balira, gizakiaren eskubide
naturalaren aurkako atentatutzat hartu beharko litzateke.
|
Ez dakit, lerro hauek
izkiriatzen jarri naizenean nuen xedea bete ote dudan ala ez.
Ikus daitekeenez, zalantzan ekin diot lantegiari eta zalantza
handiagoan amaitu dut. Zeharo normala, izan ere gizon-emakumeon
patua zalantza jarraian bizirautea da, ziurtasun faltsu eta engainagarri
guztien gainetik.
Josemari Velez
de Mendizabal, idazlea Artikulu hau, Juan Maria Uriarte
gotzaina buru zela Arrasaten eratu mintegi batean egileak erabilitako
ideien laburpena da.
|