Mende erdi bat pasa da Europako Ikatz Altzairuaren Elkartea martxan jarri zenetik, eta ezin dugu ahaztu Monnetek proposatu eta Schumanek aurrera eraman zuen bide honen atzean beste bat zegoela, besteak beste, Spinellik proposatzen zuen Europako Federazioa, hain zuzen. Federazioa ez zen aurrera atera Estatuek euren subiranotasuna mantendu nahi zutelako. Horregatik eredu politiko hori alde batera utzi eta Monnetek proposaturiko zeharkako bidea, ekonomia, hartzea erabaki zuten lehenengo sei Estatu haiek. Monneten ustez zeharkako bide honek helburu bat zuen: ekonomian interes bera izaterakoan, orduan, Estatu kideentzat errazago izango litzateke batasun politikoa lortzea. Mende erdi honetan, seitik hamabost Estatu kidera pasa gara, 2004rako beste hamarren sarrera aurreikusita dago, ekonomia bideetan sakondu da, hainbat Estatutan moneta bera izatea lortuz. Heldu ote zaigu garaia urrats politikoa emateko?
Bide horretan, 2002ko Otsailaren 28an martxan jarri zen Europako
etorkizunari buruzko Konbentzioa, 2003an biltzen hasiko den Gobernuen
arteko Konferentzia prestatzeko, Laekeneko Kontseilu Europarrarengandik
hainbat agindu jaso du, hirurogei bat hain zuzen. Valéry
Giscard d`Estaingek, Konbentzioaren presidenteak, sei taldeetan
sailkatu zituen bere sarrera hitzaldian: 1) Europaren paperari
buruzko oinarrizko gaiak; 2) Batasuneko eskumenen banaketa; 3)
Batasuneko baliabideen erraztea; 4) Erakundeen funtzionamendua
eta euren bidezkotasun demokratikoa; 5) Nazioarteko gaietan ahots
bakarra izatea (nola ahaztu Israel eta Palestinaren arteko bitartekaritza
penagarria, adibidez); eta 6) Konstituzio baten beharra Europako
hiritarrentzat.
Ez da erraza izango europarrontzat zein eratako Europa nahi dugun erabakitzea, baina argi dagoena da nazioarteko gaietan ahots bakarra izatea nahi badugu, erabakiak hartzen dutenen kontrola nahi badugu, bai zuzenbide aldetik eta baita ere kontrol demokratiko aldetik, edota gure eskubideen babesa nahi badugu, ezinbesteko egin zaigula urrats bat aurrera ematea eta komunean kudeatzen ditugun gai horiek Konstituzio Estatuak dituen printzipiopean jartzea.
Erabakitzeke dago nori dagokion Batasuna zuzentzea: gaur egungo Kontseiluari? Estatu handiek osatuko duten direktorio bati? Europako herriek era zuzenean hautatuko dugun Batzordeko presidente eta berak osatuko duen Batzordeari, Europako Parlamentuaren kontrolpean? Eta baita ere azaldu beharko da, nork izango duen Eskumenen Eskumena (Kompetenz der Konpetenz ospetsu hori), Estatuek ala Batasunak? Erantzuna emateko Alemaniak proposaturiko Federazio eredua agertu da eztabaidan, edota Frantziak adierazitako Nazio-Estatuen Federazioa, baina gaur arte hitz, edo eredu, hauek ez dute gainerako guztien baimenik lortu.
Orain arte, zuzenbidean, Europako Batasuna eta Estatuaren arteko lotura, Espainia abiapuntutzat harturik, hau izan da: subiranotasuna herri espainolak du (Konstituzioaren 1.2 art.aren arabera) eta herri honek onartzen du Konstituzioan agertzen diren eskumenak Espainiako erakundeek (Estatu zentralekoak, Autonomietakoak edota Tokian Tokikoak) barik nazioarteko erakundeek (Europako Batasunekoak hain zuzen) gara ditzaketela (93 art.aren arabera). Horregatik prestatzen ari den "Oinarrizko Itunaren" zirriborro batzuetan aurreikusten da nola atera daitekeen Estatu kide bat Batasunetik, eskumenen eskumenduna Estatu kide bakoitzeko herria baino ez delako, berak baitu subiranotasuna. Eta subiranotasuna ez da gaur arte inorekin konpartitu. Gainerako Estatu kideekin konpartitzen dena eskumenen garatzea baino ez da izan, ez besterik.
Batasunak bere eskumenpeko gaietan Federazioen antzera jardun
badu ere, Estatu kideen eskuetan egon da beti Itun berrien berrespena
(kontuan izan Maastricht eta Danimarka eta Niza eta Irlanda).
Gaur egun proposatzen dena dauden Itunak testu bakar batean biltzea
da. Testu bakar hau bi ataletan egongo litzateke banatua: Lehenengoa,
oinarrien atala, hitzaurrea, Batasunaren helburuak, gizakiaren
oinarrizko eskubideak, erakundeei buruzko xedapenak eta Batasunak
izango dituen eskumenak adierazteko; eta bigarrena, gai teknikoak,
prozedurazkoak edota erakundeei buruzkoak arautzeko, azken hauek,
eratorritako zuzenbidean arau daitezkeenean. Eta Estatuen berrespena
ezberdina izango litzateke bi testuentzat, ohikoa ez luke lehenengoak
baino beharko (Firenzeko
Europako Institutuan saiatu dira hau egiten edota Bertelsmann
Group for Policy Research at the Center for Applied Policy Researchek
aurkeztutako eredua "A
Basic Treaty for the European Union". Hau da, oinarrizko gaiak
aldatzen direnean baino ez litzateke Estatu kide guztien berrespena
beharko, gainerakoetan gehiengoaren berrespena nahikoa izango
litzateke guztiak behartzeko. Hori egiten bada ez litzateke aldaketa
handia, 1954z geroztik, Europako Defentsa Elkartearen kasuan,
Estatu baten ezetzak lortu duen gauza bakarra Itunaren onespena
atzeratzea baino ez da izan.
Beste alde batetik, Estatu kidearen herria subiranoa denez, posible izango litzateke, teorian, Batasuna uztea, baina horretarako (Nazioarteko Zuzenbidean gertatzen ohi denez) gainerakoen baimena beharko litzateke. Demagun Federazioa bihurtzen dela Batasuna, subiranotasuna Estatuko herriek izan beharrean Batasuneko herriak (herrien herria) izango luke, orduan, Federazioa uzteko herri horren baimena beharko litzateke, hau da, Estatuetako Gobernuek erabaki beharrean herriek erabaki beharko lukete.
Begira dezagun Federazio eredua beste ikuspuntu batetik, Konstituzio Zuzenbidean aritzen garenok badakigu Konstituzio testuak esaten duena eta gertatzen ari dena ez direla gauza bera. Konstituzioa ez da ohiko oinarrizko araua, Europako zuzenbidea Konstituzio berari gailentzen baitzaio, jatorrizko zuzenbidea (Itunak) barik, eratorrizkoa ere (Batasuneko Erakundeak egiten dutena). Formaz, Konstituzioaren gailentasuna mantentzen da oraindik, ez da esaten hierarkia printzipioaren eraginpean duela lehentasuna Europako zuzenbideak, eskumen printzipioan aurkitzen baita arrazoia, hau da, Konstituzio Estatuak, Itunen bitartez, erabaki du gai batzuk Europako Batasuneko Erakundeek garatuko dituztela eta hauek egiten dituzten arauen lehentasuna, baita Konstituzio beraren aurrean ere, horren ondorioa da. Batasuneko Justizia Auzitegiaren hitzetan, Europako Zuzenbidearen lehentasuna zuzenbide bera erabiliko dela lurralde osoan ziurtatzeko da; horregatik Estatuek ezin dute Konstituzioa aitzakiatzat erabili zuzenbide hori ez betetzeko. Eta hau ez dago inongo oinarrizko testutan adierazita. Egoera honek konstituziozkotasunazko printzipioa apurtzen du, hots, Europako zuzenbideak ezin du konstituzio kontrolik pasa Estatuetan eta Batasunak ez du Konstituziorik bertan adierazitako kontrol sistema bat izateko bere zuzenbideak. Kontrol hutsenean murgiltzen gara.
Espainia Estatuko barne egituran Estatutuek adierazten dutenez nork duen eskumena, Itunek adierazten dute nork duen eskumena eta nolakoa den Estatuen arteko egitura horretan. Eta kasu bietan, gatazkak sortzerakoan, Auzitegi bana aurreikusten dira azken hitza izateko: barne antolaketan Konstituzio Auzitegia eta nazioartekoan Batasuneko Justizia Auzitegia.
Eta bi kasuotan Auzitegi hauen eragina, sistema osatzerakoan, ukaezina izan da. Espainiako barne egituran Autonomia Erkidego batzuek adierazi badute eurek ere Konstituzio Auzitegiko kideak izendatu nahi dituztela, Batasunean ere ez dira falta ahotsak esaten Justizia Auzitegiko eta Konstituzio Auzitegietako kideek osaturiko bestelako Auzitegi batek izan beharko lukeela azken hitza, Batasunak dituen eskumenak baino gehiago ez hartzeko eta, dituenak garatzerakoan, Estatu kideen konstituzio printzipioak errespetatuz garatzen dituela ziurtatzeko; Espainiako Konstituzio sistemak eta gainerakoek ez dute inon onartzen eskumenen garapena Konstituzioan agertzen diren printzipioen kontra egin daitekeenik; eta ezin dugu ahaztu Justizia Auzitegia Batasunaren erakundea denik eta Batasunaren alde jokatu duenik.
Dagoen Justizia Auzitegiarekin edo berri batekin konpondu behar dena Batasuneko eta Estatuen arteko eskumen banaketaren kontrola da. Eta Batasuneko erabakiak konstituzio printzipioen kontrolpean geratzen badira, orduan, garrantzia izanik, ez da hainbestekoa Batasuneko burutza noren eskuetan geratzen den. Argi dago hogei kidek baino gehiagok osaturiko erakundeak ez direla gai erabakiak hartzeko, eta erraztasuna beharrezkoa da eraginkortasuna lortzeko. Euren erabakien kontrola martxan jartzen bada, Batasuneko burutzan Estatu guztien ordezkariak ez egotea ez da hainbesterako izango. Egungo egiturak funtzionatu du, alde batetik herritarrok edo Parlamentuak izendatutako Batzorde burua eta berak osatzen duen batzordea eta, bestetik, Estatuen ordezkariek osatzen duten direktorio bat mantentzea ez legoke gaizki. Arauetan zehaztu beharko litzateke nola izango den Estatu kideen nazionalen parte hartzea horrelako egituretan eta, noski, ez da guztion gustukoa izango.
"Oinarrizko testuan", ohi denez, aginteen banaketa, hiritarron eskubideen babesa eta eskumenen banaketa arautu behar dira. Batasuna eta Estatuen arteko eskumenen banaketa egiteko metodologia, besteak beste, Europako Parlamentuak eta Eskualdeen Lantaldeak adierazitakoa izan daiteke: Batasunaren erabateko eskumenpeko gaiak; Estatuen erabateko eskumenpekoak; alde bien eskumenpekoak eta Batasunaren eskumen osagarripekoak. Batasunaren erabateko eskumenpekoak ez diren gaietan, Batasunak lehentasuna eman beharko lieke gainerako gobernu-mailen jardunei (Estatuetakoei, Eskualdeetakoei edota Tokian Tokikoei), hauen artean zein den eskumenduna Estatu bakoitzeko Konstituzioetan erabakitzen den gauza izanik. Hau honela izateko, Batasunak Estatuetan dauden autogobernu maila ezberdinak eta hauek dituzten eskumenak, Estatu bakoitzaren Konstituzioaren arabera, propiotzat hartzea ekarriko luke (interesgarria badirudi ere, Konbentzioak ez du onartu Eskualdeen eskumenei buruzko lantalde bat biltzea, subsidiariotasuna ikertzeko lantaldea dagoelako). Eta esandakoa kontuan hartuko balitz, eskumenen banaketa egiten denean, proportziozkotasuna, subsidiariotasuna eta lurralde kohesio printzipioen erabileran Batasuna eta Estatu zentraletako erakundeen gain, eskualdeetako eta udaletako erakundeak ere erantzule izango lirateke.
Europako Parlamentuak argi utzi du, behin eta berriro, subsidiariotasun printzipioaren arabera eta Estatu kideen ezberdintasunak kontuan hartuta, egin behar den dokumentu berri horretan onartu behar dela eta begirunea gorde Estatu kideen barruan dauden aginte legegile eta betearazleei (Länder, Autonomia Erkidego, Eskualdeetakoei...). Horrek adierazi beharko luke hauentzat ere Europako erakundeekin harreman zuzenak izatea onartzen dela, euren eskumenen esparruan. Esandakoa Europako Batasunaren barne antolaketarako urrats handia izango litzateke eta horrela lortuko litzateke Konbentzioaren sarrera hitzaldian aipatu zena "eskumenak hobeto argitu eta mugatu behar dira, komunean egin nahi duguna jakiteko, horrela hiritarrek Batasunean nork egiten duen zer argiago jakingo dute eta dagokionari erantzukizunak eska ditzakete". Hiritar eta Batasunaren arteko harremanak urrunak izan ohi dira, ezin dugu ahaztu Europako Parlamenturako hauteskundeetan, 1999an, abstentzioa, lehenengoz, %50 baino altuago izan zela.
Estatu deserdiratuen egitura barneratzen bada Batasunaren Oinarrizko testu horretan, jadanik errealitatean gertatzen dena, salbuespenak salbuespen, arautzea baino ez litzateke izango. Salbuespen hauen artean Espainia Estatua dago, Autonomia Erkidegoek oraindik ez dutelako biderik euren eskumenpeko gaiak Europako Batasunean kudeatzeko.
Eredu federala, inon adierazi gabe eta behar den kontrolik gabe, martxan dago. Estatuetan daudenen antzeko kontrol baliabideak faltatzen dira, bereziki, herritarron eskubideen defentsarako, konstituzio printzipioen eragina agintarien jardueran ziurtatzeko eta eskumenen banaketa betetzen dela gainbegiratzeko. Kontrol sistemak martxan jarriz gero zergatik ez Spinelli eta XX. mendearen hasierako federalisten ametsari forma eman?
Jasone Astola Madariaga
EHUko Konstituzio Zuzenbidearen Irakaslea |