0so bitxia da Lizarrako 68 urteko zientzialari honen kasua,
batez ere kontuan hartzen badugu herrialde honek ez diola bere historian
zehar gehiegizko arretarik eskaini ikerketaren esparruari. Madrilgo
Unibertsitate Politeknikoko Meatze Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan
Hidrogeologiako irakasle titularra da, eta, aurrez inolako espainiarrak
lortu ez duena, iaztik Natur Zientzietako Akademia Errusiarreko
kidea da, Siberian egindako hainbat eta hainbat lanen ordainez.
Berrogei alditik gora izana da Artiko zein Antartikan, eta bera
izango da, ziur aski, munduan glaziarrei buruz gehien dakiena. Gure
planetaren osasun egoera nolakoa den adierazten diguten masa izoztuetan
aditu benetan ospetsua da aurrean daukaguna.
- Azal iezaguzu,
denok erraz ulertzeko moduan, zertan datzan aldaketa klimatikoa.
Zer gertatzen ari den azalduko dizuet. Lurreko klima berotzen ari
da, eta beroketa horren ondorioz, poloetako izotza lehen baino azkarrago
ari da urtzen. Lehen urteko batez besteko tenperatura zero gradutik
beherakoa zen lekuetan, orain igo egin da, eta horregatik izotza
urtu egiten da. Eta, ondorioz, itsasoaren maila igo egin da. Eta
kostak ez direnez bertikalak, ozeanoak pixkanaka lurra jaten ari
dira, handitzen ari dira, eta lehen baino ur gehiago lurruntzen
da. Horregatik, orain atmosfera hezeagoa da, tenperatura altuagoa
du. Horren ondorioz, meteoroen energia, fenomeno klimatikoen energia,
handitu egiten da, eta lehen baino indar handiagoa daukate.
- Munduaren beroketa,
aldaketa klimatikoaren eragilea ala ondorioa da?
Munduaren beroketa aldaketa klimatikoaren eragilea da. Gero eta
zailagoa da fenomeno hauek aurreikustea, baina gainera arriskua
gero eta handiagoa da. Sirimiria, berez hain euri onuragarria dena,
oso zakar eta kaltegarria bihur daiteke. Nik adibide hau jartzen
diet nire ikasleei: aurpegia eskuarekin goxotasunez ukitzen badugu,
laztandu egingo dugu, baina indarrez jotzen badiogu, zaplasteko
bat jasoko dugu.
 |
Adolfo Eraso.
Artikoan ateratako argazkia |
- Bien bitartean,
glaziarrak oso bizkor ari dira urtzen, ziur aski uste baino dezente
azkarrago. Nolabait, egoera kezkagarri horrek gure planetaren osasun
egoeraren berri ematen digula esan al dezakegu?
Bai, dudarik gabe, beraiek erakusten digute ondoen tenperaturak
gora egiten ari direla. Oso azkar erreakzionatzen dute beroaren
aurrean. Gaur egun bi glaziar dauzkagu monitorizatuta, bost minuturo
informazioa ematen.
- Zuk esana da
beroketa berez ez dela arriskutsua Lurrarentzat, baina bai espezie
askorentzat, eta gizakiontzat ere bai. Zein itxura har dezake mehatxu
honek gure begien aurrean?
Lurra egon da orain baino tenperatura altuago eta baxuagoetan, eta
ez zaio ezer gertatu. Baina espezieena beste kontu bat da. Batzuk
oso gaizki ibiliko dira. Eta ondorioak modu askotara ikusiko ditugu:
uholdeak, ekaitza bortitzak, urakan gogorragoak... Hor ditugu, adibidez,
Levante aldean izan diren erauntsiak; horrelakoak lehen tropiko
inguruetan bakarrik izaten ziren. Herbeherek polderrak sortu dituzte,
dikeak, baina puskatu egiten badira, itsasoaren mailak gora egitearen
ondorioz etsi egiten baldin badute, kilometro karratu pila bat galduko
dituzte. Eta hor dauzkagu tanta hotzak ere, topatzen duten guztia
aurrean eramaten dutenak.
 |
Gure elkarrizketatua hego-poloan |
- Eta zenbat denboran
izango gara horrela?
Ezin dut datarik eman. Antartikan hamahiru urtetan bikoiztu egin
da urtzen diren glaziarren kopurua. Eta, honen eraginez, ziur aski
desagertu egingo dira ibaien deltak, lur emankor horiek. Korronteek
higatu egingo dituzte, eta azkenean jan egingo dituzte. Ebroren
delta, adibidez, nik uste desagertu egingo dela. Eta, gainera, ura
kentzen badiote, laster hasiko gara hori ikusten.
- Deskarga likidoak
eragindako fusio glaziala, hau da, izotzaren urtzea, askoz ere handiagoa
da Artikoan, Antartikan baino. Dirudienez, horren arrazoietako bat
iparraldean dagoen industrializazioa da. Mende honetan tenperatura
batez beste hiru eta zazpi gradu artean igo omen da. Zeintzuk izango
dira honen ondorioak?
Fusio glaziala lau aldiz handiagoa da Artikoan, Antartikoan latitude
berean baino. Iparraldean hegoaldean baino askoz ere jende gehiago
bizi da, eta CO2 kopurua ere handiagoa da. Izan ere, aireko anhidrido
karboniko kopuruak gora egin duelako ere igo da tenperatura. Antartikak
mikroklima hotz bat sortzen du, babestu egiten duena. Azken glaziazioa
gertatu zenetik (duela 14.000 urte) XVII. mendera arte, tenperatura
zazpi gradu igo zen. Eta duela 200 urtetik hona, CO2 kopurua, milioiko
280tik 440 izatera igo da; hau da, 0,028tik 0.040ra. Aro industrialean
sartu ginenetik, negutegi efektua sortzen hasi gara gizakiok. Aurreikuspenetan
txarrena ere motz gelditu da itsasoaren mailaren igoeraren abiadurari
dagokionez.
 |
Eraso artikoan |
- Kiotoko protokoloaren
bidez, akordio batera heldu ziren hainbat herrialdetako agintariak
1997ko abenduaren 11n. Negutegi efektua sortzen duten gasen emisioa
2012rako %5,2an murrizteko konpromisoa hartu zuten, baina Estatu
Batuek ez zuten protokolo hori sinatu, eta kontuan hartu behar da
bertan bizi dela mundu osoko biztanleriaren %4a, eta negutegi efektuarekin
lotutako materia kutsakorren %30a sortzen duela. Ez al da kontraesana?
Etorkizunean munduaren beroketarekin lotutako hondamendiak ezin
izango al litzaizkioke berari leporatu?
Kontraesana erabatekoa da, eta ikaragarrizko elkartasun gabezia
suposatzen du. Erantzukizunei dagokienez... Ni ikerlaria naiz, datuekin
aritzen naiz lanean, iragarpenari buruz ahalik eta datu zehatzenak
emateko, eta datu horiek gero argitalpen zientifikoetan, sinposioetan
eta abar ematen ditugu ezagutzera, politikariek horietan oinarrituz
erabakiak har ditzaten. Dena den, etorkizunean sor daitezkeen erantzukizunak
eskatzeko arbitro gisa jokatuko luketen organoak sortzeari buruz
hasiko beharko luke pentsatzen Nazio Batuen Erakundeak.
- Potentzia handiek
ipintzen dituzten aitzakia politiko eta ekonomikoak alde batera
utzita, ez ote da egoera hau guztia gizakiak bere iparra galdu izanaren
ondorioa, Izadia baino boteretsuagoa dela pentsatu izanaren emaitza?
Gizakia ez da Izadia baino handiagoa ez txikiagoa. Kontua da ahaztu
egin dugula nondik gatozen. Ikusi, bestela, nola ari den handitzen
planetako biztanleria. Lurra handia da oso, baina bere espazio eta
baliabideak mugatuak dira. Bizi ahal izateko beste lekurik aurkitzen
ez badugu, hemen ez gara guztiak sartuko. Nik ezin du mundua aldatu;
gehienez ere nire ingurua aldatzen saiatzen naiz, eta aukeratu dudana
gustatzen zaidana izan da, ez diru gehien ematen didana. Horregatik,
alde batetik ez naute oso ondo ulertu, baina, beste alde batetik,
nahiko zoriontsua naiz.
 |
Antartidako glaziarea |
Urrutiko sustraiak
- Sar gaitezen
maila pertsonalago batean. Hain zara bidaiaria, polo batetik bestera
ibiltzen zara-eta, faltan botatzen al duzu zure jaioterria?
Atera kontuak: oraindik altxor bat balitz bezala dauzkat gordeta
hamar urte ere ez neuzkanean osatu nuen mineralen bilduma. Lizarra
inguruan bildu nituen. Honekin esan nahi dudana da ezin ditudala
oroitzapenak ahaztu. Faltan botatzen dut nire jaioterria, eta noizean
behin hurbiltzen naiz hara nire ikasleekin. Baina duela hogei edo
hogeita hamar bat urte, oso gauza bitxia gertatu zitzaidan, asko
markatu ninduena. Halako batean, Lizarrara joan eta jaio nintzen
etxea bota egin zutela ikusi nuen, eta bere lekuan beste bat eraiki
zutela. Oso gauza berezia sentitu nuen, ez negatiboa, baina positiboa
ere ez. Nolabaiteko hutsunea sentitu nuen, erroak galdu izan banitu
bezala. Eta, hala ere, kontuan izan gero Groenlandia edo Papua Nueva
Ginea bezalako leku arraroetan egon naizela, baina etxea desagertutakoan
lotura garrantzitsu bat galdu nuela iruditu zitzaidan. Turistei
gertatzen zaienaren alderantzizkoa, hain zuzen, gainean daukatena
besterik ez dutelako eramaten. Izan ere, jendez betetako lekuetan
sentitzen dut gehien bakardadea. Nork daki; agian basatia bihurtzen
ari naiz... Baina egia da aitzakiak bilatzen ibiltzen naizela Lizarrara
joateko. Ez ahaztu oso alderdi tentagarria daukala: bere gastronomia.
Eta ardoa, nola ez...
- Osasunez ondo
al dabil zure lehenengo urteetan hartu zintuen hiria?
Ez zait gustatzen jendearen artean politika edo erlijioagatik sortzen
diren tirabirak. Goethek, behin, zera esan zuen, eta ni oso ados
nago: "Gizakiak batzen dituena beren konbiktzioak dira, eta
aldentzen dituena, beren iritziak". Hori bai egia biribila.
Niri gauzak arrazonatzea gustatzen zait, baina, dena den, ikuspegi
naturalean, Lizarra edozein hiritzar baino osasuntsuagoa ikusten
dut. Ni Madrilen bizi naiz, baina inoiz ez zait hiri hori gustatu.
 |
Adolfo Eraso antartidan |
- Sei hizkuntza
hitz egiten dituzu (gaztelania, frantsesa, italiera, ingelesa, portugesa
eta alemana). Euskararik bai?
Txorakeriak esaten besterik ez dakit. Nire aitak ez zidan erakutsi,
gaztea nintzelako hil zenean. Ez dakit aitak euskararik ba ote zekien
ere. Nire aitonak bai. Faltan botatzen dut. Astirik izango banu,
pozik hasiko nintzateke euskara ikasten. Azken batean, nire kultura
ere bada. Dena den, zortziko bat kantatuko nizuke euskaraz. Oilo
ipurdia jartzen didate zortzikoek, jotek baino gehiago hunkitzen
naute. Eta gauza bat esango dizut: ingelesa ez zait batera gustatzen.
Derrigorrean jakin behar dugula ematen du.
 |
Eraso antartida latzean |
- Erretiroa hartzen duzunean,
zure lurraren berotasuna bilatuko duzu, ala indar handiagoa izango
du hotzarekiko sentitzen duzun pasioak?
Hotzak gehiago erakartzen nau. Hobeto agoantatzen dut eta gustukoagoa
dut. Siberia txundigarria iruditzen zait. Behin batean pasa zitzaidan
burutik Madril utzi eta hara joatea, baina, ikasleengatik, hemen
jarraitzen dut. Promozio batzuetan lagunen bat edo beste egiten
dut, eta horrek poz handia ematen dit. Baina, ziur aski, egunen
batean utzi egingo dut hau guztia. Bai, bai, joan egingo naiz...
Adolfo
Eraso
Adolfo Eraso Romero Lizarran (Nafarroa)
jaio zen, 1934ko abuztuaren 8an. Hamaika urte
zeuzkanean, Vitoria-Gasteizko barnetegi batera
eraman zuten, baina berari leku hauek sekula ez
zaizkio gustatu. "Ez dakit arrazoia zein
izango zen, baina ez nintzen ondo egokitzen, eta
azkenean beti bota egiten ninduten".
Urte mugitu hauen ostean, Zientzia Kimikoetan
lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean,
eta Geologian doktore ere bada unibertsitate horretan
bertan. Lizentziatutakoan, zulaketa petrolifero,
hidrogeologia eta ingurumenari lotutako esparruetan
aritu zen lanean.
Lanean urte asko eman ditu eta epe horretan argitalpen
ugari kaleratu ditu: hirurehun artikulu zientifiko
baino gehiago idatzi ditu nazioko zein atzerriko
aldizkarietan, berrehun eta berrogeita hamar txosten
profesionaletik gora enpresentzat, eta hamabi
liburu hainbat egilerekin batera, besteak beste
"Cuevas en hielo y ríos bajo los glaciares"
eta "Divulgación científica".
Ikerketaren munduan nazioarte mailako ospea eskuratu
du bere azterlanei esker, eta zenbait sari garrantzitsu
lortu ditu, azpimarratzeko modukoak izanik 1976an
Doktore Tesi Onenari emandako Ezohiko saria, eta
hamar urte geroago Espeleologiaren Elkarte Txekiarrak
eman zion Urrezko Domina.
Dibortziatua dago eta bi seme dauzka, eta 1994az
geroztik New Yorkeko Zientzien Akademiako kide
da, hamahiru urte daramatza kobazulo glaziar eta
karst-ak aztertzeko Nazioarteko Batzordeko lehendakaria
izaten, eta 2003ko maiatzean urte bete egingo
du Natur Zientzien Akademia Errusiarrean.
Bere lanak bultzatuta, hainbat aldiz izan da
Siberian baliabide mineralak eta lurpeko geologia
aztertzen, eta berrogei espedizio baino gehiago
egin ditu Artikora eta Antartikara.
Bukatzeko, esan behar da zientziarekiko eta abenturekiko
sentitzen duen grinak bere nortasun berezia islatzen
duten bizipen bitxiak izatera eraman dutela. Bera
izan zen Protodyakonov-en Metodoa Espainian erabili
zuen lehenengo pertsona, Madrileko metroko 9.
Linearen exekuzioan. Gaur egun guztiz jasoa dago
teknika hau, eta behar-beharrezkoa da edozein
metropolitar eraikitzerakoan. Baina, are bitxiagoa
dena: KGBren esanetan, berak du Vladivostok debekatuan
sartu zen lehen espainiarra izatearen ohorea.
1991n gertatu zen hori, oraindik Sobiet Batasuna
existitzen zen garaian, aipaturiko hiria mendebaldekoentzat
itxita baitzegoen. Baina, hori, beste istorio
bat da. |
|
|
Koldo Larrea
Argazkiak: Karmenka
-
Euskonews & Media 195. zbk (2003
/ 01 / 17-24) |