Tchaikovskyren
Seigarren Sinfonia RE bigunean. Tchaikovskyk bere bizialdiko azkeneko
urtean sortu zuen Seigarren Sinfonia. Diotenez, bere arrats apaleko
heriotzaren larrian barne muinetako sumakizunak jalkitzen omen ditu.
Sinfoniarik gailenena eta jaukalena izenondorik gabe jaio zen. Tchaikovskyren
anaiak ezarri zion Sinfoniari gerokoan onartuko zen izenondoa: "Patetika"
(edota "Pathos Sinfonia"). Baina bere lau tenpoetako aiurri
eta behera beharra hausnartu ezkero, hobe "Kontingentziaren
Sinfonia" izena eman izan baliote.
Fagota da lehenengo tempoan Izatearen mezua erakusten duena. Azpitik
eta Leize ilunpetik entzuten da urruma isila. Hasieran bertan sumatzen
da Izatearen ahuleria eta Kontingentzia. Ezerezaren ilunpetik igarri
gabeko jauzian dator Izatea. Amilondoko urruma ahula da Izatearen
agerkundea.
 | |
Tchaikovsky |
Hurrengoan, berriz, biolak eginen du galdera, Izateak gorakadarik
egin ahal dezaken. Lehenbizi bere oina lur gainean tinko ezartzen
duenaren sumakizuna sortzen du, baina alferrikako ekitaldia izan
da: Izatea, ageri deneko, berriro amilondora itzultzen da.
Intziri eta urruma horietan arrabitek hartzen dute aldia eta Andante
gozoroan zurubiaren goitik beherakoan Izatearen itxarona itxaron-eza
baino harago adierazten dute. Izatearen baietza ezagutarazten dute
eta Kontingentziaren beherakadan mintzul galtzen da.
Zurezko erestailuek hartzen diete aldia arrabitei eta Izatearen
beherakadari eusteko pilo zaratatsuan ekiten diote. Orkestra osoa
ere Izatearen gorakada indartzera dator eta Forte irrintzi
batean berezko Ezerezari eustearren eginahalak eta bost egin arren,
alperrik ari da, eta Pianissimo batean Izatearen jatorrizko
Ezerezari iragartzen diote. Lehengo tempo honetan kontingentearen
betiko leloa da nagusi, Izatearen eta Ezerezaren arteko eztabaida
eta borroka ageri da. Honenbestez ageri da, noski, Sinfoniaren leitmotiva.
Eta Kontingentziaren aldarteak gorakada eta beherakada horietan
kokatzen dira, eta azkenik behera beharrez ezerezean murgiltzen
da.
Bigarren tempoan Izatearen eta Ezerezaren arteko elkar ezingoa
entzungo da, aurrekoan bezala. Izatea uhinaren gorakada antzekoa
bada, Ezereza uhinaren beherakada da. Uhinen harroaldia ez da beste
ezertarako Izatearen beherakadan hondamendia nabariago adierazteko
baino. Orekan ari da bigarren tempo honetan Izatea, beldurrez harroaldira
igotzen bada, berehalakoan ahulaldira erortzeko da. Bigarren tempo
hau ametsa antzekoa izanen litzateke. Izatea berez eta jatorriz
hutsa izan arren, ametsak badelakoaren aldiko susmoa isuriko omen
lioke. Bere Allegro con grazia idilio baten antza adierazteko
omen litzateke. Idilio, ordea, bizitzako itxaroan da, eta Izateak
ez du itxaronik bere aldarteetan eta Kontingentzian. Azkenik, bizitzako
itxaronak baino Ezerezak sortarazten duen hondamendi isil eta zuloan,
sortu zen bezalaxe, lekutzen da.
 |
Patetika Sinfoniaren partitura |
Hirugarren tempoa ere beti-bateko lelo eta esaniko leitmotiv honetan,
gorakadan eta beherakadan, azkenerako ezerezean murgiltzeko larriminetan
ari da. Halako batean Izatearen ortzadarra bere koloreetan bizienik
ageri da. Eta Allegro molto vivace ari denean, bere Kontingentziaz
eta Ezerezaz zeharo ahantzi delakoa ematen du. Halaxe dirudi martxa
urratsean gotorki giro indartsuan ikaratzeke hasten denean. Itxaronaren
antza dakar bizitasun horrek eta une batzuetan Izatea Kontingentziaz
ahantzi dela dirudi.
Gutxirako izan da, ordea, Izatearen itxarona eta martxaren baiezkortasuna,
laugarren tenpoak erakusten duenez. Tchaikovskyren Sinfonia hau
"Izatearen Sinfonia" da, baina izate kontingentearen intziri
eta etengabeko urruma. Izate-Ezereza izurrean elkarturik eta loturik
ari dira gainezka liskarrean, eta ezin jakinez noiz da Izatea, noiz
den Ezereza. Biak elkar lotzen dira eta batean badelakorik usten
bada, bestean ez delako harian ageri da. Delako Adagio lamentoso
da laugarren tempo honen ikurratza eta Tchaikovskyren Sinfonia osoaren
Kadentzia-Erorkera ederrenetarikoa da. Negarra da, eta azken negarra.
Izatearen erraietan kokatzen den Kontingentzia eta Ezerezaren urruma.
Adagio hori ere Izatearen beherakada da, zurubian behera datorrenean,
hiltzera eta bere azkenera doala dirudi Izateak. Urruma eta intziria,
isilean eta azkenetan bezala, dena amildegian suntsitzen da. Leizetik
irten zen. Ezerezetik sortu zen, eta oinarri gabeko leizean eta
ezerezean murgiltzen da. Laugarren tempo honetan, lehenengora itzultzean,
Izatearen borrokaldia entzuten da, eta hondagarriagoa, noski, atzera
ezina sumatzen da eta. Izatearen azkeneko borrokaldia da. Bukatu
da Izatea, hustu da Izatearen oldarra, eta Ezereza ez-izan da. Hori
da "Pathos Sinfonia": Izatearen ahuleria, hondamendia,
Ezereza, hots: Kontingentziaren sinfonia
Gaizka Barandiaran, musikologoa |